Paule Mallagarai: “Zuzeneko akatsak musikala bizirik dagoen seinale dira”

Paule Mallagarai (Durango, 1998) musikalek harrapatu dute: denboraldi honetan haren hirugarren musikalean murgilduko da. Abestea, dantzatzea, amets egitea, gozatzea, disfrutatzea… Horiek dira haren bizitzako premisak.

Una rubia muy legal musikalaren denboraldia bukatuta, zertan diharduzu orain, Paule?

Una rubia muy legal bukatzeko hilabete bat geratzen zela, ekoiztetxe bereko beste proiektu baten parte izateko proposamena jaso nuen. Madrilgo Teatro La Latinan berriz ere, eta Sunset Entertainmenekin batera, Broadwaytikdatorren 50 sombras musikalarekin eman nion amaiera 2023-2024ko denboraldiari. Duela urte batzuk hain ezagun egin zen 50 sombras de Grey liburuan oinarritzen den komedia musikal oso dibertigarria da, eta azarotik aurrera Espainiako hainbat hiritan egongo gara astebururo, bira egiten. Abenduaren 20tik 23ra Bilboko Teatro Campos Eliseos antzokian egongo gara.

Horren aurretik, Mamma mia-n ere parte hartu zenuen; zergatik musikalak?

Bai, Mamma mia izan zen nire lehen lan profesionala antzerki musikalaren munduan. Oso txikia nintzenetik gustatu izan zait musika, abestea, dantza egitea, nire logelan show-ak muntatzea, baina ez nuen inoiz nire etorkizun profesionala honetan ikusten. Hala ere, ikastolatik irten eta arratsalde osoa zaletasun horiekin lotutako eskoletan pasatzen nuen. 18 urterekin EHUn Odontologia ikasten nengoela, hori nire lekua ez zela argi ikusi nuen, eta Sevillara joan nintzen Arte Dramatikoa ikastera. Behin antzerkiaren munduan murgilduta eta karreran denetarik pixka bat ikasita, antzerki musikalean espezializatzea erabaki nuen.

Zer ikasi duzu bi musikal horietan?

Gauza asko, baina, zerbait nabarmendu beharko banu, ezer ez dela hain garrantzitsua esango nuke. Egunero publiko baten aurrera irteteak energia asko eskatzen du, eta gizakiak gara gu ere; gorputza mintzen zaigu, emozionalki egun gogorrak ditugu eta edonondik atera behar dugu indarra, egun horretan ikuskizuna ikusteko ordaindu duen publiko horri opari polit bat egiteko. Hori guztiori gutxi ez balitz, norberaren beldurrak ere jokoan sartzen dira, eta momentu horretan errepikatzen diot neure buruari ezer ez dela hain garrantzitsua.

Ikusteko genero gustagarria dira musikalak, baina antzezteko? Dantza eta kantatu batera, eta zuzenean; akatsak ordaindu egiten dira?

Musikal bat estreinatu aurretik, lan izugarria egiten dugu bai entsegu gelan, bai entsegu gelatik kanpo. Fisikoki oso entrenatuta gaude, show-a oso landuta egoten da, eta zuzenean izaten diren akatsak musikala bizirik dagoen seinale dira. Beraz, ez dut akatsak ordaintzen direla sentitzen, guztiz kontrakoa baizik: orainean egotearen ondorio bezala sentitzen ditut eta guztiz ongietorriak dira.

Eta nola berreskuratzen da gorputza, ia egunero edo egunero emanaldiak edukita?

Nire gorputza energiaz beteko duena jan eta energia kenduko diona ekidin; gutxienez, zazpi zazpi ordu lo egin; luzaketak egin egunero; eguzkia hartu; fisioterapia saioetan dirua inbertitu eta zoriontsu izan, nahiz eta batzuetan ez den erraza.

Dantzaria, kantaria eta aktorea zarela ipintzen duzu sare sozialetan; ezaugarri horiekin zurea garbia zegoen: musikalak. Zuk ere garbi izan zenuen?

Urteak pasa ahala deskubritu dudan mundu bat da. Beti izan dut osasunarekiko interes handia, eta nire etorkizun profesionala horretan ikusten nuen: medikuntzan, erizain edo horrekin erlazionatutako zerbaitetan. Inguruko guztiek zuten nik baino argiago, baina denborak dena jartzen du bere lekuan.

Dantza talde bat sortu zenuen Durangoko beste lagun batzuekin 14-15 urte zenituztela; nola gogoratzen duzu esperientzia hura?

Esperientzia oso polita izan zen bere garaian, talde-lana, konpromisoa eta sakrifizioa zer diren erakutsi ziguna. Ordu asko pasatzen genituen entseatzen, batzuetan beste edozein lekutan egon nahi bagenuen ere oso gazteak ginelako. Gaur egun, bakoitzak bere bidea eraiki du, eta oso harro sentitzen naiz bihurtu garen emakumeez.

Zure sare sozialetan ere esaten duzu nutrizionista izango zarela etorkizunean; hor ikusten duzu zeure burua?

Duela hiru urte hasi nuen nire bidea nutrizioaren munduan, eta ez naiz erabaki horretaz behin ere damutu. Nire egunerokotasunean gorputza zein burua osasuntsu mantentzen laguntzen didan tresna bat da, eta bai, oso pozik sentitzen naiz hurbileko etorkizun batean, nutrizioaren bidez, beste pertsona batzuk laguntzeko aukera izango dudala pentsatzen dudanean.

Zer moduz bizi zara Madril aldean? Errepidean gora eta behera ibiltzen zara etxekoak ikusteko?

Egia esanda, gustatuko litzaidakeena baino gutxiago ikusten ditut etxekoak denboraldiak irauten duen hilabeteetan zehar. Normalean, astelehenak izaten dira egun libreak, eta denbora gutxi dut Euskal Herrira etorri, familia eta lagunak bisitatu eta, aldi berean, deskantsatu ahal izateko. Gure paisaiak ere asko igartzen ditut faltan eta Madrilek hiri bezala daraman erritmoa intentsuegia egiten zait, dena azkarregi doa. Beraz, urte gutxian, Euskal Herrian bueltan egotea gustatuko litzaidake.