Patxi Uharte: “Tristeziatik marrazten dut orain”

Amaren heriotza eta beste arazo pertsonal zenbait gainditze hasia zelarik, bitxoa iritsi zen. Tristeziatik marrazten du orain. Tristezia sakon eta emankor batekin txunditzen gaitu goizero, Berria-ren orrialdeetatik. Elkarrizketan, umore beltz samarra ere eskapatu zaio.

Zaldieroa a itsatsiarekin ala gabe, zer dio Mitxelena XVI.ak?

Mitxelenak a gabe dela esango zuen. Baina nik betidanik Zaldieroa erabili dut. Gero, Euskaltzaindiak Zaldiero izan beharko zuela erabaki zuen. Eta hala izango da, noski. Baina nire kasuan a hori mantendu dut izen artistiko bat delako. Ez naiz ari pertsonaia historiko bati buruz. Eta oker bat izatea ere gustatzen zait. Bizitzan hainbatetan okertu naiz, eta izenean ere bai.

Urkullu lehendakariak Zaldieroa ideologia politiko jakin bat duen marrazkilaria dela esan zuela aipatu nahi nizun, baina kamerak piztu aurretik pasadizo horretaz asperturik zaudela ohartarazi didazu. Beraz, beste zerbait galdetuko dizut: zer da txaketaren azpian daramazun jertse hori, Born to run dioena?

Jertsea ikusita lagun batek ea korrika hasi behar nuen galdetu zidan, eta motozale jertsea zela erantzun nionean lasaitu egin zen. Motoa gidatzeko baimena atera nuen, eta animatzeko motozale arropa ere erosi nuen. Udan motoarekin bidaiatzen ibili naiz, eta Alemaniako motozale porrokatu bat ezagutu nuen. Ni ez nintzela oso motozalea esan nion. “Motoa baduzu, motozalea zara”, erantzun zidan berak. Beraz, motozalea naiz, bai.

Beti txirrindularia izan zara. Ez zintudan motoarekin irudikatzen. Zer gertatu da?

Bi istripu txiki izan nituen 2017an eta 2018an. Bi bero kolpe. Eta etorkizuna motorduna izango zela pentsatu nuen. Edo bizikleta elektrikoa, edo motoa.

Baina moto puska da, 500 zentimetro kubikokoa edo…

Bizikleta elektrikoarekin bukatuko dudala uste dut.

Azkenaldiko tristeziari aurre egiteko modu bat izan da, agian…

Baliteke: iazko asterik onena Frantzian zehar motoz bidaiatzen eman nuena izan zen, dudarik gabe.

Izan ere, 2008tik, hainbat urtez, haserretik marrazten zenuela zenioen, krisiaren kontura, baina azken boladan tristeziatik egiten duzula entzun dizut behin baino gehiagotan.

Bai, niretzako egoera hau oso tristea da. Eta, gainera, nire azken urteak oso tristeak izan dira. Gauza pertsonalengatik. Ama ere hil zen. Eta burua altxatzen hasi nintzenean, bitxoa etorri zen. Pentsa…

Denoi eragin digu. Baina zuri, agian, bereziki: bakarrik bizi zara, bakarrik egiten duzu lan, eta betidanik egunero tabernetan-eta jendearekin elkartzea oso gogoko izan duzu.

Bai; orain, kalean ematen dut denbora asko. Propio ateratzen naiz, ariketa fisiko pixka bat egitera. Eta penagarria da Alde Zaharraren itxura. Ez dago inor. Dena hilda dago. Dena oso tristea da.

Psikologotik baduzu zure lanean. Ederki atzematen duzu zein aldarte duen gizarteak. Tristezia da egungoa definitzen duen hitza?

Bai, zalantzarik gabe. Ez gara konturatzen zein puntutaraino eragiten digun. Gauza asko ikusten ditut, ez nirekin bakarrik. Jendearekin harremanetan ere ikusten dut hurkoa ukitua dagoela. Jende guztia dagoela pixka bat jokoz kanpo. Denok gaude noiz bukatuko den zain. Eta ez dugu hainbeste pentsatzen nola gauden. Baina denok ukituta gaude.

Zintagile moduan, zer zara gehiago, psikologoa, bufoia, kazetaria, poeta?

Ze ona! Izan ditut etapak zeinetan oso bufoi izan naizen, boterea kritikatzen…

Euskaldunon Egunkaria-ko Nafarkaria-n, Noski Jator pertsonaiarekin, halaxe hasi zinen.

Bai, eta hori erabat utzia daukat azkenaldi honetan. Boterea esan dut, baina botereak esan nezakeen, The Organization ere hor sartuta. Orain ez dakit zer egiten dudan. Agian, kazetariarena egiten dut, COVIDari buruz ari naizenean datuak ematen baititut. Hori kazetaritza da. Eta poesiarena esatea gustatu zait, benetako poeta batek behin, aspaldian, nirea ez zela poesia esan zidan. Kolpe bat izan zen. Nik uste baitut baietz, poesia egiten dudala, txikia, baina poesia.

“Lehen nuen umorea galdu egin dut, orain egiten dudana gehiago da kazetaritza edo poesia”

Kazetaria ote zaren zalantzan jarri duzu. Tira, euskal kazetaritzako bi sari nagusiak jaso dituzu, Rikardo Arregi eta Argia.

Egia. Kazetaria naizela uste dut, bai.

Nik ez, nik bakarra daukat, Argia.

Lan egin behar duzu, eta trebatu, eta etorriko dira gauzak, kar, kar, kar.

Euskal Michael Moore edo Antxoa marrazten dituzularik, ez ote zaren kazetarioi esaten ari zer egin beharko genukeen, ez ote zaren egiten ari kazetaritzaren irakurketa kritikoa…

Kazetaria naizela uste dut. Jada baditut urte batzuk, eta 30 daramatzat komunikabideetan lanean. Ez nintzen unibertsitatera joan, zuzenean kazetaritzan lanean hasi nahi nuelako. Radio Paraison hasi nintzen, Eguzki Irratian, Euskalerria Irratian, Euskaldunon Egunkaria-n, Berria-n, leku guztietan. Kazetaria sentitzen naiz, bai. Bestela, zer egin dut bizitza osoan?

Zeharbide horretatik aurrera egitea ez zen erraza. Hasieratik argi zenuen apustua?

Halako iluminazio bat izan nuen. Euskalduna izango nintzela erabaki nuen. Nigatik ez zela euskara galduko. Eta edukiak euskaraz sortuko nituela: entzuteko, ikusteko, irakurtzeko.

Orduan pasa zinen Caballo Loco izatetik Zaldieroa izatera.

Bai, eta pixka bat lehenago pasa nintzen Francisco Javier izatetik Patxi izatera. Nik neuk birbataiatu nuen neure burua. Denek Francisco edo Francisco Javier esaten baitzidaten. Inork ez zidan ezizenik jartzen. Oso erabaki kontzientea izan zen.

Erabaki pertsonal politikoa izan zen. Garai haietan, Iruñean, ikastolakumea izanagatik ere, euskaraz bizitzea erabaki militantea baitzen.

Bai; nire gelako askok euskara galdu dute. Ni neu euskara galtzen hasia nintzela ikusi nuen. Eta hortik etorri zen erabakia.

Oso garai punkak ziren. Zuk eta biok Eguzki Irratian ezagutu genuen elkar, Txarli Tximinoaren Beatifikazioaren Aldeko Herritar Plataformaren garaietan.

Iñaki Alforjaren ideia izan zen hura. Eta niri kristoren grazia egin zidan. Takoneran bazen zoologiko txiki bat: oiloak eta beste. Tartean, bazen tximino bat, Txarli. Desagertu egin zen. Eta Opus Deik Jose Maria Escriva de Balaguer beatifikatu nahi zuenean, Iñakiri bururatu zitzaion guk ere norbait beatifikatu behar genuela. Txarlirena atera zen. Eta prozesioak eta guzti antolatu genituen.

Larunbat arratsalde batean 2.000 lagun elkartu ginen. Baten bat haserretu egin zen, arratsalde hartan berean beste gai serioago bategatik egin zuten manifestazioan askoz jende gutxiago elkartu zela eta.

Txarliren kaiola zegoen lekuan betiereko sua piztu genuen.

Eta Txarli tximino sainduaren odola ere edan genuen, aurretik prestatutako sangria.

Garai haietan, jendea edozertarako prest zegoen.

Zer pentsatuko zuen garai haietako gandorrik gabeko Patxi Huarte punk samar hark…

Nahiko punka nintzen, bai.

Zer pentsatuko zuen egungo Nafarroaz?

Amorratu egingo zen. Gazte garai haietan, etorkizunean bidea eginda edukiko genuela irudikatzen nuen. Galdetu izan balidate, 2021ean euskara Nafarroa osoan ofiziala izango zela esango nuen. Baita aurretik ere. Jakina. Egia esan, gauza gehienak ez dira bete. Euskalgintzan gaizki gaudela uste dut.

Korrok euskal literatur fanzinean eta TMEO erdal fanzine punkean hasi zinen argitaratzen. Zeintzuk ziren zure erreferenteak? Garai haietan, denok Crumb, Hugo Pratt, Milo Manara genituen gustuko. Zuk?

Niri betidanik franko-belgikarrak gustatu izan zaizkit. Oso TBEO dendan esaten didate hango bi marrazkilariren antza dutela nire marrazkiek. Logikoa da.

Bill Wattersonen Calvin eta Hobbes ere oso gogoko dituzu.

Hori beste liga bat da. Nola marrazten duen, zer lortzen duen, izugarria da. Izugarri ona da.

Berriki, Joe Saccoren Palestinari buruzko bi liburu irakurri ditut, eta zurekin akordatu naiz. Bere burua nola marrazten duen ikusita, eta berak ere kazetaritza egiten duelako, kazetaritza kronikak, komiki formatuan.

Bere burua oso itsusi marrazten du. Nirekin oroitu bazara, gaizki gabiltza.

Zuk, ordea, ez duzu zeure burua itsusi marrazten.

Ez, bada. Hori oso argi dut, behin neska batek Bilbon, mozkortuta zegoela, esan zidalako: “Zergatik marrazten duzu zeure burua hain ondo eta hain gazte, zaharra eta tripaduna bazara?”. Benetan, hitzez hitz.

Grazia egin dit gaur autokarikaturako txanoa eta North Face-a ekarri dituzula.

North Face-a jada ez dut marrazten.

Seguru asko, ezagunagoa da zure autokarikatura zure egiazko irudia baino.

Hala espero dut.

“Pandemia noiz bukatuko zain, ez dugu pentsatzen nola gauden; baina ukituta gaude, denok”

Dena dela, bolada batez Lezon (Gipuzkoa) bizi izan zinen. Eta inoiz kontatu didazu orduan jabetu zinela zeinen ezaguna zinen euskaldunen artean.

Nire amari hitzez hitz esan nion: “Ama, en Gipuzkoa soy famoso” (Ama, Gipuzkoan famatua naiz).

Izan ere, zure amarentzat Iruñean zintagile on bakarra zegoen: Cesar Oroz, Diario de Navarra-koa. 

Honekin ere badut amarekin oso pasadizo ona. Amak, jada burua galtzen ari zenean, halako batean galdetu zidan: “¿Pero tú de qué vives?” (Baina zuk nondik ateratzen duzu bizimodua?). Nik erantzun nion: “Yo, ama, soy dibujante, dibujo cómics todos los días. Yo soy el Oroz vasco” (Ni, ama, marrazkilaria naiz, komikiak marrazten ditut egunero. Oroz euskalduna naiz). Eta esan zidan: “Ya te gustaría a ti tener la gracia que tiene el Oroz” (Nahiko zenuke zuk Orozen grazia).

Ama iruindar baten ateraldi kanonikoa.

Orozi kontatu nion eta zera esan zidan: “Amek beti arrazoi”. Kar, kar, kar. 

Oroz euskara ikasten ari da, Arturo Campion euskaltegian.

Oso ondo, bai. Egia esan, Lezora iritsi orduko gripea harrapatu nuen. Medikuarengana joan nintzen, eta farmazian neskak esan zidan: “Hara, hemen bizi zara?”. Baietz esan nion. Eta berak: “Liburu bat ekarriko dut, ea sinatzen didazun”. Kaletik ere jendeak gauzak esaten zizkidan.

Guapo! Erreferente!

Ez, politikari buruzkoak. Edo: “Ni ere naparra naiz”.

Hori gipuzkoar guztiek diote. Edo, behintzat, ezagun samarrak garen nafarrongana hurbiltzen diren gipuzkoar guztiek.

Oso litekeena da. Hori behin baino gehiagotan entzun dut. Nik beti gauza bera erantzuten diet: “Ni baino gehiago, seguru. Ni ez bainaiz oso nafarra”.

Halakoetan nork erantzuten zuen “ni Iruñeko gipuzkoarra naiz”?

Agian, Angel Errok idatzi zuen horrelako zerbait.

Erreferentziazko euskal sortzaile bat zara. Eta zure amaren kezka bera daukat: hortik, bizibide, soldata duina ateratzen al duzu?

Ez, ez. Baina ni oso kontzienteki sartu nintzen militantzian. Euskararena militantzia bat baita, non eta Iruñean. Beste leku batzuetan ez, baina hemen hala da. Militantziak bizi ahal izateko adina diru ematen dit. Ni ongi nago alde horretatik.

Urkulluren pasadizoa aipatu dugu. Presio asko jasotzen dituzu? Aske sentitzen zara?

Ez naiz presionatua sentitzen. Aske sentitzen naiz; hasteko eta behin, beti izan naizelako oso punka. Beti esan izan dut nahi izan dudana. Gainera, presio gutxi jasotzen dut. Ez naute presionatzen apenas. Kritika batzuk entzun ditut. Hemezortzi urte daramatzat egunero zinta argitaratzen. Eta oso gutxi izan ditut. Urtean behin edo.

Arestian, The Organization aipatu duzu. Hari buruzko zinten kontura kritikarik jaso al duzu? Badakit inoiz arinkiegi zeniharduela esan zizutela.

Oso gutxi. Hiruzpalau email. Nire helbidea zintan bertan agertzen baitzen. Jendeak haserretzeko eskubidea dauka.

Serio Demonio atalean ere zuk eta biok aipatzen genuen The Organization, eta Frantziako espetxe batetik preso batek eskutitza idatzi zigun, tonua eskertzeko.

Egongo dira kritika adierazi ez dutenak, baina gorrotatuko nautenak… Beno, eta jakin badakit batzuek gorroto nautela. Hala adierazten dute Berria-n bertan, kar, kar, kar.

Orain, Iruña-Veleia auziaz ari zara…

Bai. Baina behin benetan kezkatu nintzen ETAkide ezagun batek plaza batean galdetu zidanean: “Zu Zaldieroa zara, ezta?”. Nik baietz erantzun nion. Eta berak: “Bada, oso handia zara”. Eta ni: “Joño”.

Maitatua sentitzen zara? Jendeak zure lana estimatzen duela uste duzu?

Bai, bai. Denbora asko daramat egunero nirea botatzen, leku berean. Jendea ez aspertzea, jendeak oraindik ondo jasotzea handia da. 

Eta zu, aspertzen al zara zeure buruarekin, zinta egunero egin behar horrekin?

Ez, aspertu ez naiz aspertzen. Batzuetan, edo askotan, estresagarria da zerbait ona bilatzea. Baina egunero altxatzen naiz pentsatzen: “Goazen zerbait polita egitera”. Oso lan polita baitaukat. Ez nago piezak muntatzen fabrika batean.

Egunero irina eman ahal izateko, errota elikatu behar. Betidanik asko irakurri duzu: fikzioa, saiakera, biologia, historia…

Beti izan dut jakin-min handia, gai askorekin. Internet pagotxa da niretzako. Sortu zenean, Interneten elizako fededun bihurtu nintzen. Internetekin oso gustura nago.

Eta sare sozialekin? Zure lana zaildu ala erraztu egin dute? 

Erraztu. Oso gauza polita gertatu zait. Gidoilariak sarean aurkitu ditut. 

Komunitate bat sortu duzu.

Nik Txio Herria deitzen diot euskarazko Twitterri.

Ni komunitate txikiago batez ari nintzen, zure zinten gidoiak egin ohi dituztenek osatua: Idoia Torregarai, Santi Leone…

Hamar bat gidoilari ditut oso gertu. Eta egin dugun auzolana pilo bat gustatzen zait. Guztira, 40 bat lagunen pentsamenduak, ateraldiak marraztu ditut. Aurretik, sekula ez dut gidoilaririk eduki. Eta orain, sare sozialekin, baditut. Beraiek ere ez dakite gidoilariak izango direla. Beno, Idoia Torregaraik eta Santi Leonek, agian, bai, baina gainontzekoek ez; gero, sorpresa hartzen dute. Eta oso polita da. 

Baina umoreari dagokionez, txiste bat marraztu behar duzunerako egin nahi duzunerako, Twitterren eginda dago. 

Txiste bat bururatzen zaizunean, Twitterren jartzen baduzu eta bilatu sakatzen baduzu, hor topatuko duzu, jada bota dutela ikusiko duzu.

Gogoan dut Euskalerria Irratian teknikaria zinelarik, soinu mahaia gobernatzen zenuen bitartean, beti Italo Calvinoren libururen bat irakurtzen ari zinela. Zein da Calvinoren oinordekoa, zein idazle gustatzen zaizu, bereziki, egun?

Etxea txukundu nahi dut. Eta Marie Kondok esaten du 30 liburu bakarrik izan behar ditugula etxean. Nik ez ditut 30 eduki nahi. Baina, gehienez, 300 eduki nahi ditut, eta gaintzekoak etxetik aterako ditut. Baina, begira, azkenaldi honetan [Alessandro] Baricco daukat buruan, bizpahiru gauza izugarri handiak egin dituelako. Azkena, Iliada berridatzi du, baina Jaungoikoak eta Jainkosak kenduta, gizakiak bakarrik utzita. Eta jenialtasun bat iruditzen zait. Nire ustez, askoz hobea da. Klasikozaleek ezetz esango dute. Baina niri baietz iruditzen zait. Halako pertsona originalak gustatzen zaizkit.

Eta esanen banizu zure pertsonaietatik denak kentzeko hiru izan ezik?

Une honetan, Mugalariarekin maitemindurik nago…

Baita ni ere. 

Eta Yoda ere asko gustatzen zait. Baita La Pelota Basqua ere. Gauza askotarako ematen du eta biribil bat da.

Pertsonaia biribila, bai ba.

Kar, kar, kar.