Patxi Freytez: “Zinema faltan sumatzen dut”

Urtea Cielos obrarekin hiriz hiri bidaiatzen hasi du Patxi Freytez aktoreak (Iruñea, 1967). Pantailarako, oraindik gordean dauden proiektu berri bi ditu
esku artean nafarrak.

Kaixo, Patxi. Cielos antzezlanarekin bira egiten ari zara. Zer-nolako harrera izaten ari da?
Oso-oso pozik gaude, harrera bikaina izaten ari delako. Antzezlan zaila da, konprometitua, eta gaur egun bizitzen ari garen garai ezegonkor eta aztoratu honetako isla ere izan daiteke. Aretoak betetzen ari gara eta hori oso pozgarria da.

Peris-Menchetaren obrak tematika gogorra du, eta itxuraz ere berezia eta bitxia da. Publikoa erakartzeko garrantzitsua da hori?
Zalantzarik gabe. Berritzailea da, modernoa, eta teknologia asko du antzerkia izateko. Gaia ere ezberdina da. Nazioarte mailako espioitza da, baina lur azpian egiten den lan zikin hori. Hala ere, ukitu intimoa du, eta horrek egiten du, batez ere, erakargarri obra hau.

Antzerkian gusturago zaudela esan daiteke?
Telebista asko egin izan dut, eta formatuetara erraz egokitzen naizela uste dut, baina onartu behar dut antzerkia dela nire eremua. Antzerkirik gabe ezingo nintzateke gustura bizi. Urte mordoa daramatzat, jarraian, obrak bata bestearen atzetik egiten, eta honetan jarraitzeko asmoa dut.

Egia da antzerkian une oro egon behar duzula ikasten?
Ikasten jarraitzeko toki aproposa da. Aktoreontzat eta ikus-entzuleentzat. Antzerki obra bakoitza, pertsonaia bakoitza, egoera bakoitza… ezberdinak dira. Antzerkiak gauzak mila modu ezberdinetan ikus daitezkeela erakusten digu.

Hala ere, pantaila faltan sumatzen duzu?
Zinema bai sumatzen dut faltan. Telebista gehiago egin izan dut, eta zineman gehiago egitea gustatuko litzaidake. Aktoreok lan egitea da faltan sumatzen duguna. Lan barik bagaude, triste eta minduta egoten gara, kar- kar.

90eko hamarkadako telesail asko bueltatu dira pantailara. El comisario telesailaren 3.0 bertsioa egitera animatuko zinateke?

Asko gustatuko litzaidake. Inoiz komentatu izan dugu lankide ohien artean revival bat egitearena. Dagoeneko urteak igaro dira telesaila bukatu zenetik, baina egunero bizirik dagoen Whatsapp talde bat dugu. Konexio berezia izaten jarraitzen dugu, familia handi bat garelako.

Mikel Miralles –El comisario telesailean Patxi Freytezen pertsonaia– zertan aldatu da ordutik?
Bizitzaz asko ikasi duela esango nuke. Ez dut uste garai hartan bezain errugabea denik, baina, batez ere, pertsonak ulertzen ikasi duela esango nuke. Hemen elkarri laguntzeko gaudela, alegia.

Zer moduz moldatzen zara sare sozialekin?
Nahiko aktiboa naiz Twitterren. Mundua ulertzeko nire ikuspuntua dut, eta hori defendatzen dut. Ez zait gustatzen isilik egotea, eta injustiziak salatu behar direla uste dut. Norbera azaltzeko beste bide bat dela uste dut.

2024 gorabeheratsu hau nola ikusten ari zara?
Ez diot antz onik hartzen. Palestinan gertatzen ari den guztia, AEBek eta Israelek ezer ez axola ez zaiela erakutsi dute eta euren kartak erakutsi dituzte. Kalera irten eta hori guztiori salatzen hasteko unea da. Azkenean, guztiontzako mehatxu bat da. Bestalde, klima larrialdiaz zer esango dut… Gainean dugu, eta beldur naiz ez den dagoeneko beranduegi.