Patrizia Vitelli: “Zentzuduna eta jasangarria izan behar du elikadurak”

Errezeta osasuntsuak, errazak eta goxoak partekatzen dituzte @foodiario Instagram kontuko 111.000 jarraitzailek. Bi amonen errezetak izan dituela oinarri aitortu du Patrizia Vitellik (1990, Arrasate).  

Nolatan hasi zinen zure errezetak sareratzen?

Foodiario.com sukaldaritza blogarekin hasi nintzen, 2009an. Unibertsitatean ikasketak hasi nituen, eta Bilbora joan nintzen bizitzera. Orduan hasi nintzen janaria prestatzen eta errezetak gainontzeko ikasleekin partekatzen. Borondate horrekin hasi nintzen, eta, azkenean, eboluzionatu, 2015ean bloga itxi eta 2018an Instagramera salto egin nuen.

Eta konfinamenduan etorri zen @foodiario-ren boom-a.

Bai; hasieran, hilean behin edo argitaratzen nuen soilik, denboraren arabera. Baina konfinamenduan denbora gehiago izanda, egunero argitaratzen nuen errezetaren bat.

111.000 jarraitzaile dituzu; ikaragarria!

Pentsa, Arrasateko biztanleria bost bider! Ez nuen inoiz ere imajinatuko. Inongo helbururik gabe sortu nuen kontua, soilik jendearekin errezetak partekatzea nuen xede.

Bestaldean daudenen feedbackik jasotzen duzu?

Bai; azken finean, hori da politena: komunitatea sortzea eta bestaldean benetako pertsonak daudela jakitea. Idatzi egiten didate eta elkarrizketak izaten ditugu.

Nork irakatsi dizu kozinatzen horren ondo?

Bueno, ondo ez dakit, ondoren probatu egin behar da eta! Ikasle-pisuan bizi nintzela ez neukan janaria prestatzeko ideiarik; oinarrizko janaria gertatzen nekien soilik: pasta, arroza, arrautza frijitua… Baina, gutxinaka, Interneten hasi nintzen inspirazio bila; baita sukaldaritza liburuak irakurtzen ere. Eta, nola ez, nire amona Juani eta Tereri gomendioak eskatzen. Pixkanaka ikasi dut horren polit kozinatzen.

Zure errezeta-liburua noizko?

Etorkizunean daukadan proiektua da. Gainera, zerbait esklusiboa izatea nahiko nuke, nire etxeko emakumeen errezetekin egindakoa. Nire amaren, izeba Itziarren eta bi amonen errezetekin, alegia.

Eta orain, egunero Txoriene saioan zaitugu.

Hori bai ez nuela inondik inora espero! Saioa iragarri nuenean, neska batek Instagrambidez gogorarazi zidan, iazko abenduan, Madrilgo desioen basoan egin nuen eskaera. Papertxoan jarri nuen sukaldaritza-saio bat izan nahi nuela, eta ez nintzen gogoratzen! Abendu honetan berriro joan beharko dut beste desioren bat eskatzera; kar-kar.   

Zelako esperientzia izaten ari da?

Oso ona! Hirunaka grabatzen ditugu saioak, ekainera arte grabatuko dugu. Horrez gain, nire beste bi enpresekin ere jarraituko dut.

Nolako platerak gertatzen dituzu?

Sarean plater osasuntsuak partekatzen hasi nintzen. Oso gauza sinpleak egiten ditut; betiere, lehengai ona daramatenak –arraina zein okela–. Ez dut azukrerik eta elikagai prozesaturik jaten. Bueno, noizean behin, zerbait potoloagoa jaten dut. Txoriene-n ere denetarik egiten dugu. Instagramen nazioarteko errezeta asko ere baditut; izan ere, bidaiatzea maite dut eta joaten naizen herrialdeetan sukaldaritza ikastaroa egiten dut. 

Arrakasta bermatuta duen plater bat?

Etxean egindako pizza. Masa egiten dut, eta baita etxeko tomatea ere. Lagunak etxera datozenean egiten dut, eta arrakasta bermatuta dago!

Eta plater sofistikatu bat?

Ez dut gauza zailik egiten, nahiko sinplea da nire sukaldaritza. Baina bada otarrainxka eta zapo zopa bat asko gustatzen zaidana. Oso erraza, goxoa eta dotorea da. Gabonetarako aproposa.

Elikadurak eragiten du emozioengan eta bizimoduan?

Bai, norberaren osasunari, poltsikoari eta bizitzari gerta dakiokeen gauzarik onena da kozinatzen ikastea: familia eta lagunekin konektatzeko, supermerkatuan dirua aurrezteko eta osasuntsu jateko, oso garrantzitsua da.

Modan dagoen dietarik egin duzu?

Ez naiz dieten aldekoa. Zentzuduna, jasangarria izan behar du elikadurak: barazkiak, arraina zein arroza –osasuntsua  %80an–, eta asteburuetan ere gozatu behar dugu, noski. Osasuna ez da soilik jaten duguna, baita gure harremanak osasuntsuak izatea eta geure burua ondo egotea ere. Nahiko malgua naiz, egia esan.