Patri Espinar: “Bidea irekitzen ari gara gazteentzat, eta hori polita da”
Donostian bizi da gaur egun Patri Espinar (Usansolo, 1985) pilotaria. Mota guztietako txapelketak eta txapelak irabazi ditu bizkaitarrak, apurka gorantz doan emakumezkoen pilotan. Aiert Arieta-Araunabeñak Keler gunean elkarrizketatu du Espinar.
Lehen ere txapeldun handi bat zinen, Patri, baina orain izar mediatikoa ere bazara. Nola daramazu telebistaren eta famaren kontua hau?
Saiatzen naiz normaltasunez eramaten. Egia esan, momentuz, ez dut nabaritu gehiegizko oihartzuna izan duenik. Tarteka gelditzen naute kaletik, baina beti animoak emateko edo ondo egin dudala esateko, eta nahiko ondo daramat. Betiko bizitza eta errutinak mantentzen saiatzen naiz.
Sumatzen dut gehiegi ere ez duzula nahi…
Ez, hori da. Beldur handia ematen zidan nire bizitzan eragiteak, baina, momentuz, ez da horrelakorik gertatu eta pozik nago horregatik.
Zure ustez, kaletik zugana gerturatzen diren horiek badakite telebista saio baten azaltzen den pertsona bat izateaz aparte, munduko txapelduna ere bazarela?
Bueno… Munduko txapelketa azkenengoz irabazi nuenean ETBko albistegietan atera zen, komunikabideetan… eta jende askok zoriondu ninduen. Conquis-en agertu nintzenean ere aipatu zuten munduko txapelduna nintzela, palaz ere ibilia naizela… eta jendeak, behintzat, badaki pilotaria naizela, sari batzuk irabazi ditudala, eta hori eskertzen dut, noski.
Izan ere, munduko txapelak jantzi dituen pilotari bat zara eta horrek oihartzuna izatea izango da zuretzat garrantzitsua, ezta?
Betidanik izan naiz kirolaria. Pilotaria eta futbolaria. Beste kirol batzuk ere praktikatu izan ditut, eta denok nahi dugu gure kirol jardunagatik ezagunak izatea, ez soilik telebistako programa baten agertu izanagatik, nahiz eta Conquis ere txapelketa oso gogor bat izan den. Baina eskertzekoa da, bai, hainbeste urtetan kirol munduan ibili eta gero nire ibilbideagatik eta nire lorpenengatik ezaguna izatea.
Bide batez, munduko azken txapela one wall-ekoa izan zen?
Ez, Londresko Opena izan zen azkena. Gero, Herbehereetan Europako hirugarren izan nintzen, Franekerren; ongi errekuperatu gabeko lesio batekin joan nintzen. Baina esandakoa: azkena Herbehereetan Europako hirugarren egin nuen, aurretik Londresko Opena irabazi, eta horren aurrekoa izan zen munduko txapela Kolonbian one wall-ean.
Horretan egin nahi nuen azpimarra, one wall-a ez delako Euskal Herrian oso hedaturik dagoen pilota modalitate bat. Azalduko zeniguke zertan datzan eta nola hasi zinen zu praktikatzen?
Hemen ez da oso ezaguna, guk euskal pilota daukagulako. Izatez, Irlandako modalitatea da, baina Europa eta Amerika osora hedatu da, jokatzeko oso erraza delako. Pareta txiki bat behar da bakarrik, plaza-libre txiki bat, eta gomazko pilota bat. Gure pilota mundura esportatzea zailagoa da, frontoi handi bat behar delako, larruzko pilotak… Horregatik, hemendik kanpo one wall-a zabaldu da. Pilota kirol olinpiar izateko lanean ari dira zenbait federazio eta one wall-a edo oso antzekoa den front ball-a dira aukeratu dituzten modalitateak.
Zu Usansolon hasi ziren pilotan, 8 urterekin, baina lehen kontaktua ez zen ona izan…
Ez. Pilota gogorrekin izan zen lehen kontaktu hura. Ezin genuen eskuetan babesik jarri, eta, horregatik probatu eta utzi, dena bat izan zen. Gero, beste saiakera bat egin nuen, 10 urterekin. Orduan ere pilota gogorrak ziren, baina eskua esparadrapoz babesten genuen, eta orduan bai. 10 urtetik 17 urtera Usansoloko pilota eskolan ibili nintzen.
Mutilekin, batez ere…
Bai, mutilekin, gehienbat. Ainhoa Vez eta biok genbiltzan Usansoloko pilota eskolan. Gero, Mallabian ere beste neska bat zebilen palaz, Itsaso, baina Bizkaian oso neska gutxi ginen, eta gainerako lurraldeetan ere antzera. Zazpi urtetan birritan edo hirutan jokatu nuen nik nesken aurka.
Eta 17 urterekin utzi egin zenuen. Zergatik? Fisikoagatik?
Indarragatik, batez ere. Nik gaur egun neurtzen dudana eta pisatzen dudana neurtzen eta pisatzen nuen orduan. Ez naiz hazi. Baina mutilen gorputzak adin horretan garatzen hasten dira, gihar masa gehiago hartzen dute, eta nabaritzen nuen pilotarekin baietz, ahal nuela, baina ezin nuela mutilen aurka ordura arte bezala lehiatu. Indarrez airean ibiltzen ninduten kantxan. Pena handiz, baina pilota uztea erabaki nuen eta bi urtez erabat baztertuta eduki nuen.
Zure pasioa izan arren, erabat utzi zenuen…
Bai. Ikusten nuen garai hartan federazioetan ez zela inolako lanik egiten nesken eskupilota bultzatzeko. Nik kirol hori maite nuelako jarraitu nuen hainbeste urtez, baina gogorra zen bakarra zinela ikustea, federazioetatik ez zela txapelketarik antolatzen ikustea. Oso neska gutxi ginela esaten ziguten, eta ezin zela ezer egin. Beraz, pena handiz utzi nuen eta futbolean jokatzen jarraitu nuen. Gero, paletaz aritzen zen neska talde baten berri izan nuen eta horrela itzuli nintzen frontoietara.
“Sarritan sentitu naiz ez ulertua, ezberdina”
Eta zenbat urte pasa ziren berriro eskuz pilotan hasi arte?
Ba… paleta eta futbola 27-28 urterekin utzi nituen…
Zeure borondatez ala behartuta orduan ere?
Lesioengatik. Bizkarreko arazoak ditut eta une jakin batetik aurrera konturatu nintzen asko kostatzen zitzaidala errekuperatzea. Gozatu baino gehiago sufritu egiten nuen eta lehiaketa uztea erabaki nuen. Natur jardueretara dedikatu nintzen, lehiatu gabe, disfrutatzeko soilik, eta horrela nenbilen 2016an Iker Amarikak deitu ninduen arte. Emakume Cup txapelketa sortu zuten Bizkaian, eta horrela itzuli nintzen eskupilotara.
Beraz, erabat baztertuta zeneukanean, Emakume Cup azaldu zen zure bizitzan bigarren aukera bat bezala?
Utzita neukan lehia, bai. Erretiratuta nengoen eta nire pilotari aroa bukatutzat ematen nuen. Ez nuen uste berriro pilotan aritzeko aukera izango nuenik. Baina Bizkaiko Federazioa emakumeen pilota bultzatzen hasi zen, Larrabetzun Txokoan emakume pilotarien kluba sortu zuten eta berriro tren horretara igotzeko aukera eman zidaten. Hasieran ez neukan batere garbi, baina proba batzuk egin nituen, bizkarreko lesioa nahiko egonkortuta neukala ikusi nuen eta trenera igotzea erabaki nuen. Gero, Emakume Master Cup iritsi zen, Euskadiko selekzioarekin mundiala jokatzeko aukera… eta oso pozik nago. Txikitan barruan geratu zitzaidan arantza hura atera dut.
Batez ere, lehenbiziko etapa zure gogoaren kontra eten behar izan zenuelako…
Bai. Burugogorra naiz, baina ez zegoen jarraitzeko aukerarik. Ez dakit hainbeste iraun duen neskarik egon ote den. Robertok, nire entrenatzaileak, asko lagundu ninduen, baina nire familian ez ziren oso kirolzaleak eta ez ninduten gehiegi babestu. Beti nire kabuz edo lagun baten gurasoekin joan behar izaten nuen partidetara. Oso borroka gogorra izan zen. Pilota maite nuelako eta maite dudan hori lortzen saiatzen naizelako jarraitu nuen hainbeste denbora.
Inoiz sentitu duzu ez zintuztela ulertzen?
Bai, askotan. Orain, oso babesturik eta inguraturik sentitzen naiz, baina txikitan sarritan gertatzen zitzaidan. Ni herri txiki batekoa naiz, Usansolokoa. Oso neska gutxi ginen eta niri beti gustatu izan zaizkit mutilen kirolak. Zorionez, gaur egun, gero eta normalizatuago dago hori eta gero eta neska gehiagok praktikatzen dituzte kirol horiek, baina garai hartan ez, eta ni eskuz ibiltzen nintzen, bizikletarekin mendian, patinetan… beti mutilekin eta sarritan sentitzen nintzen ez ulertua, ezberdina. Nik uste dut esperientzia horiek pertsona hobea egin nautela, gogorragoa, indartsuagoa baita kirolari bezala ere, eta harro nago.
Eta orain, Emakume Master Cup-eko finalean pilotalekua betetzen dela ikusten duzunean, telebista kamerak bertan daudela partida zuzenean emateko… zer sentitzen duzu?
Aspaldi konturatu nintzen telebistaren indarraz. Telebistan agertzen dena existitzen da eta agertzen ez dena badirudi ez dela existitzen. Nik bizi osoa eman dut pilotan mutilekin lehiatzen, munduko txapeldun izan nintzen 2005ean, baina orduan ez zen telebistan atera, eta, beraz, ez zuen oihartzunik izan. Ezer lortu izan ez bazenu bezala, jendearentzat ez zara existitzen. Zure familiak eta lagunek badakite nor zaren, eta nik ere badakit nor naizen eta nire maila zein den telebistan agertu zein ez, baina egia da orain komunikabideen babesari esker lehen ez geneukan erreperkusio bat daukagula.
Belaunaldi berrientzat izan daiteke bereziki garrantzitsua hori, ezta? Erreferenteak dauzkatela ikustea, jendeak jarraitzen dituela…
Hori da, batez ere, telebistari esker lortu duguna, erreferente berriak sortzea. Garai baten, denak ziren gizonezkoak eta orain, emakume pilotari erreferenteak edukitzea lortu dugu. Beheko belaunaldientzat ari gara bidea egiten. Guk izan ez genituen aukerak izango dituzte azpitik datozenek eta guk izan genituenak baino baldintza hobeagoetan jardungo dira, futbolean gertatu zen bezala edo herri kirolekin gertatzen ari den bezala. Bidea irekitzen ari gara gazteentzat, eta hori ere polita da.
Hala ere, badago zer hobetu asko. Leire Etxanizek kontatu zuen Emakume Master Cup irabazi osteko elkarrizketa baten, hirurehun euroko dirusaria jaso zutela txapeldun izateagatik. Gasolina ordaintzeko beste, zioen…
Eta beste gauza asko isilpean eraman behar ditugu, gaizki ez geratzeko. Berak hirurehun euro jaso zituen eta guk txapeldunorde bezala berrehun. Baina ez hori bakarrik, orain arte dirua galdu baino ez dugu egin. Badaude mediatikoak diren txapelketa batzuk, diru asko mugitzen dutenak, eta protagonistak gu garen arren guk ez dugu ezer irabazten, galdu egiten dugu. Ari gara horretan ere aurrerapausoak egiten pixkanaka. Niri gaur egun pilota jaialdi bat antolatzeko deitzen badidate, baldintza minimo batzuk eskatzen ditut. Ez gara mutilak baino gutxiago. Askotan gertatu izan zaigu herriko festetan partida bat jokatzeko deitu, eta inolako palmaresik ez daukaten mutilek ehun eta berrogeita hamar euro kobratzen dituzten bitartean guri ehun, hirurogeita hamabost edo berrogeita hamar eskaintzea. Horrek sekulako amorrua ematen dit. Emakume kirolariok beti bizi behar izan dugun injustizia bat da, gizarte matxista honek gutxietsi egiten gaituelako.
Beste adibide bat: zure mailako pilotari batek ez dauka normaltasunez entrenatzeko toki bat…
Emakumeen eskupilota hutsetik sortzen ari gara. Zerotik egituratzen. Lehenengo kluba Larrabetzun sortu zen, Txokoan elkartea. Orain, bigarrena sortu dugu hemen, Gipuzkoan historian egon den lehenengoa. Plaza Emakumeak. Azpeitia inguruko eta Donostia inguruko jendea gaude. Momentuz, dirulaguntza bakarra lortu dugu, ez daukagu entrenatzeko pilotalekurik, eskaera berandu egin genuelako, ez daukagu entrenatzailerik, ez daukagu prestatzaile fisikorik… ez ditugu baldintzak, baina, hala ere, sekulako emaitzak lortzen ari gara. Nik, adibidez, entrenatzeko, libre dagoen frontoi batera joan behar dut, ea zein baldintzatan dagoen ikusi, ea ez dagoen bustita, ea ez dagoen hostoz beteta, materiala erosi… Baina, esan bezala, pixkanaka gauzak egituratzen ari gara, lehenengo dirulaguntzarekin gastuak kubritzea lortu dugu, behintzat, eta bidea egiten ari gara.
Baldintza hauetan garbi dago pilotatik bakarrik bizitzerik ez dagoela, Patri, eta zu hainbat saltsatan sartuta ibiltzen zara…
Bai. Urte luzez ibili nintzen Gipuzkoako Pilota Federazioan lanean. Aurretik, Arabakoan ere ibili nintzen. Orain, emakume palista talde bat entrenatzen dut eta Grauni txapelketako hautatzailea ere banaiz. Pilota munduan lanean ari naiz, baina hortik kanpo ere sarritan berrasmatu behar izan dut nire burua nire gustu eta gaitasunen arabera. Mendi gidaria naiz eta mendi orientazio ikastaroak ematen ditut, adibidez. Eskalada ikastaroak ere bai, abentura enpresetan ere lan egin izan dut… Autonomoa naiz eta nire kontura nabil ikastaroak ematen, hitzaldiak eskaintzen eta nire ezagutzak zabaltzen.
Profil horrekin ez nau harritzen Conquis-eko kapitain izateko deitu izana…
Ba, ez dut uste curriculum horren berri zutenik. Pilotagatik ezagutzen ninduten eta nik uste dut harrituko zirela han nola ibili naizen ikusita, ni neu ere neure buruarekin harritu naizen bezala! Hala ere, Conquis-ena kontu kuriosoa da, programa hasi zenetik jende askok esan izan didalako joateko…
Baina lehiakide modura…
Hori da! Baina nik aukera hori baztertuta neukan. Basetxea-n parte hartu nuen aspaldi, antzeko saioa zen, eta horrekin aseta nengoen zentzu horretan. Baina kapitain bezala joateko aukera sortu zenean, animatu egin nintzen, eta oso eskerturik nago aukerarengatik. Erabaki gogorra izan zen, baina…
Joateko erabakia gogorra izan zen. Eta esperientzia? Diotena bezain gogorra da?
Diotena baino gogorragoa. Banekien janariagatik sufrituko genuela, klimagatik sufrituko genuela… baina nik gauza horiek pasatu ditut. Basetxea-n egon naiz egundoko gosea pasatzen, indigenekin oihanean bizitzen egon naiz eta nire gorputza mugaraino eraman dut… Kontua da horri kapitain bezala nindoala gehitu behar zaiola. Ez nituen taldekideak ezagutzen, ez nuen beste kapitaina ezagutzen, ez nituen probak ezagutzen eta ez nekien handik bost minutura zer pasa behar zen. Ziurgabetasuna da nagusi eta horrek sekulako estresa eta presioa eragiten dizu. Aste piloa pasa nituen erlaxatu ezinik. Talde oso baten ardura daukazu, erabakiak boteprontoan hartu behar dituzu, eta, gainera, asmatu. Horrek are gogorrago egiten du berez gogorra den abentura. Sei-zazpi kilo galdu nituen, eta hori proba dezente irabazi genituela! Nik uste dut estresagatik izan zela.
Ez dizut spoiler bat eskatuko, baina zuk badakizu nork irabazi zuen?
Ezin dizut ezer esan horri buruz. Berde batek irabaztea nahiko nuke, baina besterik ez dakigu.
Azkena. Ikusi dugu ez zarela geldi egotekoa… Zer plan daukazu esku artean epe motzerako?
Ba, orain, udaberrian, ikastaroak ematen segiko dut. Lau mendi orientazio eta eskalada tailer ditut emakume taldeekin. Horretaz aparte, emakumeen eskupilota egituratzeko lana ere hor daukagu, nahiz eta lana baino gehiago militantzia den, eta irakaskuntzan ere sartu nahi dut. Heziketa fisikoko irakasle izateko listetan nago, eta hor sartu nahi nuke.