Pasioa, ofizio bihurtuta
Marka: Ametsen txokoa
Eider Igarza eskulanzalea izan da txikitatik. Ama izan ostean, panpinak josten hasi zen, eta, haiek izandako harrera ikusita, Ametsen Txokoa marka sortu zuen. Panpinen ostean etorri ziren osagarriak, poltsak, motxilak… haren bidea topatu zuen arte. Pasioa ofizio bihurtu zuen.
Eskolak ematen ditu
Duela bi urte, estudio bat zabaldu zuen. Eskolak ematen ditu han: umeendako eskulan eta kakorratz ikastaroak eta helduendako kakorratz ikastaroak. Kakorratzez egindako osagarriak ere egiten ditu Igarzak. Eskuz lantzen eta mimo handiz aukeratzen ditu produktu guztiak. Sortzen dituen lanak bakarrak eta bereziak izatea lortzen du.
Buztin polimerikoa
Buztin polimerikoa erabiltzen hasi da aurten, bitxiak egiteko. Bereziki, belarritakoak. Altzairuzkoak eta antialergikoak dira. Horiek eskuratzeko aukera dago Ametsen Txokoaren webgunean eta sare sozialen bidez. Hainbat azokatan ere egongo da.