Paperak hartuta

Eneko Barberena

Surik bai? abestiaren letra idatzi nuen Gose taldearentzat duela urte batzuk, baina, akaso,
Paperik bai? behar luke. Papera baita aro digital honetan oraindik jaun, maistra eta jabe.
Ez didazuela sinesten? Normala, bestela dela esaten digutelako. Ahalegindu nadin, hortaz,
paperak erdigunean daudela frogatzen:

Paperak eskatzen dizkizute Behobiako zubian zakur polikromatikoek; betiere, paretik
igarotzen denaren azal koloreak hala aginduta. Gaia tratatzen duten norbanako eta
kolektibo batzuen kuraia txalogarriak gaia azalarazten du noizean behin, baina
kezkametroan aski apaldua dagoen gaia da, nire ustez. Zorionez, Elkar dendetan astez aste
Miñan liburu salduena izateak apaltzen du nire kezka.

Paper erre bilakatuak daude herritarrak krisiaren aurrean ustez babesteko dekretu, arau
eta legeak. Hobe jertse ona eduki negu hau igarotzeko agintari zinak baino.

Paperak galduz gero, akabo. Hauek aurkitu ezean iparra bera ere gal bailezake batek.

Paper-tolesean aritzen ginen umetan, egun hura Origami ei da. Inguruetako tabernetako
jan-edanek eduki duten eboluzio bera da eskulanarena, kostuan eta filosofian.

Panamako paperak ere egin ziren ezagun, halako batean. Zortedun diren horiek ez dute
jada trikimailu indianoen beharrik, egun zergak jaisten baitizkiete bizi diren tokian bertan.
Lasterketa lizuna da begien aurrean ikusten ari garena Espainiako Erreinuko menpeko
gaixook, ea nork limurtu aberatsak gehien. Kolpea izango da jabetzen garenean zergak
jaitsita ere iruzurrak bere hartan segituko duela.

Eskarmentuaren paperak dira Anjel Lertxundirenak. Bizi oso bat literaturari eskainia,
zutabegile, itzultzaile eta idazleen itsasargi. Bejondeiola.

Ez dut akorduan inoiz paperak izan ditudanik. Gaixotasun eskandalagarria da, listu-
guruinak puztu-puztuta utzi eta edozer gauza irenstea zailtzen baitu.

Durangon paper-fabrika usaina hartzen denean haizeak euria dakar.

Liburuetan gustuko dut couche paper inprimatu berria eskuetan edukitzea, baina egunkari
maiztuak nahiago ditut. Horrek, akaso, zerbait dio nire irakurketa ohiturez, liburutegira
joan partez liburu dendara joan naizen aldiez eta tabernetako itxaronaldiez. Edo ez, ez dio
niri buruz ezer eta pizzari anana jartzen nabil.

Bada zerbait hoberik oinetako bustiak lehortzeko paper-pilotarik baino?

Bai, papera garrantzitsua da. Bai baina. Uste dut bigarren aldia dela paperean argitaratzen
ez den medio batean kolaboratzen dudana. Lagun batek, zeinak argitaletxeen mundua
ondo ezagutzen duen, diost paper hornidura arazoak daudela eta arrazoietako bat dela ez
dugula lehen beste birziklatzen. Alegia, ez dugunez horrenbeste kontsumitzen, birziklatzen
dena gutxiago dela. Kosta egiten zait arrazoibidea ulertzea, erretzeko papera ondo nola
jarri asmatzen kosta zitzaidan beste.

Gaizki esana da, badakit, baina ez da erraza bizitza deritzon komedian baten papera zein
den aurkitzea. Nirea, kasu honetan, zuok, irakurlekok, nire idatziarekin paperik ez
makurtzea.