Palmira Dual: “Ijitoek eta euskaldunek borroka antzekoa bizi izan dugu”
Palmira Dual Jimenez Kera emakume ijitoen elkarte feministako koordinatzailea da. Harekin hitz egin dugu ijitofobiaz, elkartean egiten duten lanaz eta ijito eta euskaldun izateaz, besteak beste.
Palmira Dual Jimenez, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko.
Gaztea, euskalduna eta ijitoa zara; zenbat aurreiritzi pilatu daitezke aurkezpen horretan?
Guztiak! Eta emakume izateagatik ere aurreiritziak jasaten ditut. Ijitoa izatea da la guinda del pastel.
Aurreiritzi horiekin egunero egiten duzu topo?
Bai. Pisu gehien duena emakumea eta ijitoa izatea da, eta bi horien artean, ijitoa izatea. Emakumea izanda bizitza ez da hain erraza, baina ijitoa izatea zailagoa da.
Izan ere, ijitofobia badago gure gizartean.
Bai. Betaurreko moreak erabiltzen dituzunean bezala da. Behin janzten dituzunean, leku guztietan ikusten duzu ijitofobia. Teorikoki gauza pilo bat egiten dira gaur egun horren aurka egiteko, baina ez dira iristen. Gaur egun, ijito guztiak ez gaude bazterketa egoeran, baina asko bai. Beraiekin alderatuz pribilegiatua naizela uste dut, baina zergatik? Lan egiten dudalako? Ikasketak bukatu ditudalako? Nik ere giza eskubideak ditut, ezta? Eta hori izango litzateke guztientzat normalena, baina ijito herriak ez du hori lortzen.
Zure egunerokotasunean ijitofobia hori nola eta non jasaten duzu?
Niri asko gustatzen zait nire amarekin gauzak egitea; adibidez, erosketak egitea. Eta nire amak betetzen du ijito emakumeen estereotipo hori: azala oso beltzarana dauka, gona janzten du, ilea super luzea dauka… Eta nik gaizki pasatzen dut batzuetan eta esaten diot: “Denda horretan ez gara sartuko, ama”.
Gaizki begiratu edo zerbait esango dizuten beldur izaten zara?
Bai. Guk erosketak gure herriko plazan egiten ditugu, eta kito. Izan ere, familiakook –anai-arrebak eta ilobak– leku batera joaten baldin bagara eta ez bagaituzte ezagutzen, arraro sentiarazten gaituzte. Eta hori, orokorrean, gizartearen beste partaideei ez zaizue gertatzen. Edo etxebizitza bat alokatu nahi baldin badugu, beldurrez joaten gara. Ijitofobia eguneroko gauzetan nabaritzen dugu: medikuarenean, hezkuntzan, etxebizitza bilatzerakoan… Bizitzako alor horiek lortzea guri pilo bat kostatzen zaigu. Zergatik? Traba bat dugulako, eta hori da jitoak garela. Ijitofobia arrazakeria espezifikoa da. Teorikoki gauza batzuk aldatzen ari dira, baina praktika falta zaigu, sentsibilizazioa, ezagutza, eta gure historiaren errekonozimendua. Azken batean, zuk ezagutzen baldin baduzu ijitoen historia, ulertuko duzu gaur egun daukagun dinamika. Denak dauka zergati bat.
“Emakume ijitoek hormigoizko sabaia daukagu“
Historia horren zatitxo bat erakutsiko diguzu?
Datorren urtean, 2025ean, ijito herria Euskal Herrira etorri zela 600 urte beteko dira. 600 urte! Urte pilo bat dira, baina, batzuetan, sentiarazten digute lur hau ez dela gurea. Eta zergatik ez da, ba, gurea ere izango? Ni harro nago hemen egoteagatik; nire auzoan, nire herrian. Ni pilo bat borrokatu naiz ongi sentitzeko. Espainiako Errege-Erregina Katolikoak boterera iritsi zirenean, egin zuten lehendabiziko gauza ijito herriaren aurkako legea izan zen. Sarraski hutsa izan zen. Emakumeak kartzeletara edota miserikordia-etxeetara bidaltzen zituzten eta gizonak, lan behartuak egitera. Banatu egin zituzten haur gehiago ez jaiotzeko. Horretaz gain, Espainia mailan 200 legetik gora egon dira ijitoen aurka, Euskal Herrian barne. Adibidez, gizonezko ijito bat harrapatzen bazenuen, 100 erreal ematen zizkizuten, eta emakumea bazen, 50 erreal. Historikoki ez gara izan pertsonak. Ijitoa bazinen, ez zinen pertsona eta ez zeneukan bizitzeko baimenik. Eta horregatik guztiagatik gaur egun gure bizitzeko dinamika den bezalakoa da. Zergatik dira komunitatea eta familia hain garrantzitsuak guretzat? Bada, gu bakarrik egon garelako gu babesteko! Historikoki horrela izan da. Ume bat jaiotzen denetik hiltzen den arte, hor gaude. Zergatik? Historian zehar batera egon garelako eta erresistentzia egin dugulako gaur egunera iristeko. Batera ez bagina egon, ijito herria ez litzateke existituko. Baina hemen gaude. Eta gure harrotasuna hortik dator, erresistentzia horretatik.
Euskal Herrian bigarren mailako biztanle bezala sentitzen zarete?
Diskriminazioa beste era batera bizitzen dugu. Badago iruditegi bat guri buruz. Ijitoa baldin bazara, flamenkoa entzuten duzu, eta hori zerbait espainola da, ez euskalduna. Ijitoen erreferentziak zeintzuk izan dira azken hamarkadetan? Bada, adibidez, Lola Flores: ijitoa eta espainola. Eta orduan, Euskal Herrian, zure herrian edo auzoan ijito bat baldin bazegoen, automatikoki espainola zen, eta ez euskalduna. Ijitoek eta euskaldunek gure identitatea gorde nahi izan dugu, baina badirudi gaur egun oraindik ezin direla bi identitateak nahastu. Hau da, edo euskalduna naiz edo ijitoa naiz. Historikoki, gainera, oso borroka antzekoak bizi izan ditugu. Eta borroka horren ondorioz, adibidez, euskara bizirik dago. Aurtengo Korrikan lekukoa eraman dut super harro. Eta egun hartan bertan eman nuen diskurtsoan aipatu nuen ijitoa izateagatik nire hizkuntza galdu dudala. Hau da, erromania galdu dut, baina hemen nago orain euskararen alde borrokatzen. Eta hau ere nire identitatea denez, ez dut galdu nahi. Hori kostatzen da ulertzea.
Kera elkartean lan egiten duzu.
Kera emakume ijitoen elkartea da, Gipuzkoan lan egiten duena. Bi zutabe ditugu. Alde batetik, gizartea sentsibilizatzen saiatzen gara, arrazakeria bukatzeko. Emakumeen etxeetan, ikastetxeetan eta unibertsitateetan hitzaldiak egiten ditugu. Bestetik, gure emakume ijitoei laguntzen diegu beraien bizitzetan aurkitzen dituzten zailtasunak gainditzen. Adibidez, ama gazte bati lagundu diogu graduatua ateratzen. Izan ere, diskriminazio hirukoitza bizi dute: emakumea izatea, ijitoa izatea eta bazterkeria egoeran egotea. Lanean arrazakeria jasaten ari badira, guk laguntzen diegu sindikatura joaten salaketa egitera. Horretaz gain, ahalduntze tailerrak ere egiten ditugu.
“Ijitofobia eguneroko bizitzan nabaritzen dugu“
Zuk bi esparruetan lan egiten duzu?
Bai. Hitzaldi eta solasaldi batzuetan eztenkada batzuk jasotzen ditut, baina gero, pozik bueltatzen naiz etxera, nire lanak jendeak ijitoei buruz duen ikuspuntua aldatu egin duelako. “Lortu dut zerbait”, pentsatzen dut. Eta bestetik, nire emakume gazteekin egotea zoragarria da. Oso ongi pasatzen dut.
Zer esan nahi du kera-k?
Kera, erromintxelaz, etxea da. Eta lortzen ari gara benetan emakume ijitoentzat etxe bat izatea. Ijitoak Euskal Herrira iritsi zirenean beraien hizkuntza moldatu zuten. Erromanieraz ezin zuten hitz egin eta orduan euskaratik hitzak hartzen hasi ziren. Eta erromintxela sortu zuten: erromaniaren eta euskararen arteko nahasketa. Komunikatzeko bide bat izan zen. Batzuek esaten dute euskara sanskritotik datorrela. Erromania bertatik dator eta badirudi ijitoak Euskal Herrian geratu zirela beraientzat euskaldunekin komunikatzea ez zitzaielako egiten hain arrotza. Hau da, antzekotasun bat bazutelako bi hizkuntzek.
Erromintxela galdu egin da…
Bai, galduta edo ia galduta dago. Baina hitz batzuk hor daude. Adibidez, lotsa latxe da erromintxelaz eta txakurra, berriz, txukel. Kaloa, berriz, gazteleraren eta erromaniaren arteko nahasketa da eta hainbat hitz egunerokotasunean erabiltzen ditugu: queli (etxea), pinrel (oina), napia (sudurra), churunbel (haurtxoa)…
Kultura aberatsa du ijito herriak.
Kulturalki gauza asko ekarri ditugu, baina ez dugu errekonozimendurik jaso. Gure kultura oso aberatsa da eta balio oso politak ditu: hortxe dago gure bandera, edo gure familiako tioren eta tiaren figurak. Jende arduratsua dira, jende garrantzitsua eta handia. Bizitzarako aholkuak ematen dizkizute. Gure kulturako beste balio bat zaharrei diegun errespetua da. Zaharrak guretzat pertsona garrantzitsuenak dira eta gure bizitza beraien inguruan egiten dugu, beraiek ongi egon daitezen. Askotan, hitzaldietara joan eta zaintzaren gaian zer egin dezakegun gaia ateratzen denean, nik neure buruari esaten diot: “Jakingo bazenute nire komunitatean zer egiten dugun gai honetan!”. Baina gauza on horiek ez dira ikusten, txarrak soilik.
Zer da euskara zuretzat?
Irundarra naiz, eskolan ikasi nuen euskara eta orain nire ilobak ere bertan ari dira ikasten. Nik erdi mailako ikasketak ere euskaraz egin nituen. Hautu pertsonal bat izan zen, eta posizionamendu bat da. Euskara ikasten dut eta erabiltzen dut. Hobeto hitz egin nahiko nuke, baina hortxe nago.
“Euskaraz aritzea hautu pertsonala eta posizionamendu bat da”
Feminismoa ere ardatz garrantzitsua da zure bizitzan.
Bai. Historikoki guk geuk ez genekien emakume ijitoak feministak ziren edo ez. Ez zegoen ezer idatzita, eta beraiek ere ez zekiten feminista izatea zer zen. Istorioak errekuperatzen hasi garenean, eta gure amonek eta gure birramonek egiten duten hori ikusten hasi garenean, konturatzen hasi gara emakume ijitoek egiten duten hori feminista dela. Duela berrogeita hamar urte, Granadan lehen ijito elkartea sortu zen eta errebindikazio hori egiten hasi ziren: “Goazen ikustera historian zehar zer egiten zuten emakume ijitoek”. Eta horrela jakin genuen, adibidez, kartzeletan zeudenean sistema higatzen saiatzen zirela, eta hori oso feminista da. Adibidez, paretetan iltzeekin zuloak egiten zituzten, edo beraien arropa apurtzen zuten gastu bat izan zedin sistemarentzat. Eta horrela lortu zuten kartzeletatik ateratzea! Bestetik, viktoriar garaian, zein zen emakume onaren arketipoa? Etxean egoten zen emakumearena, senarra lanetik noiz etorriko zain egoten zena, haurrak zaintzen zituena. Eta nolakoa zen garai hartako emakume ijitoa? Kalean zegoena, lan egiten zuena, gizonekin oso lagunkoia zena… Eta konturatzen zara emakume ijitook beste dinamika batzuk izan ditugula historian zehar, nomadak izan garelako. Herriz herri joan gara eta toki desberdinak ezagutu ditugu, lan egin dugu, trukea praktikatu dugu… Beste modu batean bizi izan gara. Egia da da gaur egungo bizitzaren beharrak ez direla berdinak. Gaur egun, gure helburua eta nahia ez da boterea edukitzea, edo gure borroka ez da emakume ijitoek gizonek adina kobratzea. Gure borroka beherago dago. Giza eskubideak duela oso gutxi lortu ditugu. Adibidez, niri ez didate balio “ijitoa izatea ez da feminista izatea” eta halako esaldiek, herri bakoitzak bere prozesua izan duelako. Eta esaldi hori feminista batek esaten badit… uf! Izan ere, emakume ijitoak ez dauka kristalezko sabaia, hormigoizkoa baizik! Eta ahal duen bezala egiten du aurrera, ia dena kontran daukalako.
Zein da zure ametsa?
Egunean egunekoan bizi naiz, baina benetan nahiko nukeena da ijitoen elkarteak beharrezkoak ez izatea. Eta noski, ijitofobia bukatzea.