Onintza Enbeitia: “Finalean norbaitek eustea behar nuen, oso haustuta sentitu nintzen”
Bizkaiko Bertsolari Txapelketa irabazi duen lehen emakumea da Onintza Enbeitia. Oraindik “ospakizunen eta poz zurrunbiloan sartuta” dago muxikarra, baina TTAP aldizkariarekin egoteko tartea hartu du. Leire Palaciosek elkarrizketatu du, Azkue Fundazioaren egoitzan, eta, bertsolaritzaz gain, beste hainbat gai ere jorratu dituzte.
Zorionak, Onintza! Zelan sentitzen zara Bizkaiko Bertsolari Txapelketako irabazle bezala?
Oso pozik sentitzen naiz. Eta uste dut poza dela hitza. Oso pozik eta oso zoriontsu. Momentu batez munduko miseria guztiak desagertuko balira bezala, nahiz eta hor jarraitzen duten. Momentu batzuetan pozak hori guztia estaltzen du. Nire ibilbidea eta egindako lan horretan guztian sari bat jaso izan banu bezala sentitzen naiz. Badakit, eta azkeneko agurrean esan nuen, beti sentitu izan naizela oso bertsolari maitatua hemen, Bizkaian, eta oso kuttuna. Beraz, onartu behar diot neure buruari hori dela saririk onena. Baina aginte makila ere badut orain. Hori ez dit inork kenduko, eta horrek poz handia ematen dit.
Aginte makila eta txapela…
Eta txapela, bai. Badakit bertsolariaren saririk potoloena txapela dela, eta Euskal Herrian txapelak gauza asko esan nahi dituela. Baina, niretzat, nire barruan orain izan da momentua “toma, toma, toma” esan ahal izan dudana, eta hori makila hartu nuenean izan zen. Sinbolikoki iruditzen zaidalako boterea makila horretan dagoela, aginte makila da, eta, azkenean, Bizkaian ere emakumeon eskuan dago makila hau. Guk daukagu hegemoniaren sinboloa, eta honek zerbait esan nahi du. Beraz, horrek asko bete nau, eta, pasatu diren egunetan, ohetik jaikitzen naiz, oraindik ez ditut makila eta txapela gorde, eta ikusten ditut sukaldeko mahaian, eta nireak direla pentsatzen dut. Makilari begira gelditzen naiz eta aginte makila hori nire esku dagoela pentsatzen dut.
Berria-ko zutabean idatzi zenuen hainbesterainoko poza ematen dizula, agian, birritan jaio beharko zinateke eskerrak emateko.
Dudarik gabe. Ez bakarrik sentimenduak elkarbanatzearren. Alde batetik, badaude eskertu beharreko hainbat pertsona. Dudarik gabe, nire aurretik ere bertsotan ibili diren emakume horiek, bidea egin zuten emakume horiek, isilarazi zituzten emakume horiek, eta eskerrak ematen dizkiet ere gure atzetik datozen belaunaldietako emakumeei, diskurtso oso potentearekin datozelako, ideiak argi dituztelako eta horrek guri jarraitzeko beste motibazio bat ematen digulako. Baina gero, jende asko dago inguruan, maite zaituen jendea, zure inguruko jendea, telefonoa bete egin da, kaletik gelditzen zaituzte… Eta pentsatzen dut: maitasun hau guztia itzultzeko bi urte oso gutxi da. Bi aldiz jaio beharko nuke. Eta, hala ere, denbora faltako litzaidake jendea ematen ari zaidan hori guztia, edo urteetan eman didaten hori guztia itzultzeko.
Hizketan entzuten zaitugunean, oso gertutik sentitzen dugu bai maitasuna eta baita emozioa. Eta bi horiek izan dira, behintzat, txapelketan zehar hedabideek gailendu dituztenak. Orain arte bertsolaritzan entzun ez ditugun gauzak edo horren gertu izan ez ditugun gauzak.
Bazen garaia, ezta? Zenbat aldiz pentsatu dudan. Zortzi pertsona gatoz agertokira. Ez dut nahi ordu horretan inork ikusterik, baina bertsozaleek egon beharko lukete zozketa egiten dugunetik final bat hasten denerako tarte horretan, ikusteko zer tentsio dagoen hor. Eta ze momentu eta ze presio bizi dugun. Erraz esaten da gaizki egiten duguna, baina gu sortzen ari gara. Eta sortzen oso modu prekarioan. Nik ezin dut nire etxean ordenagailuaren aurrean kontzentraturik nagoela bertsotan egin, ez lukeelako zentzurik izango. Bizkaiko finalean, 4.000 pertsona baino gehiagoren aurrean, beraiek tabernara edo komunera joateko altxatzen diren bitartean, eta lo egiten dute… Barullo horretan guztian nik kontzentratu behar dut zentzuzko zerbait egiteko, puntuz puntu bertso bat josi behar dut eta, gainera, errimatu egin behar dut. Orduan, batzuetan, erraz hitz egiten da, eta, gainera, bertsolariok, askotan, bakoitza bere harresiaren barruan joan gara agertokira. Uste dut badela garaia harresi horrek apurtzeko eta esateko: ni ez nago lasai, baina hemen ez dago inor lasai eta ez da ezer gertatzen. Ahal dugun eta hoberen kudeatu behar dugu, besarkatu dezagun elkar, egin dezagun negar edo barre elkarrekin. Lasaitasunez bizi behar ditugu sentimendu eta emozio horiek eta lasaitasunez babestu behar ditugu gu baino gazteagoak direnak, lehenengo aldiz finalera datozenak, final horretan egun txar bat dutenak… Nik badakit Etxaunek poto egin izan ez balu, hemen, agian, bera egongo litzatekeela. Niri, pena handia eman zidan Etxaunek poto egiteak. Badakit zer den sari bat eskuetan duzunean ikustea akats bat egin duzula, eta ez dut nahi estimatzen dudan pertsona bat egoera horretan ikustea.
Gainera, berak esan zizun buruz burukora joan aurretik bazindoazela. Eta, agian, zure harresi horrek ez zizun uzten momentuan sinesten edo ez zenuen nahi?
Gure harresi, gure segurtasunik eza, eta gure umiltasun patriarkal hori. Ondoan zegoen Etxaun eta behin eta berriro esaten zidan erlaxatzeko, buruz burukora joango nintzela. Baina atzera joan ginenean, Maite Berriozabali esaten nion besarkatzeko, egun hartan norbaitek eusteko beharra nuen, oso hustuta sentitzen nintzelako saioarekin. Eurek, gero, arrazoia izan zuten, eta, batzuetan, norbere hitza jatea gauza ederra da.
Makila hartu duen lehen emakumezkoa zara, baina Uxue Alberdik genealogiaren aurkezpena egin zuenean, aipatu zuen gaur egun oholtzan bertsolarien %20 zaretela emakumezkoak. Eta, hain justu, Txapelketa Nagusia emakume batek irabazi zuen, eta orain, Bizkaikoa zuk. Agian, kantitateak baino gehiago, lehen lerroan zaudetela azpimarratu beharko litzateke?
Agian, faktore oso ezberdinak nahasten dira. Lehen final parekidea, eta, oraingoz, uste dut azkena, Bizkaiko azkeneko laurak izan dira. Bizkaikoa izan zen lehenengo aldiz lau gizon eta lau emakume egon ginela. Eta azkeneko lau finaletan mantendu egin da. Besteetan ez da horrelakorik gertatu. Faktore akso daude. Bat: 14-15 urterekin, nerabezaroan, plazarako saltoa eman behar denean, emakume askok atzera egiten dute, ez direlako bertsolari sentitzen, ez diotelako euren buruari akatsak egitea barkatzen… Hori guztia da, dudarik gabe, emakumeok dugun presio sozialagatik. Bertso eskoletan emakumeak hasten gara, baina gero, plazan gelditzen garenak gutxi gara. Eta, hala ere, ari gara esaten bertsolaritzak asko egin duela aurrera. Eta %20 ez da ezer, ia-ia argazki baten ez ikusteko beste. Euskal Herrian onena Maialen Lujanbio da, eta berea da txapela, Bizkaikoa nik irabazi dut orain, Arabakoa behin baino gehiagotan irabazi du Oihane Pereak, Iparraldean Maialen Arzallusek buruz burukoa jokatu zuen… Hor gaude, punta-puntan. Presioagatik eta geure buruari exijitu diogun guztiagatik izan daiteke. Atzera begira nagoenean, 16-17 urterekin plazan hasi eta hogei eta piku urterekin oraindik ez nuen esaten bertsolaria nintzenik. Hori da besteak askoz ere hobeak ikusten dituzulako. Baina nire inguruko gizonengan ez dut inoiz zalantza hori ikusi. Ondo dago, beraz, onartzea gutxi garen arren onak garela. Baina ezin dugu erlaxatu.
“Leku guztietan Onintza izaten saiatzen naiz, baina horrek prezio garestia du”
Gauzak aldatzen ari dira, ez bakarrik besarkadei dagokienez, edota emozioei dagokienez. Gaietan ere bai. Planteatzen direnak eta nora eraman ahal dituzuen zuok ere.
Gaien aldetik esan behar dut oso harro nagoela Bizkaiko Bertsolari Txapelketako gai-jartzaile taldearekin, uste dudalako azken bi edo hiru txapelketetan ausardiaz planteatu dituztela gai asko. Euskal Herrikoan ere planteatu ez direnak. Bizkaian ikusi dut azken urteetan gauzak lasai planteatu direla. Zuen alabak esan dizue semea dela, bizkartzainarena. Edo duela urte batzuk egokitu zen: Gizon bat zara, gauez emakume baten atzetik zoaz eta konturatu zara gero eta azkarrago doala… Nahiko erraz eta natural planteatzen dira gauza asko. Gero, guk asmatzen dugu horiekin bidea egiten ala ez. Egia da gero eta errazagoa dela bertsotan zenbait gairi buruz kantatzea. Nire kasuan, adibidez, gustatzen zait emozioez eta egunero sentitzen ditugun gauza horietaz kantatzea. Bizitza garapen prozesu bat da eta akumulatiboa da. Zure ibilbide osoa zurekin doa, eta ni garatu naiz, zorionez, uste dut bizitzan garatu behar dugula gauzak egiteko modua eta hobetu eta gero eta gureago egin behar dugu. Batez ere, emakumeon kasuan, plazara irten ginenean, zegoena imitatzen genuen eta orain gai gara esateko hemen oso gustura gaudela, gure inguruan dauden gizon bertsolariak maite ditugula, asko miresten ditugu, baina guk esan nahi duguna hau da, eta hau da guk esateko dugun modua. Gizon batzuek lortu zuten hori. Duela urte batzuk, iraultza bat izan zen bertsolaritzan, jende gaztea sartu zen, beraien ahots propioa izatea lortu zuten, eta orain, emakumeok ere ari gara ahots propioarekin kantuan. Hori pozik egoteko motiboa da.
Paradigma horretan guztian, nola heldu zinen zu txapelketara?
Pertsonalki, oso urduri. Betiko moduan, sentsazioa nuen ez nuela denbora nahikorik txapelketari behar den adina denbora eskaintzeko. Baina gero, onartzen dut nire bizitzan momentu on batean nagoela. Neure buruarengan sinesten dut, eta gauza asko pentsatu ditut azken urteetan. Eta pentsatu eta irakurri izan ditudan gauza horiei guztiei forma emateko gai sentitzen naiz.
Ospatzeko modu ezberdina izan zenuen aurtengoan, eta Bilbon geratu beharrean etxera joan zinen.
Bai. Final guztietan gelditu izan naiz Bilbon eta aurten ere asmo horrekin etorri nintzen Bilbora. Baina gero, Miribillatik irten nintzenean, txapela eskuan nuela, aitarekin egon behar nuela pentsatu nuen. Neure buruan, aitarekin egoteko behar hori nuen. Zurrunbilo horretan, nire bizitzako gizonik garrantzitsuenaren besarkada falta zitzaidan. Eta ez dut esateko lotsarik, horren bila joan nintzen Muxikara. Aitarekin egon nintzen eta gero, Gernikara joan nintzen lagunekin. Gernikan luzatu zen gaua…
Osabak eman zizun txapela eta aitarengana joan zinen. Aitari kantatu zenion. Familiako zirkulua…
Osaba txapelarekin etortzen ikusi nuenean, zuri-beltzezko argazki pila bat etorri zitzaizkidan burura. Nor naizen, nondik natorren… Nerabezaroan nik ere hil nuen aita, eta aita hiltzeko Enbeita izateari utzi ez, baina ez nuen enbeitatar bat gehiago izan nahi. Nik Onintza izan nahi nuen, ahots partikular bat. Baina, aldi berean, badakit nondik natorren, eta harro nago natorren lekutik etortzeaz. Beraz, aitarekin egon nintzen, gaixorik dagoelako ezin izan zelako etorri. Ni banaiz kate baten zati bat, eta familia ezin dela aukeratu esaten da, tokatu egiten dela. Batzuek, agian, ez dute zorterik izango baina ni oso zorteko sentitzen naiz.
Eta zelan bizi duzu orain bizi izaten ari zaren zurrunbiloa?
Ba, ahal dudan moduan. Momentu batean esan izan dut begiak itxita zurrunbiloak eraman nazala. Baina errealitatea beti da putada bat. Errealitatean, lan egin behar duzu, eta gauzak egin behar dituzu, egunero artikulu bat entregatu behar duzu, programa bat grabatu behar duzu, zure lagunek zurekin egon nahi dute… Egunak 24 ordu ditu eta zaila da hau guztia kudeatzea umorea galdu gabe eta poza galdu gabe. Ari naiz, baina kostata. Azkenean, zurrunbiloak eramatea ondo dago, baina jendearekin ere egon nahi duzu eta horrek eskatzen du tarteka zurrunbilotik burua jasotzea eta zuk erabakitzea nora joan nahi duzun egun horretan edo nora eraman nahi duzun zurrunbilo hori.
Zurrunbilo horretan, jai batera eraman zintuzten Gernikan, eta pankarta baten Como una ola jartzen zuen.
Ez dakit zelan azaldu inor mindu gabe eta inori bere lana gutxietsi gabe. Baina urte batzuk dira ari naizela eskatzen nahikoa dela dagoeneko Como una ola-koarekin. Behin galdetu zidaten eta onartu nuen Rocio Jurado gustatzen zitzaidala, eta ez dut uste delitu ezta meritu handia denik. Nik ez dakit Etxaun Lekueri Coldplay edo Bruce Springsteen gustatzen zaion edo ez. Baina inork ez du horren inguruan pentsatzen. Badakit gu Espainiak eta Frantziak zapaldu gaituztela, konkistatu gintuztela, euren kultura inposatzen saiatu direla, euren hizkuntza inposatu digutela… Badakit hori, eta, hala ere, emakume hori izugarri gustatzen zait. Alde batetik, badirudi hori bekatu handi bat dela, nire inkoherentzia handiena, eta, bestalde, badirudi gu bertsolariok garela txapela belarrietaraino sartuta kobazuloan bizi garen pertsonak, ez dakigula munduan zer egosten den. Orduan, bati Rocio jurado gustatzen bazaio, modernotasuna heldu dela dirudi… Barkatu, Rocio Jurado gaur egun da Estitxu edo Lurdes Iriondo bezain modernoa. Beraz, izan gaitezen serioak eta ez dezagun sentsazionalismorik egin beste misteriorik ez dauka gai batekin.
Musika zaletasunak ere eraman zaitu Gure doinuak saioa aurkeztera eta telebistara. Nola bizi duzu aurkezle izate hori?
Oso pozik nago, kristoren taldea dudalako. Gure doinuak-eko taldea zoragarria da, ni aguantatzeko gai dena zurrunbilo honen erdian, eta lasaitasunez lan egiteko talde oso eroso bat. Gero, programa oso gustura ari naiz, grabatzen elkarrizketatzen ditugun jendearen bizitzak eta istorioak nirearen oso antzekoak direlako. Norbaitek kantatzen dizunean Aranoko baserri baten Lehenengotxu hori, amak eta hiru alabek, esaten duzu, kanta hori etxean abesten ziguten. Edo beste batek esaten dizunean bere ametsa kantaria izatea izan dela, baina bizitzako gorabeherengatik ez duela egin. Pertsona horrekin enpatizatzen duzu, denok izan ditugulako alboratu behar izan ditugun ametsak. Orduan, eroso eta pozik sentitzen naiz, eta jende interesgarria aurkitzen ari gara bazterretan.
Alderdi gehiago jorratu izan dituzu eta ibilbide honetan jende oso interesgarria topatzeko aukera izan duzu, ezta? Politikan, zutabegintzan, Gernikako azokan eta baratzean sartuta… Non zaude erosoen? Non da Onintza, Onintza?
Batzuetan, leku guztietan eta beste batzuetan, inon ere ez. Nik esaten dut telebistako erronkari heldu niola, zutabeari berriro heldu diot eta bertsotan jarraitzen dut. Eta uste dut bertsolaritza dela, oraingoz, gehien iraungo didana. Helduko da momentu bat, badakit, ezkutatu egingo naizena. Ez dakit zein izango den momentu hori, baina oso argi daukat helduko dela momentu bat nire lana izango dela letxugak landatu, indabak erein eta Gernikako azokara joatea. Momentu zoriontsu bat bezala bisualizatzen dut. Hala ere, oraingoz, publikoki gauzak esateko edo egiteko ditudala uste dut. Eta saiatzen naiz ni izaten leku guztietan. Baina horrek ere prezio oso garestia du. Niretzat, oso zaila da emozioz hitz egitean hirugarren pertsonan hitz egitea. Baina emozioei buruz idazten badut, nire emozioak onerako eta txarrerako exajeratu ditzaket. Iruditzen zaidalako ez direla nireak bakarrik. Jendeak irakurtzen du, eta esaten du Onintza gaixoa, zenbat sufritu duen. Hori bakarrik izatea interpretazioa… horrek pena ematen dit. Harago doan zerbait dela iruditzen zait. Norbaitek egiten badu tesi handi bat munduko politikaren inguruan edo emakumeek euskal gatazkan izan duten rolaren inguruan, badirudi guztia estatistikoki eta datuetan oinarrituta egin behar dugula. Niri interesatzen zait jakitea, adibidez, euskal gatazkan zenbat emakume egon garen, baina baita ere zer sentitu dugun momentu bakoitzean.
Eskerrik asko Onintza.
Zuei.