Ondare taldearen disko berria

Lehenengo lana argitaratu du Arrasateko Ondare taldeak; rock oldarkorrean oinarritutako lana. Aurrerantzean, kontzertuak jotzen ibiliko dira Euskal Herriko gaztetxeetan eta aretoetan.
Iaz sortu zenuten taldea; nortzuk zarete Ondareko kideak?
Ondare taldea lau lagunek osatzen dugu: Iker German da gitarra-jotzailea eta koruak egiten dituena, David Prandoni bateria-jotzailea da, Enrique Delgado baxu-jotzailea eta koruak egiteaz arduratzen dena eta Adrian Izkue gitarra-jotzailea eta taldeko ahots nagusia.
Zer musika estilo jorratzen duzue?
Ez zaigu gustatzen musika estilo bakar batekin ezkontzea. Rock oldarkorra egitea gustatzen zaigu, ukitu ilunarekin eta hainbat motatako soinuarekin, arau harmoniko tradizionalak hautsiz.
Hainbat kontzertu jo eta gero, zuen lehen lana argitaratu duzue; nolakoa izan da prozesua?
Prozesua oso esperientzia atsegina izan da. Proiektu honetan hainbat urtez lan egitea eragin du, eta gutako batzuentzat lehen esperientzia izan da estudio profesional batean. Zirraragarria izan da. Garate estudioetan grabatu dugu, Kaki Arkarazoken eskutik, eta, egia esan, pozik gaude emaitzarekin. Gainera, oso eskertuta gaude gurekin egindako lanagatik eta guregan izandako arduragatik.
Aurrerantzean kontzertuak jotzea da asmoa? Non egongo da zuek ikusteko aukera?
Jakina; orain ari gara kontzertuak lotzen, gure disko berria aurkezteko. Euskal Herriko edozein gaztetxetan edo kontzertu-aretotan aurki gaitzakezue, eta, beraz, adi egon gure sare sozialetan argitaratzen ditugun kartelei.