Olibondoa norena da
Sergio Pucholi hogeita lau mila euro eskaini zizkioten bi olibondoren truke. Etxegintzaren urrezko aroa zen, 2006an, eta ehunka urteko olibondo monumental, bihurri, dotoreak kamioikadaka ateratzen zituzten La Senia eskualdetik –Castello, Tarragona eta Teruel artean–, Europako txalet, hotel, urbanizazio eta biribilguneak apaintzeko. Pucholek ez zuen eskaintza onartu. Jabetzaren kontzeptua zartatu egiten baita hemen: norena da bi mila urte dituen olibondo bat? Arbasoek erromatarren garaitik zaindu zituzten zuhaitz hauek, dio Pucholek, fruitua ematen jarrai zezaten eta ondorengoen probetxurako izan zitezen: olibondoak erauzi eta saltzea aurreko belaunaldien lana ustiatu eta etorkizunekoei ukatzea da. Gureganaino mendeak zeharkatu dituen nekazaritza komunitate bati traizioa egitea.
Eskaintza jaso eta gutxira, sute batek bi olibondo horiek eta inguruko beste batzuk erre zituen. Zutik diraute biek, kiskalita, oso poliki jaiotzen zaizkien adaxka berdeekin etorkizuna berriz marrazten, baina suaz geroztik Pucholen aitak, 88 urterekin, ez ditu zuhaitzak berriz ikusi nahi izan. Mina handiegia zaio eta badaki ez duela denbora nahikorik adaxkak enbor bihurtzen ikusteko.