Olatz Salvador: “Ausart-beldurti horietakoa naiz”

Musikari berrien artean nabarmentzen ari den kantarietakoa da Olatz Salvador donostiarra. Zintzilik diskoa Euskal Herrian barrena aurkeztu ondoren, igande honetan bira amaierako emanaldietako bat eskainiko du. Sorterrian, Victoria Eugenia antzoki ederrean.

Olatz Salvador, eskerrik asko TTAPera hurbiltzeagatik. Donostian gaude, Keller gunean, zer ikusten duzu leihotik begira jarrita?

Eraikin berezia, Victoria Eugenia izenekoa. Antzoki bat dago, eta laster bertan izango naiz.

Eguna iritsi ahala urduritzen hasita zaude, ala ausart horietakoa zara?

Ausarta naizela iruditzen zait, taula gainean arituko naizelako. Baina, era berean, beldurra badut, erronka handiak iritsi ahala nabaritzen ditudanak. Baina, hala eta guztiz, horrelakoak egiten jarraitzen dut; beraz, ausart-beldurti horietakoa naizela uste dut.

Bira amaieran zaude. Bukaera, beste zerbaiten hasiera izan daitekeena…

Izan daiteke. Birako azkena ez da izango, baina Donostian –nire etxean– emango dudan azkena izango da. Sinbolikoki garrantzitsua izango da. Jende asko izango da nirekin eta, zuk esan bezala, amaiera eta, agian, hasiera bat da.

Zerbait aurreratzeko moduan zaude? Olatz Salvador bezala jarraituko duzu?

Egia esan, ez dut zerbait zehatza esan nahi, ez baitakit etorkizuna nola planteatuko dudan. Skakeitan taldearekin lan berria aurkeztuko dugu laster. Hori zerbaiten hasiera izango da. Nire proiektuari lotuta, jarraituko dudala esan dezaket, baina askoz gehiago ezin dut aurreratu.

Ibilian-ibilian, azken urteotako emanaldien argazkiekin postalak egingo bazenitu, zeintzuk nabarmenduko zenituzke? Burura datozkit Madrilen eman zenuten kontzertua, Gure ahotsak emanaldia Izaro, Elena Setien, Olatz Salvador eta Sara Mansilla kantariekin… Urteotako zein postal nabarmenduko zenituzke?

Zuk esan dituzunak marko batean gordetzeko modukoak dira. Egia esan, espero ez nituen gauza asko gertatu zaizkit. Aipatu dituzunaz gain, Durangoko Plateruena aretoa beteta topatu genuenekoa, BBK Live jaialdian jende pila baten aldetik jaso genuen feedback positiboa… Egon garen herri eta areto guztietatik oroitzapen ugari gordetzen ditut. Postal guztiekin album osoa egin dezaket.

Ez da zure musika proposamen bakarra; izan ere, Skakeitan taldeko kide zara. Berriki, aurrerapen kantua argitaratu duzue: Ezpainetan odola. Nola galdu denbora disko berriaren aurrerapena da. Pop-rock kutsuko kantu indartsua da. Aprobetxa ezazu diskoaren berri emateko. Pentsatzen dut Durangoko Azokan salgai izango dela.

Hitzak neurtu beharko ditut, hilabete amaieran aterako baita disko berria. Prestaketa guztiekin gabiltza orain. Durangoko Azokan salgai izango da, eta Ahotsenean ere zuzenean izango gara. Datorren urtean hasita, kontzertu birarekin hastea espero dugu.

Zure pasarte bat irakurriko dut: “Zortea badugu, kontzertuetarako deituko digute. Kasurik onenean, zerbait ordainduko digute. Hori faktura bitartez ala eskudirutan egin daiteke. Faktura bitartez egiteko, izaera juridikoa behar dugu, hau sortzeak dakarren burokrazia, denbora eta higadurarekin”. Abuztuan idatzi zenuen txio sorta baten zatitxo bat da. Hauxe da Euskal Herriko taldeen %95i gertatzen zaiena. Oraindik ere, jomugan jartzen ditugu musika taldeen ordainsariak. Zure hari horrek zeresan handia eman zuen…

Kasurik onenean ezjakintasunez ari zirela espero dut, zeren eta haria idatzi eta gero baziren musikarien ordainsaria altuegia zela esaten jarraitzen zutenak. Horrek niri itxaropena pixka bat itzali zidan. Ipini nuen informazioak baliagarria izan nahi zuelako, denek ulertu ahal izateko. Ez nuen nik era suntsitzaile batean idatzi, nahiz eta hori ere leporatu didaten.

05:59-07:04 BORRA

Badirudi, nahiz eta informazio hori guztia jarrita ere, badagoela diru hori merezi ez duten edo dugula uste duenik. Eta niri horrek pena handia ematen dit, pentsatzeko era horrek euskal kulturari arnasbiderik uzten ez diolako.

Oso hezitzailea izan zen zure txio haria. Nire hausnarketa da, ordea, zergatik jarri behar den artista beti jomugan?

Ez daukat oso argi zergatik den. Badaude inertzia batzuk artistari loturikoak, prekarietatera bultzatu dutenak. Zaila egiten da hortik irtetea. Musika industria ezagututa, pastelaren zati bakoitza nola banatzen den ikusi dut eta tarta zati handirik ez zaigu geratzen. Egiten duguna asko maite dugu, eta pasioz egiten dugun lana prekarietatera kondenatuta geratzeko aprobetxatzen direla uste dut.

Olatz Salvadorren izenean aritzea zure izenaren baitan aritzea da. Karga berezia sentitzen duzu horregatik?

Bai. Guztiz. Eta, egia esan, hau guztia ikusita ezizen bat jartzea egokiagoa izango zela uste dut. Baina berandu nabil. Proiektua nire izen eta abizenarekin aurkezten da, eta irudia eta ardura nire gain daude. Egia esan, zama sinboliko indartsua da. Saiatu naiz nire irudia asko ez agertzen, baina aurpegia ematea tokatzen zait. Ohitzen ari naiz, horrekin bizitzen ikasten ari

naiz.

Era berean, Skakeitan taldekoa oso bestelakoa da. Zama pertsonal gutxiagorekin. Funtzionamenduan ere oso ezberdinak al dira bi proposamenak?

Bai. Guztiz ezberdina da. Skakeitan taldean kide asko gara, eta ardura maila askoz txikiagoa da. Azken urteotan taldearen ardura handiena hiru pertsonarengan dago. Konposaketa eta taldearen norabidea euren esku dago, eta gainerakoak itsasontzi berean goaz. Nire proiektua guztiz kontrakoa da.

Korapilatzen zure diskoko kantua bakarlari baten kantua izan daiteke. Baina Lokarriak edota Fort.da talde baten moduko kantuak dira. Bakarlari etiketa horrekin eroso sentitzen zara?

Bakarlari izenak aldaera bat izan dezake, estilo aldetik. Lasaiagoak, eta instrumentazio aldetik hutsagoak. Folk musikara ere lotu izan da bakarlariaren izaera, edo protesta kantura. Nire kasuan, ez zait iruditzen kanon horietan sartzen naizenik, baina etiketa horrekin aurkezteak ez nau deseroso sentiarazten.

Diskoko kantu ezberdinena Kulunka izenekoa da. Familian konposatu duzuena; berezia izan da esperientzia hori?

Oso berezia. Hasteko, familiako kideei eskatzea ere ez nintzelako ausartzen. Esparru informalean aritu izan gara elkarrekin, bazkari edo afari batean abesten. Edo aitarekin etxean, musika eginez. Baina era ofizialean aritzea polita izan da, kantu horrek karga emozional handia duelako.

“Nire buruari abesten diot, eta besteei ere gehienetan”

Egin behar zenuela sentitu zenuen, ala etxean denen artean atera zen ideia bat izan zen?

Nire ekimenez izan zen, beldur askorekin aitari eta osabari proposatu nien eta, nire harridurarako, ideia ilusio handiz hartu zuten. Inplikazio handia erakutsi zidaten, eta erraztasun asko jarri zizkidaten. Zuzenekora eraman genuen, gainera, aurkezpen kontzertuan. Baliteke berriro zuzenean elkarrekin aritzea.

Igandeko emanaldiaren aurrerapen modukoa egiten ari zara, beraz.

Halaxe da.

Zuk ere musikaren bitartez Euskal Herria ezagutu duzu?

Bai. Izan naizen leku asko ezezagunak ziren, eta ezezagunak zaizkidan tokietara joaten jarraitzen dut. Oso polita da. Lekuaren arabera oso jende ezberdina ezagutzen duzu. Pertsona berezi eta zoragarri piloa ezagutzen duzu, eta sarea horrela osatuz doa. Emanaldi batek, maiz, beste emanaldi batera eraman zaitzake…

Errepidean ematen diren orduak, batzuetan, ez dira errazak, baina gustukoa dugu.

Etxera bidean egiten diren bidaia horiek…

Batez ere, horiek.

Skakeitan taldearekin goizeko ordu txikietan ibiliko zarete, maiz.

Hori da, eta, jakingo duzun bezala, gauean joko duzun azken taldea bazara, soinu proba egiten lehenengoa izango zara. Egun horiek oso luzeak egiten dira. Nekea pilatzen denean, ez da erraza izaten.

Ospakizun edota toki bereziren bat aipatuko al zenidake?

Toki asko dira. Bururatzen zaidan lehenengoa, nire proiektuarekin eman genuen emanaldi bereziena, Zigoitian izan zen, Mairuelegorretako jaialdian jo genuenekoa. Esperientzia hori ez dugu inoiz ahaztuko. Dirudienez, urtero egiten den zerbait da. Tradizio handiko festa. Mendian barrena, 4×4 ibilgailu batean traste guztiak sartu eta ondoren bertaratu ziren guztien artean traste guztiak kargatu zituzten. Kobazulo batean jo genuen, toki magiko batean. Bertan egin zuten errituala bizitzan behin egiteko zerbait dela iruditu zitzaidan.

Lana, bi musika talde… bizimodua antolatzea kosta egiten al zaizu?

Ez da erraza. Bizi naiz gauza gehiegitan sartuta nabilela pentsatzen, baina ezin asmatu. Azkenean, diru sarrera eta egonkortasun bat izateko gure lan artistikoa beste lan batekin uztartu behar dugu. Lan artistikoa ez dut utzi nahi, eta hortxe nabil ordulariarekin borrokan egunero. Askotan, lo egiteko zailtasunekin, baina ez dut oraindik formula egokiena topatu.

Eta lanean eta kontzertuetan ez zaudenean, zeintzuk dira aitortu ditzakezun zaletasunak?

Faltan igartzen dut lagunekin terraza batean eseri eta garagardo bat hartzea. Gogoko dut argazkiak ateratzea, bidaiatzea… aparteko zaletasunik ez dut. Ezer ez egiteko bada ere, denbora edukitzea asko eskertzen dut.

Agenda libre izatea.

Hori da. Esaten dute sormenerako oso garrantzitsua dela aspertzeko denbora izatea.

Zure lanbidea kultur artekotasunari eta ezberdinen arteko hartu-emanak sakontzeari bideratuta dago. Inpresioa dut kultur artekotasunaz hitz egin bai, baina praktikara eramatea kosta egiten zaigula. Analisi horrekin bat al zatoz?

Guztiz bat nator. Gainera, uste dut gai honek esparru guztietan mahai gainean egon behar duela. Lantzeko bideak sortu behar ditugu, kultur aniztasuna errealitate bat delako. Gure herrian, geroz eta gehiago. Euskarara gerturatzea edo elkarbizitza erreala izatea lortu nahi badugu, bideak topatu behar ditugu.

Aurreiritziak, ausardia falta… zer da gainditu beharko genukeena?

Denetik pixka bat. Bizi garen gizartean denbora gabe bizi garen sentsazioa izaten dugu, eta egitasmo hauetan murgiltzeak esfortzu bat eskatzen du. Denbora eskaini behar zaio. Ez da horregatik erraza egunerokoan txertatzea. Gaiarekin kontzientzia hartze hutsa aurrerapausoa iruditzen zait, eta behin hori lortuta gure esku dago bide hori erraztea.

Beste behin ere, haurrak eta gaztetxoak helduen aurretik doaz?

Bai, noski. Haurrak ez daude aurreiritziei eta azalaren koloreari hain baldintzatuta. Ikuspegi horretatik, dena ikasteko dugu. Haurrak elkarbizitza egunero aurrera eramaten duten pertsonak dira. Eurengandik ikasi beharko genuke.

Akaso, disko tematiko baterako gaia izan daiteke?

Polita izango litzateke, baina buruan ditudan ideiak beste ildo batetik doaz. Kultur aniztasunari loturiko gai batekin ideiaren bat badut, baina disko tematiko hori egiteko gehiago itxaron beharko dugu.

Nori abesten diozu? Zuri lehenbizi? Besteei?

Ez da erraza. Nire buruari, beti. Eta besteei ere, gehienetan. Nigandik ateratzen diren gauzak dira, nire baitan daude. Besteei esanda ere, nire buruari esaten dizkiot. Erantzuna ez dut oso argi.

Beharbada, hasiera batean, hitzak errazago plazaratzen ditugu. Eta ibilbidean aurrera eginez, geure burua gehiago estutzen dugu. Zure oniritzia lortzea kosta egiten al zaizu? Buruari buelta asko ematen al dizkiozu?

Zuk esandakoaren ildotik, geroz eta gehiago. Ez da erraza jende bat zure bigarren lanaren zain dagoela sentitzea. Presio horrek sormen prozesu guztia zailtzen dizu. Blokeo egoera bat bizi izan nuen hainbat hilabetez, eta benetan niretzat kantatzen jarraitu behar nuela sinetsi arte kosta egin zitzaidan gauza berriak egiten hastea.

Esan dezagun, beraz, ideia batzuk gordeta badituzula.

Bai, ideia batzuk badaude.

Donostiako antzoki ederrenetako batean arituko zara. Kontzienteki aukeratu duzu Victoria Eugenia?

Ez dakit Victoria Eugenian izan behar zuen, edo ez. Antzoki Zaharra oso gogoko dut, baina Victoria Eugenia aukeratu izana bada apustu bat. Jende gehiago sartzen da, eta kristoren erronka izango da niretzat.