Olatz Mitxelena: “Tradizioa ez da Big Bangak ekarritako ezer”

Uztaren garaia heltzear da Euskal Herriko sagastietara. Era berean, sektorea eraldaketa bizian da eta, bide horretan, hiru probintzietako sagardogileen elkarteak lan handia egiten ari dira.

Ongietorri TTAPera, Olatz. Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteko koordinatzailea zara eta, terraza batean gaude, sagastiez eta sagarraz inguratuta. Ez da plan txarra udarako, ezta? Esan egiguzu, non gaude?

Mizpiradi sagardotegian gaude, sektore honetan gertatzen ari diren aldaketen erakusleihoetako batean. Batetik, ekoizpenean lanean ari den sagardotegi bat delako. Erreleboa eman den unetik ekoizpenera lotuta dagoelako, ez bakarrik ostalaritza jardueraren ikuspegitik. Eta, bestetik, aldaketak egin nahi dituelako bere produktuan eta baita bezeroek bere produktua gozatzeko instalazioetan ere.

Andoainen gaude, Leizotz auzoan. Ez da bertakoa bide berria urratzen ari den ekoizle bakarra.

Sektorea hasi da aldaketa bat ematen bere baitan eta hori edozein produkturen biziraupenerako ezinbestekoa da. Aldaketa hori, normalean, lehengaitik dator. Sagarrari dagokion ezagutza geroz eta handiagoa da eta geroz eta ilusio gehiago dago sagar mota bakoitzak zer ekar dezakeen ulertzeko. Nahiz eta sagardoa sagar mota desberdinen arteko nahasketaz ateratzen den produktua izan, zenbat eta gehiago ezagutu lehengaia, orduan eta dibertsifikatzeko aukera gehiago dago. Eta hortxe dago gakoa. Erreleboa ematerakoan, sektore honetan etorkizuna lantzeko garaian, lehengaiaren garrantzia berriro ere erdigunera ekarri dute sagardogileek.

Terraza batean eta udan, pentsa daiteke hau ere turismoari begirako kontua dela. Baina esango nuke saiakera handia egiten ari zaretela, oro har, bezeroaren pertzeptzioan eragiteko.

Sagardoak badu gauza on bat: edari herrikoia da. Beterri-Buruntzan bizi garenontzat behintzat, gure erraietan daramagun edaria da. Hori ona da, gurea dela sentitzen dugulako. Sektoreak aldaketa eman nahi duenean ezin gara despistatu, gure kontsumoa batez ere bertakoa denean. Orduan, garrantzitsua da bertako bezeroari azaltzea non gauden eta nora iritsi nahi dugun, bertako bezeroak ere kontsumitu dezan eta disfrutatu dezan. Sektore honetan eman diren aldaketak bere biziraupena ziurtatzeko izan dira eta hori erabat lotuta dago produktuak duen posizionamenduarekin.

Erronka ez da batere erraza. Sagardotegietan, oinarrian, baserria dago eta oso zaila da familia-negozioa binomio horrekin haustea.

Baserria mistoa izan da beti. Baserria ez da dedikatu urazak egitera bakarrik. Landuko zituen baratzea, ganadua, sagardoa… Hainbat gauza egin ditu beti baserritarrak, eta hori izan da haren arrakasta. Baserrian lanean ari den familian, batzuk etxetik kanpo egin dute lana, beste batzuk etxean gelditu dira. Hori ere gure errealitatearen parte da eta, gure ekosisteman, industrializazioak garrantzi berezia izan du. Errealitate horretan iraun dute sagardotegiek. Beraz, familia-negozioa izateak badu bere bentaja. Eta nahi badugu hala segitzea, landu behar dira hiru negozio-lerroak: sagarra, sagardoa eta sagardotegia. Hirurak errentagarri izan daitezen eta, aurrera begira, hirurak berme bat izan daitezen. Sektoreak baduelako ilusioa eta kontsumitzaileari gustatu egiten zaio produktua. Eta, egun gainera, kirolari edo zaintzari edo gorputzari egiten diogun kultuari begira, produktu honek enkaje berezia du: sagarretik eratorria delako eta, gainera, %6ko alkohol portzentaia daukalako. Orduan, produktu honek badu tokia, baina kontsumitzaileari ere horrela aurkeztu behar diegu.

Eraikin bera sagardotegia eta bizitokia da. Gerta daiteke erretiroa hartu nahia eta segidarik ez ematea. Aipatu dituzu gako batzuk eta negozio honetan belaunaldi berriek bokazioa behar dute negozioari jarraipena emateko.

Dudarik gabe. Eta ixteaz gain, salmenta bera ere zaila da horregatik, bertan bizi delako familia. Hori bada erronka bat lehen sektore osoak daukana eta erraztasun handirik ez dago hori ondo kudeatu ahal izateko. Badaude hainbat programa eta ikusi behar da nola funtzionatzen duten, azken urteetako gaia delako. Ikusten dut orain arteko belaunaldi batek eutsi diola, segi duela lanean eta ikusi behar da hurrengoak nola heltzen dion. Aurreko belaunaldiak hurrengoari beste bizitza bat saldu dio edo komunikatu dio: ez duela nahi berea bezalako bizitza bat, nahi duela beste beste askatasun bat edo beste modu batera bizitzeko aukera. Baserriak –eta baita sagardogintzak– bere loturak ditu, baina bere askatasunak ere baditu. Eta bizi eredua nolakoa nahi duzun, bada horren baitan datoz aukerak.

Sektorean akuilu lana egitea erabaki dugu

Mizpiradiren kasua edo Urnietako Altunaren kasuan, belaunaldi berriek eman diote segida sagardogintzaren industriari. Hori da bidea, ezta?

Dudarik gabe. Gure kasuan, Gipuzkoako sagardogileen elkartea izanda, oso errealitate ezberdinak daude zonaldearen arabera eta, batez ere, azken urteetako eboluzioaren arabera. Txotx garaiak tiroi bat eduki du Hernanin eta Astigarragan, batez ere, eta horren ondorioz betetzen dira ere inguruko sagardotegiak. Baina konturatuta daude aspalditik txotx garaiak halako indarrik eduki ez duen zonaldetan –adibidez, Goierrin–, beste ahalegin bat egin dutela produktuari begira, eta hor dago berez sektore honen arrakasta edo bidea: dibertsifikazio horretan eta produktuan zentratzea. Azken finean, sagardo sektorea delako. Ez delako erretegien sektorea: Berriro ere produktua erdigunera ekarri, sagarra erdigunera ekarri, eta beste ahalegin berezi bat egiten ari dira produktu diferenteak sortzeko.

Eta negutik eta kupeletik harago. Ildo horretan, aukerak zabaltzeko xede horretan, bisitaldi gidatuen eskaintza areagotzen ari da.

2017an hartu genuen erabaki bat izan zen elkarteak berak bere bazkideei zerbitzu hori ematea, modu antolatuan. Eta zergatik, elkarteak? Guretzat ezinbestekoa zelako lehen sektoretik aritutako proposamen bat izatea. Oinarrizko pausotxo batzuk eginda, gida bat osatu genuen hizkuntzen erronka gainditzeko. Momentu honetan esan dezakegu, adibidez, denboraldi honetan –eta ez da gure denboraldi altua– % 28 igo dela eskaera. Konturatu gara jendeak gustuz hartzen duen gai bat dela. Denbora gehiago eskaintzen diogu bertako bezeroari eta jendeak gustura hartzen du.

Produktuen dibertsifikazioa aipatzen duzu lehen. Tokikora etorriz, gauden tokian, sortu duten muztioa produktu ona da. Sagarretik aukera zabala dagoela erakutsi nahi duzue?

Dibertsifikazioak ematen dizu birposizionatzeko aukera bat eta bezero gehiagorengana iristeko aukera bat. Etxeko euskal sagardoa eduki dezakezu, zure sagarrekin eta inguruko baserrietako sagarrekin egindakoa. Eta materia prima bera duen muztio pasteurizatu bat, eta hortik aurrera mila aukera daude: sagar mota bakarrarekin egindakoa, kriantzakoa, aparduna, filtratua… abanikoa da hain zabala eta eta bezeroa gauza berriak probatzeko hain dago gogotsu! Eskatzen duena da pazientzia, denbora eta probak egitea.

Berrikuntzaz ari gara eta pentsa genezake berrikuntza aldaketa teknologikoetara bakarrik lotuta dagoela. Edateko moduan eta unean egin duzue apustu berritzailea. Nola neurtzen duzue aldaketa hori?

Elkartean bi aukera daude. Edo rolak eskatzen duenaren araberako jarraipena egitea, edo akuilu lana egitea. Bigarren aukera hori aukeratu genuen eta eraldaketak sustatu genituen. Ongi dagoenari eutsi eta, etorkizuna badu, mantenduko da. Beste alor batzuetan, aldiz, aldaketaren beharra antzematen da. Eta gu konturatzen hasita ginen, kontsumitzaile ohikoa zahartzen ari zela eta kontsumitzaile berriak ez ziola segitzen proportzio berean. Oro har, alkoholdun edarien kontsumoak orokorrean egin behar duen hausnarketa bat ere bada. Zer ikusi genuen? Aukera bat badago gure ohituretan, poteoan, beste kontsumo lasaiagoa sustatzea. Ezer asmatu baino, lehen egiten genuena berregokitu dugu. Zergatik? Produktu honek utzi egiten digulako egiten. Sagardo naturalaz aparte, hainbat produktu edukitzeak beste kontsumo batzuk sustatzeko aukera ematen dizu. Orduan, eraldaketa eta aukerak beti eman behar zaizkio produktuei. Ezin gara gelditu asmatutako tradizio batean. Tradizioa ez da Big bang-ak ekarritako ezer: pertsona batek, momentu batean, asmatutako zerbait da. Orduan, guk tradizio hori egokitu dezakegu momentuaren arabera, eta hori da kopak ematen digun aukera.

“Mundu digitalean kokatu behar gara guk nahi dugun tokian, ez munduak eraman nahi gaituenera”

Sagarraren eta sagardoaren sektorean, maiz aipatu duzue elkarlan estua izan dela Administrazio Publikoarekin. Baliabideak behar dira baina ez hori bakarrik, baita estrategia amankomun bat ere.

Euskal sagardoa ez zen sortu probintziaka. Sortu zen EAEn. Bizkaia, Araba eta Gipuzkoako sagar eta sagardogileen sektoreko kideek osatzen dute, egun. Erronka honetan gehitu zaigu Iparraldea txertatzeko eskaera eta, momentu honetan, Europar Batasunaren azken erantzunaren zain gaude, eta espero dugu aurrera egitea. Beraz, izango da lehen jatorri deitura mugaz gaindikoa. Hurrengo pausoa da Nafarroa. Nafarroak ere sartzeko eskaera egin du eta horretan ari gara.

Euskal Herriko edari bat da sagardoa, Euskal Herriko proiektu bat. Eta egia da, kasu honetan, administrazioaren babesa hasieratik izan dugula. Gipuzkoako Foru Aldundiak badu sagastiak jartzeko laguntza bat eta hori gabe ez ginen egoera honetan egongo. Administrazioaren aldetik apustua handia izan da eta emaitzak ikusten ari gara.

Aldaketa eta berrikuntza guztietara nola egokitzen ari da bezeroa? Neurgailurik baduzue?

Bezeroa oso ondo egokitzen da. Bezeroari egin behar diozuna da egia esan, eta esplikatu zergatik egiten duzun hori. Ez diozu inongo momentutan ezkutatu behar zein behar dituen sektoreak. Gero, bakoitzak erabakitzen du nola kontsumitu eta momentu bakoitzean ere kontsumoa desberdinak da. Txotxetik, akaso, edalontziaren kontzeptua hobea da batzuentzat eta beste batek kopa nahiago du.

Batzuk nahiago dute sagardotegi denboraldian hainbat kupela probatzera joan, beste batzuk nahiago dute botilaratutako sagardoa edan.

Orokorrean, errelebo orokor bat emateko puntuan gaude eta horrek ate asko irekitzen dizkigu kapaz baldin bagara etorkizuna proiektatzeko.

Lehenago aipatu dugu berrikuntza eta, zuenean, on line erreserba ondo egokitzen ari da.

Bai, egia esan, azken urteotan garatu dugun proiektua arrakastatsuenetako bat da bezeroak ondo erabili duelako eta bezeroari gustatzen zaiolako. Batetik dago erreserba motorra: aurrerapen bat ordainduz erreserbatzen da mahaia sagardotegian. Bestetik dago on line denda. Eta hori positiboa da bai bezeroarentzat, bai sagardotegiarentzat. Guk kudeatzen dugu eta ekoizleek erakusleiho bat irabazi dute, lan extrarik hartu gabe, hasiera batean oso konplexua zelako beraientzat. Eta bestetik, irteera-gidatuak. Eta hor ere ikusten dugu benetan jendeak gustuz hartzen duen aukera bat dela.

Mundu digitalean kokatu behar gara guk nahi dugun tokian, ez munduak eraman nahi gaituenera. Erraminta teknologikoak erabili behar ditugu gure mesedetan.

Zein aurreikuspen duzue aurtengo uztari dagokionez?

Sagar arbola bi urtez behinekoa da. Erronka oso handia dugu gure sagastietan eta hainbat lan lerro zabaldu ditugu sagarra behar dugulako bai landaketen, eta baita gure ekoizpenetan ere. Aurten, uzta oso ona espero dugu, nahiz eta azkeneko kazkabarra kasuek zonalde oso konkretu batzuk kolpatu dituzten. Orain bi urtekoaren adinekoa ez dakit izango den, baina hortxe-hortxe ibiliko gara. Uzta ona espero dugu.

Eta, garaia iristean, dastatuko dugu. Eskerrik asko!

Zuei. Plazer bat izan da.