Olatz Arrizabalaga Munduate: “Oraindik ere txapelketa batzuetan kupoa betetzeko gaude, mutilen itzaletan”

Kirol bat baino gehiago, Olatz Arrizabalaga Munduateren bizitza da pilota. Bost urterekin hasi zen Gautegiz-Arteagako frontoian lehen tantoak egiten. Nerabezaroan, baina, maite zuen kirola utzi egin behar izan zuen, garai hartan neskek ez zutelako pilotan jarraitzeko biderik.  Ezustean, 2017an, Emakumezkoen Master Cup lehiaketak pilotara itzultzeko aukera eman zion eta inoiz ez bezala gozatzen ari da ordutik. Esaten da ez dagoela bigarren aukera onik, baina Olatz salbuespena da. Bost txapel irabazi ditu, sasoi onean sentitzen da eta beste emakume pilotariekin batera lanean ari da, beraien atzetik datozen neskatilek frontoietan etorkizun oparoa izan dezaten.

Olatz Arrizabalaga, ongi etorri Ttap-era!

Eskerrik asko, bai!

Olatz, pilotaria zara, baina zer da pilota zuretzat?

Pilota nire izaeraren parte da. Azkenean, 5 urte ditudanetik pilota bizi izan dut orain 27 urte izan arte. Nire bizitzako parte bat da eta gauza desberdin asko eman dizkit.

Zuri buruzko albisteak bilatzen ibili naiz eta irakurri dut “txapelen maisua”, kameleoia… Nola definitzen duzu zuk zure burua pilotari moduan?

Esperientzia askoko pilotaria naiz, urte asko daramatzat pilotara jokatzen. Egokitu egin behar izan naiz bai pilota berrietara, bai jokatzeko modu desberdinetara. Eta, orduan, lan asko egiten dut atzetik eta esango nuke, pilotari oso langilea naizela.

Langilea. Beharrezkoa da ezta?

Bai. Ordu asko sartzen ditut frontoian, nire nebarekin, nire entrenatzailea baita. Azkenean, gustatzen zait orduak sartzea, entrenatzea. Beti dago zerbait hobetzeko eta hori da pilotak niri ematen didana. Beti hobetzeko zerbait egote horrek, motibazio gehigarria ematen dit.

Helbururik edo markatu duzu aurtengo urteari begira?

Ikasi nuen helburu finkorik ez jartzen. Ez dut txapel bat jarri nahi helburu moduan, ze azkenean gero frustrazioak etorri daitezke ez bada lortzen. Orduan, nire helburua urtero beti izaten da zerbait hobetzea. Ez da zertan kristoren hobekuntza izan behar, baina esan nire buruari: “Pasa den urteko Olatz baino apur bat hobea zara”. Eta hori da nire helburua aurten. Nik uste dut urte ona nabilela izaten, eskuetatik ere ondo nabil eta joko aldetik ere bai. Orduan, nik uste betetzen nabilela eta ea urte amaiera zelan irteten den!

Eta gozatu ezta? Hori, ezinbestekoa!

Bai, nik uste, batez ere azken urteotan, pila bat nabilela disfrutatzen pilotaz. Lehen, gazteagoa nintzenean, beti irabazteko gogo hori edo txapela irabazteko gogo hori edukitzen nuen, baina azkenengo urteetan hori alde batera utzi dut apur bat eta disfrutatzen nabil. Horrela ere etortzen dira emaitzak, baina batez ere, asko-asko nabil gozatzen pilotaz.

Gehiago ematen du pilotaz gozatzeak txapel bat irabazteak baino?

Bai, erabat. Txapela, bai, irabazi duzu, momentu horrekin geratzen zara eta gogoratu ahal duzu momentu hori. Baina, azkenean, urte guztian jokatzen dituzun partidu guztiekin, ez baduzu disfrutatzen… Pilota guretzat hobby bat da, hobby berezi bat, asko gustatzen zaiguna eta hobby baten ez baduzu disfrutatzen, ez du merezi lan horrek guztiak.

Eta gozatze horrek eramaten zaitu gero sakrifizioak errazago egitera, ze entrenatu egin behar da, elikadura ere zaindu egin behar da…

Bai, azkenean, ez da bakarrik frontoian egiten dena, atzetik lan asko daukagu. Egunero zerbait entrenatzen dugu, bai gimnasioa, bai elikadura, entrenamenduetatik aparte asteburuetan frontoira joaten gara zerbait hobetzera. Ordu asko dira partiduetatik kanpo egiten ditugunak eta ez balitzaigu gustatuko, ez genituzke sartuko hainbeste ordu. Niri asko gustatzen zait pilotaren inguruan dagoen lan hori guztia eta gustura egiten dut.

Zeuk esan duzu 27 urte dituzula. Sasoi aldetik, nola sentitzen zara?

Inoiz baino hobeto. Azken urte hauetan elikadura aldatu dut, nutrizionista batekin. Prestatzaile fisikoarekin ere lan asko egiten nabil eta fisikoki oso ondo igartzen naiz. Egia da, beteranoena naizela. Aurreko batean 17 urteko batzuen kontra jokatu nuen, 10 urte gutxiago dira, baina, nik uste, egonkortasun hori dudala: fisikoki oso ondo, elikadura aldetik oso ondo, lan psikologikoa ere asko landu dut azken urteotan. Eta inoiz baino hobeto sentitzen naiz kantxan.

Heldutasunak ere lagunduko du gauzak hobeto eramaten edo estrategia hobeto prestatzen, ezta?

Bai. Beteranotasun puntu horrek partiduak irabazi ditzake. Nik azken urteotan ikusi dut. Master Cup irabazi genuenean, bi beteranok irabazi genuen. Kantxan daukagun lasaitasun hori, badakigu zertara jokatu behar dugun. Eta polita da, beteranotasun horrekin esatea: “Hemen nago, niri irabazi egin behar didazu oraindik, eta urteak ditut jokatzeko oraindik”.

Elikadurarena aipatu duzu. Aldaketa handiak egin behar izan dituzu?

Bai. Nik pentsatzen nuen ez nuela horren txarto jaten baina detaile txiki batzuk aldatu ditut. Nutrizionistarekin landuta partidu ostean eta partidu aurretik zer jan… Detaile txiki horiekin gauza onak lortu ditut errekuperazioan, lo deskantsua ere askoz hobea dut orain…

Goazen hasieretara. Noiz hasi zinen pilotan jokatzen?

5-6 urterekin. Nire neba nagusia pilotaria da. Gautegiz-Arteagako frontoian egoten zen nire aitarekin jokatzen. Txikitan beti egiten duzu zure neba nagusiak egiten duena eta nik ere gura nuen, inbidiagatik. Hasi nintzen pilotan jolasten, nire klaseko batzuekin batera talde bat atera genuen Gautegiz-Arteagan eta hortik.

Beste neskarik bazegoen?

Hasieran ez. Hasieran ni nintzen neska bakarra. Gero, 10 urte neuzkala nire klaseko beste bat ere apuntatu zen eta Bizkaian beste neska bat ere bazegoen.

Hiru?

Hiru ginen bakarrik.

Baina zuk hortxe jarraitzen zenuen.

Bai. Niri hainbeste gustatzen zitzaidan pilota… Betidanik oso konpetitiboa izan naiz, txikitatik beti gustatu izan zait irabaztea eta ahal dela partidu guztiak irabazi. Eta beste biek orain ez dute jarraitzen pilotan baina nik oraindik segitzen dut, nire bizitzako kirola izan delako.

“Inoiz baino hobeto sentitzen naiz kantxan”

Olatz, baina iritsi zen momentu bat pilota utzi egin behar izan zenuena.

Bai. Pena askorekin. 14-15 urterekin eskola mailatik, federatu mailarako saltoa egoten da eta hor nesken txapelketarik ez zen egiten. Bizkaian bi neska bakarrik geunden eta egia da, gero mutilak indarra hartzen hasten direla eta nahiz eta ni teknikoki hobea izan, edo hobeto jolastu pilotan, ezin nuen nik nahi nuen moduan lehiatu. Eta, orduan, esan zidaten onena uztea zela. Zortea izan nuen eta Munitibarren palako nesken talde bat zegoen. Eta esan zidaten: “antzeko zerbait da, horrela ez duzu frontoia uzten.” Eta palara pasatu nintzen. Hor egon nintzen urte batzuetan eta eskerrak hori izan nuela!

Baina ze gogorra, ezta? Eta ze injustua, ikustea zure adineko mutilek zuri hainbeste gustatzen zaizun kirol horretan jarraitu dezaketela eta zuk palara aldatu behar duzula.

Bai, gogorra izan zen. Txikitatik zuri gustatu zaizun kirola da eta azkenean derrigortuta uzten duzu, ez da zuk erabaki duzun gauza bat. Nigatik izan balitz, jarraituko nuke betirako baina derrigortasun horretan, pena. Ze, badakit, mutila izan banintz ez nuela geldiune hori izango nire pilota ibilbidean. Baina, beno, orain gauzak aldatu dira eta orain atzetik datozen neskek ez dute zertan gelditu.

2017an etorri zen inflexio-puntu bat zure bizitzan. Emakumezkoen Master Cupatera zen eta hor pilotara itzultzea erabaki zenuen.

Bai, sorpresaz etorri zen. Dei bat jaso nuen, Iker Amarika Master Cupeko arduradunaren aldetik eta esan zidan emakumeen pilota bueltatzea nahi zuela txapelketa batekin baina hasieran nik ez nuen uste horrenbesteko booma izango zuenik. Hasieran ezetz esan nion baina azken unean esan nuen: “Bueno, txapelketa hau jokatuko dut anekdota modura eta kitto. Eta palara jarraituko dut”. Eta, noski, jokatu, finalera heldu, frontoia beteta, aste guztia ETBn eta egunkari guztietan eta neskok ikusi genuen “hemen zerbait potentea egin daiteke, hemen pilota bueltatu ahal da Master Cupen eskutik”. Eta zoragarria izan zen pilotara bueltatzea.

Zer sentitu zenuen frontoia horrela ikusita?

Niretzako, pasada bat izan zen. Palara nenbilen jolasten une horretan, Euskadi mailan, elite mailan jolasten eta frontoia inoiz ez genuen betetzen. Gure gurasoak etortzen ziren, lagunak asko jota eta kitto. Baina final horretara heldu, telebistan zuzenean eta Zornotzako frontoia, 700-800 lagun sartzen direna, beteta eta jendea kanpoan geratzea…Guretzat zoragarria izan zen eta hor ikusi genuen “jendeak emakumeen pilota ikusi nahi du eta hemen zerbait berezia egin genezake.” Inflexio-puntu garrantzitsua izan zen hori.

Eta erreferente bihurtu zarete.

Bai. Polita da, orain datozen neska pilotariek gu ikustea telebistan eta horri esker aurrerapauso hori ematea: “Nik ere pilotan nahi dut jokatu”. Ze, lehen, neska bat frontoira hurbiltzen zenean palako aukera bakarrik zeukan eta orain pilota edo palako aukera dauka. Egia da, erantzukizuna ere bada, presioa ere bada, ze guk pausoak ondo eman behar ditugu atzetik datozenek bide hori libre izateko, baina erantzukizun polita da.

Zer da esan dizuten politena?

Ba, oso polita iruditu zitzaidan, esan zidaten neskatxo batek Olentzerori nire kamiseta eta nire kopa eskatu zizkiola eta hori oso berezia izan zen. Ze, txikitan, zuk zure idoloaren kamisetak eskatzen dituzu, normalean mutilenak eta neska batek nire kamiseta eskatzea niretzat oso berezia izan zen.

Benetan polita! Eta klubetan igartzen da nesken kopurua handitu dela?

Bai. Pila bat gainera. Ni Bizkaiko federazioan nago nesken topaketetan monitore. 2017an Master Cupen booma etorri zenean 10 fitxa zeuden neskenak eta orain, 60 edo gehiago. Pila bat neska daude, geroz eta gehiago. Adibidez, Lemoako pilota eskolan neska gehiago daude mutilak baino. Hori lehen ez zenuen ikusten. Eta Bizkaian, batez ere, geroz eta neska gehiago daude, geroz eta maila hobea dago, gogo gehiago dituzte neskek pilotan jolasteko eta hori, nik uste, Master Cupek eman duen ikusgarritasunari esker izan dela.

Geroz eta neska gehiago daude, baina, emakumeok merezi dugun tokia dugu pilotan?

Nik uste lortzen ari garela. Oraindik ez, oraindik pauso batzuk eman behar ditugu, oraindik lekua egiten gabiltza, baina egia da ondo ari garela pausoak ematen. Urte gutxi daramatzagu, 2017tik hona; oraindik emakumeen pilota kirol gaztea da eta oraindik lan asko dago egiteko atzetik. Oraindik neska askoz gehiago behar ditugu emakumeen pilotak egitura sendo bat izateko. Nik 27 urte ditut baina erreleboa behar dut. Nik pilota uzten dudanean etorri behar dira atzetik neska gehiago. Orduan, geroz eta jende gehiago behar dugu egitura on bat edukitzeko eta goian gaudenok lana ondo eginez gero, nik uste, gure lekua topatzeko aukera edukiko dugula.

Zeuk esana da, sarritan sentsatzioa duzuela kupoa betetzeko egoten zaretela frontoietan.

Bai, eta oraindik ere bai. Oraindik ere txapelketa batzuetan kupoa betetzeko gaude, mutilen itzaletan. Neskak jarri lehenengo partiduan, mutilak jarri ordutegi hobean… Askotan, lehenengo partidua neskena denean eta bigarrena mutilena, jendea bigarren partidurako dator. Orduan, bai da sentsazioa kupoa betetzeko gaudela. Nik, hasieran, hori ez nuen ikusten. Azkenean, pilotan hasi nintzenean 2017an gaztea nintzen eta hori ez duzu ikusten. Baina urteak aurrera doazela, nabaritzen hasten zara ze helburekin dauden txapelketa batzuk eginda. Eta horregatik da garrantzitsua Master Cup bezalako txapelketa bat, ze protagonistak gu gara. Guk gure bidea egin behar dugu eta ez gara egon behar beti mutilen atzetik. Oso ondo daude, txapelketa horiek mutilen itzalean jokatzen ditugunak, partiduak edukitzeko. Baina garrantzia eman behar zaie gu protagonista garen txapelketei.

Pilotak eman didan gauzarik politena lagunak izan dira

Bai, ze, berez, kirol oso maskulinoa izan da pilota txapeletik hasi eta praka zurietaraino.

Bai, badakigu oso mutilen kirola dela. Baina, adibidez, praketan lortu genuen nesken prakak egitea, ze hasieran mutilen prakekin jolasten genuen. Orduan, lortzen gabiltza apur bat banatzea hortik. Kirol bat izatea, ez izatea ez mutilena, ez neskena. Kirol bat. Eta gabiltza moldatzen mutilen kirol hori, neskek ere eroso jokatzeko.

Soldata aldetik desberdintasun handia dago?

Oraindik, asko. Asko. Azkenean gu pilotari afizionatu batzuk gara, guretzat hobby bat bezalakoa da, oraindik ezin dugu esan mutil profesionalen moduan lan bat dela. Soldatak oso txikiak dira, batzuetan kobratu ere ez… Asko gustatzen zaigulako egiten dugu. Dirugatik izango balitz, ez ginen egongo pilotan jolasten. Lanean ari gara hori duintzeko eta hemendik urte batzuetara espero dut, gauzak ondo eginez gero guk, lortu genezakeela soldata duin bat izatea neskek.

Bitxia da esatea pilotari afizionatuak zaretela. Zuk bost txapel dauzkazu eta hor goian zaude!

Bai, urte askoan nabil lanean, sakrifizio asko egin ditut eta azkenean ez dut diruagatik egin. Ni partiduak jolastera noa, pilotan nahi dudalako jolastu eta pena da esatea ez garela profesionalak. Egia da, telebistan agertzen garela, eta ematen du, itxuraz, profesionalak garela. Baina ez, oraindik bakoitzak bere ikasketak ditu, bakoitzak bere lana dauka eta hori uztartu behar da elitean edo goian egoteak suposatzen duenarekin.

Nola ikusten duzu emakumezkoen pilotaren etorkizuna?

Oraingoz, ondo ikusten dut. Egia da, gauza asko ditugula egiteko, erabaki garrantzitsu asko dauzkagu hartzeko… Erakunde batzuk badabiltza babesa ematen emakumeen pilotari, ikusgarritasunaren aldetik geroz eta partidu gehiago daude ematen telebistan eta horrek ere laguntzen du. Egia da, pilotak bai mutiletan eta bai nesketan arazo bat daukala. Oso kirol minoritarioa da. Beste kirol askoren kontra lehiatu behar da eta ez da erraza izaten umeak frontoira hurbiltzea eta frontoian gelditzea. Orduan, nesketan zein mutiletan, hor badago arazo handi bat. Eta gero nesken kasuan arazo bikoitza, ze diru gehiago behar da, neska gehiago behar dira, partidu gehiago egon behar dira telebistan… Baina nik uste urte gutxian gauza asko egin ditugula, ondo gainera eta oraindik egin behar ditugu gehiago.

Lan bikoitza duzue. Alde batetik, kirol arlokoa eta bestetik zuk esan duzun zutabe horiek jartzea, etorkizun horretarako.

Bai presio bikoitza eta erantzukizun bikoitza. Mutilen bidea oso erraza da, badaukatelako bide bat finkatuta baina nesken bidea oraindik ez dago argi zein den. Horregatik goian gaudenok, elite maila horretan gaudenok, hor ari gara Emakumeen Master Cupekin berba egiten, federazioekin berba egiten, ikusteko zein den bidea. Ze geuk ere oraindik ez dakigu zein izan litekeen etorkizun onena. Orduan, frogatu, ondo irteten bada ondo, txarto irteten bada erantzukizuna gurea da. Baina bidea zabaldu behar diegu atzetik datozenei.

Ondo eramaten zarete aurkarien artean?

Bai. Azkenean, pilotak hori dauka polita. Aldageletan takoak batera jartzen ditugu, gero takoak batera kentzen ditugu, urtean zehar ere bazkariak eta afariak egiten ditugu pilotarion artean, asko batzen gara entrenatzeko… Ez gara hainbeste. Orduan, gutxi garenez eta presio bera dugunez denok, sufrimendu horretan ondo eramaten gara. Badakigu bakoitzak ze sakrifizio egin behar izan duen eta pilotak niri eman didan gauza politenetakoa eman dizkidan lagunak izan dira.

Taldean entrenatzen duzue?

Bai, hori da. Bizkaian elite mailan gaudenok batera entrenatzen dugu, bai Zornotzan eta bai Gautegiz-Arteagan. Eta Arabatik ere etortzen dira batzuetan.

Eta nolakoak izaten dira entrenamenduak? Zenbat egun astean?

Ba, astean birritan batzen gara frontoian. Normalean partiduko dinamikak, gauza teknikoak ere bai, ze azkenean badakigu pilotan gauza asko ditugula hobetzeko emakumeok eta oso exijenteak gara geure buruarekin. Orduan, entrenamendu oso teknikoak egiten ditugu gauza asko daudelako hobetzeko, baina gero partidu dinamika ere egiten dugu. Entrenatzaile batekin ibiltzen gara, nire neba da eta ordu asko sartzen ditugu frontoian.

Etxekoak dira zure zale edo fan handienak?

Bai, hor daude beti telebistan partidu denak ikusten, emaitza guztiak ikusten… Azkenean, txikitatik, partidu guztietara eraman naute gurasoek, kilometro asko egin behar izan dituzte nirekin, partidu guztiei eta txapelketa guztiei baietz esan diedalako eta azkenean, bizi izan dute nire ibilbidea. Nire nebarekin ordu asko sartu ditut frontoian, frontoitik kanpo entrenatzen… Eta nik gauzak ondo egitearen arrazoietako bat eurak izan dira.

Baduzu frontoi gogokoenik?

Ba, Gautegiz-Arteagakoa, txikitatik hor hasi naizelako. Nik uste dut Bizkaiko edo Euskadiko frontoi onenetariko bat dela. Txarto dago nik esatea, Gautegiz-Arteagan bizita, baina niri asko gustatzen zaidan frontoi bat da. Eta gero egia da, Labrit bete baten jokatzea pasada bat dela. Jendea, sortzen den giro horrekin, pasada bat.

Eta nor da zure erreferentea?

Txikitatik beti izan da Irujo. Nik txikitan beti ikusten nuen Irujo telebistan eta bera bezalakoa gura nuen izan, odol beroko pilotari bat. Niri ere askotan esan izan didate, lehen batez ere, nahiko odol beroko pilotaria naizela. Irujok pilota aldatu egin zuen zeharo eta beti izan da nire erreferentea txikitatik.

Norekin gustatuko litzaizuke partida bat jokatzea?

Badakit Irujok jada ez duela jokatzen, baina polita izango zen partidu misto bat egitea berarekin. Polita izango zen.

Olatz pilotaria ezagutu dugu azken minutuotan baina Olatz, pertsona moduan, nolakoa da?

Nik uste dut nahiko pertsona lasaia naizela. Gustatzen zait txakurrarekin pasioak ematea, mendira joatea… Kirola egitea asko gustatzen zait, edozein kirol. Ez da pilotan bakarrik lehiakorra naizela, beste kirol guztietan ere ona nahi dut izan eta pilotatik kanpo ere, nahiko exijentea naiz nire buruarekin.

Eta non ikusten duzu zure burua 10 urte barru?

Ba 10 urte barru bai gustatuko litzaidake pilota munduan jarraitzea. Ez dakit jokatzen, espero dut oraindik baietz, baina ez bada pilotan jolasten, behintzat, inguruan. Lagundu nahi dut, emakumeen pilotaren alde egin nahi dut beti eta espero dut ez urruntzea asko emakumeen pilotatik.

Ba jarraituko dugu zure ibilbide hori. Eta, batez ere, jarraitu erreferente izaten, bidea luzea delako oraindik. Eskerrik asko, Olatz, gaur gurekin egotearren eta zorte on!

Bai, eskerrik asko zueri.