Olatz Arbelaitz: “Puntueus domeinuak identitatea sortzen du”

Olatz Arbelaitz Gallego (Errenteria, 1970) Puntueus Fundazioko lehendakari izendatu dute. Harekin hitz egin dugu, EHUko Informatika Fakultatean egin duen ibilbideaz, emakumeak zientzian egindako ekarpena zabaltzeko egiten duten lanaz eta euskarak mundu digitalean dituen erronkez, besteak beste.
Olatz Arbelaitz Gallego, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko gonbidapenagatik.
Betidanik izan zara zientzia-zalea?
Ez dut horren oroitzapen berezirik. Gauza asko egiteko joera izan dut, hori bai. Dantza, musika, eskulanak, ikasle arduratsua… Gogoan dut kimikako jostailu bat banuela, mikroskopio txiki batekin ere ibiltzen nintzela eta amari entxufeak aldatzen laguntzen niola. Baina handitan zer egin nahi nuen argi jakitearen oroitzapenik ez daukat.
Informatika ikastea erabaki zenuen.
Pragmatikoa naizelako erabaki nuen. Argi nuen hobeto moldatzen nintzela matematikarekin, fisikarekin eta antzeko jakintza-alorrekin. Nik ez neukan etxetik ateratzeko gogo berezirik, eta, matematikekin zerikusia zuten ikasketak bilatzen hasi nintzenean, informatikarekin egin nuen topo. Argi nuen beste gauza bat zen Opusera ez nintzela joango ingeniaritza ikasketa bat egitera. Horiek izan ziren informatika aukeratzearen arrazoiak.
Zer topatu zenuen fakultatean?
Karrera gustura ikasi nuen, eta, ikasketez gain, gauza asko aurkitu nituen: jende berria, euskalki berriak… Ikasketetan ongi moldatzen nintzen, baina karrera bukatu nuenean ez nuen argi ikusten ikerketa-bide bat egingo nuenik bertan. Guk karrera bukatu genuenean egoera ez zen ona. Jende asko Madrilera joan zen lanera, baina nik argi nuen hemen geratu nahi nuela. Justu momentu hartan fakultatean irakasgaiak euskarara prestatzeko beka batzuk atera ziren, eta bertara aurkeztu nintzen, horiek nirekin bat egiten zutelako. Eta, behin hor sartuta, doktoretza ikastaroak egiten hasi, eta tesia egin nuen. Nire ibilbidea kasualitatez hasi zela esango nuke.
“EHUko Informatika Fakultatea erreferentea izan da”
Buruz gogoratzen duzu zure tesiaren izenburua?
Ez naiz izenburu osoaz gogoratzen, hitz potolo asko zituelako eta urte asko pasa direlako egin nuenetik. Une hartan nengoen ikerketa-taldeak gertuko enpresekin harremana zuen, eta horietako batek inguruko gasolindegietan erregaia banatzen zuen. Oso konplexua zen haientzat egunero antolatzea zisternak nola bete, nola banatu eta zein gidarik zein ibilbide egin behar zuen erabakitzea. Hau da, optimizazio-arazo bati erantzun behar zioten, eta oso arazo konplexua zen, eta horri buruz egin nuen tesia. Arazo hura ebatzi eta formalizatu egin behar izan nuen, eta hortik dator izenburu potolo hori.
Eta enpresak zure tesia aplikatu zuen?
Bai. Bueno, tesia argitaratzeko egindako lana beste hurbilpen eta konparaketa batzuetara egokitu behar izan nuen. Azken finean, tesia ikerketa-lana da eta, nolabait, konparagarria izan behar du.
Doktore izan aurretik hasi zinen eskolak ematen.
Askoz lehenago nintzen EHUko Informatika Fakultatean irakasle doktore baino. Beste garai batzuk ziren; izan ere, gaur egun ez bezala, garai hartan irakasle izan zintezkeen doktore izan gabe. Ikasketak bukatu nituenean hutsuneak egon ziren sailean, eta, nahiko espediente ona nuenez, irakasle hasi nintzen lanean. Gaur egun, tesia egiteko hiruzpalau urte behar izaten dituzte, baina guk denbora gehixeago behar izan genuen, ez geundelako horretara buru-belarri.
EHUko Informatika Fakultatea aitzindaria izan da gauza askotan.
Bai. Nik uste dut EHUko Informatika Fakultatea gauza askotan erreferentea izan dela. Oso irakasle-talde dinamikoa izan du. Adibidez, euskararen gaian lan handia egin zuten informatikaren jakintza alorra euskarara ekartzeko. Ni ikasle sartu nintzenean, irakasle-talde bat lan ikaragarria egiten ari zen guk Informatika ikasketak euskaraz jaso ahal izan genitzan Hirugarren mailan ikasgai gehienak gazteleraz ikasi behar izan nituen, baina irakasle-talde hark bidea asko ireki zuen, eta, geroztik, haietako gehienak lankide eta lagunak ditut.
Euskara bada zure ibilbide profesionaleko ardatz bat.
Egia esan, ez dakit oso konturatuta nengoen horrekin, baina iaz irakasle oso bihurtzeko nire plaza defendatu behar izan nuen, eta orduan konturatu nintzen euskara izan dudala ardatz nire lan bizitzan eta bestelakoetan ere.
Informatika Fakultateko irakasle-talde hark ere UEU ezagutarazi zizun.
Bai. Garai haietan, ikasgelaz ikasgela pasatzen ziren UEUren berri emanez. Batez ere, Kepa Sarasola jendea zirikatzen aritzen zen UEUra joan zedin, eta halaxe iritsi nintzen ni ere. Bertan gauza asko topatu nituen: alde batetik, Euskal Herri osoko jendea; bestetik, beste jakintza-alor batzuetarako atea zabaldu zidan, baita lan serioa modu alaian egiteko gune bat ere. Eta familia bat ere bai. Zu han topatu zintudan.
UEUn ere ibilbide oparoa egin duzu; azken urteetan Ikergazte kongresuko koordinatzailea zara. Zergatik da garrantzitsua kongresu hori?
Ikergazte nazioarte mailako ikerkuntza euskaraz aurkezteko kongresu bat da. Gaur egun bizi garen gizarte honetan euskaraz egiten den ikerketa gutxi baloratzen da. Batez ere, baloratzen dena hizkuntza hegemonikoetan egiten dena da; bereziki, ingelesez eta inpaktuzko aldizkarietan argitaratzen dena. Eta horrek behartzen gaitu euskara alde batera uztea. Bestetik, ikertzen aritzen garenok gai espezializatu batean aritzen gara eta gure nitxo horretan itsututa egoten gara eta askotan ez dugu haratago begiratzen. Bi gauza horiei buelta emateko paregabea da Ikergazte. Bada foro bat ikerketa euskaraz azaltzeko, eta, gainera, diziplinarteko gune batean. Bertan parte hartzen duten ikertzaileei eskatzen zaie artikulu ez hain espezifiko bat idaztea, gainontzeko jakintza alorretako ikertzaileek ulertu behar dutelako. Bestetik, hara joaten garenok jasotzen ditugu jakintza alor askotariko ezagutzak, eta hori oso aberatsa da, hortik elkarlan asko etorri daitezkeelako. Aurrera egingo badugu, garrantzitsua da diziplinartekotasuna lantzea, ezin baitira arazoak ardatz bakar batetik ebatzi. Bestetik, Ikergazte ikertzaile gazteentzat bada gune seguru bat euren lehen lanak aurkez ditzaten.
“Emakumeek zientzian egiten duten lana ikusarazi nahi dugu”
Beste ardatzetako bat duzu feminismoa; besteak beste, Emakumeak zientziak egitasmoan ere parte hartzen duzu.
Ez nintzen betaurreko moreekin jaio. Gure belaunaldiko batzuk baziren militanteak, baina esango nuke niri geroxeago etorri zitzaidala kontzientzia hori; batez ere, fakultatean detektatu nuen arazo bategatik. Ikasle garaian bageunden emakumeak Informatika ikasten, baina 2000. urtean, irakasle nengoela konturatu nintzen emakumeak desagertu egin zirela. Bestetik, herrian ere feminismoan militatzen hasi nintzen. Zergatik desagertu ziren emakumeak Informatikatik? Horren guztiaren atzean ez dago arrazoi bakarra. Informatikaren kasuan, esan izan da ingeniaritza bihurtzeak eragina izan duela, baina, adibidez, Ingeniaritza Biomedikoan ez dago arazo hori eta emakume askok egiten dituzte ikasketa horiek. Zerbait egin behar genuela pentsatu genuen, eta fakultatean urte dezente badira gauza batzuk egiten hasi ginela. Adibidez, talde batek Gaur8 aldizkarian hilean behin artikuluak idazten ditugu, beste talde batek Wikipediara emakumeak eramaten ditu, eta Emakumeak zientzian egitasmoa ere antolatzen dugu. Ekimen hori 2017an sortu zen, emakumeek zientzian egiten duten lana eta ekarpen horrek duen garrantzia ikusarazteko. Emakume horiek inspirazioa izatea nahi dugu etorkizunean etorriko diren emakume gazte horientzat. Bestetik, zientziaren esparrua emakumeentzat toki goxoago egin nahi dugu, lan handia baitago egiteko. Ikerkuntzan oraindik lan egiteko moldeak oso maskulinoak dira, hierarkia handia dago. Unibertsitate publikoaren baitan rolak difuminatu egiten direla esango nuke, baina ikerkuntza-zentro puruetan funtzionatzeko moduan bortitzak dira.
Joan den urtean, Puntueus Fundazioko lehendakari izendatu zintuzten; zer da?
Irabazi-asmorik gabeko fundazio pribatua da eta haren zeregin nagusia Puntueus domeinua banatu, kudeatu eta zaintzea da. Baina hori baino askoz gehiago ere bada; izan ere, balio gehiago ditu domeinu huts batek baino. Euskararen munduan identitarioa ere bada Puntueus domeinua, identitatea sortzen baitu. Aniztasuna landu eta euskararen zaintza berezia ere egiten du. Esango nuke Puntueus domeinuaren pean egiten den euskararen erabilera askoz ere handiagoa dela beste domeinuekin alderatuta; oker ez banago, sei aldiz handiagoa.
Zeintzuk dira ingurune digitalean euskarak eta Puntueusek dituen erronkak?
Erronka ez da makala. Euskara hizkuntza txikia da mundu mailan, eta mundu digitala denok daukagu eskura. Askoz ere errazagoa da edozein edukitara iristea hizkuntza handien bidez. Erronka etorkizuneko belaunaldiak ere euskararekin identifikatu daitezen eta Puntueus bezalako proiektuekin identifikatzea da. Hori ere bada erronka berezia, webguneak indarra galtzen ari baitira eta sare sozialak, berriz, indarra hartzen. Ausardiaz eta ideia berriekin jokatu beharko da. Argi dago Puntueus pean dagoen webguneetan euskaraz gehiago egiten dela. Fundazioan erronketako bat Euskal Herriko egoera soziolinguistikoa apurtzea da. Hau da, gure bazkideen artean argi ikusten da domeinuen gehiengoa Gipuzkoan dagoela, eta hori zabaldu nahiko genuke. Gaur egun, 51 herrialdetan dago Puntueus domeinua. Orokorrean, Puntueus osasuntsu dagoela esango nuke, baita ausardiaz jokatzen ari dela. Bestetik, domeinuak banatzen dituen ICANN elkartean Puntueus oso ondo kokatua dago eta etorkizunean ere horrela jarraituko duela esango nuke.