Olaia Inziarte: “Musikarekin esperimentatu nahi dut”

Olaia Inziarte 23 urteko musikari oronoztarrak Joseba Tapia, Chica Sobresalto eta Iker Laurobarekin jotzen du. Hori gutxi balitz, sarri, bakarkako lehen diskoa plazaratuko du. Psikologoaren laguntza behar izan du bakarkako bidea hasteko aski autoestimu lortzeko. Lerrootatik, eskerrik beroenak psikologiaren profesional horri, gu guztioi ahots indartsu, letra zorrotz eta proiektu ederra gozatzeko parada emateagatik. Martzianoak kantuaren karietara, Inziartek dio oso martzianoa dela. Baina berehala gaineratzen du denok garela oso martzianoak, espazioaren arabera.

Ion Celestinok bai edo bai zure musika entzuteko eta zuri elkarrizketa egiteko esan zidan. Ion nire musika dealer-a da. Goi mailako materiala pasatzen dit soilik.
Eskertzen diot pila bat Ioni. Niri ez dit deus erran. Zeharka ibili da; betiere, umil-umil haren gauzak egiten.

Entsegu lokalen batean egin duzue topo.
Bai; Atarrabiako lokal berean entseatzen dugu Broken Brothersek, Chica Sobresaltok… Pila bat aldiz egiten dugu topo.

Zuri buruzko informazioa biltzen hasita, atentzioa eman dit 23 urterekin zenbat musikarirekin kolaboratzen duzun: Chica Sobresalto, Iker Lauroba, Joseba Tapia, Pleura taldeko abeslaria ere bazinen… Nondik ateratzen duzu denbora?
Pleuran aritzen nintzen, baina Irati Gutierrez sartu da nire partez. Gainerako talde guztietan egon ahal izateko malabarismoak egiten ditut. Baina interes handia, kuriositate handia daukat musika ezberdinetan esperimentatzeko eta elkarlanean aritzeko.

Talde horiek bezain heterogeneoak al dira zure musika gustuak?
Baietz esanen nuke. Nire Spotify-ko lupa horretan sartzen bazara, denetarik ikusiko duzu: agian, lehen gauza Oskorri, eta, gero, Taylor Swift dator, orain diskoa atera du eta.

Aitortuko ez zenidakeen zerbait?

Bai, noski, ez dut batere lotsarik. Aditzen ditut, adibidez, Disneyko play-list pilo bat autoan. Sekulako bakea ematen didate eta negar egiten dut kasik beti. Ez dut lotsarikan hori aitortzeko, ez bada… Misogino bat ez nuke entzunen. Agian, nahi gabe entzuten ditugu, konturatu gabe, baina nahita ez nuke eginen.

Olaia Inziarte is the new Joseba Irazoki. Joseba Mikel Erentxunekin, Nacho Vegasekin, Pettirekin aritzen da. Hark dio bide horretan haren herriak, Berak, asko markatu duela. Zu markatu al zaitu Oronozek?
Beran badute bertze ekosistema bat musikarekin. Oronozen badago zaletasuna, baina ez daude horrelako baliabideak. Nik uste dut familiak berak eraman nauela txikitatik musika egitera. Zentzu onean eta txarrean. Ni musika ikastera apuntatu nindutenean, behartu egin ninduten. Oroitzen naiz zein haserre hartu nuen.

Kamera aurrean duzu. Une ona izan liteke hura eskertzeko, orain musikarekin gozatu egiten duzu eta.
Esker mila, zentzu batean. Baina beste batean ez. Aunitzetan nahiago nuke beste zerbait izan; matematikaria, adibidez.

Oso ‘martzianoak’ gara denak

Akaso, hor sumatu zait aita naizela. Hemendik aurrera, elkarrizketan aitakeria bazterrean uzten ahaleginduko naiz. Gatozen harira: musika ikastetik musika kolaborazio ugari horiek egitera nola pasa zinen? Adibidez, nola hasi zinen Chica Sobresaltorekin?
Pleura taldeko abeslaria nintzen, eta Julenek, taldeko baxu jotzaileak, Maialenen baxu jotzailea ezagutzen zuen. Azkenean, Iruñerriko jendea da. Bertzerik gabe. Teklista bat eta korista bat behar zituzten, nire zenbakia eskatu zioten eta hala egin genuen harremana. Bilera txiki bat egin genuen. Gero, bidaia azkar bat egin nuen Santiagora (Galizia), telebista batera, play-back bat egitera, eta han esan zidaten jada barruan, taldean nengoela.

Iker Laurobarekin?

Aspaldi hasi nintzen. 17 urte nituelarik, hark Berria-ren urteurren batean kantatu behar zuen. Ez zuen bakarrik egin nahi. Sareetan kantatzen ikusi ninduen eta galdetu zidan ea harekin hori egin nahi nuen. Bizpahiru kantu egin genituen, entsegua egun berean eginda, eta handik aurrera hasi zen haren formatua gehiago lantzen. Hala hasi nintzen harekin.

Joseba Tapiarekin?

Gauza bera. Leire Letuk Tapiarekin kantatzen du. Korista bat behar zuten eta erran zidaten ea nik egin nahi nuen. Joseba Tapia? Bai, jakina.

Galdera deserosoa: norekin sentitzen zara erosoen?
Libreen sentitzen naiz ardura gutxien dudan gauzetan. Adibidez, Tapiarekin koruak egiten nituenez sentitzen nintzen nahiko libre, kontu nahiko mekanikoa delako. Ordezko bezala aldiren batean teklatuak ere jo ditut haiekin, eta sekulako izerdiak bota ditut, ez baita gauza bera. Koruak niretzako gehiago kontrolatzen ditudan zerbait dira. Orduan, gehiago kontrolatzen dudan zerbait egiten libreago sentitzen naiz eta gehiago disfrutatzen dut.

Baina baduzu barne bulkada bat gauzak bakarka sortuz ardura gehiago hartzera bultzatzen zaituena. Haiekin guztiekin kolaboratzen zenuen bitartean bakarka kantuak sortzen zenituen, ezta?
Oroitzen dut 15 urte nituenetik aritu izan naizela etxean kantuak egiten, modu arras zabarrean grabatzen. Gero, aitak irudiarekin grabatzen zituen eta Youtubera igotzen nituen. Geroztik, beti egin nahi izan dut zerbait propioa, baina ez naiz inoiz ausartu, ez dut inoiz ikusi momentua.

Hor nonbait irakurri dut psikologoak lagundu dizula urrats hori egiten.
Aunitz, bai. Bilatu dut babesa halako iruditegi inuzente batean, Olaia txiki batean, bizitzak zikindu gabeko pertsona bat baita. Oroitzen dut, eta ikusten dut bideoetan, txikitan banuela sekulako ausardia eta beti nintzela kantari. Horrekin konektatzeak pilo bat lagundu dit emozionalki. Lanak ere lagundu dit, ikusteak eskain dezakedala zerbait niretzat ona dena.

Bakarka aritzeko autoestimu falta hori zerbait pertsonala da, ala kolektiboa? Halako elkarrizketa batean, Saioa Alkaizak inpostorearen sindromeaz hitz egin zidan.
Arrazoi sorta bat dago hor. Emakumea, gaztea… Etiketa horiek beti badute zerikusia. Sentitzen dut gizonezkoak ez diren pertsona guztiek badutela erraztasun handiagoa jendaurrean zerbait egiteko. Nire kasuan, ikusten dut badela zerbait denbora luzekoa eta, zentzu horretan, kosta zaidana, baina badirela mila motibo aski pertsonalak, eta ez hain pertsonalak, gehiago gizarteko zerbait dena.

Gurasoen etxetik alde egiteko behar nuen dirua diskoa grabatzen gastatu dut

Familiarengana itzuliko gara: aurrekoan txio batean zenioen etxetik alde egiteko premia sentitzen duzula, baina horretarako beharko zenukeen dirua diskoa egiten gastatu duzula.

Hala da, bai. Gurasoen etxetik alde egitearen nahi hori ezin zaie nire gurasoei leporatu. Pilo bat maite ditut ama, aita eta ahizpa, eta zakurra. Baina elkarbizitza oso zaila da, egiatan, behar dut hortik atera. Gauza da lehenetsi behar duzula: disko bat egiten dut eta ekonomikoki hondoa jotzen dut ala etxetik noa eta ekonomikoki ondoa jotzen dut? Nahiago dut disko bat egin, eta, agian, posible da gero gastu horiek kitatzea eta hortik aurrera bertze plangintza bat jartzea martxan.

Noiz, non, nola grabatu duzu diskoa?
Aurtengo ekainean, Josu Erbitiren estudioan. Hark bateria guztiak grabatu ditu, produkzioarekin ere aritu gara buruz buru, eta berarekin praktiketan zegoen mutil batek, Adrian Mangadok, pilo bat lagundu digu. Eta gero, Erik Beza eta Ander Unzaga aritu dira gitarrak eta teklatuak grabatzen, Joseba Sansebastian baxuak grabatzen. Hainbat kolaborazio ere izan dira. 

Besteak beste, Ion Celestinorekin egin duzu featuring edo kolaborazio horietako bat.
Ion Celestinok kantu aski berezi batean tronpeta marabilloso batzuk grabatu ditu. Niri asko gustatzen zait emaitza. Hari ere bai, edo hala uste dut. Badut gogoa jendeak aditzeko.

Ez naiz batere originala izanen, zure kantuen iruzkinetan jendeak maiz esaten baitu: a ze ahotsa, a ze kantaera, a ze teknika.
Teknikarena, ez dakit, ba… Saiatzen ari naiz hobetzen, egunero-egunero. Beti bada zer xurgatu. 

Martzianoak izan zen entzun nizun lehen kantua. Txunditu egin ninduen.
Diskoan egonen da. Diskoaren aurretik kaleratu dudan lanik ezberdinena da. Lehenago, kantautore kontzeptu baten baitan biltzen ziren kantuak, eta Martzianoak-ekin ausartu nintzen gehiago esperimentatzen, sintetizadoreekin…

Autotunearekin…
Badago, bai. Elementu bat gehiago da, sintetizadore bat bezala. Hartzen ahal duzu ahotsa eta egin diezaiokezu edozein efektu sartuta bertze sonoritate bat sortu.

Hitzak ere txunditu ninduen. Zuen aitarekin lotura dauka. 
Pandemiarekin, berrogeialdian, jendea gauza arraroak esaten hasi zen 5G-rekin eta. Lagun batzuek esan zidaten OHEak (Objektu Hegalari Ezezagunak) ikusi zituztela. Eta aitak esan zidan hark gaztetan ere ikusi zituela. Zur eta lur geratu nintzen: une honetan ni naiz etxeko eroa, eta orain arte ez didazu erran hau? Enpatia pixka bat edukitzeagatik erraten ahal zenidan lehenago, ni bainaiz etxeko arraroa. Hortik heldu da: zeruan ikusten dituzun martzianoak baino arraroagoa naiz. 

Horren martzianoa al zara?
Ez dakit. Uste dut denak sentitzen garela lekuz kanpo espazio jakin batzuetan. Agian, hori da. Lagun musikarien artean ez naiz hain arraro sentituko, baina, agian, herriko gazteen artean bai, nire bizitzan pasatzen diren gauza aunitz ez dituztelako ulertzen. Eta nik ez ditut ulertzen haien bizitzetan pasatzen diren bertze gauza aunitz. Bakoitza sentitzen da eta da arraroa espazio jakin batzuetan. Hori jakiten asmatzea da kontua, era batean edo bestean. 

Kanta guztietan kontu intimoak jorratzeko joera duzu.

Hau zuzendu nahiko nuke, baina, gehienetan, idazten dut edo gabeziatik edo minetik, super triste. Orduan da ateratzen zaidan momentua. Baina aldatu egin nahiko nuke, ez baitut dependentzia moduko bat eduki halako egoera emozionalekin. Zuzentzea ez da kontua. Kontua da ikastea konposatzen minik eduki behar izan gabe. Aurrerago lortuko dut, seguru. 

Hitzak idazten trebea zara. Asko irakurtzen al duzu?
Egun, behar eta nahi baino dezente gutxiago irakurtzen dut. Lehenago bai, nerabezaroan gehiago irakurtzen nuen, solastatzen nintzelako gehiago lagunekin irakurtzen zutenaz, orduan haiek ere gehiago irakurtzen baitzuten. Gogoan dut 17 edo 18 urterekin poesia dezente irakurtzen nuela.

Halako kontu intimoez idaztea ez ote den aldi berean modu bat belaunaldi oso baten bizipenez mintzatzeko. 
Gauza intimoak ere badira gauza sozialak. Gizabanako bezala bizi garen sistemaren ondorio bat gara. Sentitzen duguna eta bizitzen duguna norbanako bezala bada horren ondorio bat. 

Belaunaldi kontuez ari garela: Nafarroako eszenan, azkenaldian, zenbat emakume abeslari, zenbat front woman indartsu. Goxua’n Saltsako Klaudia Rodriguez, Ibil Bediko Amets Aranguren, Aspaldidanik Nerea Erbiti… Zer gertatzen ari da?
Ari gara indarra eta boterea hartzen, eta espazioak okupatzen, uzten zaigulako orain edo onartzen delako, bertze manera batean bizi dugulako egunerokotasuna, feminismoak sekulako indarra hartu duelako. Baina protesta moduan esan behar dut niri deitu izan didatela kontzertu bat baino gehiago egiteko, kartelean emakumezko presentzia behar zutelako. Ni mindu izan nau, sentitzen nuelako ez nindutela deitzen egiten nuen musikarengatik, baizik eta emakumezkoa nintzelako. Gainera, nik ez dut askorik sinisten generoan. Baina haien begietan emakumezko bat nintzen, eta halako presentzia bat behar zuten kartelean. Agian, hori ere ez da bidea. Hor oraindik badaude gabezia dezente, eta autokritika handia egin behar dugu. 

Euskal Herri osoan badira erreferentzia ugari: Anari, Maite Larburu, Izaro, Maren… Norengandik sentitzen zara hurbilen?
Izan daiteke mundu guztia erreferentzia bat niretako, modu batean edo bestean, nahiz eta izan belaunaldi desberdinetakoak. Eta ikusten dut kideak direla. Nik ez dut zertan lagundu Izaro, estatus bat badauka-eta musikari moduan, baina behar izanez gero lagunduko nuke, eta badakit hark ere eginen lukeela nirekin. Badago halako lotura berezi bat, gizonezkoekin hainbertze sentitzen ez dudana. Batzuekin bai eta bertzeekin ez. Baina sentitzen dut pasa behar izan dugula antzeko uneetatik, eta bizi izan ditugula antzeko moduan. Hori esaten dut emakumezko zuria izanda, erdi klasekoa… Beltza den emakume batek edo beltza den pertsona trans batek bertzelako loturak izanen lituzke. Loturak izaten ditugu antzekotasunak ikusten ditugun lekuekin.

Nafarroako eszenako aipatu ditugun emakumezko abeslariekin loturarik al duzu?
Adibidez, Goxua’n Saltsako Klaudia Rodriguezekin bai. Txikitatik ezagutzen dugu elkar. Haren aitatxi-amatxiak oronoztarrak dira. Txikitan bagenuen harreman handia. Gero, Iruñera etorri zen bizitzera eta galdu egin genuen. Baina orain, biok musikagintzan ari garenez, berriz ere berreskuratu dugu.

Goxua’n Saltsakoek lehendik ere sekulako maila zuten, baina Klaudiak are gorago eraman ditu.
Klaudiak badu sekulako indarra, eta badu zer erakutsi orain eta beti. Ari gara pentsatzen kanturen bat egitea elkarrekin.  
Goxua’n Saltsa, Ibil Bedi, Chill Mafia, Tatxers, Broken Brothers… Zer gertatzen ari da Nafarroako eszenan?
Zerbait aski handia mugitzen ari da. Datorren bezala hartu behar da, eta elkar lagundu behar dugu. Ikusten dut badela erantzun bat egun gizartean gertatzen ari denaren aurrean, baina baita ere aukera berriak hartzeko manera bat. Esperimentatzeko badago non jostatu, eta badira proposamen aski interesgarriak.

Zer espero duzu disko honetatik?
Gustura geratu naiz egin dudanarekin, eta uste dut Josu, Ander eta Erik ere gustura gelditu direla. Hortik pasa den jendea kontent gelditu da. Espero dudan bakarra da egotea norbait zeini kanturen batek lagunduko dion edo pasaraziko dion ilusio momentu bat. Nik gustura gelditu nahi nuen egindakoarekin. Agian, jende aunitzendako ez du edukiko ez hanka ez buru, baina hori jada ez da nire asuntua.