Oihane Zuberoa Garmendia: “Errealitate mingarritik poema goxoak atera ditut”
Oihane Zuberoa Garmendia (Erronkari, 1993). Filosofoa, irakaslea eta izenak aditz bihurtzea gogoko duen poeta. Bi aldiz iraun bere bigarren poema-liburu argitaratu berrian, lengoaia irasagartu duela dio. Irasagarra berez guztiz mikatza da, baina jan ahal izateko gozatu egiten dugu. Hark heriotza, memoriaren galera eta halako gai mingotsak jorratu ditu, jolas literario goxoak lagun. Poesian ohikoak ez diren frutei protagonismo handia eman die, alferrikako lore jokorik gabeko ahots poetiko bizi baten bitartez. Usainak eta zaporeak dantzan jarri ditu, liburu arrunt sentsorial eta kitzikagarria osatu du, filosofiari eta kultur klasikoari tartea eginda. Eta hori guztia eginez disfrutatu egin duela dio. Liburuaren paisaia, betez ere, landa eremukoa da, haren jaioterri aldekoa. Halere, poema batean ederki atxiki du Iruñearen arima: “Iluntzean hiria gaztaintzen zen”.
ELKARRIZKETA
Irribarretsu ikusten zaitut. Logikoa da, aintzat hartuz zure Bi aldiz iraun poema-liburua agortu egin dela, plazaratu eta berehala.
Egia esanda, oso pozik nago. Euskarazko poesia-liburu bat agortzea ez nekien gertatu zitekeenik ere.
Bi aldiz iraun jarri zenion, bazenekielako bigarren edizioa eginen zenuela…
Ez, ez. Hasieran esaten zidaten: “Iraun dezala liburuak”. Eta, zorionez, gutxi iraun du.
Izenburu hori du, baina beste bat eduki zezakeen, buelta asko eman baitizkiozue tituluari.
Bai. Autore batzuek esaten dute izenburua dutenean liburua daukatela, eta hortik abiatzen dira. Niri justu kontrakoa gertatu zitzaidan. Liburua nuen, maketa prest zegoen, eta izenburua falta zen. A ze larridura. Txorakeria bat ematen du. Hiru hitz besterik ez da. Baina ongi aukeratu behar dira barrukoa ongi gorde dezaten. Azalarekin ere bat egin behar du. A ze estualdia.
Izotz beltza, Orri bete zuri…
Denak iritsi zaizkizu? Hasieran, Izotz beltza izan behar zuen, bai, baina gero, poema horiek kendu nituen eta ez zegoen izotzik. Gero, Orri bete zuri bururatu zitzaigun, baina frutak presentzia handia dauka liburuan, eta zuri horrek ez zuen ongi koadratzen. Azala jaso nuenean eta hainbeste fruta ikusi nuenean, esan nuen: fruta gehiago ez da sartzen, izenburuan ezin dugu sartu. Azkeneko-azkeneko momentuan sortu nuen poema batetik erreskatatu nuen izenburua: Bi aldiz iraun.
Duela gutxi, Castillo Suarezi halako elkarrizketa bat egin nion bere azken poema-liburuaren kontura, eta justu kontrakoa esan zidan: lehendabizi, izenburua pentsatu zuela, Alaska, eta gero, horretatik tiraka idatzi zuela liburua.
Autore askori entzun diet hori; rara avis bat izango naiz, baina kasu honetan, behintzat, hala izan da.
Beste elkarrizketa batean esan zenuen poema-liburuei ez litzaiekeela izenbururik jarri beharko: Oihane Zuberoaren azken liburua esan, eta kitto. Edo Harkaitz Canorena, edo dena delakoarena.
Batez ere, liburuaren azala hain ederra bada. Ikusi nuenean esan nuen: dena dago hor. Baina ezin da. Gero, egia da Elkarrera edo beste liburu denda batera zoazenean, izenburua ez duzula gogoan, eta zer galdetzen duzu halakoetan? Bada, Oihane Zuberoa Garmendiaren liburua baduten.
Azala niri ere oso ederra iruditu zait.
Imanol Larrinagarena da. Jeronimo Boschen Atseginen baratzea koadroarekin egindako moldaketa bat da. Oso pozik nago.
Zure ahots literarioaren sendotasuna ere asko gustatu zait.
Asko eskertzen dira hitz horiek, baina hori aipatzen didazuenean ez dut jakiten zeri egiten diozuen erreferentzia: nik ahotsa daukadan edo ez, edo bilatzen ari naizen…
Ez da bilatu edo landu duzun zerbait?
Ahots propioa? Ez, ez dakit. Sortzen noa. Ez dut esango espontaneoa atera zaidanik, poesia espontaneoarena mito eraitsi bat baita, baina nahiko natural ateratzen zait horrela idaztea. Gero, aldiz, beste genero batera pasa naiz, entsegua idazten ari naiz, edo saiatzen, eta hor bai asko kostatzen ari zait nondik idatzi erabakitzea.
“Nafarroan gero eta autore eta editore gehiago gara; periferiaren diskurtso biktimista utzi beharko genuke“
Soiltasun hori, pirotekniarik gabeko estilo hori, ez duzu bilatu, orduan? Ez dago hitzik faltan, ezta sobran ere.
Esango nuke soiltasun hori dela ezaugarri nagusia, eta bilatua da, eta aurkitua ere bai. Batzuetan, poema soilagoak idatzi ditut. Beste batzuetan, gotikoagoak. Baina gero, irakurtzerakoan ikusten dut zeinek funtzionatzen duen eta zeinek ez. Kanpotik laguntzen nautenean ere esaten didate: hau bai, eta hau ez. Eta, normalean, funtzionatzen didatenak dira soilak direnak, laburrak direnak, trinkoak, baina ez hizkuntza aldetik, baizik eta esanahi aldetik.
Eta funtzionatzen dute, bai. Irati Majuelok Berria egunkariko bere kritikan zioen bi aldiz irauten dutela: lehen aldiz irakurtzerakoan, eta bigarrenez norberaren oroitzapenekin nahasten direnean.
Hori jende askok esan dit. Azkenean, aipatzen diren gaiak pertsonalak dira, nireak dira, baina ondokoari ere gertatu zaizkio. Zahartzeari buruzko erradiografia ere badago. Eta gertukoen artean ikusi baduzu zahartzea, hor badago halako konplizitate bat. Oso eskertuta nago halako aipamenei. Uxue Reyk ere aurrekoan esan zidan: “Poema hau irakurri dut eta bete-betean asmatu duzu, nire aitonari gauza bera gertatu baitzitzaion…”. Niretzat hori opari bat da.
Oso poema sentsorialak dira. Usain eta zapore asko dago. Agian, horrek ere laguntzen du identifikazio horretan.
Hori bai bilatua izan zen. Hasieran, banituen zenbait poema, baina, agian, gaia edo bidea ez zegoen hain garbi. Eta orduan, lagun batek esan zidan: zenbat etekin ateratzen diozun frutaren dimentsio horri, mundu horri. Egia da naturari buruz asko idatzi dela poesian, baina frutari buruz ez hainbeste.
Lengoaia irasagartu duzula diozu.
Asko gustatzen zait izenak aditz bihurtzea. Batzuetan, bizio bihurtzen da, ia. Irasagartzearena dago, gaztaintzea ere bai.
Iluntzean Iruñea gaztaindu egiten dela diozu.
Alde Zaharrari buruzko poema bat da. Asko gustatzen zait jolastea poesian. Eta ongi pasatzen dudala nabaritzen dela uste dut.
Halako jolas asko baitago.
Fruta disfrutatzea ere hortik dator. Baina, aldi berean, irasagarra da gehien aipatzen dudan fruta, eta irasagarra berez ez da gozoa. Oso mina da. Gozatu egiten da. Liburu honetan oso gai mingarriak azaltzen dira eta ni saiatu izan naiz distantzia batetik gozatzen eta edertasuna ateratzen oso mingarria izan daitekeen errealitate horretatik.
Poema batean diozu ahosabaiarekin gogoratzen dela hobekien.
Oso proustiarra da hori: [Marcel] Prousten magdalena. Esperientzia txiki horietatik, egunerokoetatik espero gabeak ez diren usainak eta zaporeak sentitzen ditugunean memoriak atzera egiten du, jauzi ikaragarria egiten du eta iraganeko gertakizunekin, pertsonekin eta momentuekin lotzen zaitu. Horren ospakizun bat da liburua.
Liburuan diozu piku-poemak direla gehien gustatzen zaizkizunak; baina ez duzu azaltzen nolakoak diren.
Nik pikuak bezala irudikatzen ditut. Nolakoak dira pikuak? Txikiak eta freskoak, gozoak. Eskuekin irekitzen dituzu. Gorputza jartzen duzu pikuak jate horretan. Udakoak dira. Egarria kentzen dizute. Eta halaxe irudikatzen ditut piku-poemak. Asko gustatzen zaizkit.
Lehen zenioen idatziz gozatzen duzula; ohituago gaude sufrimendutik idazten duen poetara.
Bada jende bat hortik idazten duena, edo sendatzeko egiten duena poesia, min hori irekitzeko edo ixteko. Eta nik ez dut hori ukatzen. Baina nire kasuan, asko egiten dut jolasteko. [Charles] Simic idazleak esaten zuen berak ez zuela idazten, hitzekin jolasean aritzen zela baizik. Tradizio horretan oso gustura nago. Adibidez, Iñigo Astizek asko egiten du. Aforismoetan ere oso eroso sentitzen naiz.
“Paradoxa bat da: memoria galtzen ari den amonari poemak idaztean, badakit ez dituela ulertuko”
Nolakoa izaten da poema bat sortzeko prozesu hori?
Poesiak ona duena da tarteka egin dezakezula; ez da eleberri bat bezala, jarraipen bat behar duena. Egia da unibertso bat sortzen duzula. Niri asko gustatzen zait ingurura begiratzea. Nahi gabe egiten dut. Eta hor agertzen zait. Argazki bat ateratzea bezala da. Hor dago keinu bat, edo hor dago momentu bat. Koadernoan jasotzen dut eta behin koadernoan dagoela buelta ematen diot, ikusten dut nora eramaten ahal nauen. Askotan, poema batek beste batera eramaten nau. Eta gero, ordenagailuko lan asko dago.
Hasier Larretxea poetak, zure liburu honetan nolabaiteko tutoretza lana egin dizun horrek, aurrekoan esan zidan sekulako gaitasuna daukazula eguneroko gauza txiki horietatik abiaturik unibertso oso bat eraikitzeko.
Nire begirada horrelakoa da, bai. Ez dakit izango den filosofiatik natorrelako eta hontzak bezala begiratzen dugulako mundua. Poesiak hori egiten du: ohikoak diren gauzek, ohikoak diren hitzek, ttak, beste leku batera eramaten zaituzte, dela metaforaren bitartez, dela oroitzapenaren bitartez. Nahita edo nahi gabe. Urte batzuk badaramatzat idazten eta, agian, ez naiz oso kontziente idazketa prozesuaz. Ikusten duzu zer funtzionatzen duen. Funtzionatzen ez duena zuzenean ahaztu egiten da. Pentsa daiteke beti idatzi izan dudala horrela, baina, agian, ez da hori.
Larretxeak galdera bat proposatu dit zuretzako: zein heinean markatzen du zure poesia Erronkarin jaiotakoa eta hezitakoa izateak?
Landak presentzia handia du liburuan. Azkenean, poesiak paisaiari begiratzen dio, barnekoari eta kanpokoari. Eta nire paisaia Erronkarikoa da, landa da, mendiak dira, fruta-arbolak dira, landatu gabeko landareria ere bai. Eta hori oso presente dago.
Nahiz eta euskaldunon hiri buruzagia ere ederki erretratatu duzun, ilunabarrean gaztaina erre usaina duela esanez.
Herrian ez genuen gaztainarik, eta askotan etorri behar izaten genuen Iruñera mandatuak egitera. Usain hori, hotza… Beste pasaia bat asko azaltzen dena, landakoa dena baina hemengoa ez dena, Mediterraneokoa da, Greziakoa: irasagarra, granada. Greziara askotan joaten naiz. Batzuetan, mitologiaren bitartez.
Egia: fruta asko dago liburuan, baina baita filosofia eta kultur klasikoa ere.
Deformazio profesionala da. Ezin saihestu.
Angel Erro etorri zait gogora zenbait poema irakurrita.
Hark gehiago edaten du kultur latinotik; nik, Grekotik. Baina, azkenean, lehengusu-lehengusinak dira. Angelen Poema liburu bat ere presente izan nuen nirea idazten ari nintzenean, oso amaieran. Asko gustatzen zait. Azken liburu honetan poema luzeagoak dira, baina beti motzean idatzi izan du. Sentsualtasunari buruz ere asko idatzi izan du, eta nire liburuan ere badira poema sentsualak. Beste elkarrizketa batean sexualak zirela jarri zuten. Nik gehiago esango nuke sentsualak direla, iradokitzaileak, fruta, Afrodita… Hortik idatzi nuen. Ohorea da Erroren oihartzuna nire liburuan aurkitzea.
Aipatu ditugu Astiz, Erro, Suarez, Larretxea…
Zenbat nafar.
Talde baten partaide sentitzen zara?
Bai. Nafarrak. Erronkarikoak. Periferia exotikoa. Uste dut periferiaren diskurtso biktimista hori gainetik kendu behar dugula, geroz eta autore gehiago baitaude gurean, baita euskal editoreak ere.
“Poesian hitzekin jolastea eta disfrutatzea gustatzen zait, eta hori nabari egiten da”
Garazi Arrula, Ane Eslava, Uxue Razkin…
Lander Majuelo, Katakrakekoak, Laban gaude… Agian, periferiarena gainetik kendu beharko genuke.
Zure erreferente gehiago poesiaren munduan?
Euskaraz, batez ere, poesia irakurtzen dut, eta, adibidez, Harkaitz Canoren azkenekoa, Ulu egiteko bolondres bila, ikaragarri gustatu zait. Beatriz Txibite, beste nafar bat, lehen aipatu ez duguna. Horiek oso gustura irakurtzen ditut. Irakurri nituen lehen poetak: Sarrionandia, Artze, Lete… Ziur asko, hainbat ahaztu ditut.
Idatziz ongi pasatzeaz luze mintzatu zara. Galeraz, berriz gutxiago, eta galera oso presente dago liburuan: heriotza, memoriaren eta identitatearen galera…
Liburua hortik hasi zen. Horri buruz idatzi nahi nuen: memoriari buruz, memoria galtzeari buruz. Gai serioak dira, eta etxean bizi dutenentzat tragedia bat da, oso gogorra. Zaintzak ere hor daude. Nire modua izan zen despeditzeko, agur esateko. Baina ez nuen nostalgiatik egin nahi, esanez bezala ai, berriz elkarrekin egongo bagina… Edo, agian, bai, baina ez da bilatua izan. Distantzia horretatik, sentimentalismorik gabe ere irauten dute gauza batzuek, baina beste batzuek ez. Eta eskerrak. Gogoratzearen eta ahaztearen arteko oreka da aldarrikatu dudana.
Liburuak baditu lau atal, lau fruta, lau urtaro. Lehena, irasagarra eta udazkena…
Eta aitonaren galera. Hor mitologia grekoa ere oso presente dago, irasagarrarekin batera.
Bigarrena, negua eta granada.
Memoriaren galerarekin. Granadak badauka burmuinaren itxura hori. Zuk aletxoak jaten dituzu eta granada desagertzen doa.
Zuen amonaren alzheimerra.
Galera hori, agur esate hori. Nola ikusten duzun hark bide bat hartzen duela eta guk beste bat. Hor badago poetaren eta irakurle ezinezkoaren arteko talka hori. Nik idazten dizkiot poemak, jakinda hizkuntza ez duela ulertuko eta ez duela hitz egingo. Gu ere zenbaitetan gaude hitzaren bila, mingainetik ezin atera, zintzilikatuta. Negua da. Elurrak dena zuritzen du. Zarata isiltzen du. Badago hori guztia hor.
Hirugarrena, basagereziak eta udaberria, zure ikasleei eskainita.
Alaixeagoa da. Jada ez da hain pertsonala. Eta orduan, hausnarketak bestelakoak dira.
Antxoa-bueltak.
Hori ikasle batek esan zidan. Psikologia ematen nien garai horretan, memoriaren gaia. Eta batek esan zidan: “Badakizu zergatik antxoek ematen dituzten hainbeste buelta? Ez dutelako gogoratzen buelta eman dutela; horregatik daude beti bueltaka”. Oso ona iruditu zitzaidan, eta hortik egin nuen konparazioa gizakiokin.
Laugarrena, mugurdiak, uda eta aforismo errimadunak.
Hiztegi labur bat, aurrekoaren laburpena izan daitekeena. Laburrean. Denbora edukitzeko hondartzara joateko. Eta mugurdiak bezalakoak, txiki-txikitxoak, aleka jatekoak.