Oihane Mateos: “Informazioa kontsumitzeko modua aldatu egin da, eta lan egiteko modua ere aldatu behar dugu”
Komunikazioa etengabe ari da aldatzen, baina horrek ez dio beldurrik ematen Oihane Mateosi. Telebistan ezagutu genuen Ibarrako kazetaria eta digitalizazioan murgilduta dago gaur egun. Eitb.eus atariko albistegi-burua da eta hari egokitu zaio informatzeko modu berriei erantzuteko estrategia prestatzea. Erronka handia du aurrean, baina ilusioz ari da lanean, etorkizuneko audientziari eskatzen duena emateko.
ELKARRIZKETA
Oihane Mateos, ongi etorri TTAPera!
Eskerrik asko!
Aurpegi ezaguna zara, askok telebistatik ezagutuko zaituzte. Baina, gaur egun, Eitb.eus-eko albistegi-burua zara.
Lan berrian!
Lan berria, ezta?
Bai, bi urte pasatxo.
Eta zer egiten duzu, zehazki?
Ba, albistegi-buru bati tokatzen zaiona. Nolabait, albistegiak gainetik gainbegiratzea eta editorialki erabakiak hartzea. Eta askotan esaten dut: lan asko eta ezer ez, leku askotan eta ezertan ez.
Asko aldatu da albisteak kontsumitzeko modua.
Bai, baina nik uste dut albisteak kontsumitzeko modua etengabe aldatzen dela. Orain jarrita daukagu azpimarra digitalizazioan, eta, nolabait, horrekin interpretatzen dugu bereziki aldatzen ari dela, baina, atzera eginda, etxe honetako aspaldiko irudiak ikusita, eta albistegiak nola ziren, eta platoak nola ziren, eta irrati-emanaldiak nola ziren, eta webguneak orduan ez zirela existitzen… nik uste dut aldaketa-prozesu hori etengabekoa izan dela. Orain, digitalizazioak plus hori ematen dio, euskarria aldatu egiten dela.
Etxe honen apustuetako bat da.
Bai, apustua eta erronka handia. Kontsumitzeko modua aldatzeak dakar lan egiteko modua ere aldatu behar dugula. Hau komunikabide bat da; komunikabide honen ardatza ez da digitala izan, ez zelako hori kontsumitzaileen ardatza ere, baina orain, hori indartzen ari den heinean, etxe osoko lan egiteko modua ere aldatu behar da. Eta hori transformazio handia da, eraldaketa handia eta erronka handia. Baina niri iruditzen zait EITBk beste eraldaketa batzuei ere ondo erantzun diela eta honi ere erantzungo diola.
Ze proiektu dituzue esku artean?
Batez ere, webgune berria, eta hori hilabete batzuen buruan esku artean izango dugu, zorionez! Eta, gero, sare sozialak indartzea. Kontsumitzaile berriak, gazteak, nahi baditugu, sare sozialetan indarri jarri beharra daukagu, ze sare sozialetan informatzen da jendea. Gu geu ere bai, askotan!
Agian, gazteak orain ez daude albistegiaren zain, edo nahieran ikusten dute gero, edo nahi dituzten albiste horiek bilatzen dituzte.
Bai, baina informazioa, oro har, esan liteke sare sozialen bidez iristen zaiela. Hau duela urte batzuk pentsaezina zen, baina iritsi da. Eta nork bere buruaren azterketa txiki bat egiten badu eta zenbat aldiz sartzen den Instagramen digital handien albisteak zeintzuk diren ikusteko edo azken orduak, hori gizarte osoaren isla da.
Kazetariontzat informazio-iturri ere bihurtu da Twitter edo X. Alde onak ditu, baina arriskuak ere bai, edonor bihurtu daiteke-eta albiste emaile, eta horrek bere arriskuak ere baditu.
Bai, eta oso kezkagarria da jende askok nola interpretatzen dituen sare sozialak, eta, bereziki, X. Irainerako eta epaitzeko erraztasun hori. Norberak etxea oso garbi izan behar du besteen etxeetan sartu aurretik. Eta oso erraz iraintzen da, oso erraz epaitzen da. Denok krudeltasun horrekin jokatuko bagenu, akaso, ez litzaiguke hainbeste gustatuko.
“Gazteak erakarri nahi baditugu, sare sozialetan jarri beharra daukagu indarra“
Badirudi batzuk zain egoten direla kritikatzeko.
Bai, dudarik gabe.
Oihane, alerta sistema ere baduzue; gaur egun, unean bertan jaso nahi dugu albistea, eta horretan ere ari zarete lanean.
Bai, aipatu dugu sare sozialak indartzea dela guk esku artean dugun helburuetako bat. Eta sare sozialak indartzeko, Instagramen bi kontu zabaldu genituen, euskaraz eta gazteleraz, eta Whatsapp difusio-kanala ere bai. Honen aurretik zer etorri da? Albiste digitalei izen bat eman nahi izan zaie. Telebistako albistegiek badute izena, Gaur egun eta Teleberri, irratian ere albistegiek badute izena, Euskadi Irratian Goizak gaur eta Radio Euskadin Crónica de Euskadi… Bueno, ba, esparru digitalean izena jarri nahi izan zaie, eta hori izango da Orain. Eta Orain ari da pixkanaka hedatzen. Albisteen atala web berrian Orain izango da eta sare sozialetan Orain izena zabaltzen ari gara. Eta Whatsappek ematen du, sistema bera oso azkarra delako, momentuan informatzeko bidea.
Eta Orain-en eduki propioak sortzen ari zarete; izan ere, ez da berdin informatzen sare sozialetan edo telebistan.
Sare sozialek eskatzen dutena da eduki natiboa egitea. Guk webguneko albiste bat modu berean ezin dugu Instagramen jaso. Horregatik esaten nizun kontsumitzeko modu berriek eskatzen dutela lana beste modu batean egitea, eta guri tokatzen ari zaigu bete-betean. Eta orduan, sare sozialetako eduki natiboa sortzen hasi gara.
Bertikalizazioa, hizkera ere ezberdina da.
Errotulazioa, komunikatzeko modua, hizkera… dena. Eskatzen du propio moldatzea, atontzea eta sortzea.
Eta hemendik aurrera, zer?
Hemendik aurrera tokatuko zaigu aldaketa berri horiei eustea. Guretzat oso garrantzitsua da etxe osoan ulertzea lan egiteko modua aldatu behar dela kontsumo berri horiei egokitzeko. Eta guri, esparru digitalari dagokionez, ondo erantzutea Instagramek eskatzen duen lan modu horri, web berriak eskatuko duen lan modu berri horri, Whatsappek, Youtubek, Tiktokek etorkizunean…
Edo etorriko diren sare sozial berriak, ezta?
Bai, ze honek ez du ematen epe laburrean gelditu egingo denik.
Uste duzu gazteei interesatzen zaiela informazioa? Badute jakin-minik munduan zer gertatzen den jakiteko?
Bai, baina, akaso, beste mota bateko jakin-mina daukate, eta hori, batzuetan, jakin-minik ezarekin lotu liteke. Eta nik uste dut badutela jakin-mina, baina beste era batera eskatzen ari direla informazioa. Askoz arinago, askoz azkarrago… Eta guk hori, akaso, negatibotzat jo genezake: eduki bat modu oso arinean kontsumitzea. Baina gazte bati horrela esplikatu behar diozu eta horrela hasiko da aktualitatea kontsumitzen. Eta hori sakondu nahi badu, baditu beste bide batzuk.
Azkenean, etorkizuneko audientzia hori gaztetatik harrapatzea…
Bai, eta kontsumitzeko modu hori ez lotzea arinkeriarekin, baizik eta beraiek informatzeko duten modua dela ulertzea.
Azkenean, beste gizarte batean jaio dira. Mugikorrak eskuan zituztela jaio dira, ohituta daude azkartasun horretara, beste erritmo batera, eta hori eman behar zaie.
Bai, eta gero, naturalizatu egin behar dugu “hau Tiktoken ikusi dut” horrek ez duela zertan txarra izan. Gazteak horrela informatzen dira eta guk informazio mota hori eman behar dugu.
Eta komunikabide publiko batek hor egon behar du, ezta?
Beste inork baino lehenago eta beste inork baino erantzukizun handiagoarekin.
“Europa iparraldeko komunikabideak pauso bat aurrerago doaz webguneen diseinuan”
Eta gure kasuan, euskaraz.
Bai, hori plus bat da, zalantzarik gabe, leiho berri bat da, gure indargune bat da, eta hor ezin dugu hanka sartu.
Baduzue erreferenterik beste hedabideen artean?
Hor daude BBC eta beste handi batzuk, baina, azkenaldian, Europa iparraldeko komunikabideetan arreta jarrita daukagu, ze webguneen diseinuan oso aurreratuta doaz eta abangoardiako diseinuak egiten ari dira. Eta arreta jarri behar izan dugu, pauso bat aurrerago baitoaz.
Eta, adibidez, zer ikusi duzue?
Webgune oso-oso garbiak, eduki bertikalak txertatuta dauzkatenak. Eta horrek sinergia ere errazten du, ze zu ari bazara Instagramerako eduki bat prestatzen, gero ez daukazu hori weberako atondu beharrik. Karrusel bertikalak txertatuta dauzkate beste eduki mota baterako, informazioa bera beste itxura batekin.
Oihane, albistegi-burua izateak lan karga handia dakar. Erredakzio bat kudeatu behar duzu eta zuk orain arte ez duzu halakorik egin; nola egiten da?
Jo… topiko bat esango dizut. Pertsonen kudeaketa ez da erraza eta hor asko ikasi behar da eta hanka sartu behar da eta norbere buruarekin kudeatzen ere ikasi behar da.
Gainera, zuk zeuk esan duzu, ez da bakarrik jendea kudeatu behar duzula: erredakzio bat ere kudeatu behar duzu. Guk orain arte era batera egiten genuen lan, eta egunero ari gara ikasten, egunero ari gara moldatzen.
Esan daiteke borroka daukazula geruza ezberdinetan. Dauzkazu erredakzio barruan edo lantaldean betebehar batzuk, etxe barruan beste betebehar batzuk, ze aldarrikatu behar da baita ere esparru digitalak presentzia bat behar duela. Orduan, geruza ezberdinetan betebehar ezberdinak, eta hori dena kudeatzea da, nolabait, nire lana.
Beldurra eman zizun baietz esateak postua eskaini zizutenean?
Beldurra ez. Nik ez nuen halako eskaintzarik espero, eta behar ere ez. Alegia, ni nire eginkizunetan oso gustura eta eroso nengoen. Etorri zitzaidan aukera, ikusi nuen aldatzeko abagune bat, eta esan nuen: aurrera!
Zure hasieretara joko dugu: noiz erabaki zenuen kazetari izatea? Noiz piztu zitzaizun kazetari sena?
Jo, ba, ez dakit esaten. Umetako oroitzapen gehiago dauzkat nire etxean jolasten irakaslea izango banintz bezala, kazetaria baino. Baina, gero, aldi berean, erabaki behar izan nuenean, ez nuen inolako zalantzarik izan.
Beraz, barruan zeneukan.
Ba, nik uste dut baietz, baina ez umetan garatu nuelako. Nonbait, barruan neukan!
Eta zeintzuk izan ziren zure pausoak? Ikasketak egin zenituen, eta gero zer?
Euskadi Irratian bekaldia egin nuen lehendabizi; gero, garai hartan Realak telebista propioa izan zuen urtebetez. Proiektu pilotu bat izan zen eta Jon Balentziaga lankidearekin Erreala Telebista aurkeztea tokatu zitzaidan. Eta gero, ETBn sartu nintzen, baina ekoiztetxe bidez. Garai hartan zeuden Pásalo, Vuelta de tuerca… Kalean bideo pila bat egitea tokatzen zitzaidan. Ordu txikitan umeen programa ere bazegoen, eta han erredakzioko lana neukan. Programa pila bat. Eta gero albistegietara pasatu nintzen.
Eta zenbat aldatu den lana, zenbat aldatu diren edukiak, zenbat aldatu den estiloa, ezta?
Eta erritmoa! Zuzeneko baten hasieran ez zegoen denbora mugarik, edo ez zitzaion hainbesteko garrantzirik ematen. Eta nik editore bat baino gehiago daukat buruan esaten dutenak: “40 segundo luzeegi da; motzago!”.
“Albistegi baten zuzeneko batek ematen dizun adrenalina ez dizute gauza askok ematen”
Lehen, zuzeneko bat egiteko kamioi bat eramaten genuen eta zuzeneko oso gutxi egiten ziren albistegietan; orain, dena da zuzenekoa.
Orain, telefono batekin nahikoa da. Horrek errazten du zuzenekoen lana lekuak bilatzeko, mugitzeko… Batzuetan, zuzeneko bat daukazu leku batean, baina azken orduko bat baldin badago hiriaren beste puntan, egin dezakezu. Hala ere, horrek bere xarma ere badauka. Albistegi baten zuzeneko batek ematen dizun adrenalina ez dizute gauza askok ematen.
Faltan igartzen duzu?
Ostiraletan Egun on, Euskadi saioan kolaboratzen dut, eta platora sartzen naiz. Zuzeneko programa da eta astean behineko poz hori badaukat. Baina albistegi bateko zuzenekoak ematen dizun adrenalina hori, akaso, bai.
Eta jendeak galdetzen dizu zertan ari zaren lanean orain? Ematen du telebistan agertzen ez bazara ez duzula lanik egiten!
Bai, iritsi zait denetarik pasatu dudala. Haurdunaldi bat ere bai, ni enteratu gabe!
Oihane, nola ikusten duzu gure lanbidearen etorkizuna?
Ba, ona! Nik beti ikusten dut edalontzia erdi beteta!
Adimen artifiziala hor dago, badaude adimen artifizialarekin sortutako aurkezleak… Ez duzu uste hori iritsiko denik!
Ez dut uste adimen artifizialak komunikatzaile on bat ordezkatuko duenik, ez dut uste adimen artifizialak aurkezle on bat ordezkatuko duenik. Adimen artifiziala ikusi beharko da lankide bat bezala edo osagarri bat edo hobetzeko tresna bat bezala. Baina etorkizunari nik beti aurrez aurre begiratzen diot!
Eta non ikusten duzu zeure burua hamar urte barru?
Ez dakit, ez dakit. Hemen ere ez nuen ikusten. Ez dakit non egongo naizen hemendik hamar urtera, eta beldurrik ez dit ematen. Beti pentsatzen duzu: lana faltako balitzait… Baina ez dit denbora askorik kentzen; zeozer egingo dugu, ezta?
Orain arte denetarik egin baduzu, hemendik aurrera ere bai!
Nik uste dut baietz.
Telebista, irratia ala webgunea?
Telebista.
Eta uste duzu telebistak eman dizun hori edo telebistan duzun esperientzia hori plus bat dela zure webguneko lanarentzat?
Bai; formatu batek ez dauka zerikusirik bestearekin. Baina telebistan edo irratian egiten duzun ibilbideak laguntzen dizu gaurkotasuna ulertzen edo ikuspegi zabalagoa izaten. Baina esan behar dut baita ere webgunean egon eta goizeko bileratik arratsaldera arte egoteak laguntzen dizula etxearen funtzionamendua, gaurkotasuna beste modu batera ikusten. Esan nahi dut… ez dakit non ikasi dudan gehiago: bi urtean webgunean edo hamabost urtean telebistan!
Asko esatea da hori!
Bai; bi urte hauetan etxea ezagutu dut izugarri, eta funtzionamendua. Hau gurutzaontzi handi bat da, jende mordoa gaude. Egunero aktualitatea jartzen dugu mahai gainean eta horri aurre egin behar zaio eta hori kudeatu egin behar da. Lan handia da gurutzaontzi erraldoi honetan aktualitateari aurrez aurre begiratzeko.
Eta ez duzu uste transatlantiko honetan mugak galtzen ari direla? Lehen zen: telebista, irratia eta webgunea. Eta geroz eta gehiago sinergia bat dagoela eta prest egon behar dugula denean lan egiteko. Hori da etorkizuna.
Nik uste dut baietz. Nik uste dut menperatu egin behar ditugula euskarri ezberdinak, eta euskarri bakoitzak eskatzen duena ezagutu.
Eta horretan ari zara lanean.
Momentuz, bai!