Oihana Gale Zamponi: “Ipar Euskal Herrian diglosia totala da”

Oihana Gale Zamponi euskararen eta euskal kulturaren eragilea da. Harekin hitz egin dugu beraren ibilbideaz, Ipar Euskal Herriko euskararen egoeraz eta Azterketak Euskaraz mugimenduaz, besteak beste.

ELKARRIZKETA

Oihana Gale Zamponi, ongi etorri TTAPera!

Mila esker, Idoia.

Nola aurkeztuko zaitut?

Euskal kulturako langile eta eragile bezala.

Baionarra zara eta Kazetaritza ikasketak egin zenituen Leioan, EHUn. Nolako esperientzia izan zen ikasketak Hego Euskal Herrian egitea?

Orain biziki begi onez ikusten dut. Guretzat Bilbo Bordele baino hurbilago dago, eta nik ez nekien sobera ongi zer egin. Frantzian ez dago ikasketarik zuzenean Kazetaritza ikasteko, eta Leioara joan nintzen. Bertan festa asko egin nuen… eta ikasi pixka bat. Eta ondoren, Bordelen egin nituen ikasketa gehiago. Bistan dena, kulturalki desberdintasunak badira, nahiz eta oso hurbil egon eta euskara badugun; esperientzia bikaina izan zen eta euskal munduari irekiera bat ere bai.

Txikitatik izan zara jakin-min handiko pertsona?

Kazetari izateko nahia argazkilaritzaren bidez izan nuen. 15 urterekin argazkilaritzarekin harremantzen hasi nintzen, aitak lagundurik, eta asko maitatu nuen. Gainera, aita beti ibiltzen zen Munduko Medikuetan eta beti banuen mundura joateko irudi hori, eta, horretaz gain, gure etxera fotokazetari aski garrantzitsuak etortzen ziren. Horrek kazetaritza ikasteko nahia sortu zidan. Egia da fotokazetarien lana asko aldatu dela mugikorraren garapenarekin. Bestetik, konturatu nintzen guda batera joatea tiro bat jasotzeko aukerarekin ez zela nire asmo handiena. Beraz, pixka bat desbideratu nintzen bide horretatik.

Abenturazalea zara, beraz.

Bai, betidanik eta familian odolean izan dugun zerbait da hori. Maite dugu bidaiatzea, gauza berriak ezagutzea, ikastea, kultura berriak ikustea… Horrek motibatzen nau.

Kazetari aritu zara lanean?

Bai, pixka bat. Miarritzeko Maitaldia festibalaren karietara euskarazko artikulua hiru ustez zegidan nik idatzi nuen, eta biziki esperientzia ona izan zen. Bestetik, Iparraldeko Eusko Ikaskuntzan egunerokotasunean komunikazio arduradun gisa ere aritu naiz. Langile bakarra izaki, tartean ere kazetari lanak egiten ditut. Azken batean, kazetaritza beti ondoan dut.

Kulturaren eta euskararen esparrura nola egin zenuen salto?

Bietara egin nuen salto, ene ustez. Bordelera ikasketak egitera joan nintzen eta faltan sumatu nuen Euskal Herria. Beraz, itzuli nintzelarik Elkarren lan egiteko aukera izan nuen eta dena ezagutzen saiatu nintzen. Denda handia zen eta bertan Lorentxa Saraguetarekin pila-pila ikasi nuen, eta zinez maitemindu nintzen euskal kulturaz eta euskaraz. Ikusten nuen egoera ez zela polita eta gauzak guk eraman behar genituela aurrera. Dantzaren bidez sartu nintzen Begiraleak taldean eta bertatik ere kulturalki gauza asko sartu zitzaizkidan. Hor hasi den dena nahasten eta zerbait sortzen.

Gaur egun, Iparraldeko Eusko Ikaskuntzako koordinatzailea zara; zein lan egiten duzue han?

Eusko Ikaskuntzaren lana da gizarteak gaur egun dituen kezkei erantzutea: sozialki, kulturalki, ekonomikoki eta hizkuntzari begira. Iparraldeari dagokionez, euskararen ofizialtasunik ez dugunez, euskararen eta euskal kulturaren sustatzaile gara. Saiatzen gara hitzarmenak egiten udalekin eta beste partaide batzuekin. Asko aritzen gara lankidetzan eta uste dut hori dela gure indarra. Azken urteetan eskoletan lan egiten ari gara eta lan biziki polita eramaten dugu.

Zein beste proiektutan parte hartzen duzu?

Adibidez, Mintzalasai proiektuan parte hartzen dut. Festibal bat da, gaur egun formatua aldatzen ari dena, euskara sustatzen du eta euskaldunak bultzatzeko eta aurrera eramateko tresnak sortzen ditu. Bestalde, AEKn ere sartua naiz eta bertan eskolak ematen ditut. Aurten guraso talde bat dut eta oso interesgarria da beraiekin lan egitea. Eta gero, pertsonalki, dantza munduan eta ipuin-kontaketan ere banabil. Nire hizkuntza maite dut eta animatzaile izan nintzen aisialdi zentroetan, eta uste dut hori barruan atxiki dudala. Bestetik, familian haur eta alabatxietatik zaharrena naiz eta ohituta nago guztiak nirekin eramatera zerbait egitera. Maite dut jendea lotzea gauzei, eta gaur egun horiek guztiak egiten izugarri gozatzen dut.

Biziki gauza interesgarriak pasatzen ari dira Ipar Euskal Herrian

Euskararen militantea zara, beraz.

Bai. Gaur egun, gu ez baldin bagara militante, nor izango da? Beldurtu egiten gara. Bada belaunaldi bat Azterketak Euskaraz mugimenduaren inguruan mugitzen ari dena, baina ez gara aski. Gaur egun, Ipar Euskal Herrira jende pila-pila bat etortzen ari da bizitzera, pentsatuz Frantziako hegoaldera etortzen dela, eta beraiek ez dute beharrik sentitzen euskara ikasteko, ez haien haurrak euskalduntzeko ere. Eta hor biziki zaila da, zeren eta desoreka oso handia da, eta diglosia totala. Bertako askok ere ez dute euskara ikasi eta ez dute ikasiko. Euskalgintzaren munduan izokinak garela esaten dugu, korrontearen kontra goazelako. Baina ez badugu guk egiten, ez dut uste besteek egingo dutenik. Beraz, ari gara. Gutxi gara, baina, ene ustez, indar asko dugu eta gure helburua pixkanaka denak euskalduntzea eta euskaraz bizitzeko aukera izatea da.

Datuak gogorrak dira Ipar Euskal Herrian. Hauxe Eneko Gorri Plazara kooperatibako kideak eman dituen datuak: azken hamarkadan, 400 euskaldun irabazi ditugu. Baina 20 urtez, 3.500 euskaldun galdu eta 39.500 erdaldun irabazi dira. Duela 25 urte biztanleriaren erdia baino gehiago euskaldunak ginen. Orain, %20 gara. %80k ez dakite euskaraz.

Datu gogorra da, batez ere, jakitun izanda elebidun eskolak sortu direla, ikastolak daudela… Ari gara lanean; beraz, gisa batez, desilusio handia da. Zeren pentsatzen duzu ari zarela egiten, gauzak aurrera eramaten dituzu, Euskal Kultur Erakundea, Euskararen Erakunde Publikoa… horiek guztiak sortu ditugu, baina, azkenean, ematen du ez dugula egiazko indarrik eta ez dugula lortzen gure helburura joatea. Euskalgintzan ari zarelarik ez da depresiboa izan behar, zeren batzuetan zaflakoak biltzen dituzu. Nik uste dut ari garela pixkanaka tendentzia aldatzen, baina oso zaila dela. Kanpotik datozen horiek guztiek euskara ikasiko balute, ez litzateke arazorik egongo, baina bada desoreka hori, eta, bestetik, Euskal Herrian bizitzeko aukera ere eduki behar dugu, zeren hori beste arazo potolo bat da. Aberatsa izan ezik, konplikatua dugu bertan bizitzea.

Azterketak Euskaraz azken urte hauetan euskararen aldeko ekimen bizigarriena eta esperantzagarriena bezala ikusten dugu askok.

Lehenik eta behin, azaldu behar da Ipar Euskal Herrian gaur egun nahiz eta gure ikasketak osoki euskaraz egin, gure azterketak frantsesez pasa behar ditugula. Nire garaian, 2009an pasa nuen Baxoa [Frantzian Goi Mailako ikasketak egin ahal izateko ezinbestean eskuratu behar den titulua da]. Hau da, hizkuntza batean ikasten dugu eta beste hizkuntza batean pasa behar dugu azterketa, eta hor desoreka bat sortzen da. Frantzian hizkuntza ofizial bakarra dago, frantsesa. Gure ikasleek gaur egun borroka bat eramaten dute eta egia da lortzen ari direla pixkanaka-pixkanaka gauza batzuk. Baxoaz gain, institutura sartu baino lehen beste azterketa bat egiten da, Brebeta [Frantziak 14-15 urteko ikasleei euren kolegioko eskolaratzea gainditu dutela ziurtatzeko ematen dien diploma da]. Nire kasuan, Brebeta osoki frantsesez pasa nuen. Egia da ikastoletako ikasleek badugula gaitasuna hori egiteko; hau da, euskaraz ikasi eta frantsesez azterketa egitekoa. Izan ere, batzuetan esaten digute frantsesa ez dugulako menperatzen ez ditugula azterketak frantsesez egin nahi. Eta hori ez da kontua. Kontua da gure hizkuntzan bizi nahi dugula eta, beraz, azterketak euskaraz pasa nahi ditugula. Biziki ongi menperatzen dugu frantsesa, maleruski bizitzeko beharrezkoa dugulako. Brebeta eta Baxoa euskaratzeak edo, bederen, euskarazko diploma bat sortzea da erronka, eta biziki konplikatua da.

Zenbat urte daramatzazue Azterketak Euskaraz aldarrikapenarekin?

Bada denbora! Nire garaian, 2009an, eskatzen zen Baxoa euskaraz egiteko eskubidea; beraz… Gaur egun, Parisera joaten dira, biziki motibatuak dira eta sostengatuak ere bai. Hau da,jendeak ez du zalantzan jartzen azterketa horiek euskaraz izan behar dutela. Seaskaz gain, gainera, gaur egun beste eskola batzuek ere defenditzen dute hori. Ari da aldatzen, eta ikusiko dugu zertara eramaten gaituen. Baina gaur egun, oraindik unibertsitate mailako ikasketak ezin dira egin euskaraz Ipar Euskal Herrian. Euskal Filologia ematen da Baionan, baina gai batzuk frantsesez ematen dira bertan.

Euskararen egoera oso desberdina da Lapurdin edo Zuberoan?

Bai. Barnealdean herrietan gehiago hitz egiten da euskaraz. Badago oraindik etxeko euskara hori, eta mantendu da gehiago. Kostaldean kanpoko jende gehiago etorri denez, desoreka handiagoa da. Alta, euskaraz eskolaratuak direnen datuak hartzen baldin baditugu, aski orekatua dago kontua.

Zeintzuk dira indarguneak?

Kulturalki talde asko daude lanean eta biziki gauza interesgarria pasatzen ari da une honetan. Gauza berriak sortzen ari dira euskararen inguruan bai dantzan, bai antzerkian, hitzaldiak, zinemagintzan… Nire belaunaldiak, bederen, euskara ez du gehiago ikusten kresal batean sartuta, badakigu baliatu egin behar dugula, zikindu egin behar dugula pixka bat. Euskara gureganatu behar dugu eta niri aitzineratzen nauena da noizbait haurrak ditudanean euskaraz bizitzeko aukera izango dugula eta hori guztia transmititu ahalko dugula. Haurrak ikusten ditugu nola euskararekin motibatzen diren, eta haiek dira etorkizuna. Eta ni haiek motibatzen naute asko.

Gu ez bagara euskararen militante, nor izango da?

Ingelesa ere hor dago…

Nik uste dut baietz. Frantzian borrokatzen da asko ingelesaren eta anglizismoen aurka. Hala ere, nik uste dut hemengo haurrek xantza gehiago izango dutela euskara ikasten badute ingelesa baino. Ingelesak badu hegemoniatik, pixka bat gaztelaniak ere baduen bezala. Ontsa da hizkuntzak ezagutzea, hainbeste mundu ezagutzen dituzulako, baina uste dut ingelesa ikasi baino lehen euskara ongi ikasi behar dugula. Eta gero, goazen mundura zabaltzera.

Zein esku-hartze egingo zenuke zuk euskararen egoera aldatzeko?

Erradikala izango naiz pixka bat, baina uste dut Ipar Euskal Herrian zinez euskararen politika bat sustatu nahi baldin badugu, botere publikoek indar gehiago jarri behar dutela, nahiz eta bakarrik ez den haiengatik etorriko irtenbidea. Noski, ofizialtasuna edukitzeak asko lagunduko luke, bistan dena. Eta baita ere beharrezkotzea. Biziki gaizki ikusten da jendea behartzea, baina gaur egun herriko etxe batera deitzen duzu eta frantsesez erantzuten dizute; ez dira gai ezta “egun on” esateko. Nire ustez, administratiboa den guztia euskaratu egin behar da eta behartu egin behar da. Ez da goxo behartzea, baina uste dut horretara iritsi garela, zeren ez badugu behartzen, ez dugu lortzen. Bakoitzak bere hautua emanez, euskara ez du behar; beraz, ez du ikasten.

AEK-ko irakaslea ere bazara; zein da euskara ikasteko motibazioa?

Gurasoen kasuan, argi eta garbi haien haurraren ikas-prozesua segitzea eta, batez ere, haurrarekin hitz egitea. Baina beste taldeetan izaten da gehiago pertsona horiek esaten dutela beraiengatik denak frantsesera pasatzen direla. Beste batzuek bikotekide euskalduna dute. Eta beste batzuek izen-abizen euskaldunak dituzte eta ez dakite euskaraz, eta horrek motibatzen ditu. Konturatu naiz askok gehiago integratu eta euskal munduan sartzeko ikasten dutela euskara.

Eta zerk motibatzen zaitu zu?

Espero dut noizbait euskaldun peto-petoa izatea, inork gaizki begiratu gabe. Horretaz gain, lagunen artean ongi pasatzeak motibatzen nau. Eta ikasleei zerbait transmititzeak ere bai.