Oihana Azkorbebeitia: “Niretzako, ez da kirola bakarrik, mendiari errespetua galtzen ari zaio”

38 urte daramatza korrika Oihana Azkorbebeitiak (Abadiño, 1981), azkeneko hamabostak mendian zehar. Era horretan bi pasio bakan lotuta. Mendiari errespetu zintzoa dio, profesionaltasunetik kanpo lasai korritzen du eta emaitzak hala heldu zaizkio.

Ez dugu denbora asko zurekin egoteko, Oihana, lehendakariarengana joan behar baituzu…

Bai, deitu ninduten. Ez daki zehazki zertarako, baina bai, Gasteizera joan behar dugu lehendakari jauna ezagutzera.

Ez zaude ohituta horrelako gauzetara.

Ez, lehenengo aldia da lehendakariarekin horrelako gauza potolo bat egiten dudala.

Ez dago gaizki, halere…

Errekonozimendu puntu hori ez da txarra, baina zergatik jakin behar dut oraindik.

Gaur hemen Durangon euria eta hotza dugu, korrika egiteko, zuretzako, eguraldi aparta.

Gozatu egiten dut eguraldi honekin. Eta txingorra badago, pozik.

Zuk korrika bizitza osoan zehar egin duzu, ezta?

6 urterekin Abadiñoko eskolan, krosean. Gero, Durangon Bidezabal klubarekin  jarraitu nuen atletismoan. Gero, Zaragozara Albaitaritza ikastera joatean gelditu nintzen, baina karrera bukatu aurretik hasi nintzen mendi lasterketetan, eta orain arte.

Orain, denok dakigu zer den mendi lasterketa bat. Baina zu duela 10 urte baino gehiago hasi zinen. Orduan bazenekien zer zen?

Nire koinatuaren partetik ezagutu nuen. Orduan, 2005ean hasi nintzenean, oso gauza arraroa zen. Gainera, asko aldatu da, duela 15 urtekoak ez dauka zerikusirik gaur egungoarekin. Ni mundu batean hasi nintzen eta bilakaerak hona ekarri gaitu. Haurrak edukitzean eten bat egin nuen eta gerora bueltatzean dena aldatuta zegoen.

Zer aldatu da?

Teknologia aldetik denak doaz haien erloju bereziarekin; zapatiletan lehen Salomonak ziren zeuden bakarrak. Gaur, hamaika modelo daude. Janzteko, entrenamenduak, lasterketa… Aurrerapen bat egon da teknologia aldetik, batez ere.

“Doaz” esan duzu, eta ez “goaz”.

 Ez; kar, kar. Nik nire super Casioa daukat hemen, nire atletismo garaikoa, duela 20 urtekoa. Oraindik ez naiz pasa Garmin edo Suunto batera, baina egunen batean pasako naiz. Momentuz, mendia beste era batean bizi dut.

Modan dago mendian korrika egitea?

Bai. Gauza erraza da. Zapatilak hartu eta mendira. Kirol merkea da eta boom handi bat dago horren inguruan.

Modak iristen direnean, askotan esaten da tradizioak, ohiturak edo, kasu honetan, kirolak kutsatu egiten direla. Baina kirol bat modan jartzea ezin da txarra izan, ezta?

Ez, baina galdu egiten dira mendiak dituen balioak. Ez da “denak mendira arineketan”. Mendia ez da hori bakarrik. Mendia joateko, arnasa sakon hartzeko eta gozatzeko lekua da eta jendea aurikularrekin joaten da. Ni zentzu horretan ere ez nator bat. Niretzako, ez da kirola bakarrik, mendiari errespetua galtzen ari zaio.

Lehenengo, mendia, eta gero, kirola.

Behin korrikalari bati esan nion ez zela mendizalea, baizik eta kirolaria, kaskoekin zihoalako entrenatzera. Ez zitzaion gustatu eta mendizalea zela esan zidan. Mendira ezin zara joan aurikularrekin. Mendiak soinu propioa dauka, zuk entzun nahi ez duzuna. Kirolaria bai, matxakatzea gustuko duzu. Baina mendia, ez. Mendizalea txikitatik hasi da mendian, eta gerora, arineketan.

Zenbatetan zoaz zu astean mendira?

Albaitaria naiz, bi ume ditut, etxeko andrea ere bai…  Txakurrekin egunero noa eta korrika egitera mendian gora bi egunean behin joaten saiatzen naiz. Eta asteburuetan saiatzen naiz 3-4 orduko tiraldi luze bat egiten.

Abadiñon bizita, ez duzu urruti.

Bertan daukat. Ni mendira oinez joaten naiz. Etxetik irten eta mendian nago jada.

Modarekin erreferenteak sortu daitezke, baina zu hasi zinenean, beharbada, ez zen egongo.

Ez, ni hasi nintzenean oraindik ez zegoen orain hainbeste den Kilian (Jornet), ni baino gazteagoa baita.  Eskian bazen, 5 urtetatikdarama, eta pasada bat da. Orduan ez zegoen erreferenterik. Gaur, egun badaude, baina nik ez daukat idolorik. Badago jendea kristorena egin duena, eta bertatik ikasteko ondo dago, baina itsutu gabe.

Zuri noizbait argazki, autografo edo aholku bila etorri al zaizkizue?

Bai. Instagramen 900 eta piko lagun eskaera dauzkat onartu gabe, ezagutzen ez ditudanak. Eta jendeak aholku bila idazten dit eta nik ezin diedala lagundu erantzuten diet. Ni nire airera noa; ez daukat entrenatzaile, dietista edo laguntzailerik. Nik nire gorputza ezagutzen dut eta nire sentsazioen arabera egiten dut lan; beraz, ezin ditut lagundu.

Zure denboraldi onena izan da aurtengoa?

Ez dakit. Hainbeste gauza egiten ditut nik ama izanda eta lanean, non ikustea Munduko Kopan lehenengo hamarren artean nagoela, entrenatzeko eta konpetitzeko bakarrik dauden gazteen artean, asko dela.  Gauzak ondo egin ditugun ez dakit, baina meritua badugula uste dut.

Kilometro bertikalean, behintzat, bai, garaipenekin eta guzti.

Garaipen bakarra, Japonian. Gero, bertikaletan bigarren egin nuen 3Kn eta hirugarren Tronson, Norvegiako beste bertikal batean. Baina, orokorrean, Munduko Kopan hirugarren egin dut.

Mundu osoan zehar bidaiatzea zuk zeuk finantzatu behar duzu?

Bertikalen kasuan, aurten, bai. Euskal Selekzioko planetan ez da Kilometro Bertikaleko Munduko Kopa egitea sartu, eta, beraz, nire kabuz antolatu dut.  Beste lasterketak, bai, eta, bi egutegiek kointziditu dutenean, bidaia eta egonaldia ordaindu didate. Gauza da normalean ez naizela bakarrik joaten, bikotekidearekin eta haurrekin joaten garela, eta, beraz, beste guztia gure kontu doa.

Txakurrak, etxean.

Txakurrak, etxean; kar, kar. Noizean behin, eraman ditugu furgonetan.

Zer nahiago duzu: kilometro bertikala ala karrera luzeagoak?

Biak gustatzen zaizkit, lasterketaren arabera. Adibidez, Anbotoko bertikala asko gustatzen zait, niretzako neurri egokia duelako. 3.800 metrotan  kilometro bat igo behar dugu, eta, beraz, ez da Frantzian egin berri dudana bezain pikoa, 1.800 metro eskasetan kilometro gora egin duguna.

Eskalada ia-ia.

Pasada bat izan zen. Anbotok neurri egokia du niretzat. Beste lasterketak, 20-30 kilometrokoak, lasterketaren arabera. Niretzako onena gogor samarrak direnak dira, ia oinez egin behar direnak.

Entrenatzailerik gabe, dietarik gabe, hor goian jarraitzen duzu.

Askotan galdetu didate eta gauza bera diot beti. Daukadan tarte eskasean nire gustura antolatzen naiz; pozik banabil, emaitzak badatoz. Noski berezko hori badaukadala, eta, nire airera egindakoa gehituta, hor emaitza. Seguru nago entrenatzaile eta dietista hartuz gero emaitzak ez zirela berberak izango, estresatuta egongo nintzelako.

“Mendian aurikularrekin? bekatu mortala”

Marka da gero munduan zehar hainbeste lasterketa egonik berezienetako bat hemen edukitzea, Zegama-Aizkorri.

Zegama Euskal Herriko giroak egiten du berezi. Munduko Kopan badaude lasterketa askoz ikusgarriagoak, baina Zegamak jendea dauka. Lasterketa bera ez da munduko beste edo zer, baina hemengo giroa ez dago beste inon.

“Ikusgarriagorekin” paisaiari buruz ari zara.

Bai. Zermatten (Suitza) korrika, adibidez, Matterhorn ikusten ari zara. Eta gero, handik mendiak igo genituen. Momentuan ez zara konturatzen non ibili zaren, baina gero, droneak egindako bideoak  ikusita, pasada bat da.

Jakin behar baita non zapaldu.

Noski! Gainera, aurten, karrera gogortu dute. Konparaketa eginda, ez dauka zerikusirik Zegamarekin.  1.000 lasterketa ikusgarriago daude Zegama baino. Gorbeia Suzien, adibidez, antzekoa da. Gero ere, sasoia dago, ez da gauza bera maiatzean edo ekainean egitea ala orain udazkenean. Boom bat sortu da lasterketa horrekin eta aurtengoa pasada bat izan da eguraldiak lagunduta.

Telebistan ematen hasi dira ere.

Nik ez dut ikusten karreran egoten naizelako, kar, kar,  baina telebistan beste edozer ikustea baino hobea da.

Bideo bat badago aurtengo zure Zegama-Aizkorriko helduerarekin. Haurrak hartu eta helmuga zeharkatuta.

Gainera, ni ez nintzen ohartu nire atzetik zetorrela. Alboan hasten da eta uste nuen atzean geratu zela. Gero bidali zidan eta asko gustatu zitzaidan. Egonkorgailu horrekin, oso polita.

Helmuga gozoa, ez 2011koa bezalakoa.

Ez bainintzen iritsi! Kilometro eta erdira gelditu nintzen. Bero asko zegoen, 30 gradutik gora. Edaten aritu nintzen, baina ez zara konturatzen eta kilometro eta erdira, lurrera!

Amorrua…

Momentuan, amorratu baino gehiago, beldurtu egin nintzen. Ez nekien zer pasatzen zen. Galdetzen nion nire buruari: “Zer pasa zait? Mareatuta, lurrean botata, ezin naiz altxa…”. Amorrurik ez. Hurrengo egunean, gainera, pixka bat pasata egon nintzen. Geroztik ez zait berriz pasa.

Lasterketan zehar pentsatzen zoaz: “Gorputza zaindu, hidratatu, jan…”.

Aurten, adibidez, Zegama horrelakoa izan da, bero askorekin. Marka txarra izango zen, baina ura edango nuen, jango nuen… Ez nuen nahi halakorik pasatzea.

40 kilometro luze dira, baina, azkenaldian, ultra-trailak ohikoak dira. Ez duzu halakorik gustuko.

Ez dit arretarik pizten. Ez lasterketa kberak, ez aurreko prestakuntzak. Ez daukat denborarik ez gogorik. Momentuz, ez nau motibatzen horrelako lasterketa batek, bi egun hor zehar, adibidez, Mont Blanceko ultra-traila, gau guztian mendian galduta ibiltzea… ez nau motibatzen.

Ez da zuretzako.

Momentuz, ez. Agian, gerora, bai. Esaten dute adin batetik aurrera gorputzak txispa galduta ondo daudela lasterketa horiek.

Zuk amatasunaren ondoren hobera egin duzu.

Bai, baina txipa aldatzen delako. Gorputza aldatzen da, baina txipa ere bai. Lehentasunak beste batzuk dira, eta lasaitasuna ematen du. Umeak edukita, gainontzekoa bigarren plano batera pasatzen da.

Albaitaria, etxeko lanak, ama… nondik ateratzen duzu denbora mendirako?

Ahal denean. Niretzako, ihesaldia da. Galdetzen didatenean, “zenbat entrenatzen zara?”. Ni ez naiz entrenatzen. Ni mendira korrika joaten naiz eta entrenamendu gisa balio dit. Goizean eskolara eraman umeak, txakurrak hartu eta basora noa. Atzo, adibidez, ordutxo bat aritu nintzen. Beste egun batean, gogotsu banago, ordu eta erdi, eta gogorik ez badut, ordu erdi.

Berdin hartuko zenuke kirolari profesional bat bazina?

Ez nintzen izango.. Nahiz eta norbaitek eskainiko balidake ere. Ez nuke gozatuko; derrigorreko gauza bat bihurtuz gero, ez nuke biziko.

Egia da telebistak eta babesleek lagunduta dirua heltzen ari dela. Hori korrikalariei iristen zaie ala antolakuntzan geratzen da?

Batzuei bai. Nik neuk ez dut inoiz topatu. Badaude batzuk zapatilen babesa dutenak edo nire lagun bat, adibidez, meloien marka batek babesten du. Mugituz gero, aurkitzen da. Baina Zegama batek, adibidez, batzen duen diru guztia ez dakit non gelditzen den, korrikalariei gutxi heltzen zaigu. Edo kanpoko korrikalariak ekartzeko ala antolakuntzak hartuko du.

Zure diskurtso honekin, zaila egiten zait pentsatzea pertsona lehiakorra zarenik.

Karreran, gero, bai! Egia da ez daukadala anbizio askorik. Niri gustatzen zaidana da ateratzea, ongi sentitzea eta aldapan gora egurra ematea. Aldapan behera ere bai, baina okerrago aritzen naiz. Banaiz lehiakorra, baina ez esajeratuta. Helmugara gozatua hartuta iristea gustatzen zait.

Zer nahiago duzu, zure marka hobetzea ala aurkariaren aurretik iristea?

Nire marka hobetzea. Urte batean hirugarren banaiz eta hurrengoan bosgarren baina marka hobearekin, azken honekin gelditzen naiz.

Hori da mendiko Oihana. Baina badago liburu artean ongi moldatzen den Oihana Azkorbebeitia ere. Nola atera zen liburua idaztearena?

Nire bikotekidearen ideia izan zen. Haurrak jaiotzean asko bidaiatzen genuen eta ideia eguneroko txikitxo bat egitea zen, argazki askorekin eta lasterketako kronika txikiekin, haiek haztean ikusteko. Horrela hasi ginen, baina handik denbora batera liburua egiteko ideia atera zen. Lasterketak bukatu eta gero, nik kronikak idazten nituen, berak zuzendu, eta azkeneko Durangoko Azokan atera genuen.

Lasterketa hain luzeetan gauza asko pasatu behar dira burutik, ezta?

Momentu ezberdinak daude karreran, gorakadak eta beherakadak.

Garrantzitsua da burua okupatuta mantentzea?

Hori baino garrantzitsuagoa da jakitea non zauden. Zegama bat oso luze egin daiteke. Orduan, beherakadak 20. kilometroan ematen badizu, oraindik beste 22 gelditzen dira. Eta orduan pentsatu behar da non zauden, nora joan behar duzun eta zein den zure helburua. Kontziente izan behar da zer nahi den.

Zu Euskal Selekzio ofizialarekin aritzen zara, ez da ohikoa.

Aurten, proba bat zegoen Italian; gure Selekzioaren egutegian ez zen sartzen eta Espainiako Selekziotik deitu ninduten. Esan nien ez naizela espainola sentitzen, euskal herritarra naizela eta nire kabuz joango nintzela Selekzioko kamisetarekin. Haiek bazekiten nire erantzuna deitu aurretik, baina deitu behar nindutela esan zidaten. Gure kirolean, zorionez, profesionalak ez garenez, egin dezakegu. Taldeko guztiok gure ogibidea dugu, eta, orduan, ez dugu beharrik Espainiako Selekzioari baietza emateko. Uko egiteko pribilegioa dugu gure Selekzioan gaudelako. Beste kirol batzuetan ezin diote uko egin. Txirrindulari batek, adibidez, hortik pasa behar du. Zentzu horretan, ni ez naiz profesionala sekula izango, hortik ez dudalako pasa nahi.  Podium batean ikurrinarekin egoteak zeresana ematen du, baina gure identitatea erakusteko modu bat da.

Eztanda egingo duen burbuila bat da hau ala beheraka pixkanaka egingo duena?

Auskalo! Momentuz, goi-goian dago. Agian, iritsiko da momentu bat jaitsiko dena, baina ez guztiz, lasterketa popularraren antzeko itxura hartuko duena.

Frikientzat bakarrik.

Orain, badirudi korrika egiteko berezi jantzi behar dela, mallak, zapatilak, erlojua, bastoiak… Hori igual eroriko da, baina lasterketek jarraituko dute.

Eta zu? Noiz arte?
Ba, gorputzak aguantatu arte. Ni beti ibiliko naiz, txakurrekin edo haurrekin. Lehiaketa mailan ez dakit noiz arte, ahal den arte.

Aurikularrik gabe beti.

Beti. Hori, niretzat, bekatu mortala da. Asfaltoan, behar bada, bai, baina mendian? Sekula ez!