Oier Sanjurjo: “Futbolak egin nau”

Familiarekin, Osasunarekin, gizartearekin, euskararekin konprometitua dagoen Osasunako kapitaina. Momentu ederrak bizi izaten ari da, besteak beste, mailaz igo berri direlako. Igoeraren gaineko galderarik ez duzu, dena den, elkarrizketan aurkituko, apiril bukaeran grabatuta baitago. Erretiratzeko ordua hurbiltzen ari zaion honetan, bi helburu ditu jokalari moduan: mendeurrena bizi izatea eta Sadar berria ezagutzea.

Oier, gaur apirilak 26 ditu. Jendeak beranduago ikusiko du, baina garrantzitsua da markatzea ze egunetan gauden. Zenbat daramatzazue etxean galdu gabe?

Ba, 13 partida uste dut erreskadan.

Zuk aipatu duzun honetan guztian, egonkortasun horretan, esan nahiko du ere asko?

Bai, bai, erabat. Gainera, pendiente genuen asignatura bat da. Iaz galdu genuen gure zaleekin harreman hori. Egia da iazko futbola ez zela oso erakargarria izan eta, beno, beraien arrazoia zuten zaleek, baina aurten eman diogu buelta erabat eta jendea erotua eta pozik dago gurekin, eta gu jokatzen ikusteko gogoz.

Egia da zaleek iazko denboraldia hasi zutela jaitsiera batetik hasita…

OS: Bai, espektatiba batzuekin, eta guk, igual ere, zama hori nabaritu genuen. Baina, azkenean, autokritikoak izan behar dugu, bakoitza bere buruarekin eta talde bezala ere, baina neurri batean. Ez da baten errua %100ean, gauzak banatu egin behar dira, bakoitzari dagokion neurrian.

Aipatu dituzu zaleak. Eta zaleak Osasunak daukan altxor handienetako bat da.

Pasada bat da. Gainera, goraipatu nahiko nuke une txarrenetan entzuten zaiela gehien. Gauzak ongi doazenean erraza da. Baina aurten sekulako konexioa izaten ari da, eta oso polita:  nola ospatzen dugun etxean garaipena lortzen dugun bakoitzean Hegoaldeko Harmailako sektore horrekin, eta gero ere zelai guztia gurekin dago, eta hori baloratzekoa da. Osasuna taldera jokatzera datorren kanpoko jendeak esaten du harritzen duela erabat,  hemen beste modu batean bizi dela eta badagoela hurbiltasun hori eskertzen dena. Badago hor kimika eta babes hori eta hori sentitzen du kanpoko jendeak.

Osasunak dauzka gizonezkoen eta emakumezkoen taldeak, futbola bera izanik. Eta zaleek erantzun izan diote horri ere bai.

Bai; gainera, sekulako kanpaina egin dute. Neskei ere babesa eman behar zaie, beraiek ere eskubidea dute futbolean jokatzeko eta disfrutatzeko eta jarraitzaileak izateko, eta perspektiba ere pixka bat aldatu beharko genuke denok.

Askotan, gure seme-alaben erreferentziak beti gizonezkoak dira. Baina Osasuna bezalako talde batek nesken horrelako talde bat izatea… Neskek ez dute kanpora joan beharrik jokatzera, gure neskek ere badituzte neskak diren erreferentziak. Klubak berak transmititzen dituen beste balio horiekin edo beste konpromiso horiekin ere badoa.

Bai, hori ere harro egoteko modukoa da. Klubak hartu duen norabidea, bai euskararekin hartu duen protagonismo hori..

Ordenantzetan sartu zuen ere bai, ezta?

Bai, nik uste dut baietz. Euskaldunak garenok beharrezkotzat jotzen genuena aspalditik, baina bueno, eman da pausoa eta hori goraipatzekoa da, baina berdintasunaren harira esan nahiko nuke, azkenean, gizarteak berdintasunaren alde egin behar duela lan. Eta, horren aldetik, Osasuna ente publikoa den heinean, oihartzun handia dauka eta adibide bat da. Bakoitzak bere etxean egin behar du, nik ere hiru haur ditut eta nik ere etxean egiten dut, etxeko lanak ere bai. Hezkuntza bat ematen ari natzaie nire haurrei; bai ni eta bai nire emaztea edozer gauza egiteko gai garela. Osasunak ere alde horretatik apustu ederra egiten du berdintasunaren alde eta harro egoteko modukoa da.

Ospakizun urteak direla esan dugu. Igotzen bada, ospakizun egun handia izanen da. Zuk ospakizun horiek bizi izan dituzu ere bai. Baina aurtengoa berezia al da?

Bai, begira ze irribarre jartzen zaidan aurpegian.

Bai, badakit. Ikusten zaizu.

Amets egiten dut honekin. Ohera sartzen naizeneko momentu horietan ere nire burua ikusten dut ospakizun horretan. Baina izan behar dugu nolabaiteko egonkortasun emozionala alde horretatik. Ikaragarria litzateke bigarren igoera bat ospatzea nire herriko talde kuttunarekin. Aurrekoak bai ekarri zuela ekonomikoki sekulako lasaitasuna klubarentzat, baina nik uste dut igoera honek ekarriko duela klubarentzat egonkortasuna. Lehenik eta behin, kluba merezi duen tokian uztea, zeren gauzak norabide egokian egiten ari dira, fundamentuarekin, erroak jarriz etorkizunari begira, eta egonkortasuna emango lioke bai ekonomikoki eta bai instituzionalki gauzak ongi egiten jarraitzeko.

Gainera, Osasunaren 100. urteurrenarekin lotuko litzateke.

Horrek ere sekulako ilusioa egiten dit aurrera jarraitzeko indar guztiarekin. Izan ere, pentsa, etxeko mutiko batentzat, edo gizon batentzat,  100. urteurrena ospatu ahal izatea jokalaria eta kapitaina izanik ohore bat da.  Eta, gainera, orain gutxi jakin dugun bezala, Sadar berria eraikiko da. Badira faktore asko, eta denek bultzatzen gaituzte baikorrak izatera eta sekulako gogoa izatera.

Ospatu behar ditugu, baina banaka, bestela denak harrapatuko gaitu!

Neurrian eta tokatzen den bezala.

Baina denak ospatuko ditugu. Intentzio hori daukagu, behintzat.

Intentzio hori bai.

Oier, futbolak egin zaitu?

Bai, erabat. Nire nortasuna jorratu dut futbolaren inguruan.  Ehuneko ehunean ez, noski, jaso dut nire gurasoen heziketa; gero, bizitzan badira esperientzia pila bat jorratzen zaituztenak, baina nortasunaren aldetik futbolarekin heldu naiz, bai.

Eta, gainera, izan zenuen urte bat galiziar bihurtu zinena, Celtan jokatuz, baina urte gehienak hemen eman dituzu. Horrek ere asko esan nahi du.

Urte hura ere oso aberasgarria izan zen nire autoestimua handitzeko. Benetan sinetsi nuen posible nuela profesionala izatea, eta honetarako balio nuela. Nire bizitza osoa hemen eman dut, egia da; esan behar dizuet futbolean jorratzen direla sekulako balio politak: lantaldea, eskuzabaltasuna…

Oso ohituak gaude komunikabideetan alde txarrak ikusten edo entzuten. Baina futbolak, ziur naiz, horrelako pertsonak egin baditu, futbolak asko dauka emateko.

Bai, asko du, asko du. Gainera, esan behar dut, futbolaria izateko, ez dakit jendea jabetzen den, baina oso heldua izan behar duzu.

“Osasuna gauzak norabide egokian egiten ari da, oinarri sendoa jarriz etorkizunerako”

Oso gazte hasten zarete….

Oso gazte eta ez du edonork edo edozeinek balio mundu honetan egoteko. Oso mundu agresiboa da, oso aldakorra, eta horretan buruak badu paper handia.

Buruak bakarrik? Edo zure inguruak ere bai?

Nortasuna, autoestimua… askotan egoten dira kolokan eta hor indarra izatea ez da erraza. Lantaldea sekulakoa da. Ongi ez zaudenean nola babesten zaituen taldeak, edo zuk taldeari erakusten badiozu nolakoa zaren, gero taldeak babesten zaitu. Badira detaile pila bat, langile izatea, zintzoa izatea zure buruarekin eta besteekin… Oso polita da eta kapitaina naizen aldetik balio horiek biderkatzen dira eta detaile horiei erreparatu behar diezu asko.

Zuk orain 32 urte dituzu. Esan dugu oso gazte hasten zaretela futbolean zabiltzatenok horretatik bizi izaten. Zurekin dauden gazte horiek aipatu dizkidazun balio horien guztien jakitun dira?

Jakitun dira, baina denak behar du prozesu bat, eta, azkenean, argi ikusten duzu zu zeu gai zarenean ikusteko eta konturatzen zarenean zure kabuz. Nerabe nintzenean nire gurasoek esaten zidatenean hau horrela da, kontuz, hau eta beste… ulertzen nuen, baina neure begiekin ikusi arte edo barneratu arte… Gazteei erakusten diegu eta esaten diegu edo aholkuak ematen dizkiegu, baina beraiek ere konturatu behar dute beraien kabuz.

Oier, zuk, pertsonalki diot, orain, jakin nahiko nuke ze helburu dituzun. Helburu horiek lortzeko zer duzun, edo ze estrategia, ze misio daukazun eta nola bideratuko zenituzkeen?

Oso harro nago nire buruarekin. Futbolean urte polita izaten ari da eta kapitaina naiz. Ikusten dut nire ingurua ongi doala, kluba osasuntsu dagoela… Gero ere futbolaren aldetik nire helburua da mendeurrenean hemen egotea eta Sadar berria ezagutzea eta Lehenengo Mailan egotea bai hurrengo urtea eta bai urteurreneko hori. Polita litzateke. Egia da nik 33 urte bete behar ditudala.

Jesukristoren adina.

Jesukristoren adina; kar, kar, kar. Eta nire erretiroan pentsatzen hasia naiz, pixka bat nondik norakoa izango den.

Bai? Hausnarketa hori egina duzu?

Egiten hasten naiz, bai, poliki-poliki. Prestatu behar dudalako modu batera edo bestera.

Eta horrek ez dizu beldurrik ematen? Izan ere, azkenean, ezagutzen ez duzun mundu batera joan zaitezke.

Nik nire burua ikusten dut gai  gauza ezberdinetan ongi mugitzeko, eta mugituko naiz, badut gogoa. Ikusten dut hurbil dagoela ia erretiratuko naizen egun hori. Zenbat eta beranduago izan, orduan eta hobeto, baina 33 urterekin normala da hori pentsatzea, eta begiratzen dut atzera eta esaten dut: egin duzu bidea! Orduan, harro nago horrekin.

Urte asko eman dituzu zure etxe honetan. Esan dezakegu zure bigarren etxea dela?

Erabat! Ordu pila pasatzen dut taldekideekin eta nire bigarren familia izango balitz bezala da. Azkenean, hor sortzen diren loturak eta harremanak oso bereziak dira.

Lehenengoa daukazu etxekoa, bigarrena taldekide familia hori, hirugarrena Lizarrakoak?

Lizarrakoak dira nire lehenengo familia.

Hori da zure sustraia.

Nire sustraia da hori. Baditut hor arrebak, gurasoak, ilobak eta lagunak, noski! Eta hori mantendu behar da beti.

Horiek hor daude. Horiek ez dute hutsik egiten, gainera.

Ez dute hutsik egiten, hori da.

Agian, hemengo taldekideek gero bai.

Begira, gauza bat oso kuriosoa gertatzen da. Sekulako ordu pila pasatzen dugu gure artean, eta harreman eta bizipen bereziak izaten ditugu, baina egia da hain aldakorra denez futbola, ba, urte batetik bestera hain abiadura handian doanez hau, orain Whatsappekin-eta kontaktua mantentzen duzu, baina poliki-poliki hozten doa. Esku batekin konta daiteke, izan ditudan taldekide guztiekin, zenbatekin dudan harreman sendo eta iraunkor hori.

Eta, gainera, jakin badakit izan dituzula aukerak kanpora joatekoak, baina gero balantza egiten duzu eta zuk erabakitzen duzu kanpora joan edo ez. Taldekide horiek ere joan eta etorrian egon daitezke. Zaila da urte askotako lotura edukitzea taldekide batekin.

Bai; gainera, gu futbolariak garenez, aste bukaeretan izaten dugu gure laneguna edo gure asteko tentsio momenturik altuena aste bukaeran izaten da. Eta gu, normalean, jai edo libre izaten dugu astelehen, astearte… eta, alde horretatik, zaila da erlazioa mantentzea beste taldekideekin; bata joan da ez dakit nora, kilometro pila… Aste bukaeretan ez baldin bada, astean zehar haurrak ditugu, ikasketak… Zaila da harreman hori mantentzea.

Futbolean aritzeak utzi dizu zure familiaz gozatzen ere bai.

Bai, erabat. Horrekin ere sekulako zortea daukat. Asteburuak ezin ditut gozatu jende gehienak bezala, lagunekin edo familiarekin nonbaitera joanez, baina, bestalde, badut hori, entrenamenduak goizez izaten direla, ordu batean etxean nagoela, eta gero, arratsalde guztia dudala bai haurrekin eta bai emaztearekin pasatzeko. Uste dut kalitatezko orduak direla haurren heziketan, eta orduak pasa behar direla haurrekin heziketa ona izateko.

Gerora eskertuko dizute.

Nik uste dut baietz, eta nik ere bai. Paseoan arratsalde guztietan Iruñeko alde zaharrean barna, mandatuak egin, gora eta behera… Azkenean, denbora pasa behar da beraiekin.

Harro esaten dituzu gauza hauek.

Bai, bai, bai. Gainera, baditut hiru seme oso majoak direnak.

Eta hori noren kulpa da?

Kar, kar… Ez dakit. Bakoitzak bere neurrian badauka berea. Sekretua errutina bat edukitzea da, ordutegi bat eta denbora pasatzea.

Oier, futbolak eman dizun alderik onena? Zer eman dizu? Zer kendu?

Eman didana da jende pila ezagutzeko aukera eta horrela nire burua irekiagoa izatea. Ezagutzen dudalako mota guztietako jendea, ideologia ezberdinetako jendea; ez dakit, oso aberasgarria da alde horretatik.  Bueno, eta gauza positibo gehiago. Pila bat. Eta kendu? Ba, beti faltan izan ditut aste bukaera horiek. Izatea aukera hori nire lagunek libre dutenean nik ere libre izateko edozein plan egiteko, sagardotegi batera joateko bazkaltzera, landetxe batera joateko haurrekin. Mundu guztiak jai duenean guk ere izatea. Alde horretatik, mugaturik egon gara, baina dena ezin da izan bizitza honetan.

Eta lesionaturik zaudenean ezin dituzu egin horrelako eskapadak?

Bueno, bai, errazagoa da, baina, azkenean, buru-belarri egon behar duzu zure lesioarekin. Igual, ordu gehiago pasatzen dituzu lesionatua zaudenean errekuperatzeko prozesu horretan.

Ez dituzu asko izan, ezta?

Beno, izan ditut bi larri, eta horrek jorratzen zaitu ere futbolari bezala eta pertsona bezala.

Beraz, hasieran esan didazun bezala: alde txarretik beti atera behar duzu alde ona.

Saiatu behar dugu mentalitate hori izaten. Hor dago sekretua; bestela, erori egingo ginateke, ez ginateke altxatuko.

Aipatu ditugu zaleak, taldekideak, kluba. Zer diozu hemen egurra ematen dizueten Jagoba Arrasateri eta Bittor Alkizari buruz?

Oso eroso gaude. Bistan dago. Eta egia da oso tipo jatorrak direla, sekulako zortea izan dugu beraiek etorri direlako edo aukeratu dutelako Osasunako entrenatzaileak izatea. Tipo naturalak dira, normalak, eta hori, askotan, futbol munduan ez da erraza aurkitzen. Eta, azkenean, naturaltasun horretatik dena ateratzen da errazago.

Gertutasuna transmititzen dute.

Bai, baita ere.

Oier, nik zorterik onena opa dizuet. Ez bakarrik zuek, klubak, zaleek.. Nik uste dut nafarrak garenok ere, nahiz eta ez izan oso futbolzaleak, nafar bezala ere badugula grina hori, nahi hori.

Bai; gainera, gu kontziente gara. Ez garela gu bakarrik, jende asko dagoela atzean eta jende askoren sentimenduekin jokatzen dugula. Jendeak disfrutatzen du irabazten badugu, eta, alderantziz, sufritzen du, guk bezala, galtzen badugu. Eta orduan, kontziente gara eta guk ere badugu ardura hori. Jendeak gurekin gozatzea nahi dugu.

Eskerrik asko. Zorterik onena, Oier.

Eskerrik asko zuri.