Oier Guillan: “Umorea sekulako tresna da nire kezkei eta kezka sozialei buruz hitz egiteko”

Idazle, aktore, ekoizle… hamaika langintza egin ditu urteotan guztiotan; bereziki, Metrokoadroka konpainian. Aztia ikuskizunarekin harat honat dabil, eta ekoizpen horretarako idatzitako idazlana Aztitza liburu berrienean ere aurki daiteke.
Ongi etorri TTAPera, Oier.
Eskerrik asko.
Aztia diskoaren bidetik, akaso, Aztitza liburua bidean da. Azalduko zeniguke zer diren bata zein bestea?
Aztia, lehenik eta behin, disko bat da. Don Inorrezen bulkada bati erantzunez sortu dugun lana da. Gero etorri da emanaldia, eta, gu antzerkilariak garenez, guretzat diskoa oinarri garrantzitsua da. Baina, lehenik eta behin, disko bat izan zen taldearentzat berariaz idatzitakoa antzerki bakarrizketa batean oinarrituta. Aztitza, berriz, azken garaietan eta azken urteetan –batez ere, Mister Señora idatzi nuenetik– idatzitako hainbat testuren konpilazioa da. Hamaika idazlan dira guztira; tartean, liburua zabaltzen duen Aztia izenekoa.
Zure ibilbidean egindako antzezlan edo obren konpilazio bat dela esan daiteke?
Bai. Ibilian asko idazten dugu, antzerkian gabiltzan heinean. Metrokoadroka gure talderako idatzitako testuak ohikoan idazketa kolektiboak izaten dira, baina batzuetan niri egokitzen zait beste era bateko lan batzuk egitea, pertsonalagoak. Liburu horrek biltzen ditu idazketa mota horiek.
Bulkada hitza aipatu duzu elkarrizketaren hasieran; bulkada batekin hasitakoa oholtzaraino eraman duzue.
Bulkadarena, akaso, Imanolek azaldu beharko luke nik baino hobeto. Nirekin harremanetan jarri zen, Don Inorrez proiektuarentzat disko berri bat egin nahi zuelako eta ez zuelako oso argi zein norabide hartu, zer kontatu eta nola. Hark proposatu zidan diskorako zeozer idaztea. Nik esan nion letragintzan egin izan ditudala lanak, baina errespetu handia diodala letragintzari eta, normalean, kosta egiten zaidala. Bai, hura ari zen, hain justu, Mister Señora irakurtzen eta aipatu zidan liburuko pasarte batzuk oso musikagarriak iruditzen zitzaizkiola. Orduan esan nion, agian, idatz nezakeela antzerki bakarrizketa bat ideia horretatik abiatuta eta ea hortik kantuak ateratzeko gai izan zitezkeen. Eta horrela abiatu genuen prozesua. Idatzi nuen letrez, hitzez, betetako paisaia oso zabal bat Aztia izena hartu zuena. Eta hark hortik kantak atera zituen. Niretzat izan zen zerbait magikoa ikustea nola halako ideia zabal batetik hasi ziren sortzen beste gauza batzuk. Horrela sortu zen diskoa. Proiektuak forma hartu ahala, ikusi genuen antzerki bakarrizketa bat egonik oinarrian, agian merezi zuela oholtzarako pauso hori ematea. Aurretik bagenuen esperientzia bat elkarrekin, zuk ondo ezagutzen duzuna [Nola belztu behar Zuria, Bide Ertzean]. Oroitzapen oso polita genuen eta bagenekien oholtza gainean ondo moldatzen ginela elkarrekin. Kasu honetan, antzerkia izanik, Metrokoadroka kolektiboko Ainhoa Alberdirekin eta Idoia Beratarbiderekin harremanetan jarri ginen eta horrela joan zen forma hartzen, oholtzara iritsi bitarte.
“Don Inorrezen bulkada bati erantzunez sortu dugun lana da”
Zure kasuan, zure rola ez da batere ortodoxoa; idazle, aktore eta ekoizle irudikatzen zaitut.
Multimierda; kar-kar.
Ekilibrista hutsa! Gauza bera betiko moduan egitea ez duzu batere maite? Ala esperientziak eraman zaitu horrela jokatzera?
Oarsoaldeko Mikelazulotik nator. Hura bazen laborategi etengabe bat, eta, sorkuntzaren munduan murgildu ginenean, diziplina arteko jarduna zen erabat. Eskola bat izan zen guretzat, eta han naturalena zen beste diziplina batzuekin elkarlanean gauzak egitea. Eta taldean. Nahiz eta nire oinarria idazketa izan. Urteekin, antzerkigintzan gero eta gehiago murgildu ahala, ikasten duzu apur bat denetik egiten. Urteek aurrera egin ahala joan gara gure lekua topatzen. Azken garaiotan geroz eta gehiago itzalean geratu naiz, azpiko lanetan. Produkzioa gauza asko dira. Ez da bakarrik proiektuak aurrera ateratzea. Bada ere talde giroa zaintzea, sinergiak lantzea eta idazketa. Baina idazketa bada dramaturgia, mugimendua lantzea… Idazketa, antzerkian, oso kontzeptu zabala da. Aztia niretzat izan da, ia-ia, oholtzara itzultzea.
Aztitza liburuaren aitzin-solasean bada aipamen bat: Erreferentziazko pertsonaia. Hori nola ulertu behar da?
Ez dakit; kar-kar. EHAZEko edizio taldekoek idatzitakoa da. Apur bat lotsatuta irakurtzen dut hori, eta hori errespetatu egin behar dut. Hori hor dago eta onartu beharra dago.
Liburuaren hainbat piezatan begirada zorrotz, kritiko eta autokritikoa antzeman dute liburuaren editoreek. Aztia-n osagai horiek agerikoak dira.
Bai. Nire idazteko moduan, tonu aldetik denetik dagoen arren, umore asko dago. Eta umorea sekulako tresna da nire kezkei eta kezka sozialei buruz hitz egiteko. Iruditzen zait, batzuetan, umoreak zenbait gai lantzeko zubiak eraikitzen dituela. Umoreak gerturatzen zaitu pertsonengana, entzuleengana, irakurleengana. Eta ez da erraza izaten; iruditzen zait batzuetan umoreari apur bat mesfidantzaz begiratzen diogula, hutsala izango balitz bezala edo gai batzuei garrantzia kenduko balitzaie bezala, baina nik uste dut batzuetan kontrakoa dela. Begirada zabaltzea ahalbidetzen du, jendartean dauden kezkak lantzeko. Elementu horri asko erreparatzen diot. Bufoiak bere burua jartzen du erdigunean. Badaki makilakadak jasoko dituela, eta bere buruaz barre egiten du, hasteko eta behin. Bufoiarena ez da bakarrik teknika bat, jarrera bat baizik. Oso gustuko dut hori. Landu izan dugu, fisikoki, badelako antzerki teknika bat, baina bada filosofia bat ere. Alde horretatik, autokritikoa izatea ezinbestekoa iruditzen zait kritikoa izatera iritsi ahal izateko.
“Idazketa, antzerkian, oso kontzeptu zabala da”
Umorea aipatu duzu, eta ez zait batere jarduera erraza iruditzen. Ondo pasatzea bada gauza ederra, ikusle modura. Aztia-n, esaterako, zuk zeuk, Oier, gehiegi antzeztu gabe, hitzaren bidez eta keinu soilen bitartez lortzen duzun konplizitatea ez zait batere ariketa erraza iruditzen. Mamiari helduta, ezin dugu askorik kontatu. Zoriontasunari buruzko hitzaldi, ikastaro edo coach saio moduko batean murgiltzen gaitu protagonistak. Eta aipatu duzun zure kutsu sozial horretatik abiatuta, euskarak eta euskal kulturak tarte zabala dute. Uste dut ikusleen aldetik identifikazioa erabatekoa dela.
Aztia idazten hasi nintzenean, desliluraren ideiatik abiatu nintzen. Ikusten nuelako jendartean –batez ere, pandemia garatik hona– bazegoela halako pisu bat, karga bat, atzera egite bat. Urteak pasa ahala konturatzen hasi gara pandemiak uste baino eragin negatibo handiagoa izan duela, hainbat arlotan, eta atzerapausoak eman direla, zentzu askotan. Kulturgintzan hala ikusten dut, baita euskararen arloan ere. Badago ideia kontserbadoreetara eta beldurra ematen duten ideietara bira bat, mundu osoan. Eta iruditzen zait kulturgintza edo euskara arloetan atzerakada ekarri duela horrek. Arlo sozialean ere gogoeta egin ahal izango da horri buruz; adibidez, osasungintzan. Eta ideia horiek kezkatzen ninduten. Ez nuen oso argi nola jokatu, baina, Don Inorrezeko Imanolek bezala, bulkadei erantzuten diet, eta idazten hasi nintzen eta ideia horiek azaleratzen. Desesperantza, deslilura… gero eta gehiago topatzen nuen sortzaile batzuen kantetan, bertsoetan, eta nire kezka zen nola ez geratu hor. Eta hortik sortu zen desdesliluraren kontzeptua. Ezin zaiolako deslilurari izkin egin. Lilura izan daiteke idealizazio bat, eta helburua ez zen obra honekin idealizazio berri bat adieraztea, baizik eta esperientzia barnebiltzen duen jarrera bat: nola atera gaitezke hemendik eta berriro ahaldundu eta indartu, baina gertatzen ari dena ukatu gabe. Ideia horretatik abiatuta, oso kontzeptuala eta oso sakona ematen duena, hasi nintzen jolasten, eta ahots bat topatu nuen. Oso bufoneskoa da, Patrika Zabalegi izenekoa, coach modukoa. Mundu horretan sartu ginen geure buruaz barre egiteko eta, batez ere, min horiek topatzeko eta zer egin genezakeen hausnartzeko. Idazten ari nintzen heinean, ideia hori nire gorputzetik eta ezagutzen dudanetik pasa nuen. Deslilura bazegoen, neurri handi batean, kulturgintzan. Batez ere, pandemiatik hona sortu diren mugimenduetan edo egoeretan. Frustrazio asko antzematen dut, urteetan lortu den gutxi hori galtzen ari da; neurri batean, galtzen ari dira euskararentzat plazak. Baina ez nuen horretan geratu nahi. Hori bazegoen lehendik, eta ez da erraza gogoeta egitea eta kritika egitea errazkerian erori gabe. Eta, bestalde, nekatuta gaude, baina banatuta. Kexatu egiten gara, baina gero, ez dago prestutasunik elkartzeko, nekagarria delako elkartzea, eztabaidatzea, negoziatzea. Iruditzen zait, lehenik eta behin, geure buruari begiratu behar diogula eta esan: “Ados, kexa ondo dago, baina zer daukagu, zehazki, proposatzeko?”. Nekagarria da, eta oso nekatuta gaude, baina ez badugu hortik ekiten oso zaila izango da egoera aldatzea. Beste behin ere, oso serio ari naiz, baina hori guztia saiatu naiz umoretik ekartzen. Hori oso puntu interesgarria iruditzen zait gogoeta egiten hasteko. Ez dadin izan beti pisua eta zama. Topatu behar dugu gogoa eta indarra ere bai.
“Umoreak gerturatu egiten zaitu pertsonengana, entzuleengana, irakurleengana”
Ikuslea testuinguruan jartzeko, kultur sortzaile koitaduaren azalpen dramatizatu bat da, akaso, Aztia?
Desliluraz hitz egiten da, orokorrean. Edonork, dabilen lekuan dabilela, deslilura bere bizi-esperientziara eraman dezake, eta ez du zertan kulturgintzan aritua izan. Uste dut nahiko orokorra dela desliluraren gaia jendartean, eta edonork topa dezakeela.
Muinean, bada jokabide bitalista bat. Urte batzuk baditugu eta esperientziak metatu ditugu. Deslilura eta desesperantza hor daude, baina muinean badago bizinahia.
Ni neu ere pasa naiz egoera guztiz desbitalizatu batetik. Lanartea kultur sortzaileen elkarteak egin zuen inkesta bat, eta bazen galdera bat oso deigarria egin zitzaidana eta galdetu izana asko eskertu nuena. Galdera, gutxi-asko, honako hau zen: “Zenbat alditan, azken urteetan, planteatu duzu zeure buruari dena uztea?”. Galdera hori, egoera hori… hortik pasatakoa naiz. Batzuetan, egoera oso astuna da. Alde horretatik, ikuskizuna bada bitalista. Ez dut konformatu nahi. Lekua, jarrera, indarra… bilaketan ari naiz. Duela gutxi irakurri dut Jule Goikoetxearen Politeismo Bastarta liburua, eta, Anjela Davisen hitzak gurera ekarrita, itxaropena ez da etortzen den zerbait; landu behar den zerbait da.
Aztia ikuskizunaz ezin askorik aurreratu. Onena bertaratzea da.
Emanaldi hori berezi samarra da, ez da erraza azaltzen. Musika, antzerkia, bakarrizketa… emanaldi hibridoa da, eta sortzen da konplizitate bat ikusleekin. Laburbilduz, hori esan daiteke.