Oier Arantzabal: “Parte-hartzea ‘zu zeu’-ren oinarrian dago”

Martxoaren 22an ‘Margolaria’ jendeaurrean aurkeztuko du, Zinemaldian estreinaldia egin eta gero. Apirilean ‘Zu zeu’ agerkariak hamargarren urteurrena beteko du. Bi egitasmoren erdigunean Oier Arantzabal dago, ekimen beteko sortzailea.

Informazioa hain likidoa den garaiotan, Margolaria Zinemaldian amaitu zen egitasmoa izan zela dirudi. Eta, hain justu, oraintxe dator garrantzitsuena: jendaurreko aurkezpena.

Bai. Neuk ere sentsazio beretsua izan dut. Donostiako Zinemaldiko aurkezpena egitea oso intentsoa izan zen. Niretzat ere hura oso garrantzitsua izan zen, lanketan hainbeste denbora eman eta gero…

Porturatzea bezala izan zen, hein batean.

Bai, bai. Azken bi urte luzeko egitasmoa askatzea izan zen. “Dokumentala dagoeneko ez da nirea pentsatu nuen, aurkezpen hura eta gero. Zinemaldia ederra da, pribilejio hutsa, baina anekdota modukoa da. Orain datorrelako, martxoan, benetako aurkezpena. Zinema aretoetan pelikula ikustea jende guztiaren esku egongo da.

Eta iristear den une horren aurrean nola zaude? Urduri?

Lasai nago. Berriro atera beharko dugu plazara, atzean utzitako egitasmoarekin. Baina lasai nago. Egin beharrekoak egin nituen, Zinemaldian askatu nuen ordura arteko urduritasun guztia. Oso intentsoa izan zen hura. Nire lehenengo lana da, eta langintza horretan errespetu handiz aritu naiz. Jendeari erakusteak ere errespetu handia eragiten zidan.

Bada aipatu beharreko beste gauza bat. Horrelako ekimen bati ekiteko garaian norberarenganako oso konfiantza irmoa behar izaten da. Uneoro mantentzen ez dena. Eta gauza bera liburu bat edo disko bat egiterako garaian. Egiten dugun horretan sinesten dugu, baina badaude zulora erortzen garen uneak. Fede horri eutsi behar zaio, eta jendaurrean aurkeztu behar denean zalantzaz betetzen gara. Are gehiago, lehen lana baldin bada.

Zer da dokumentala ikusi dutenek helarazi dizutena? Eta zure inpresioa zein izan zen, jendaurrean eta pantaila handian ikusi zenuenean?

Pelikularekiko nire sentsazioa oso ona izan da. Aho zapore ona utzi dit. Distantziarekin begiratuta, duela bi hilabete filmarekin harremana duten hainbat lagunekin emanaldi berezia egin genuen Bilbon. Hor pantaila handian ikusteko aukera izan nuen, eta aho zapore ona utzi zidan. Horrek betetzen nau.

Zinemaldian, oro har, jaso genuen feedback-a oso ona izan zen. Ez naiz, ordea, hura epaitzera ausartzen, askotan jasotzen den feedback bakarra ona izaten delako. Mikel Urdangarin ezagutzen ez duen jende askok esan dit pelikula gustatu zaiola, eta Mikel deskubritu duela. Pertsonaia ezagutu arren, ez zuelako ordura arte entzun. Mikel Urdangarinen zaleak, ordea, hunkitu dira.

Zinema aretoetara iristen denean ikusiko dugu. Ea kritika negatibo gehiago iristen diren, zeren eta horiek ere sortzailearentzat positibo bilakatzen dira.

Trailerrean musikaria, itsasoa eta margolaria ageri  dira… Zer gehiago konta daiteke?

Bidaia bat da, artista ororen barruan sorkuntzara bultzatzen gaituen hori erretratatzeko. Artistaren barrura egindako bidaia da, kasu honetan Mikel Urdangarinen edo Alain Urrutiaren barnealdera. Bidaia geografiko bat bada ere, Mikel Urdangarinen ibiliari, bere egunerokoari jarraipena emanez. Bidaia horretan errealitate ezberdinak eta pertsona ezberdinak topatzen ditugu. Denen kasua amankomuna da: Artea ogibidetzat dutela.

Eta halako batean Oier Arantzabal zinemagile bihurtu zen…

Txantxa asko izan da horren kontura.

Zer behar da jauzia emateko? Ausardia?

Ilusoa naiz, flipau bat kale hizkeran. Flipatu bat naiz, eta eskerrak horrela naizela. Hori da nik egiten dudan irakurketa. Ikus-entzunezkoaren zaletua izan naiz betidanik, pribatuan aritu naiz gehiago. Lagunek nire joera horren berri bazuten. Amateurra, hori bai. Bestalde, kazetaritzan ikus-entzunezkoa atal bat da.

Komunikazioaren beste aldaera bat.

Bai, dudarik gabe. Dokumentala, gainera, ikaragarri gustatzen zaidan generoa da. Errespetua ematen du, egia da. Luzemetraia egitea ez da erraza, eta esan dudan hori orain are gehiago azpimarra dezaket.

Dokumentala kontatzeko modu bat da, gaur egun sarean pisu handia duena. Eta denborarekin, seguraski, geroz eta pisu handiagoa hartuko duena.

Ausartatzat duzu zure burua? Ala gauza berriak probatzeko gogoa izan da?

Ausarta naiz, ilusioak pizten nau. Ausarta ez banintz ez nintzateke egitasmo hauetan sartuko, eta sartu naiz. Erabaki bat hartu nuen, duela bi urte eta erdi edo hiru: Sorkuntzatik bizitzea. Eta lortzen ari naiz.

Ondo doakizu, beraz, urrats hori eman eta gero. Dokumentala egitea zure ekimena izan zen, ala enkargua izan zen?

Lou Topet taldearekin oso urte politak bizi izan ditugu, asko gozatu eta ikasi duguna. Besteak beste, Rafa Rueda edota Joserra Senperena musikariekin. Abesti bat gutxiago diskoa edota Pete Seegeren kantuekin egindako diskoa… egitasmo politak jarri genituen martxan. Hortxe murgilduta nengoela, nire kazetaritza senari jarraituz, musikari handi horiengan erreparatzen nuen. Musikarien errealitatea harrapatzeko gogoa nuen. Dokumentala egiteko oinarria bazegoela argi ikusten nuen, zehazki, sortzaileen edo artisten inguruan. Miseria badago, baina baita duintasun asko ere. Eta baita lorpen handiak ere. Istorio bat bazegoela ikusi nuen. Nire kabuz lan egiteari ekin nion Mikel Urdangarinekin elkartu nintzen momentuan. Hor sortu zen aukera, hogei urtez musikagintzan dabilenarekin dokumentala egiteko aukera. Hamabi disko ditu, eta hortxe pausoa ematea erabaki nuen. Noski, ingurukoen laguntza izan dut. Bikotearena, esaterako. Sekuentzia asko elkarrekin grabatu ditugu.

Sormena, sortzeaz bizitzeko hautua, hautu horri eusteko eguneroko borroka… horixe da dokumentalaren oinarria. Eta zergatik Mikel Urdangarin? Haren diskurtsoa erakargarri zaizulako? Berbalizatzeko gaitasun hori baduelako?

Batetik, bere diskografiaren jarraitzailea naizelako. Badaukat familian ia denok daukagun osaba-izeba hori, gaztetan diskoak oparitzen dizkizuna… Oso ibilbide oparoa duela iruditzen zait. Gainera, disko berria prestatzen hastekoa zen. Prozesu hori harrapatu genezakeela ikusi nuen, eta harrapatu dugu. Hogei urteko ibilbidea ixtera zihoan, gainera, disko horrekin. Osagai asko zeuden, Mikel Urdangarin interesgarri bilakatzen zutenak.

Eta, noski, berak oso diskurtso pertsonala dauka. Dokumentalaren bizkar hezurrean bera dago. Bere lehengo lana utzi eta musika ogibidetzat hartzea erabakitzen du. Euskal Herrian, eta oro har munduan, sortzaileak ez dira ondo bizi. Euskal Herrian are zailagoa da. Mikelen kasuan ez ohikoa da, musikari esker bizi daitekeelako. Eta oso duin bizi da, gainera.

” ‘Margolaria’ artistaren barrura eginiko bidaia da”

Inpresioa dut, garai batean behintzat gehiago, musika ogibidetzat izatea ez zegoela erabat ondo ikusita. Horren inguruan hausnartu duzue?

Bai, hausnartu dugu. Eta baita eztabaidatu ere. Sarean, eta lagunartean. Musikari profesionala izatea estigmatizatuta dago. Gorka Urbizuk diskurtso ederra dauka, horren inguruan. Eurek lortu dutena ospatzekoa da.

Baina irakurtzen dira artista jopuntuan jartzen duten mezu asko. Kritikaren jopuntuan jartzen ditugu, eta gainera ez oso modu elegantean. Esaterako, kontzertu bat emateagatik X kobratu dutelako. Artistak nahikoa arazo izaten du ogibidearekin aurrera egiteko, ez zait iruditzen pribilejiatuak direnik. Ez ekonomikoki, ezta lan baldintzatan ere. Gai hori hizpide izaten da gure gizartean, eta gainera kritika horiek maiz ezkertiar jendearen aldetik datoz.

Asko tristetzen nau horrek. Norbaitek musika ogibide bihurtzea erabakitzen badu, eta ogibide bihurtu badu, babesa eskani behar diogu. Eta ez bakarrik musikagintzan. Baita aktore edo bikoizketan lanetan direnen kasuan ere. Gure sortzaileak egoera tamalgarrian daude. Babestu behar ditugu.

Sorkuntzaren aldeko apustua egin duzu, esan berri duzunez. Zure lehen dokumentalak, ulertu nizunez, ate berriak ireki dizkizu.

Ate berriak zabaldu zaizkit, bai. Esango nuke lehen lana aurkeztu eta gero, beste begi batzuekin begiratzen zaituztela. Aukera berriak sortu zaizkit beste lanen bat egiteko. Konfiantza transmititzen dudalako da. Saharan kokatuta dagoen laburmetraia lantzen dihardugu, Ekain Albite zumaiar gazteak zuzenduko duena. Egitasmo horretan sartu naute eta oso gustura nago. Ritxi Lizartzak zuzentzen duen Maluta filmsekin talde ona osatu dugu, eta bagaude beste ideia batzuri forma ematen ere. Indarrak neurtu behar dira, gauzak ondo egin nahi badira.

Bai, zeren eta zuk badituzu egitasmo berriak eskuartean. Musikaren alorrean, adibidez, musikari handiak aipagai izan ditugu eta Harkaitz Cano bera ere zure ibilbidean garrantzitsua da. Oker ez banago musika egitasmo berria prestatzen ari zarete.

Ari gara, bai. Martxan gaude, Harkaitz Cano asko maite dut. Ez dakit inertzia den, edo errepikatzeko gogoa den, baina kartzela ardatz duen egitasmo batekin lanean ari gara. Kartzelak, oro har hartuta. Kartzelen egokitasuna zalantza jarri nahi duena. Kartzelan idatzitako poema edo hitzen bilduma bat izango da. Garai eta leku ezberdinetako presoek idatzitako testuekin egindako kantu bilduma izango da. Angela Davisen diskurtsoa oinarritzat hartuko dugu, kartzela sistema egoki bezala zalantzan jartzen duena. Hitzen aukeraketan gabiltza, eta ondoren abestiei helduko diogu.

Gai unibertsala da. Pentsatzen dut hortxe eskura izango duzuela, nola ez, Joseba Sarrionandiaren Gartzelako poemak poesia liburua (1992, SUSA).

Bai, eta berarekin ere egon gara harremanetan. Baita beste erakundeekin ere. Besteak beste, PEN Klub mundu zabaleko idazleen elkartearekin. Gartzelako poemen bilduma izango da, eta ez preso politikoena soilik. Gaia zabal landu nahi dugu. PEN Klubak modu interesgarrian lantzen du literatuta. Gartzelan irakurtzea eta idaztea askabidetzat hartzen dute, sendabide moduan.

Udaberrian, apirilean zehazki, Zu Zeu agerkari digitalak hamar urte beteko ditu. Hamargarren urteurrenean ezin aipatu gabe utzi Hasier Etxeberria handia: Kazetari, idazle, ekintzaile… Nola gogoratzen duzu, eta nola gogoratu beharko genukeela iruditzen zaizu?

Niretzat irakasle baten parekoa izan da. Irakasle eta erreferentea. Asko irakatsi zidana, kazetaritzaren esparruan eta bestela. 2009an sortu zen Zu Zeu eta ni oraindik unibertsitatean nengoen. Hasierrek atea zabaldu zidan eta orduantxe sartu nintzen Zu Zeu-n. Oso gaztea nintzen. Gizon handi bat bezala gogoratzen dut, zentzurik zabalenean. Eramaten zintuen leku hori gaztelu bilakatzen zuen. Beti bazuen kontatzeko istorio on bat. Oroitzen dut behin Jose Manuel Pagoaga Peixotori bisitaldia egitera eraman ninduela. Iparraldean zehar ibili ginen, eta sukalde ilun batean egon ginen. Audio liburuen inguruko elkarrizketa izan genuen, Hasierrek hainbat liburu gomendatzen zizkion. Peixotori liburuak norbaitek irakurri eta grabatu behar zizkiolako.

Hamargarren urteurrena iristera doa, eta bera gure artean ez egotea izugarrizko pena da guretzat. Baina bere lekukoa hartu dugu eta Zu Zeu indartsu dago. Espero dut irakurleek hori apirilean nabaritzea. Zu Zeu berria prestatzen ari gara. Webguneak berritzea ziklikoa izaten da eta apirilean Zu Zeu berria aurkeztuko dugu. Eta baita beste ekimen gehiago ere, oraindik aurreratu ezin ditugunak. Urteurrenari lotuta dauden ekimenak dira, baina geratzeko iritsiko direnak. Zu Zeu Hasier Etxeberriak zuzentzen zuen itsasontzia zen, eta haren hutsunea guk geuk bete dugu. Bi urteok birkokatzeko izan dira, erabakiak hartzeko, zer nolako Zu Zeu nahi dugun erabakitzeko… Hiru pertsona gaude erredakzioan eta kudeaketa lanak egiten dituen laugarren pertsona badago. Gure bokazioa horri eutsi edo hobetzea da.

Zurea da “ZuZeu-ren indargunea eta ahulunea biak bat dira: Eztabaidak vs zarata” esaldia. Post irakurrienen kasua da hori: interesa pizten duen gai bati buruz idatzi eta txinparta sortzen da. Tartean, nahiz eta zuek erabiltzaileei izen-abizenekin idaztea eskatu, anonimotasuna sartzen da.

Eztabaida izugarria dugu horren inguruan. Kokoteko asko jasotakoak gara, horrexegatik. Baina Zu Zeuren oinarrian dago parte hartzearen aukera hori. Hor gabiltza, oreka zail horretan. Parte hartzea bai, baina baita zentsura ere. Batzuetan zentsuratzera behartuta gaude. Oso kasu gutxitan gertatu da hamar urte hauetan. Isekak, iruzkin arrazistak edo faxistak izaten dira. Kasu nabarmenak izan dira, eta oso zorrotzak gara kasu horietan. Baina, berriro diot, oso gutxitan gertatu da hori. Parte hartzea bai, baina zein sistemaren arabera? Ez da erraza, eta beste eredu batzuri begira gaude horren inguruko lanketa egiteko.

Hori bai, Zu Zeu-n irakur daitezke beste inon irakurri ezin diren iritzi asko.

Zuen irakurleen artean voyeur asko egongo dela pentsatzen dut. Baduzue parte hartzeko beste modu bat, aurpegitxo ezberdinen artean klik eginez. Iruñea-Veleiari buruzko post bat irakurtzen ari nintzela, deigarria egin zitzaidan post horren egileak biharamunean bere idatziari iruzkina egin ziola. Aurpegitxo horietan klik egiten zutenek zer adierazi nahi zuten ulergaitza egiten zitzaiolako.

Sistema hori Corriere della Seraren ereduari jarraituz ezarri genuen Zu Zeu-n. Ordura arte hatzaren sistema genuen. Bada, sistemak funtzionatu du. Polita da irakurle askok irakurri ostean klik egiten dutelako. Baina zer esan nahi duten interpretatu egin beharra dago. Kasu batzuetan oso argi dago, baina besteetan ez hainbeste.

Zu Zeu berrian menuaren sailkapena aurpegitxo horien arabera egiteko aukera izango dela aurreratu genezake. Bestela esanda, Zu Zeu-ko irakurleoi zerk haserretzen gaitu? Zerk sortzen digu indiferentzia edo zerk pozten gaitu? Menua horren arabera antolatu ahal izango dugu.

Biak bat gatoz Gantzarainen Zuloa liburuak txunditu gaituela diogunean. Zerorrek esan zenidan liburua irakurri eta zuzenean Zarauzko Garoara deitu zenuela, aurkezpen-solasaldia antolatzeko. Zu zeu definitzen zaituen jokabideetakoa da: Ekintzailea.

Txispa hori ez galtzea espero dut. Ez naiz duela hamar urteko Oier, pentsatzen dut geroztik ikasiko nuela zerbait. Baina mugitzen banau zerbaitek, saiatzen naiz hori egiten. Ikaragarri gustatu zitzaidan, nire belaunaldiko edozeini irakurtzea aholkatuko niokeen liburua da.

Zorte on Margolaria dokumentalaren aurkezpen ekitaldietan, Oier.

Berdin.