Odiken ‘Drama stop’ abestia

Bakarkako lehen lana prestatzen dihardu Odik artistak. Dagoeneko kaleratu du lehen kantua, Drama stop, eta aurrerantzean diskoa osatuko duten gainontzeko abestiak argitaratzea da haren asmoa.

Drama stop abestia kaleratu duzu; zer adierazi nahi duzu abestiarekin?

Abesti horren helburu nagusia zorionaren bilaketaren inguruan hausnartzea da. Lehen pausoa, noski, giro txarrei agur esatea da. Behin hori eginda, zoriona aurkitzeko bidea irekitzen da. Kantu hori konjuru moduko bat da, dramarik gabeko bizitza bat desiratzen duen norbaitena. Bizitza arinago eta positiboago baten aldeko aldarria da.

Nolakoa izan da sortze-prozesua?

Oraingoan, sortze-prozesua oso desberdina izan da. Lehenik, Bonjour Tour emanaldia prestatu dugu, eta horretarako sortu dira etorriko diren abestiak. Kontzertua prest izanda, hortik atera ditugu single eta bideo berriak. Horrek askatasun handia eman dit, kontzertua bihurtu baita proiektuaren bizkarrezurra. Prozesua dibertigarria eta askatzailea izan da, eta horrek originaltasun maila handiagora eraman nau. Kontzerturako prestatzeak ate asko ireki dizkigu: elementu ugari txertatu ditugu, zuzenekoetarako pentsatutakoak.

Badamaratzazu hainbat urte musika sortzen; nolakoa izan da Odiken bilakaera?

Bilakaera nabarmena izan da; batez ere, musikan eta hitzetan. Gai desberdin eta berriak jorratzen ditut orain. Estetika eta mundu artistikoa ere asko aldatu dira nire ibilbidean. Erronka berriak eta unibertso berriak sortzea gustatzen zait. Oraingoan, adibidez, bideo formatu zirkularra erabili dugu; forma eta edukia berritu egin ditugu. Musikari dagokionez, adinean aurrera egin ahala nire doinuak ilunago bihurtu direla esango nuke, baina, aldi berean, itsaskorrak dira, zuzenekoetarako aproposak.

Baduzu lan luzerik argitaratzeko asmorik?

Bai; Drama stop nire lehen diskoaren aurrerapen-kantua da. Abesti horrek oso ondo islatzen ditu diskoaren norabidea eta soinua. Etapa berri honi hasiera ematen dio. Hala ere, garrantzitsuena Bonjour Tour martxan jartzea da; kontzertuak izango dira etapa honetako ardatz nagusia. Aurrerapen gisa, esan dezaket hurrengo singlea Marikon deituko dela, eta laster kaleratuko dut.