Odei Fernandez: “Umorea berebiziko arma da”


Umore beltzez beteriko ikuskizuna eskaintzen du Odei Fernandez (Portugalete, 1994) umoristak Crudo izeneko ikuskizunean. Portugaletekoak ibilbidea egin du bakarrizketetan Madrilen, eta azkenaldian Euskal Herrian ere izan da haren showa aurkezten.
Nola iritsi zinen taula gainera?
Paramount Comedyk izan duen burges nazkagarri horietakoa izan naiz, eta gaztetan berandu arte geratzen nintzen bakarrizketak ikusten. Memoria onekoa naiz, eta halako grazia neukan ikusitakoa berregiteko. Baina Madrilgo bikotekide bat nuenez, eta Madrilen hilabete pare bat bizitzen izan nintzenez, aukera ikusi nuen benetan nik idatzitako zerbait probatzeko. Bost minutuko bakarrizketa bat idatzi nuen, eta gaur egun bost minutu horiek ikusita lotsagarriak zirela iruditzen zait. Baina nahikoa izan zen garai hartan open-mic batera igotzeko, probatzeko eta txiste propioekin barre egiteko gai nintzela ikusteko. Handik aurrera, publikoa barrez lehertzen zela ikusita, idazten jarraitu nuen, errepresentatzen nuen show propio bat izan arte; hau da, nire esentzia batzen duena.
Zer da Crudo?
Deserosotasuna ildo nagusi duen show bat da. Umorearen bitartez kritika soziala eta aldarrikapenera jotzen duen ikuskizuna. Azkenean, umorea egitea barre egiteko ondo dago, baina huts samarra da, nire ustez. Umorea berebiziko arma da, eta algararako soilik erabiltzea liburu bat mahaiaren hanka azpiari eusteko erabiltzea bezala da.
Umoreak, umore beltzak, badu mugarik?
Nik ezetz deritzot. Baina oso garrantzitsua da umore beltza zer den jakitea. Kristoren desberdintasun dago umore beltzaren eta koinatu-umorearen artean. Bigarrena umore beltzaren izenean babesten da; ez dezagun nahastu. Gizon komiko batek esatea “zer egiten du emakume batek sukaldetik kanpo?” ez da umore beltza; kaspa hutsa da. Baina txiste matxista bat emakume batek egitea beste kontu bat da. Lehenengoa bere pribilegioetatik ari da txistea egiten, hori ez da umorea; zure osaba Antoniok Gabonetako afarian egiten duena baino ez da. Gizarteak ezarritakoaren arabera umorea egitea eta umore beltza dela esatea nazkagarria da. Zilegi da? Bai. Umore beltza ondo egiteko, nire ustez –ez naiz ni komediaren Perez-Reverte–, alde zapaldutik zapaltzailearenganakoa izan behar du. Ni emakume zuria naizen heinean, inoiz ez nuke pertsona arrazializatuen gaineko txisterik egingo. Hala ere, pertsona arrazializatuek zurienganako umorea egitea perfektu dago. Horrek ez du esan nahi mugarik ez dagoenik. Pertsona zuri batek txiste arrazista bat egin dezake, eta eginez gero ondo botata egongo da, betiere gero buelta ematen badio, ironiaren bitartez, edo hainbat eratara erakusten badu arrazismoa bera ez dela txistea. Baina txiste arrazista soil batean uztea, lehen esan bezala, ez da umore beltza, pribilegio postu batetik egindako txistea baizik.
Madril umoristendako hiri egokia da? Aukera gehiago daude han?
Aukera gehiago daude, baina baita lehiakortasun handiagoa ere. Madrilera etorri nintzen, Euskal Herrian ez nuelako umoristarik ikusten, eta Madrilen, aldiz, bai. Hemen urteak igaro ostean ohartu naiz ez dela uste nuen bezala. Noski, aukera gehiago daude, baina bikoitza erakutsi behar duzu nabarmentzeko. Egia esan, gaur egun, ia saio kopuru bera dut Madrilen zein Euskal Herrian. Dena den, alde handiena nabaritzen dut publikoan; Madrilgo publikoa oso ohituta dago bakarrizketak ikustera, eta Euskal Herrikoa erraz harrapatzen duzu ezustean.
Zure gorputza epaitzen dutenen erasoak jasan behar izaten dituzu sare sozialetan, eta hori publikoki salatzen duzu.
Matxismoak ez du inolako mugarik. Ikaragarria da nola hainbat abeslari kartzelan sartu dituzten “mugak ez errespetatzeagatik”. Orain, adibidez, badakigu Raimundo el Canastero taldea ere delituagatik epaitu nahi dutela, eta matxismoa, aldiz, inork ez du epaitzen, ez legeak ezta gizarteak ere. Niri bularretakoa jarri behar dudala esatea bost axola, baina ez da normala emakumea izateagatik halakoak jasan beharra. Benetan beldurra ematen duena da jendea aske sentitzen dela horrelako komentarioak egiteko eta gizarteak normaltzat hartzen dituela komentario horiek. Argi daukat ez direla nirekin nire fisikoagatik sartzen, nik baino bular handiagoa duten gizonak baitaude eta haiek ez baitituzte halakoak jasotzen; publikoki kexatzen den eta iritzia filtro barik ematen duen emakume izateagatik jasotzen ditut.
Inoiz show bat egiten izan zarenean halakorik jasan behar izan duzu?
Bueno… nik bai, eta emakume umorista gehienok. Lehena, eta okerrenetakoa, España profunda-ko herri batean izan zen. J.J. Vaquero, Iñaki Urrutia eta horrelakoetara zeuden ohituta, eta, igo nintzenean, hasi bezain laster, tipo batek “¿a quién se la has chupado para venir?” oihukatu zuen. Normalean, halako komentarioak kolegez inguratuta egiten dituzte, eta jada mozkor daudenean. Bakarrizketako giro hori umoristekiko txisteak egiteko hartzen dute, eskubidea izango balute bezala. Eta eskubide hori hartzen dutenak, beti, gizonak dira. Kasualitatea? Ez dut uste.
Bakarrizketetan landu duzun gaia izan da; euskaldun izateagatik topiko edo klixeekin ikusten gaituzte oraindik Madrilen edo Espainian?
Bai, sekulakoa da. “Agur” esaten duzun bakoitzean “yogur” erantzuten dutenak daude. Eta ulertzen dut, e, baina egin nahi baduzu ondo, esan “agur, ben hur”. Noski, 8 apellidos vascos filmak min asko egin du, baina kopeta-ilearena, pues eta Patxi-rena, ez dakit zergatik, baina uste dute euskal kultura dela. Patxi baino Josu gehiago ezagutzen ditut. Eta ez dut “aiba la ostia, Josu”-rik entzun oraindik.
Zer duzu nahiago, errepidea, manta eta bakarrizketak herriz herri egitea ala antzoki berean erregulartasunez bakarrizketak eskaintzea?
Erosoagoa da salmentak bermatzen dizkizun antzoki batean aritzea. Dena den, gaur egun, salmentak zure esku daude… Bakarrizketak herriz herri egitea gogorragoa da, baina aberasgarriagoa ere bai. Publiko desberdina ukitzen duzu, gai desberdinak jorratzen dituzu. Nik ez ditut Zaragozan Orozkon egiten ditudan txisteak botatzen, egokitu egiten ditut, eta tokira zuzenduta txiste zehatzak idazten ditut.
Umorista izango ez bazina, zer izango zinateke?
Kazetaria. Hori ikasi nuen, betidanik gauzak kontatu nahi izan ditudalako, eta, era batean edo bestean, umorearekin hala egiten dut. Egia da orain banagoela aktibismoa oso presente dudan puntuan, eta ez nabil gezurretan esaten dudanean gutxi geratzen zaidala itsasontzi bat hartu eta laguntza humanitarioa eskaintzera joateko.