Odei Esnaola: “Beharrezkoa da euskaraz mota guztietako informazioa ematea”

Goiz jaikitzeak bere sariak dituela esaten dute, eta, Odei Esnaolaren kasuan, hala da. Beste guztiok lo gaudenean hasten du eguna ETB1eko Egun on Euskadi saioa martxan jartzeko. Aurkezlea ez ezik, editorea ere bada, eta elkarrizketa honetan argi utzi digu izugarri gozatzen duela haren lanaz. Kazetaritzaz ez ezik, haren ibilbideaz eta dituen zaletasunez hitz egin dugu. Eta, spoiler-ik egin barik, aurreratuko dugu Eurovisionen gaia ere atera dela elkarrizketa honetan.

ELKARRIZKETA

Odei Esnaola, Egun on Euskadi albistegiko aurkezlea eta editorea zara. Ongi etorri Ttapera!

Eskerrik asko, Amaia; plazera!

Ze ordutan esnatu zara gaur?

Gaur, 03:30ean.

Nolakoa izaten da zure lanegun bat?

03:30ean esnatzen naiz, eta bizikletaz etortzen naiz EITBko egoitza honetara; normalean, saiatzen naiz 04:00 alderako etortzen: bezperako albistegia ikusi, eguneko agenda begiratu, saiatu eskaletari forma pixka bat ematen dagoeneko aurretik aurreikusita ditugun gaiekin eta azken ordukoren bat edo espero baldin badugu hori dena antolatzen… Gutxi gorabehera, 05:30erako eskaleta eginda egoten da; orduan etortzen da nirekin aurkezle lanetan dabilen Irati Errandonea; 06:30ean, gainontzeko ekipoa; 08:00etan makillatu eta jantzi; eta 09:00etatik 11:00etara saioa. Ondoren, datorren egunari begira aurreikuspenak begiratu eta 13:30 aldera saiatzen naiz, behintzat, ETBtik ateratzen.

Esan dugu aurkezle izateaz gain editorea ere bazarela. Ez duzu aurpegia bakarrik jartzen, zuk erabakitzen duzu albisteen ordena. Zer kontatuko den, nola kontatuko den eta zein ordenatan.

Hori da. Zer kontatuko den eta zer ez den kontatuko. Albistegietan editore figuraz hitz egiten dugunean, saio normaletan zuzendaria izango litzatekeena da. Nolabait ere, edukiak eta elkarrizketa motak aukeratzen dituena. Erdi kasualitatez iritsi zitzaidan aukera hori, ikusten zelako hor errelebo aukera bat bazegoela, aurkezle lanetan aritzetik haratago lan handia baitago atzean egiteko. Eta nik uste dut atzean geratzen den lana dela askotan. Baina niretzat badaukala morbo puntu hori; azkenean, nik diseinatutakoa borrokatzeko aukera daukadalako. Nolabait ere, defentsa hori egiteko: zergatik aukeratu dudan, zergatik ez… Guk, gainera, analisia ere badaukagu, eta, askotan, gai bat aukeratzearen arrazoia hori izaten da, ea solaskideekin eman dezakeen debaterako. Beste albiste asko lerroburu hutsean edo kontakizunean geratzen dira, ez delako beti posible analisi hori egitea.

Gainera, zuri, eguna martxan jartzea tokatzen zaizu eta zuk erabakitzen duzu nondik jo.

Bai. Askotan, badira albiste batzuk argi ikusten direnak, eta ondoren badira beste albiste batzuk editorearen meritua ikusten direnak. Egunkarietatik haratago, nonbaitetik okurritutako zerbaitekin tiratzen aritzea. Guk egiten duguna aurreratze-lana da eguerdiko Gaur egun eta Teleberri albistegietarako, ekartzen duelako dagoeneko materiala eta ekartzen duelako nondik tira.

Editore bat ezingo da zalantzatia izan.

Begira, ez dakit alde ona edo txarra den, baina boteprontoko pertsona bat naiz, eta, normalean, gauzak oso argi dauzkat. Egin eta gero jartzen ditut batzuetan zalantzan: “Beste modu batera egin izan banu…”. Guri gertatzen zaigu, azkenean, 09:00etatik 11:00etara oso albistegi luzea dela, eta, momentuan ez baldin badugu erabakia hartzen, programa badoa aurrera.

Eta autokritikarik egiten duzu albistegiaren ostean?

Bai, etengabe. Eta hor, askotan, uste dut neure burua asko samar zigortzen dudala; askotan, gu geu bihurtzen garela geure buruaren etsai nagusi. Nik uste dut beti dagoela marjina eta goizeko lehen ordu horretan gauzak beti egin daitezke hobeto: “Hau sartu izan banu, eta beste hau…”. Hori bada erlatibizatzen ikasi beharreko kontu bat. Baina aitortuko dizut izugarri kostatzen zaidala neure burua ikustea eta, normalean, entzun bakarrik egiten dudala saioa.

Zuk zeuk esan duzu: “Ni naiz neure buruaren etsai nagusia”. Eta, askotan, gu gara akats horiek ikusten ditugunak. Baina gero, ikusleek ez dute ezer nabaritzen.

Uste dut, hala ere, askotan uste dugula telebista barruan lan egiten dugunok dauden arazo txikiez ez direla jabetzen; eta nik uste dut hor arrisku bat badagoela: etxekoa tontotzat jotzea; eta inondik ere ez da horrela. Baina, askotan, bai kezkatzen gara kontu askotaz, eta, agian, ikusleari galdetuko bagenio… Azkenean, beraiek ez dira zure zalantza horien lekuko, ez dakite zalantzan aritu zaren kontu horrekin edo ez. Baina bai, hor kontuz ibili behar da.

Gertuen geratzen zaizkigun gaiek funtzionatzen dute ondoen

Editorea izanda ez duzu eskaleta bakarrik egiten. Erredakzioa ere, nolabait, martxan jarri behar duzu, eta ez da erraza izango hori kudeatzea, ezta? Nola motibatu jendea? Azkenean, guztioi ez zaizkigu gai guztiak gustatzen. Nola egiten duzu hori?

Begira… Editore postua eskaini zidatenean izan nuen zalantza edo kezka nagusietako bat hori izan zen: nola kudeatu, ez da ordutegi erraza, 06:30ean sartzen da jendea, bakoitzak etxetik dakarren nekearekin eta gainontzekoarekin… Baneukan kezka puntu bat horrekin. Nik uste dut lortzen ari garela, zorionez, eta hori da nire punturik politenetakoa, umoretsu etortzen naizela lanera. Eta hor badago motibazio lan bat. Ez gara bereziki lantalde handia ere. Kudeaketa hori buruz egin behar da, beti pertsona berei ez jartzeko marroi horiek. Azkenean, nik uste dut programa honek eskaintzen digula horretarako tartea, bakoitzak bere ekarpenak egiteko tartea; badira zulotxo batzuk motibazio hori aurkitzeko.

Bai, eta familia bat bezala zarete, ezta?

Bai. Eta proposamenak-eta egiterakoan askotan gogoratzen gara: “Kontxo, hau egin dezaket”. Eta nik uste dut familia horretara badoala pixkanaka jende gehiago batzen eta jendea oroitzen dela gutaz, eta ez da gutxi!

Elkarrizketak egitea ere egokitzen zaizu; askotan, politikariekin egoten zara. Nolakoak dira politikariak distantzia laburrean?

Ba, nik, oro har, esango nuke eman dudala hor kolpe positibo bat. Askotan, norberak irudikatzen duelako pertsona hori telebistan edo medioetan ikusten duenaren arabera nolakoa izan behar duen, baina sorpresa positiboak egon dira, askoz atseginagoak direlako. Eta nik beti amaitzen dut elkarrizketa sentsazio berarekin: zerbait garrantzitsua galdetu gabe utzi dudala. Beti.

Eta politikariak estutzea gustatzen zaizu?

Nik uste dut egin beharreko galderak egitea gustatzen zaidala; zalantzarik badugu, galdetzea. Askotan, politikari horrek zerbait esaten digu eta uste dugu jakin beharko genukeela. Ba, nik benetan argi baldin badaukat ez dakidala zer den, galdetu egingo diot. Eta hor, askotan, harrapatzen dituzu sorpresaz, argumentu nagusi horren bueltan dabiltzalako baina inork ez dielako galdetu: “Baina hau zer da?”. Ez dut uste medio publiko batean gure betebeharra estutasun horretaraino eramatea denik elkarrizketatu bat. Egin beharreko galderak bai, baina, betiere, aparteko presiorik izan gabe.

Modan ere jarri da elkarrizketatuak estutze hori, ataka larrian jartze hori. Baina gero, badaude peloteo-elkarrizketak ere. Duela gutxi, polemika egon da, Goya sarien alfonbra gorrian Ines Hernando TVEko aurkezleak Pedro Sanchezi “¡presi, te queremos!” esan ziolako. Zein da oreka?

Nik uste dut gai horretan zentzuz hartu behar dela nor den Ines Hernando, zein den une horretan daukan papera… Oreka aurkitzea, askotan, ez da erraza, baina jakin behar dugu aurrean daukaguna nor den: politika ibilbide batetik baldin badator, ea benetan politikaria den, profil teknikoagoa izan ote dezakeen… Askotan, politika alorretik datorren elkarrizketatu batengandik informazio asko lortu dezakegulako. Asko presionatze horrek, nire ustez, askotan, arriskua ere badakar; kazetaria bera ez ote den albiste bihurtzen. Eta hori elkarrizketa batean ondorio kaskar samarra bihurtu daiteke. Oreka ez da erraza aurkitzen. Uste dut hanka ere sartu behar dela, eta guztioi gertatu zaigu: “Aizu, hau ez al da peloteo samarra izan?”. Edo beste batean: “Hau ez duzu larregi estutu?”. Hor norberak aurkitu behar du oreka, eta, iritziak subjektiboak izanda, etxekoari, alde batekoa edo bestekoa izan, beti irudituko zaio edo gehiegi estutu duzula edo gozoegia izan zarela.

Zu zeu saiatzen zara oreka hori mantentzen?

Nik uste dut baietz. Egia da oso alor ezberdinetako politikariak etortzen zaizkigula, eta uste dut oreka bat aurkitzen dugula. Kontuan hartu behar dugu datorren elkarrizketatu horri ere errespetu bat zor diogula; gurera dator, eta, askotan, egia da gehiegi estutze horrek ere beldurra zor diezazukeela berriz ez delako etorriko. Baina uste dut oreka hori aurkitzen dugula.

Elkarrizketak amaitzean beti pentsatzen dut zerbait galdetu gabe utzi dudala

Mahai-inguruak eta solasaldiak ere egiten dituzue; nola kudeatzen duzu kolaboratzaileak elkarri mokoka hasten direnean?

Egia esan, aitortu behar dizut hori momentu gozoetako bat ere izaten dela. Errespetu faltak ez ditugu inondik ere onartzen; zorionez, gurean ere ez da halakorik gertatzen. Baina ikustea saltsa pixka bat dagoela eta elkarren kontra daudela gozoa izaten da barrutik ere. Batez ere, ondoren komentatu egiten ditugulako: “Aizu, ea zer gertatu den honekin”. Aste honetan bertan sokamuturrarekin izandako eztabaidan hori gertatu zaigu. Interesgarria izaten da.

Baduzu erreferenterik? Mahai-inguruak egiten dituen norbait edo nola gidatzen dituen gustatzen zaizun norbait.

Hemen etxean Xabier Lapitz daukagu, ezta? Profesional bikaina da, baina egia da, oro har, telebista kate gehientsuenak ikusten ditudala, askotariko eztabaida saioak, eta erreferente konkreturik ez dizut aipatuko, ondoren horrek ere zeresana ematen duelako. Baina badaude oso onak direnak eta oso txarrak direnak ere bai.

Egun on Euskadi saioak badauka berezitasun bat: euskarazko albistegi bat, lehen orduan; beharrezkoa zen apustu hori?

Ba, nik uste dut baietz. Egia da EITBn dagoeneko bai Radio Euskadik eta baita Euskadi Irratiak ere goiza iratzartzen laguntzen dutela eta guretzat, alde horretatik, erreferente ere badirela. Baina beharrezkoa da euskaraz informazioa ematea eta beharrezkoa da euskaraz mota guztietako informazioa ematea. Beldur pixka bat ematen digu euskararen txikitasun horretatik gai konkretu batzuetaz hitz egiteak; akaso, geuk geure buruari mugak jartzen dizkiogulako. Eta nik baneukan erronka hartu eta esateko: “Euskaraz hitz egingo dugu, baina guztiaz hitz egingo dugu”. Akaso, euskara hutsean diren medio batzuek landu nahi ez dituzten gaiak edo; hor saiatzen gara. Beharrezkoa bada, baina ikusleak behar ditugu baita ere.

Eta ikusleek eskertu egiten dute?

Ikusleek eskertu egiten dute, baina, aldi berean, ez dauzkagu nahi beste ikusle. Badakigu eskaera bat badagoela euskarazko medio gisa, eta publiko gisa apustua egin behar dela, alde horretatik, baina ondoren, errealitatean eta etxera goazenean, ez dakit zenbateraino pizten dugun.

Urte interesgarria dator: hauteskundeak; nola bizi duzu zuk hori?

Ba, emozio biziz. Egia da inkestak jasotzen ditugun bakoitzean halako morbo bereziaz bizi ditugula, ea zer gertatuko den, eta, kasu honetan, ausartuko nintzateke esatera azken urteotako hauteskunderik garrantzitsuenak izango direla. Eta hortxe, ardura banaketan ari gara. Aurreko hauteskundeetan tokatu zitzaidan elkarrizketak egitea; ea hauetan zer gertatzen den. Oso-oso emozionante dator!

Aurpegi aldaketa, behintzat, egongo da.

Egongo dira, eta asko hasi dira dagoeneko gurera etortzen, eta emozionante dago. 

Orain ari zara hautagaiak ezagutzen, ezta?

Bai; EAJren lehendakarigaia, Imanol Pradales, medio batera lehen aldiz hurbiltzen zen aldia gure saioan izan zen. Gure albistegira etorri zen, horrek daukan ardurarekin, ezta? Jakinda, gainera, ez etxe barruan bakarrik, etxe kanpoan ere nola ikusiko zuten elkarrizketa hori, hark ere ze urduritasun izango zituen… Galdera deseroso batzuk bazeuden harentzat, eta egin genizkion, eta hortxe gaude. Beste batzuk lehendik ezagutzen genituen, Pello Otxandiano lehendik ere hezkuntza kontuetan ezaguna zelako guretzat, Miren Gorrotxategi… De Andresek, zoritxarrez, ez du euskaraz hitz egiten eta ez da etorriko. Alba Garciaren kasua ere uste dut hori izango dela. Ikusiko dugu. Ea nor datorren, ea nor ausartzen den etortzera!

Ze gaik funtzionatzen dute ondoen zuen albistegian? Ba, begira, etxekooi gertuen geratzen zaizkigun gaiak. Burua galtzen dugu Espainiako politikarekin eta, akaso, urrunxeago geratzen zaizkigun kontuekin. Aste honetan bertan, sokamuturraren gaiak sekulako ika-mika piztu du. Gure baserritarrekin gertatu dena, Gizarte Segurantzak egindako ikuskapenak zenbaterainoko eragina izan dezakeen. Gai horiek dira, nire ustez, etxekoen artean eztabaida pizten dutenak, eta audientzian ere ikusi egiten da, gainera, nabarmen nola gai horiek funtzionatzen duten. Normalean, etxekoa inplikatuta ikusten denean edo gaia ezagutzen duenean sorrarazten dio interes berezi hori.

Audientziak aztertzen dituzu?

Bai, baina burua askorik galdu gabe, oso audientzia irregularrak dauzkagulako. Egia da gaur egun audientziak neurtzeko sistemak ez dakit zenbateraino funtzionatu ote dezakeen euskarazko hedabide batean. Oso gutxi daudelako, berez, Euskadin, ordu horretan are eta gutxiago daudelako piztuta eta are eta gutxiago direlako, gainera, euskal hiztunak direnak eta ETB1en aldeko hautua egiten dutenak. Begiratzen dut tarteka kurba arraroren bat edo badago ea zer gertatu den. Batzuetan, badauka azalpena; eta beste batzuetan, ez. Audientzien mirariak.

Bai, ze esan behar dugu kurbak ikusten direla eta hor ikusten da zein momentutan engantxatu diren ikusleak, eta gero, informazio hori erabili dezakezu esateko: “Gai honek interesa pizten du”.

Goizero-goizero 08:15ean, ttak, mezu elektronikora marrazki bat 09:00etatik 11:00etara zer gertatu den. Eta hor ikusten da ikusle kopurua; minutuz minutu jasotzen ditugu audientziak. Eta ikus daiteke: “Bat-batean 09:30ean halako gorakada bat badago”. Ba, sartu eta ikusi; ordu horretan azken ordukoren bat eman genuela ez dakit zein gairen inguruan. Beste batzuetan, aldiz, bat-batean ikusten duzu halako eztabaida baten erdian igo egin dela audientzia; ez dauka azalpenik.

Lan hau gustatzen ez bazaizu, ezinezkoa da honetatik bizitzea

Nik uste dut gehiago kostatzen zaigula deskonektatzea; oporretara goazenean esatea: “Ez dut ezer irakurriko, benetan desengantxatu nahi dut”. Hori kostatu egiten zaigu.

Ez dakit gai izango nintzatekeen Twitter kentzeko oporretan. Nik esango nuke ezetz. Esfortzurik gabe, automatikoki ateratzen zaidalako eta begiratu egiten dudalako. Ez dut imajinatu nahi hamar egun mugikorrik gabe oporretara benetan joatea zer izango litzatekeen.

Odei, zu Villabonakoa zara, Amasakoa; noiz erabaki zenuen kazetari izan nahi zenuela?

Ba, erdi kasualitatez. Ingeniaritza Informatikoa ikasteko asmoa neukan. Eta, pentsa, orduan egunkari batek oparitzen zuen bideokamera batekin hasi nintzen bideoak grabatzen, kuadrillakoei-eta grabatzen nien, eta ez neukan oso argi hori ogibide bat izan zitekeen edo ez. Eta gero, batxilergoan orientazio saioetan ikusi nuen hor aukera bat egon zitekeela. Eta, azkenean, nire ibilbide profesionalarekin gertatu bezala, ogibide edo ikasketa aukera hori ere sorpresaz iritsi zitzaidan. Mondragon Unibertsitatean nintzen bisitan, itxura ona zeukan eta Ingeniaritza baino gehiago gustatu zitzaidan.

Nor da zure fanik handiena?

Nire ama, zalantzarik gabe. Ia goizero, ahal badu, ikusten nauelako. Ondo erakutsi nion telebistan ere atzera egiteko aukera hori nola bazegoen, eta ikusten gaitu. Gainera, fan, fan, ze ez du sekula kritikarik egiten.

Hori zen hurrengo galdera; nor da zure kritikaririk handiena?

Nire mutil-laguna, nire ustez; zorrotzena bai. Hura ere kazetaria da eta beti egiten du irakurketa sakonagoa, ez zaidana gustatzen, baina, ondoren, beti eskerrak ematen dizkiot. Lehen gehiago, orain gutxiago.

Ze zaletasun dituzu?

Ba, nik txiki-txikitatik bateria jotzen dut. Ez dut lortu oraindik Bilbora ekartzea, zaratatsu samarra delako. Amasan etxea aparte daukagu eta bizilagun gutxi, eta bizilagunak jada ohituta zeuden. Eta egia da aspaldi jotzen hasi nintzela eta ez dudala nahi beste jotzen, baina bada zaletasun bat.

Eurofana ere bazara, ezta? Eurovision jaialdia gustatzen zaizu; zer da eurofan izatea?

Ez dakit neure burua eurofan bezala deskribatuko nukeen.

Musikazalea?

Bai. Nik uste dut lotura hartu genuela Eurovision jaialdiarekin, batez ere, telebista ikuskizun hori eta gure ogibidea kontuan hartuta frikitasun bat sortu genuelako. Azken bi edizioetan bertan izan gara, Turinen eta Liverpoolen, eta, batez ere, bertara goazenean, askotan, kantuak berak baino ikuskizunak erakartzen gaitu. Eta bertara joandakoan beti izaten gara prompter-ari, testua irakurtzen erabiltzen duten pantailari begira edo nola antolatzen diren, edo nola dagoen errealizatuta. Nik uste dut hori dela erakarri gaituena, jaialdia bera baino gehiago.

Telebista gustatzen zaigunontzat show bat da; eta erabiltzen dituzte dauden baliabide guztiak.

Eta beti esaten da: “Bueno, baina aurrez aurre ikustea tontakeria hutsa da, telebistarako prestatutako ikuskizun bat da”. Baina han bertan ikusten da telebistatik ikusten ez dena, nola prestatzen duten agertokia; badira detaile oso politak, aurrez aurre edonori gustatuko litzaiokeen ikuskizun bat delako.

Suediara joango zara aurten.

Bai, Malmora.

Eta erraza izaten da sarrerak lortzea?

Kasualitatez lortu ditugu. Hainbat lagun genbiltzan erosi nahian; kasualitatez, bi lortu ditugu. Bananduta egongo gara, baina garrantzitsuena han bertan egotea da, barruan.

Euskal artistetatik nor bidaliko zenuke Eurovisionera?

Oraintxe bertan, Bulego, baina euskal ordezkaritza bezala. Bulego bidaliko nuke. Potente ikusten ditut, eta oso ondo dago taldea.

Ba, horrekin geratzen gara. Ea etorkizunean Bulego ikusten dugun Euskal Herria ordezkatzen Eurovisionen! Bien bitartean, Odei, jarraitu egiten duzun lana egiten, euskaraz informatzen goizean goizetik. Eta eskerrik asko, benetan, gurekin egoteko tartea hartzearren.

Plazer hutsa. Eskerrik asko zuri, Amaia, eta eskerrik asko lantaldeari. Plazera izan da.