Obego taldearen ‘Ecce Homo’ diskoa

Hiru urtez itzalpean lanean ibili eta gero kaleratu du Obego osatzen duen Mutrikuko laukoteak lehen diskoa: Ecce Homo. Orain, lan berria Euskal Herriko oholtzetan estreinatzeko irrikan daude.
Nortzuek osatzen duzue Obego taldea eta zer estilotan murgiltzen zarete?
Obego Mutrikuko lau lagunek osatzen dugu: Jon Galarragak, Unai Fernandezek, Eritz Urkirik eta Unax Urkirik. Hainbat estilo uztartzen ditugu, baina, gehienbat, hard-rockean oinarritzen dira gure abestiak.
Denbora luzea daramazue proiektuan lanean; bazenuten diskoa kaleratzeko gogorik?
Hiru urte daramatzagu talde moduan abestiak idazten eta kontzertuak jotzen, eta hasieratik gaude gure musika kaleratzeko ilusioarekin.
Zer aurkituko du entzuleak Ecce Homo diskoan?
Hamaika kanta, bakoitza bere istorio, izaera eta esanahiarekin. Metala, stonerra, punk-rocka, klasikotik apur bat ere bai… Denetarik dagoela esango genuke.
Nolakoa izan da sortze-prozesua?
Hamaika kanta horiek poliki-poliki hobetzen ibili ginen hiru urtez, eta grabatzeko ordua iritsi zitzaigula iruditu zitzaigunean Axularrenera joan ginen. Argi genuen abestien izaera, eta azkar samar bukatu genuen grabatzen; gainera, nahasketa prozesua bizitzen ere egon gara. Paxkal Etxeparek izan du masterraren ardura, eta gure lagun Ihar Sanchezek landu du taldearen eta diskoaren alde estetikoa.
Diskoaren aurkezpen-bira egiteko asmorik bai? Ezer aurreratzerik?
Horretan lanean gabiltza, kontzertuak lotzen eta guneekin kontaktuan jartzen, baina oraindik ezin dugu berri ofizialik eman kontzertuei dagokienez. Aprobetxatu gura dugu eskaera egiteko, hainbat lekutara gure lehen diskoa aurkeztera joan ahal izateko.