Nuria Culla

Nuria Culla donostiarrak Hamaika gau diskoa kaleratu berri du. 11 urterekin kontserbatorioan sartu zen gitarra klasikoa ikastera, eta ostean, lehenengo disoa atera zuen: Lluvia de marzo en Venecia. Gero, Musikenen hasi zen jazz kantuko ikasketak egiten.

Zer jasotzen du Hamaika gau diskoak?

Diskoak jasotzen ditu azkenengo urteetan sortu eta moldatu ditudan kantuak. Nire musikaren azken urteetako laburpen bat bezala da; nola aldatu den musika bera, nire influentziak edota estiloak, eta ikasi ditudan teknika guztiak ere jasotzen ditu. Ezingo nuke estilo batean ezarri. Pop antzekoa da, baina ez da pop estilo komertziala; jazz, soul edo neo-soul ukituak ditu, eta, horrez gain, kutsu elektronikoa ere gehitu nahi izan diot, soinu akustikotik urruntzeko.

Zure bigarren lana da hauxe; ze bilakaera izan du zure musikak urte hauetan?

Lehenengo diskoa lan akustikoa izan zen. Baxu eta kaxa banak laguntzen zidaten, baina, funtsean, nire gitarra eta ahotsa zeuden. Musikenen sartu ostean, beste estilo batzuk entzuten eta beste harmonia batzuk ezagutzen hasi nintzen, gaur egun lagundu didatenak disko berria sortzera.

Urte bukaeran emango dituzu kontzertuak? Ezer aurreratzerik?

Lan horretan murgilduta nago oraindik. Azken hilabeteetan guztia diskoaren ingurukoa izan da, eta orain hasi naiz datozen hilabeteetarako kontzertuak bilatzen. Aurreikusten dut datorren urtean izango direla gehienak, denbora behar da-eta guztia prestatzeko, Donostiatik eta Euskal Herritik kanpo ere irten nahi dut eta. Hala ere, badaukat bat lotuta: urriaren 31n Tabakalerako Kutxa Fundazioa aretoan joko dut.