Nortasuna eta iraunkortasuna oinarri
Marka: Asier Quintana
Etxean, amamaren eta izebaren eskutik jaso du joskintzarekiko maitasuna eta transmisioa Asier Quintana diseinatzaileak. Zornotzarra moda ikasketen masterra egin du eta Kopenhagen bizi da. Master amaierako proiektuko Logela bilduma Vogue aldizkari ezagunean kaleratu zen, eta errekonozimendu eta bultzada handia izan da hasiberria den sortzailearendako.
‘Biziraun‘
Azken urteetan hainbat proiektutan lan egin du, baina proiektu handienarekin dabil buru-belarri orain: Bilbao International Art and Fashion Academy erakundearekin elkarlanean sortutako Biziraun proiektuarekin, hain zuzen. “Hurrengo hilabeteetan ikusiko du argia. Denboran zehar luzatuko den proiektu iraunkorra da. Oihalen izaera ezberdinekin lan egingo dut eta horien soberakinekin lan egiteko asmoa dugu. Horrekin, moda ekonomia zirkularraren aldeko apustua egitea ere badugu xede. Izan ere, moda kultura geldoago baten alde lan egin nahi dugu”.
Moda japoniarra
“Moda japoniarra asko gustatzen zait eta oso presente dago nire sorkuntzetan. Baina beste diseinatzaile batzuk ere baditut gustuko: Jean Paul Gaultier, Alexander McQueen, Hussein Chalayan… Guztiek narratiba bat sortzeko erabiltzen dute moda, zerbait kontatzeko. Espresibitate zehatz batekin lan egiten dute. Gizartea ulertzeko eta testuinguru zehatzen hausnarketa egiten dute”.