Normal

Orain bi aste jardunaldi batzuetan egon naiz, eta, halakoetan tokatzen den moduan, atseden tarteetan ohiko elkarrizketa arinak izan ditut honekin eta harekin. Badira ba egoera horiek, jendea ezagutzen duzuna, baina ez lagun arteko solasaldi bat edukitzeko adina, eta ez ezikusiarena egiteko bezain gutxi? Ziur, irakurleari ere gertatu zaizkiola halakoak: lanagatik izan den hitzaldi batean, militantziagatik egon den topaketa batzuetan, kultura ekitaldiren batean, jolas-parkean… Badakizue: “Zer moduz?”, eta zuk “ba ongi”; “lanean gustura?”, eta zuk baietz, elkarrizketa ez luzatzeko gehiegi. Egunak aurrera egin ahala, atsedenaldietan lan-saioan ikusitakoa komentatzen da, normalean. Gero, kanapeen edo hamaiketakoaren tartean, halakoxea da gauza: “Ikusi dut Instagramen oporretan egon zarela”, eta zuk baietz, eta ea bera ere izan den; eta, agian, eduki du uda aspergarri bat, edo ezin izan da oporretara joan auskalo zein arrazoirengatik, eta erantzuten dizu: “Ondo, deskantsatzen, hemen”, eta horrela batarekin eta bestearekin.
Dantza horretan jardun nintzen, harik eta bazkalorduko kafera ezaguna baino laguna den bat ailegatu zen arte, hura ere urtean hirutan ikusten dudana, min-mina baino ezagun plus-a dena, ulertzen nauzue. Bada, hasi ginen elkarrizketa bertsuan: “Zer moduz joan da goizekoa?”, eta nik interesgarria izan zela, baina ez zuela ezer garrantzitsuegirik galdu; berak erantzun ezin zuela lehenago etorri, etxeko kontuak, eta nik “ya, bai”; eta, hala, hasi ginen, pixkanaka, eremu intimoagora sartzen. Kontatu zizkidan ikusi ez garen azken urteko nobedadeak, eta nire txanda iritsi zenean esan nion “ba ni normal”. Egia da: ez daukat ezer kontatzeko. Egia esan, bere partetik gaitzespen keinu bat egiteko bezainbesteko konfiantza badugu, eta badakit imintzio hori egin didala ez ondo nagoela sinesten ez didalako, normal hitza nola erabili dudan txarretsi nahi izan didalako baizik.
Ni ere segituan konturatu naiz. “Normal”esan diot, eta arrotz suertatu zait unean bertan. Azken sei hiletan gertatu zaizkit gauza ezohikoak, baina nire adineko batentzat normaltzat jotzen direnak: etxea erosi dut —bikotekidearekin—, lanean egonkor(ago) nago, autoak ez dit arazorik eman, oporretan egon naiz Gabonetan. Nire inguruko inork ez du zaintzarik behar izan eta dena “ordenan” dago. Normal eta ordena. Barre egin dit parekoak; gauden jardunaldietan egonda, nik hori esatea marka da gero! Ez dakit bere aurpegiak esan nahi duen “zeinen bizitza aspergarria duzun”, ala “ohartu zara zure pribilegioez?”, ala bi gauzak batera. Hitzaldietan heteroaraua ari gara zalantzan jartzen, neutroa dirudien ordena mendebaldar eta zuria. Eta nik zer eta horri eutsi-eutsita nagoela demostratu diot esaldi bakarrean. Aspaldian lortu dut nire barruko astintzailea otzantzea, eta nahiago dut egin didan seinalamendua lotsatik baino arduratik jaso. Zer esango diot, bada, jakina eroso nagoela sistemaren neurrietan kabituta. Ohartzen naiz, ordea, latza dela mundua hankaz gora dagoenean, zu sistemaren neurri-neurrira egindakoa zarela ohartzea. Zu eta giza eskubide deitzen ditugun horiek; zeren eta mendebaldeko zuri, heterosexual, cis, etxedun… ez zaren artean, berez, zu babestu behar zaituzten eskubideak ere ez dira zuretzat ezartzen. Hor daude ICEa, Israel, Desokupa, Epstein eta haren sadiko kuadrilla, homofobo andana suelto… nahiz eta normal-normala ere ezin izan hori dena, araua zein den eta bertan nor kabitzen den gogoratzeko.