Niko Cuenca: “Mehatxua da gizarteak berak porrot egitea edo leher egitea”
Ekonomiak dena zipriztintzen du. Eragile ekonomikoak gara guztiok, modu batera edo bestera. Jarduera ekonomikoaren parte gara, baina, askotan, guk geuk ez ditugu erabakiak hartzen, beste batzuek hartzen dituzte. Krisi baten atarian gaude edo dagoeneko krisi ekonomikoan sartuta. Nola ulertu bizi dugun aro hau? Erantzunen bila Niko Cuenca ekonomialaria gonbidatu dugu; baita enpresabidea.eus hedabide digitalaren gainean berba egiteko ere.
Nola ikusten duzu bizi dugun aro hau? Ematen du ziurgabetasuna gailentzen ari dela…
Eraldaketen aro batean gaude. Aurrez aurre eraldaketa digitala eta trantsizio ekologikoa ditugu eta ekonomia bera aldatzen ikusi dugu. Aipatu duzu krisia hitza. Krisia energia bezala da; krisia ez da sortzen ez bukatzen, baizik eta eraldatu egiten da. Krisi batetik etorri ginen 2008an eta etengabeko krisi batean gaude. Krisi finantzarioa izan zen, zor publikoaren krisia gero, eta koronabirusaren pandemiak ostera krisia ekarri zigun. Ziurgabetasun egoera horretan bizitzera ohitu gara. Saldu ziguten eredu perfektu hori aldatu egin da, globalizazioaren engranaje perfektu hori, engranaje horretan ale txiki bat jarri denean; esaterako, Suezko kanalean itsasontzi batek talka egin zuenekoa edo pandemia… Hain ondo zihoan hori pikutara joan da. Bat-batean, sendagaiak lortzeko arazoak izan ditugu. Ohartu gara Europan bertan ibuprofenorik ez genuela, maskarak lortzeko arazoak genituela. Honek erakutsi digu ipuinean bezala enperadorea biluzik zegoela. Gure sistemak, hain zoriontsu eta perfektua zen sistema horrek, arrakalak zituela erakutsi digu. Momentu honetan, gainera, Ukrainako gerrak eraginda eta lehenagotik zetorren joeragatik inflazioa goranzko bidean ikusi dugu. Prezioek sekulako gorakada izan dute eta agerian utzi ditu sekulako arrakalak. Orain arteko dogma liberal horiek, ortodoxiaren dogma zirenak, soldatak ezin zirela horrenbeste igo, zergak ez direla beharrezkoak… Esaterako, Joe Biden presidenteari entzun diogu “pay them more” esaten; agian, langileei gehiago ordaindu behar zaiela. Nazioa Batuen Diru Funtsa bezalako erakundeei entzun diegu agian gehien irabazten dutenei zergak igo behar zaizkiela…
Energia-enpresei jarri zaizkie topeak?
Gehiegizko mozkin horiek ezabatu egin behar direla. Agian, Europako energia-sistema prezioa finkatzeko sistema hori ez zegoela ondo. Espainiako Gobernuak bere garaian muga bat jartzea proposatu zuenean, sistema ekonomiko guztiak kontra egin zion. Gerora Europak ere kopiatu nahi du. Beraz, hainbat dogma jausi egin dira; esango nuke nahiko momentu interesgarria dela.
Egunerokora etorrita, poltsikoan inflazioa nabaritu dugu; ikasi dugu zer den inflazioa?
Ikasi dugu, bai. Jendea hasi da ohartzen zelan sortzen den inflazio hori. Gaur egungo banaketa-sistemek nola eragiten duten, bitartekarien papera zein den eta zein ez… Ohartu gara agian zereal gehiena Errusiatik ekartzen genuela. Agian, beste hautu bat egin behar dugula gertuko produkzioak erosteko. Honek dena hankaz gora jarri du. Lehen aipatu duzu erabakiak beste nonbait hartzen direla. Bueno, agian, ohartu behar dugu gu ere eragile ekonomiko bagarela. Zer erosi, non erosi, ez dela gauza bera egoitza fiskala Irlandan edo Herbehereetan duen multinazional batean erostea edo etxe alboko denda txiki batean. Sistema honek dituen arrakala guztiak nahiko agerian gelditu dira. Inflazioarena bat da. Kasu batzuk objektiboak dira. Olioaren prezioa igo daiteke uzta txarra egon delako. Hor beste auzi bat dago, larrialdi klimatikoak ere nola eragiten digun. Orain arte dena ondo joan zaion jende horri zer pentsatu eman dio; zelan sortzen diren prezioak, zergatik inflazioa. Horregatik diot, poltsikoan sumatuko dugu. Honek errenkadan ekarriko ditu beste neurri batzuk; langileen soldatetan, ostera ere, pobrezia arrakala handitzen ari dela, esaterako. Beste albo-kalte batzuk ekarriko ditu, baina, agian, jendea berriro aktibatzeko balioko du.
Azken 48 urteetako inflazio daturik altuena izan zen 2022an; 2023an zer gertatuko da?
Gertatzen ari dena oso bitxia da. Azpiko inflazioa inflazio orokorra baino altuagoa izaten ari da. Azpiko inflazioa da inflazio orokorrari kentzen dizkiogunean erregaien edo energiaren prezioak eta elikagai freskoenak, eta hori ez da normala. Zelako joera izango duen? Ikusi dugu estatuek eskua sartu dutenean lortu dutela inflazioa menperatzea.
Badago hori kontrolatzerik?
2021eko abenduko datuak eta azkenengo datuak ikusita, 2021eko abenduan inflazioa %6tik gora egon zen, baina elikagaiak %4 baino ez ziren igo. Batez ere, igo ziren etxebizitza eta garraioa, eta, kasu honetan, etxebizitza oso gutxi igo zen Estatuak %2ko muga jarri ziolako alokairuen igoerari eta argindarra ere babestuta dagoelako. Garraiobide batzuk doakoak dira, baina elikagaiak %15 igo dira. Gehien igo direnak elikagaiak izan dira, familiei bereziki eragiten diena. Ikusi dugu Estatuak lortu duela inflazioa menperatzea, zergak jaitsi dituelako eta alokairuen igoerei muga jarri dielako. Lortu da argindarraren prezioa jaistea, batez ere, Espainian eta Portugalen, topea jarri zaiolako. Kontua da noiz arte onartuko duen Europak Espainiaren esku-hartzea. Posible da inflazioa jaistea, aldaketa klimatikoa alde batera lagata, baina politikak eragin dezakeela nahiko agerian gelditu da.
Beste kezka handi bat Euriborrarena da; goranzko bidean jarraituko du?
Hipoteka errebisatzeko orduan, Euriborraren kurba edo indizea, urtebetekoa eta, batez ere, bi, hiru eta lau urterakoa kontuan hartzen da. Hau da, merkatuak zer espero duen hurrengo urteetan Euriborrak egitea. Hor gehiegizko tasa izango litzateke %3,5 edo %3,60. Momentu honetan, %3,33an dago. Ez da espero askoz gehiago igotzea. Zeren arabera da hori? Inflazioak duen portaeraren arabera. Ikusten ari gara inflazioak Espainian beheranzko bidea hartu duela. Baina Europako Banku Zentralak, interesak finkatzeko orduan, Europako datuak hartzen ditu kontuan eta bertan inflazioa askoz altuagoa da. Europan ere apurka-apurka jaisten hasi da. Litekeena da Christine Lagarde Europako Banku Zentralaren presidenteak esan duenez oraindik igoera gehiago egotea. Galdera ez da noiz arte, baizik eta zenbatekoa izango den. Duela hilabete batzuk aurreikusten zen hurrengo bileran 75 puntu igoko direla. Dagoeneko esaten dute beste 50 edo 25 puntuko beste bi igoera gehiago egongo direla. Dena dela, ez dugu ahaztu behar, Euriborraren historian, begiratzen badugu batez besteko tasa %1,80 inguruan egon dela. Beraz, orain arte izan dugun Euribor negatiboa eta zero tasa horiek ez dira errealak, eta %3 hori ere ez da erreala. Batez bestekoa %2koa da; beraz, agian, interesik gabe bizitzera ohitu gara, eta hori ez zen erreala.
Zeintzuk izango dira ditugun mehatxuak?
Duela hilabete, hainbat hedabidek eta ekonomiarik aipatu zuten atzeraldia bazetorrela. Atzeraldia bera mehatxua da. Azkeneko probisioetan ematen du ezetz, hazkunde txikia egongo dela, baina hazkundea. Mehatxua izan daiteke hazkunde hori enplegua sortzeko gai ez izatea. Azken urteetan dagoen joera da enpresen mozkinek izugarri egin dutela gora eta errentek behera egin dutela; hori mehatxua da. Arrakala horiek kalte sozialak eragiten ditu. Dagoeneko gure kaleetan ikusten ditugu protestak. Bilbon, esaterako, egunero mobilizazio bat dago, manifestazio bat, langileena, soldatak igotzeko, lan baldintza duinak eskatzeko. Gizarteak berak porrot egitea edo leher egitea mehatxua da. Mehatxua gizarte-banaketa hori da, arrakala gero eta handiagoa delako.
Egoera honek aukeraren bat ematen du?
Aukera da konturatzea gu garela ekonomia eragileak, ekonomia beste batzuen esku utzi dugula eta gure eguneroko erabakiekin moldatu ahal dugula, eragin eta jendea kontziente izatea ekonomia edo merkatuak ez direla hor dauden gauza batzuk, baizik eta guk ere badugula zer egin. Jendea pizteko aukera badago. Ohartzea eraldaketa teknologikoak eta trantsizio ekologikoak ekonomikoki ere ondorio asko uzten dituztela. Aukera bezala ohartzea sistema honek arrakala asko dituela eta gu garela aldatu ahal ditugunak.
“Krisia ez da sortzen ezta bukatzen ere; eraldatu egiten da”
Lanak nolako bilakaera izango du? Lanpostuak arriskuan daude?
Eredu anglosaxoiaren eragina dugu; ekonomiaren uberizazioa deitzen zaiona. Kasu asko daude. Uber, Glovo eta Deliveroo bezalako eredu horiek, autonomo faltsuen auzia, prekaritate puntu hori. Lege batzuk onartu direla ematen du, baina aukera hori badago, eta arriskua badago. Beste alde batetik, ez dugu ahaztu behar eraldaketa prozesu batean gaudela. Euskal Herria herri industriala izan da, non autogintzak oraindik sekulako pisua daukan. Ibilgailu elektrikoa ere hor dago; ibilgailu elektrikoak eskatzen du arinagoa izatea, pieza gutxiago izatea, eta hor gure industriak aldatzeko sekulako erronka dauka. Eta horretan ez badugu asmatzen… Badaude proiektu asko, baina ez badugu asmatzen arazoa izango dugu. Langile askok, agian, beste sektore batean berrasmatu beharko dute euren burua. Adibidez, Bizkaian, Bizkaiko Foru Ogasunaren bigarren ekarpena Petronorrena da. Erregaiaren kontra baldin bagaude, erregaiak desagertu behar direlako, diru hori nondik aterako dugu? Hor ere erronka dago. Eraldaketa-prozesu horrek transformazioa eragingo digu. Lanpostu batzuk desagertu egingo dira eta jakin beharko dugu berriak sortzen.
Hainbat esparrutan esaten da bizitza erdigunean jarri behar dela, baina ez dakit ekonomiak premisa hori duen…
Badaude joera asko. Ekonomia feminista horietako bat da. Bizitza erdigunean jartzen da. Ekonomia zer da? Ekonomia da baliabideak kudeatzeko zientzia. Hori baino ez da. Orduan, izan daiteke helburu jasangarririk ez duen ekonomia bat, non etekin maximoa lortzeko helburuarekin naturaren suntsipena ekartzen duena. Ondorioak zeintzuk diren badakigu. Badaude bestelako prozesu batzuk. Herri honetan badugu Iberdrola bezalako enpresa bat, baina baita ere Goiener bezalako enpresa bat, jarrera kontrajarriak dituztenak. Baditugu supermerkatu-kate handiak, baina baita zero kilometroko edo bertako produkzioaren aldeko apustua egiten duten hainbat plataforma. Horregatik esaten nuen aukera badagoela eta honek guztiak aukera ematen digula berrasmatzeko eta birpentsatzeko zelako ekonomia nahi dugun.
Sortu berri duzue enpresabidea.eus, ekonomiaz jarduteko hedabide digitala; nola definituko zenuke enpresabidea.eus?
Egunkari digitala da. Ekonomia eta informazio enpresariala emango duena, euskaraz. Oso argi geneukan hori, herri honetan euskara toki askotara heldu delako. Baina ez dakit zergatik ekonomiak ematen zuen arrotza zela. Guk aldarrikatu nahi dugu herri honetan ekonomiaz euskaraz egin daitekeela. Elkargiren aurkezpenean izan ginen. Prentsaurrekoa egon zen eta guk euskaraz galdetu genuen. Elkargiko arduraduna euskalduna da eta euskaraz erantzun zigun; hori naturaltasunez egin daiteke. Euskaraz informatu daiteke. Badira beste zehar-lerro batzuk, besteak beste, ekonomia etxekotzearena, lehen aipatu dudana, ekonomia gu ere bagarela. Puntu didaktiko hori ere badugu. Nomina bat nola irakurtzen den azaldu dugu, zer den inflazioa, zeintzuk diren zergak, pentsioak zeintzuk diren… Gero, herri honetan sortzen ditugun proiektu ekonomikoen inguruan berba egin dugu. Azaldu dugu herri honetan ginebra egiten dugula; oso ona, gainera. Herri honetan moda egiten dugula, kultura egiten dugula, hori guztia ekonomia delako. Beste puntu bat, guretzat oso interesgarria dena, arrakala bat apurtzea, ekonomia eta emakumea. Hor saiatzen gara genero ikuspegitik berdintasun puntu hori mantentzen, eragileak elkartzeko orduan emakumeak ere azaleratzea. Ematen du ekonomia, batez ere, gizonezkoen gauza dela. Helburu asko ditugu, baina, batez ere, ekonomia etxekotzea, ekonomia gureganatzea, gure hizkuntzan.
Harrera polita izan duzue eta Rikardo Arregi kazetaritza saria jaso duzue, gainera.
Egunkaria sortu genuenean, lehenengo bileretan esan nuen: “Egunen baten lortuko bagenu..”. Lehenengo albiste positiboa izendatuak izan ginela jakitea izan zen, guk ez genuelako geure burua aurkeztu. Poz-pozik joan ginen, saria eskuratzeko zeuden beste proiektuak ere oso onak ziren; beraz, ez genuen espero. Sekulako hauspoa izan da guretzako. Xume hasi ginen, baina ez gabiltza gaizki. Sekulako poza.
Enpresabidea.eus hedabidean hainbat pertsonaren ekarpenak ere irakurri ditzakegu; nola izaten ari da saretze hori?
Ateak jo ditugunean laguntza eske, jendea jarraian aurkeztu da eta euren burua eskaini dute laguntzeko. Lurraldetasuna zaindu dugu. Erreportajeak lantzeko orduan Euskal Herria osotasunean hartuz, adibidez, ezagutu dugu ekilore-olioa egiten duen enpresa, eta olioaz hitz egin genuen. Orduan jakin genuen Zuberoan badela ekilore-olioa egiten duen Nouste Ekilili kooperatiba. Errotze hori bermatu nahi dugu, Euskal Herriko hedabidea delako. Lurraldetasunaren ikuspegitik, oraindik lurralde batzuetan pixka bat hankamotz gabiltza, baina hasiberriak gara, eta orain arte jo ditugun ate guztiak, aurkeztu dugun toki guztietan jendeak oso ondo hartu du. Pozik gaude.
Zenbat gauza berri topatu dituzu Euskal Herrian Enpresabideari esker?
Euskal Herrian egiten diren erroskoak, hanburgesak, ginebrak… Ikasi genuen Biarritzen eta Senperen ere ginebra egiten dela, baita Araban ere. Enpresa asko daude, ekintzailetza izugarria izan da. Araban badago enpresa txikitxo bat zigarroen puntak hartzen dituena eta horiekin gero zuntz asfaltikoa egiten dutena. Ikusi dugu herri honetan gauza asko egiten ditugula; eragin ekonomiko garela. Horregatik, lehen galdetzen zenidan ea enplegua arriskuan dagoen. Bueno, agian, orain arte ezagututako enplegu hori bai. Herri honetan egiten ditugu bizikletak, hegazkin-piezak, autobusak, trenak, ibilgailuak… Baina herri honetan ere egiten ditugu hidrogeno berdearekin zerikusia duten gauzak. Beraz, Euskal Herria ezagutzeko sekulako aukera izan dugu, bai.
“Hain perfektua den sistema honek arrakalak dituela erakutsi digu”
Baina ekonomia hitza aipatzen denean, albiste handi eta gure egunerokotasunetik urrun gelditzen direnak agertzen dira; gainera, nahiko ezkorrak ematen dute. Beste ikuspegi bat eman nahi duzue?
Hedabide askok kliken aldeko apustua egiten dute, oso titular apokaliptikoak sortuz, gerora saltzeko. Gu kriptodiruaren inguruan aritu gara; espekulazioaz jositako mundu bat, erabat apokaliptikoa. Pentsa, urtebetean Bitcoinen balioak %76 egin du behera. Badaude ezagutzen ez diren gauzak. Gu horiek azaltzen saiatzen gara, baina baita nomina bat nolakoa den ere. Gizarte Segurantzaren kontingentzia horiek guztiak azaltzen saiatzen gara. Gauza txikiak azaltzen ere saiatzen gara. Oreka bilatzea da asmoa. Xume hasi ginen, eta apurka-apurka ari gara.
Ekonomialari askoren ekarpenarekin, gainera.
Izen-zerrenda luzea dugu. Proiektua plaza publiko bezala defendatzen dugu, edonor ondo etorria da ekonomiaren ikuspegitik. Ekonomia oso zentzu zabalean ulertuta, zinemagintzaz jardun dugu, ikus-entzunezko lege berriaz, hori ere ekonomia delako. Ekonomia zentzu zabalean ulertuta. Plaza publikoa eskaintzen dugu norberak iritzia botatzeko.
Zuk nola definituko zenuke ekonomia?
Jatorri greziarra du. Baliabideak nola kudeatu. Bertso finalaren harira, Bertsonomia atala egin genuen. Egunero hainbat ekonomialarik bertan bertsoa bota zuten prekarietateaz, pentsioez, inflazioaz… Nolatan bururatu zaigun hau? Bertsolari batek baliabide urriak ditu, kasu honetan hitzak edo silabak, modu eraginkorrean kudeatzeko. Ekonomia baliabideak kudeatzea da. Helburua gizarte justuagoa izan daiteke, pertsonak helburutzat jartzea edo espekulatzea. Baina ekonomia oso erraza da: ditugun baliabideak nola kudeatu.
Beste batzuek kudeatzen duten sentsazioa dugu, batzuetan.
Edo, agian, utzi egin diegu kudeatzen.
Esandakorekin geratuko gara, dogma asko jausi direla eta, agian, aukera berriak zabaldu daitezkeela.
Agian, hemendik bi urtera kontrakoa esan beharko dut, baina momentu honetan, pentsaezinak ziren dogmak erori egin dira.
Gero eta zailagoa da aurreikustea zer gertatuko den?
Bai; ekonomialarioi leporatzen digute beti asmatzen dugula atzera begira. Duela urtebete edo sei hilabete inork ez zuen asmatuko Euriborra noraino iritsiko zen. Beraz, ni ez naiz ausartzen.