Nhil taldearen ‘Etxea’ diskoa

Disko berriaren sorkuntzan lanean ibili dira azken urtean Nhil taldeko kideak. Patxadaz hartu dute lana, eta hori bera erakutsi dute Etxea diskoan.

– Urte eta erdiren ostean, bueltan zaudete; diskoan buru-belarri lanean ibili zarete denbora honetan?

Buru-belarri ibili gara, baina patxadaz hartu dugu. Argi geneukan lan hau data konkreturik gabe eta presiorik gabe argitaratu nahi genuela. Sortze-prozesu lasaia izan dugu, aldaketak ere egon direlako taldean. Prozesu motel eta goxoa izan da, eta uste dut diskoan nabari dela.

– Zerekin egingo du topo entzuleak diskoan?

Disko oso lasaia aurkituko duela esango nuke; oso goxoa. Binilo batean entzuteko diskoa da, sentsibilitate handia duena. Zuzenean grabatutako diskoa izateak soinu oso gordina edukitzea dakar, eta hori ere nabarmenduko genuke. Ez genuen nahi oso perfektua den zerbait; zuzenean grabatzeak dakarren irregulartasuna bizi nahi genuen. 

– Nhil taldearen hirugarren lana da Etxea; nola aldatu da taldea denbora honetan guztian?

Asko aldatu dela esango nuke. Hirugarrenez sortze-prozesu batean egoteak beste heldutasun maila bat eman digu, eta proiektu osoa eraikitzeko momentuan jauzi bat gertatu dela uste dugu, alde horretatik. Joan gara poliki-poliki ikasi ditugun gauzak jartzen eta gusturago egoten egiten dugunarekin. Taldekideei dagokienez, aldaketa handia ekarri du diskoak, baina trantsizio polita izan dela esango genuke; naturala.

– Etxean, Aretxabaletan, egin zenuten aurkezpen-kontzertua, gainera; berezia izan zen?

Argi geneukan Aretxabaletan aurkeztu nahi genuela. Win-win hutsa izan da: bagenekien gertuko jendea etorriko zela aurkezpenera, eta guri ilusio handia egiten digu gertuko jende hori etortzeak. Tokia ere zoragarria zen, eta, lehenengo kontzertua izanik urduri geunden arren, asko gozatu genuen.

– Aurrerantzean non ikusiko zaituztegu? 

Urte amaierara bitartean kontzertu gutxi batzuk emango ditugu. Eskoriatzako Errekan Gora jaialdian egon ginen, urriaren 5ean Oñatiko jaietan egongo gara, urriaren 24an Donostian eta, azkenik, azaroaren 16an berriro ere joango gara Oñatira; Burrunda Faktoriak antolatutako kontzertua izango da.