Nextor Otaño: “Marraztea hizkuntza bat da; eta pasio bat”

Nextor Otaño Lijo (Pasaia, 2003) artista gaztea da, baina dagoeneko ibilbide esanguratsua egin du muralgintzan. Harekin hitz egin dugu, beraren ibilbideaz, inspirazio-iturriez eta esku artean dituen proiektuei buruz, besteak beste.

Nextor Otaño Lijo, ongi etorri TTAPera.

Eskerrik asko gonbidapenagatik.

Nola deitu behar zaitut, Nex ala Nexgraf?

Lagunek Nex deitzen didate, eta Nexgraf izena oso gazte nintzenetik dator. Ikastolako Ekonomia ikasgaian lan bat egin behar genuen, eta nik Nexgraf izeneko espraien enpresa bat proposatu nuen, Nexgraf izenekoa. Sare sozialetarako izena Nex izatea nahi nuen, baina, hartuta zegoenez, Nexgraf aukeratu nuen. Egia esan, gaur egun ez zait izen hori askorik gustatzen. Nahiago dut Nextor, edo Nex.

Nola definitzen duzu zeure burua?

Etiketak ez zaizkit asko gustatzen. Grafititik nator eta nire ibilbidea muraletan egin dut; beraz, zerbait aukeratu beharko banu, muralgile edo pintore definituko nintzateke.

Nondik datorkizu zaletasun hori?

Txikitatik datorkidan zerbait da; etxetik ere bai. Ikastolan hasi nintzen marrazten. Eskola-orduetan aspertu egiten nintzen eta marraztu egiten nuen, beste gazte askok bezala. Egia da aitak ere gaztetan pintatu izan duela, amonak ere bai, eta osabak digitalean marraztu duela. Marrazten hasi, gero grafitiarekin jarraitu eta, gutxira, erretratuak lantzen hasi nintzen. Behin aita eta biok autoan geundela, nik sinatutako furgoneta batek aurreratu gintuen eta aita konturatu zen grafitia egiten ari nintzela. Nire sinadura (Nex) ikusi zuen eta, jarraian, elkarrekin ikastaro batean eman genuen izena. Ikastaro hura bukatutakoan, zuzenean mural bat egin genuen herrian… eta orain arte! Gero, Arte Ederrak ikasten hasi nintzen, eta muralak egiten jarraitzen dut.

Beraz, argi daukazu zure bizitza artearen mundutik bideratuko duzula?

Oraintxe bai. Hasieran ez neukan argi, baina gaur egun bai. Honetan hasi nintzen pasioagatik eta gustatzen zitzaidalako, baina dena oso azkarra izan da. Nik ez nuen hau espero. Lehenengo bi muralak egin, eta jendea deitzen hasi zen enkargu gehiago emateko. Orain, argi daukat.

Lehenengo murala herrian egin zenuen, aitarekin batera; zergatik?

San Pedron bazegoen toki bat, lehen Proisa zena, espazio soziokultural bat, non bertako musika talde batek entseatzen zuen: Tirri Tarrak. Herriarentzako espazio bat zen. Baina bota egin zuten, eta lehen mural bat egin genuen bertan, Homeless izenekoa, Etxegabea.

Eta lehen mural hura egitea nolakoa izan zen?

Erronka izan zen. Aurretik mural batzuk egindakoak ginen, baina lehen aldia zen eskala handian egiten genuena. Berez, gazteentzat zaila izaten da toki bat aurkitzea pintatzeko, eta hori beti aldarrikatzen dugu. Kasu hartan, herriari gustatu egin zitzaion ideia, zirriborro bat prestatu genuen eta egurra eman genion. Herriari asko gustatu zitzaion eta toki hura gure txoko bilakatu zen. Iaz, espazio horri aterpe bat jarri zioten eta pintura guztiak tapatu zituzten, eta orain, Tirri Tarra taldearen omenez beste mural bat egin dugu.

Zer da marraztea?

Marraztea hizkuntza bat da; eta pasio bat. Eta batzuetan, frustrazioa ere bai. Eta lana.

Irudikatzen duzu zure bizitza marraztu gabe?

Ez. Nire parte da.

Inguratzen nauten gauzek inspiratzen naute

Arte Ederrak ikasten zabiltza gaur egun; zer topatu duzu bertan?

Arte Ederretan gehiago lantzen ditugu diskurtsoa, pinturaren filosofia eta horrelakoak. Pintatzen ikasi nahi baldin baduzu, zure kontu egin behar duzu. Fakultatean aurkitu dut jende asko estilo desberdinekin, eta hori oso interesgarria da. Komunitate bat aurkitu dut. Nork bere mobida egiten du –ez bakarrik pintura–, edo beste teknika batzuk: grabatua, serigrafia… Azkenean, denetatik hartzen zoaz. Irakasle interesgarri asko ere aurkitu ditut. Horietako batzuk saiatzen dira beste gauza batzuk probatu ditzadan, eta ariketa bezala oso interesgarria da. Orain, adibidez,  litografia eta serigrafia probatzen ari naiz.

Zerk inspiratzen zaitu?

Normalean, inguratzen nauten gauzek inspiratzen naute: nire lagunek, paisaiek, erreferenteek… Noan tokira noala beti mugikorra daramat gainean eta prest egoten naiz argazkiak ateratzeko.

Zure lan-prozesua nolakoa da?

Normalean, argazkiekin hasten naiz lanean, nahiz eta batzuetan nire marrazkiak ere egiten ditudan. Gero, collage bat egiten dugu digitalean, aitak eta biok. Diseinu bat baino gehiago egiten ditugu, eta lanketa sakona dago atzean. Gero, paretara joaten gara eta lehen zirriborroa egiten dugu bertan. Bozeto hori egiteko badaude hainbat baliabide: koadrikula, proiekzioa… baina ni beti saiatzen naiz dena eskuz egiten; batzuetan, sortzen diren akatsak –adibidez, desproportzioak– interesgarriak dira, eta horiek ere aprobetxatu egiten ditut. Zirriborro hori egiteko, lehen eta bigarren mailako koloreekin joaten naiz: horia, gorria, urdina, laranja, magenta eta urdin iluna. Eta momentuan paletan nahasketak egiten ditut. Hori neure buruari erronka txikiak jartzeko modu bat da.

Mural bat egiteko enkargua jasotzen duzuenean, zein da prozedura?

Onena, noski, gai librea izatea da, baina, normalean, gaia jarri egiten didate. Ondoren, nola funtzionatzen dugun azaltzen diegu, eta zer-nolako pintura egiten dugun. Adibidez, Baionako gaztetxean banekien gaztetxea zela, eta, orduan, testuinguru hori kontuan hartzen dut. Kontuan izan behar den beste gauza bat pareta nolakoa den jakitea da.

Espraia ala pintura, zer nahiago duzu?

Hasieran espraiarekin marrazten nuen, baina orain pintura plastikoarekin egiten dut, fatxadetarako propio den pinturarekin. Caparol erabiltzen dugu, eta oso ona da. Okerrena eguzkia da, jotzen duenean kolorea jan egiten duelako. Oraingoz, ondo funtzionatzen ari da. Paretaren arabera koloreek gehiago edo gutxiago irauten dute. Pareta ondo baldin badago, pinturak hamar urte iraun dezake. Aldiz, hezetasunak baldin baditu, ez dago ezer egiterik.

Zein da muralgintzaren egoera munduan eta Euskal Herrian?

Nik ongi dagoela esango nuke. Uste dut Euskal Herrian komunitate bat ari dela sortzen. Gero eta jende gehiagok pintatzen du eta geroz eta onartuagoa dago. Uste dut aurrera goazela. Eta, gainera, horretan gabiltzanok harremana daukagu. Elkarren lanak ikustera joaten gara. Horretan hasi nintzenean zailagoa zen; alde batetik, gazteagoa nintzelako. Eta bizilagunekin arazoak izan ditut. Gogoratzen naiz behin Pasaia inguruan enkargu bat egiten hasi nintzela eta espraia entzun eta bizilagun guztiak leihotik irainka eta mehatxuka hasi zitzaizkidala. Azkenean, polizia etorri zen eta argitu zen kontua, dena legalki egiten ari nintzen eta.

Arte Ederretan komunitate bat aurkitu dut

Nor miresten duzu?

Sainer, Aryz eta Justin Mortimer, adibidez. Hasiera batean grafiti munduko erreferenteak nituen, gero muralgintzara pasa nintzen eta orain mihise- pinturako erreferenteak ditut.

Grafitiak ikusten dituzunean zeri erreparatzen diozu?

Normalean, estiloari eta teknikari erreparatzen diot. Espraia zaila da kontrolatzen, eta trazu ona edukitzea nekeza da. Trazua eta letra-tipoa dira garrantzitsuak, batez ere.

Zein hiritan aurkitu dituzu grafiti eta mural gehiago?

Berlinen grafitiak hiri osoan daude. Bartzelonan eta Madrilen ere bai. Muralgintzari dagokionez, Frantzia esango nuke; maila handia dago.

Zer da Street art cities?

Plataforma bat da, lehiaketa bat. 2022an bertan parte hartu nuen eta hamargarren geratu nintzen, Trintxerpen egindako Musikaren alegoria lanarekin. Plataforma bat izan da neure burua mundu mailan ezagutzera emateko. Hedabideetan pilo bat atera nintzen eta horrek enkargu gehiago ekarri zizkidan.

Zein irizpide hartzen dituzue kontuan enkargu bat hartzeko?

Aukeraketa egiten dugu, bai paretaren aldetik, hau da, nolakoa den, non dagoen kokatuta… Eta, bestetik, gaia ere kontuan hartzen dugu. Aita eta biok momentuan ikusten goaz zer egin. Lan batzuk jarraian egin baditugu, deskantsatzeko tartea hartzen dugu. Beste batzuetan, festibaletara joaten naiz pintatzera. Horietan egoitza eta pinturak ordaindu egiten dizkizute, eta hor aprobetxatzen dut nire obra egiteko, nahi duzuna egiten uzten dizutelako bertan.

Zenbat denbora behar izaten duzue mural bat egiteko?

Pintatzen bi aste ematen ditugu, baina prestatzen beste bi. Eta, noski, eguraldiaren menpe ere bagaude; izan ere, euria egiten badu, ezin dugu marraztu.

Zer iritzi duzu Banksy artistaz?

Ez da nire estiloa. Gustatzen zait egiten duen kritika soziala, baina gaur egun merkatuan sartuta dagoela esango nuke eta kontraesankorra dela iruditzen zait. Hark txantiloiak erabiltzen ditu, eta gehiago da mezua estetika baino.

Mihisean zer-nolako lana egiten ari zara?

Arte Ederretan nabil mihisearekin lanean, eta nire lan pertsonala egiten ari naiz. Argazki bat erabiltzen dut, eta gero, hortik abiatuta saiatzen ari naiz libre uzten, ea mihiseak zer eskatzen didan. Mugarik ez diot jartzen.

Zein amets bete nahiko zenuke?

Galdera hori sarri egiten didate, baina esango nuke nire ametsa betetzen ari naizela. Munduan bidaiatu, jendea ezagutu eta aurrera egitea.