Nerea Torrijos: “Pertsonaiak eraldatzen ditugu jantzien bidez”

Goya saria irabazi zuen Nerea Torrijosek (Bilbo, 1985) Akelarre filmagatik, eta ordutik jo eta ke ibili da lanean. Bere azken lanak Irati eta 20.000 especies de abejas izan dira, eta agenda proiektu berriekin beterik du.

Moda eta zinema. Bikote ederra. Nola heldu zinen modatik zinemara?

Oso modu naturalean izan zen, egia esan. Ez nuen bilatu. Modan lan egiten zuen lagun bati ez zitzaion eskaini zioten lan bat gustatu eta niri eskaini zidan. Gaur arte…

Gaur egungo zineman, pelikulako pertsonaiak eraikitzen eta istorioak mantentzen lan handia egiten duzue. Garrantzi handiagoa duzue gaur egun?

Baietz uste dut. Lehenengo ideia beti izaten da zuzendariarena, berak irudikatzen baitu pertsonaia aurrenekoz, baina gero eraldatzen joaten da gu sartzen garen heinean. Eboluzionatzen joaten dira pertsonaiak irakurketa ezberdinak izaten ditugulako, eta mota guztietako proposamenak izaten ditugulako. Garrantzitsua da, era berean, aktoreek euren pertsonaiak eraikitzea. Puzzle eder bat sortzen dugu guztion artean.

Akelarre filmagatik Goya saria irabazi zenuen. Zer-nolako garrantzia izan du zuretzat sariak?

Une zoragarria izan zen. Ez dut inoiz ahaztuko. Ez nuen espero, egia esateko, eta sekulako poza izan zen guretzat. Lan munduan ate asko ireki dizkit. Baina garrantzitsuena da lana ondo egiten jarraitzea. Sariak irabaztea baino garrantzitsuagoa da hori. Sariak oparia dira, eta lantaldea sendotzeko balio dute, baina hazten eta hobetzen jarraitzea da gakoa.

Errementari, Akelarre, Irati… Fantasia historikoa maite duzu?

Zale amorratua naiz. Pelikula hauek egiteagatik zortedun sentitzen naiz. Horrenbeste jantzi ezberdin sortzeko aukera eman dit… Hazten jarraitzea ahalbideratzen digu, halako pelikulak benetako erronkak direlako, eta nire taldean asko gozatzen dugu zinema mota horrekin.

20.000 especies de abejas, Akelarre, Irati… Parte hartzen duzun proiektu orok kritika bikainak jasotzen ditu, gainera.

Bai… Aurten zorte handia izan dut. Horien parte izateak harro sentiarazten nau. Horrela jarraitzea da asmoa.

Zein proiektu duzu, orain, esku artean?

Marokora joango gara pelikula bat grabatzera, eta beste bi proiektu zoragarri hasiko ditut oso laster. Hala ere, badakizue ezin dudala hitzik ere esan, kar-kar.

Eta egunerokoan, nola janzten da Nerea? Zeintzuk dira zure gustuak?

Nahi dudana janzten dut. Nahiko eklektikoa naiz, eta esango nuke ez dudala estilo zehatzik. Eroso joatean naiz; ez ditut inoiz takoiak janzten, esate baterako. Sport arropa zerbait eleganteagoarekin nahastea ere gustuko dut. Lagun batek glamour-punk esaten dio nire estilo horri, eta barrea eragiten dit, nire burua ez dudalako batere glamour estiloan ikusten, baina bai punk estiloan, kar-kar. Moda maite dut nik; beraz, dena iruditzen zait zoragarria! Unean uneko tendentziak ere asko gustatzen zaizkit.

Parte hartu duzun film guztietako outfit batekin geratu beharko bazina, zein izango litzateke?

Ezingo nuke bakarra aukeratu…. Baina Mariren jantzia Irati pelikulan… Artelana da.

Iaz Influencer laburra estreinatu zenuen. Irudiaren indarra, estetika, kirurgia… Nola sortu zen ideia? Ikusiko zaitugu berriro kameraren atzean?

Produkzioko lagun batekin hizketan sortu zen ideia. Grabaketa batean genbiltzala oso ideia originala iruditu zitzaidan eta horrela gauzatu zen. Zuzendari moduan… Agian, bai. Bizitzak bide asko irekitzen ditu, eta esperientzia asko gustatu zitzaidan.