Nerea Garmendia: “Inoiz ez dut oso urrutira begira planik egiten”

Irribarrea ahoan, zoragarri hitza behin eta berriro errepikatzen duen pertsona alai horietakoa da. Kritika egiteko ere muturra okertu gabe egiten du. Bizitzari begiratzeko jokabide positibo horri eutsi nahi dio, planak egitea ezinezko zaion ogibide zailean.

Udan gaude, ohiko lanbideak dituztenak oporraldian ari dira pentsatzen. Artisten munduan, ordea, bada esaldi ezaguna: Lanik ez egiteko zenbat lan egin behar den. Nolakoa da egunerokoan kontrara bizitze hori?

Lanbide honetan, lana noiz izango duzun ez dago jakiterik. Urte osoa eman dezakezu lanean, edo, agian, lanik egin gabe. Lana etortzen den moduan hartu beharra dago. Lana hartu, eskerrak eman eta disfrutatu. Egutegia ezin da kontrolatu, inoiz ez dut oso urrutira begira planik egiten. Egunez egun antolatzen dut nire burua.

Lanean zaudetenean, adibidez, Allí abajo telesailean, zenbat orduko lanaldia izaten da? Eta horietatik zenbat kameraren aurrean eta zenbat kameraren atzean, zain?

Hamar orduko lanaldia izaten da, hor nonbait. Aktoreoi, itxarotegatik ordaintzen digutela esaten da. Lanaldia ez da beti berdina izaten. Egun batean sekuentzia bakarra izaten da, eta bestean dena jarraian grabatu behar izaten duzu. Bigarren aukera nahiago izaten dut, zure burua aktibo izaten duzulako. Gertatu izan zait lehen sekuentzia eta azkena grabatu behar izatea, eta tartean lauzpabost ordu igarotzea. Deiak egiteko edo pasieran ibiltzeko baliatzen dut denbora hori, baina kontzentrazioa galdu egiten da.

Pazientzia, beraz, garatu behar duzuen bertute horietakoa da.

Lanbidearekin bat datorren gauza bat da, itxarotearena. Errodaje egunetan lasai joan beharra dago, etorriko dena datorren moduan hartuz.

Orain lanean ari zaren telesailean, gidoilariek idazten dutena zorrotz jarraitu behar izaten al duzue? Gidoietan esaldiak modu batera edo bestera esateko aukera izaten al da?

Egitasmo bakoitza bakarra da. Adibidez, Allí abajo seriean, gidoia zoragarria izaten da eta, gainera, esku hartzeko aukera eskaintzen digute. Zuzendariak, kamerak eta neuk pertsonaiaren ezagutza badugu eta talde modura ekarpenak egiten ditugu. Ingelesez esaten den to play hori gertatzen da grabazio hauetan. Talde lana izaten da, eta hori zoragarria da. Nire pertsonaiak, gainera, garapen handia izan du. Iaz, Gotzone pertsonaia oso gogorra zen, hotza, bihotzik gabekoa. Eta aurten, bat-batean, mozorro hori kendu eta sentimenduak badituela ikusi du ikusleak. Maitemindu egiten da, tontotzeraino. Niretzat, aktore modura, zoragarria izan da pertsonaia berdinarekin bi ezberdin eraiki behar izan ditudalako.

Audientziari dagokionez, datuak bikainak dira.

Halaxe da. Lau urte igaro eta gero, bi milioi ikusletik ez jaistea, nahiz eta konpetentzia gogorra izan, demasa da. Ikusleek fidel izaten jarraitzen dute. Pentsa zenbat plataforma eta kate dauden gaur egun. Zoriontsuak sentitzen gara, oso pozik.
Astero-astero audientzia edo share horri begiratzeak antsietaterik ez al du sortzen zuengan? Telebistako arduradunena izan zitekeen kezka aktore talde osora zabaltzen delako.

Audientziak ematen duen zenbakiaren arabera, datorren urteko lanaldia jokoan dago. Horrela da. Asteartero 07:55ean esnatzen naiz, 08:00etan audientzia datuak ematen dituztelako. Alarma biologiko modukoa izaten da.

Konpetentzia ikaragarria izaten da. Beste kate batean reality bat ipintzen badute, edo futbola edo pilota partida, hori momentuan ikusi nahi duzu datorren egunean emaitza jakingo duzulako eta, ondorioz, ez duzulako ikusiko. Reality-en kasuan berdina da. Telesaila biharamunean ikus dezakegu, baina horrek guri ez digu balio. Hori guztia esanda, 2018an, ia bi milioiko audientzia izatea ikaragarria da.

Zuen lanbideaz hitz egiten hasi gara. Lan bakoitza amaitzean sortzen den bertigo sentsazio horretara ohitzen al zarete?

Ez. Lan bat bukatzen duzunean, lan hori azkena izan liteke. Beharbada, ez duzu zure bizitzan berriro lanik egingo. Ez dago gure esku. Dirua izanez gero eta ekoizten hasiz gero, beharbada, bai, baina aukera hori oso gutxiren eskuetan dago. Bertigo hori… bertigoa baino gehiago, errealitatea da. Lana bukatzen denean, akabo. Berdin dio, gainera, esperientziak edo curriculumak. Horrek ez dizu ezer ziurtatzen. Proba berri bakoitzeko, horretarako balio duzula frogatu behar duzu, inguruan egon daitezkeen beste hogeita hamar pertsona gehiagorekin lehian.

20 urterekn, hasten zarenean, polita iruditzen zaizu. Hogeita hamar dituzunean, “uff”, pentsatzen duzu. Lanbide honetan jarraitzeko gogorra izan behar da, zeren eta lanean zaudenean oso polita da, baina lanik ez duzunean… jan egin beharra dago. Fondoko lasterketa da.

“Umorea, elkartasuna… zerbait ona transmititzen duena egiten ahalegintzen naiz”

Ibilbide luzea duzu maila profesionalean. Formakuntzan lehen urratsak egin eta gero sakondu zenuen.

Grosen eman nituen lehen pausoak, ikastolan. Miriam Cabeza ere bertan zen. Hor nengoela, Joxe Felipe Auzmendirekin Easy Peasy telesailean hasi nintzen. Hasiberriak telesailean hasi nintzenean, astebururo Madrilera joaten nintzen ikastera. Telesaila amaitzean, ikasturte osoa egitera joan nintzen Cristina Rotarekin. Oso lagungarria egin zitzaidan, teknika ikastea beharrezkoa delako. Hori bai, formakuntza eta praktika erreala, biak egin behar dira.

Aktore modura zein amets betetzea gogoko zenuke?

Akziozko pertsonaia egingo nuke, gustura. Emakumezkoa, akzioa egiten. Kirolaria izan naiz beti, eta akzioa oso gogoko dut. Arte martzialak landu, prestatzaile bat alboan izatea… mundua salbatuko duen horietakoa antzeztuko nuke gustura.

Bitartean, aktore lanak modarekin uztartzen dituzu. Zure T-shirt edo kamisetak ezagunak dira, eta beti mezu positiboekin.

Bai! Bizitza nola bizitzen dudan adierazteko modua da. Telebistan gidoilariek esan behar dudana idazten didate, baina kamiseta horietan nik esaten dut zer ipini behar den. Oso polita da. Inspirazio iturriez galdetzen didate, eta neu ez naiz inspiratzen, bizitza entzutearen poderioz bururatzen zaizkit esaldi horiek. Telefonotik zintzilik edo telebista ikusten, ez zara bizitza ikustera geratzen. Ezta jendeari begietara begiratzen ere. Bizitza begiratzearen ondorioz etortzen zaizkit esaldi horiek burura.

Beti bizipozaren alde.

Bai, baina ez autolaguntzaren ikuspegitik. Umorea, elkartasuna… zerbait ona transmititzen duena egiten ahalegintzen naiz.

Bizipoz hori posible al da egunero koilarakada bat ozpin baraurik hartuta?

Kar, kar. Ozpina oso gogoko dut. Esan zidaten baraurik hartuz gero, organismoa desinfektatzeko ona zela. Ez zait batere kostatzen, ozpina gogoko dudalako.

Ozpina hartu ozpinduta ez bizitzeko. Esamoldearen salbuespen horietakoa zara.

Ozpindutako ardoaz arituko da esaera, zeren eta ozpina zoragarria da.

Ozpinaren aldeko kofradiak ohorezko kide egingo zaitu.

Ozpin klase guztiak ditut gogoko. Den-denak probatzen ditut.

Madrilen edo Sevillan ez zaudenean, Donostian bizi zara. Donostia ezagutzen ez duen norbait, zein txoko ezagunera eramango zenuke?

Zaila da. Txikia nintzenean, Miramar aldeko Munto gunean bizi nintzen, eta txakurrarekin bertako miradore edo behatokira gerturatzen nintzen. Bertatik Donostia osoa ikusten da. Denborarekin han dauden zuhaitzak hazi egin dira eta ez da paisaia hainbeste ikusten, baina, txikia nintzenean, kanpoko norbait etortzen zenean hara eramaten genuen. Postal modukoa zen, zoragarria.

Aldiz, bertakoa den norbait zein txoko ezezagunera eramango zenuke?

Hura ere txakurrarekin joaten nintzenekoa da. Igeldora igotzeko atzeko errepidetik, itsaslabarrera doan bidean, belardi modukoa dago. Bakarrik egon nahi nuenean hara joaten nintzen. Jende gutxik ezagutzen duen lekua da, hara gerturatzeko sasia gainditu behar dena. Ez dakit ondo azaldu dudan, ez da erraza hara iristea.

Allí abajo telesailaren arrakastak eskarmentu handiarekin harrapatu zaitu. Hain audientzia handia izanik, pertsona ezagun bilakatu zara. Fama hori nola daramazu zuk?

Ez diot alde handirik aurkitzen; zer dela eta bizi behar dut beste modu batera? Argazki eske errespetuz etortzen badira… lagunekin argazkiak ateratzen pasatzen dugu denbora! Serie honekin edota Vaya semanita-rekin antzeko erreakzioak antzeman ditut. “Etxera iritsi, eguneroko errutina alde batera utzi eta ordu eta erdiz barrez ibiliko naizela jakitea zoragarria da. Eskerrik asko!”. Imajina ezazu, horrelako gauzak esaten badizkizute. Horrek ez du preziorik.

Injustizia da desagerrarazi nahiko zenukeen zerbait; elkarrizketa batean baino gehiagotan aipatu izan duzu hori. Zuen lanbidean, Me too kanpaina guztion ahotan dago, nazioartean. Nola bizi duzue, lankideon artean, mugimendu hori?

Bazen garaia. Mundu guztiak aipatzen dituen kasuak daude, beste batzuk ez ditugu jakingo, baina injustiziak alde batera utzi eta aurre egiteko bada garaia. Hementxe, urrutira joan gabe, Kote Cabezudoren kasua dugu. Buruan sartzen ez zaizkidan gertaerak dira. Munduan horrelakoak gertatzea ezin dut ulertu. Ezin gara isilik geratu. Injustizia horren aurrean isilik geratzen bagara, injustizia horren parte bilakatzen gara.

Euskal aktoreek eta euskal zinemagintzak, beharbada, unerik oparoenetakoa bizi dute. Fenomeno horren protagonista eta garaikide izateak zein sentimendu sortzen ditu zugan?

Pozten naiz, euskal zinemak bere tokia bilatu duelako. Handia-rekin Goya ugari eskuratzea… harro egoteko modukoa da. Zoragarria da. Beste gauza bat ere esango nizuke: nik ez dut film bat bera usaindu. Beraz, gauzak argi eta garbi esaten ari garenez, zoragarria litzateke euskal aktore guztiak kontuan hartzea. Film asko egiten ari dira, eta neu ez naiz bat berataz enteratu ere egin. “Zergatik ez gara horren jakitun?”, pentsatu izan dut. Film horietan parte hartzen duten aktore eta teknikariengatik pozten naiz, baina lana dagoenean denentzat egotea nahiko nuke. Lan bat izateko eskubide bera dugu denok.

Hor utzi duzu zure mezua.

Bai, egoerak amorrarazi egiten nauelako. Mundu mailan casting-ak egiten ditut, eta nire herrian bat bera ere ez. Telesailetan eta filmetan, zero. Euskalduna naiz, eta noan tokira oso harro esaten dut Beasaingoa naizela, euskaldun izateaz harro nagoela.

Donostiako Zinemaldia iristen da, nazioarteko ordezkaritza zabala, eta neu kanpoan. Zer egin behar da? Zerorrek egin didazu galdera, eta nik erraz esan nezake, “euskal zinema zoragarria da”, baina, egia esango ez banu, ez nintzateke neu izango. Ni bezala euskaldun piloa dago.

Euskal zinemarena mundu txikia da, ba.

Niri, aterik ez didate ireki.

Oasi modukoetan bizi al zarete??

Ideiarik ere ez. Baina nire gainerako kideengatik pozten naiz. Zorionak eman nahi dizkiet aktore eta teknikariei.

Erronka modukoa da zuretzat, beraz, zinema.

Euskal zinema. Kanpoan lan egin dut, baina Euskadin ez. Ezin. Bertako ekoizpenetan ez banaute nahi, berdin dit, baina penaz bizi dut hori. Euskaldun izateaz oso harro nagoelako.

Bukatzeko, udako plan bat egiguzu.

Donostiara etortzea egin behar dudan plan horietakoa da. Hiriaz gozatu, lagunekin egon… Oso gauza zehatzetara etortzen naiz, gehienetan lanera, eta ordulariari begira egon gabe itzuli nahi dut. Hondartza, mendia, ondo jatea, merkataritza-guneetan euskaraz hitz egin ahal izatea… euskal inspirazio hori behar dut.