Nerea Garmendia: “Campermendiari esker, Euskal Herria sakon ezagutzen nabil”

Orain dela 21 urte ezagutu genuen Nerea Garmendia aktore beasaindarra, Hasiberriak telesailean. Madrilen bizi da egun, baina Bizkaian izan berri da, zeresana emango duen euskarazko thriller bat grabatzen.

El Hogar filma estreinatu duzu. Zinema mutua da; nola moldatu zara?
Proiektu oso berezia izan da; gaur egun ez dira horrelako filmak egiten. Charles Chaplini omenaldia izan da –45 urte bete dira hil zela–. Grabaketa zoragarria izan zen. Keinuen bidez hitzez esaten den-dena espresatzeko gai izango ote ginen ez genekien. Baina, egia esan, soinurik ez zuenez filmak, zuzendariak zuzenean gidatzen gintuen eta oso ondo moldatu gara. Filmean esaten duguna ez da entzuten, baina hitz egiten dugu, noski. Nik, gainera, entzumenaren %33 galduta daukat eta, nik bezala, ezpainak irakurtzen askok dakite; beraz, filmean hori asko zaindu da.

Campermendiak atsedenaldia izango du udazkenean eta neguan?
@campermendia haize freskoa izan da. Beti izan dut barruan Campermendia bat, eta fisikoki orain iritsi da. Betidanik gustatu izan zait bidaiatzea, lekuak eta istorioak ezagutzea. Gure lurraldea oso aberatsa da eta zer daukagun ere ez dakigu. Nire lanari esker, bakarrizketarekin gora eta behera nabil, bai EAEn, baina baita Espainia osoan ere. Campermendiari esker, lanera joaten naiz eta aprobetxatzen dut inguruan dagoen lurraldea ezagutzeko; izugarria da! 42 urterekin Euskal Herria sakon ezagutzen hasi naiz. Barrualdeko turismoa indartzea dugu helburu eta hori partekatzen saiatzen gara. Baina turismoa ez ezik, kulturari ere lekua eman nahi izan diogu. Bikotekideak eta biok asko disfrutatzen dugu eta txakurrei ere bizitza eman diegu. Ez daukagu teknologiaren beharrik, ezta telebistarik ere. Berreskuratu dugu begietara begiratzea, naturaz gozatzea, elkarrizketak izatea…

Taras y a lo loco bakarrizketarekin biluztu egin zara.
Bai. Dauzkadan tarez jarduten dut. Gortasuna daukat, epilepsia diagnostikatu berri didate, bizkarrean zortzi iltze jarri zizkidaten 12 urterekin… Umorearen bidez zoriontasuna bilatu behar dugula transmititu nahi dut. Jendea identifikatuta sentitzen da, eta asko hunkitu naute kontatu dizkidaten istorioek. Bakarrizketa hausnarketarako bide izan dadin saiatzen naiz. Gaixotasun bat baldin baduzu, umoretik borroka egin behar duzu.

Surfa ardatz duen proiektua amaitu berri duzu.
Istorio oso hunkigarria da, thriller puntu bat dauka eta publikoa harritu egingo da. Euskal Herrian ez da horrelakorik egin, eta oso ondo eginda dago; sentsibilitate handia duen Antonio Diaz Huerta da zuzendaria. Gainera, plazer hutsa izan da Jon Plazaolarekin berriro lan egitea. Allí abajo telesailean umorea egiten genuen eta beste genero batean elkarrekin berriro lan egitea berezia izan da, eta euskaraz! Etxera grabatzera itzultzea eta euskaraz grabatzea zoragarria izan da. Gainera, eguraldia lagun, Campermendia izan dut bizitoki hilabetez, Bizkaian.

Elikagaien eskasiaren inguruan hausnartu duzu.
Mesa para tres dokumentalean kontatzen dugu hemendik 30 urtera ez dugula denondako elikagai nahikorik izango; populazioa ikaragarri haziko da eta arazo bilakatuko da, bereziki, haragia. Harrera ikaragarria izan du: 80 izendapen, tartean Goya sariena, eta hamabi sari eskuratu ditu jada.