Nerea Fillat: “Katakrakekin Iruñea hobea da”

Abenduaren 30ean hamar urte beteko ditu Katakrakek. Iruñeko Kale Nagusiko 54. zenbakian liburu-denda eta kantina zabaldu zituzten hasieran. Egun, argitaletxea eta ikasketa zentroa ere badute. Sarri, beste salto bat eginen dute. Dena, nagusirik ez duen eta denek berdin kobratzen duten kooperatiba politiko eta horizontal baten bitartez. Nerea Fillat proiektuaren sortzaileetako bat da. Historia ikasketak egin zituen eta Kale Nagusian zerbitzari zein editore lanetan aritzen da. Elkarrizketetan analisi zorrotzak egiten ditu. Katakrak sendo dakusa, heldutasun fase batean, militantzia ereduaren gainbehera orokorrak nabarmen eragin badie ere. Eta Iruñea Katakrakekin hobea dela dio, ezinezkoak ziruditen gauzak posible egin dituztelako. Askok diote Katakrakek ez dirudiela Iruñeko lokal bat, baizik eta beste hiri handiago eta irekiago batekoa. Iruñeak ez ote duen ematen handiagoa eta irekiagoa Katakraki esker.

Gogoan al duzu egun Katakrakeko ekitaldi aretoa den hau ikusi zenuen lehendabiziko aldia?

Bai, Katakrakeko hiruzpalau kide etorri ginen. Orduan, areto honek bazeukan pareta bat erdian, bitan zatitzen zuena. Nahiko txunditurik gelditu ginen. Oso ongi gogoratzen dut.

Hamar urte geroago hau dena izanen zela aurreikusten al zenuten?

Lokalaren alde hau ikusi genuenean, sekulako eztabaida izan genuen gure artean, askotan esparru politikoetan gertatzen den bezala, posibilismoaren eta utopiaren artean. Baziren batzuk esaten zutenak oso toki ederra zela baina ezin genuela horretan sartu, eta beste batzuek esaten genuen: egin dezagun ahal dugun guztia hau lortzeko. Zorionez, bigarren horiek irabazi genuen eztabaida.

Jar dezagun testuinguru pixka bat: duela hamar urte, higiezinen krisiaren unerik gogorrenean geunden. Zuen kolektiboko zenbait kide Euskal Jai gaztetxetik zentozten. Anabasa handixkoa.
Bai, egia da. Iruñearen historiaren barnean, Euskal Jairen husteak kolpe handi bat eman zuen. Hortik hainbat gauza sortu ziren. Han ibilitako batzuek La Hormiga Atomica sortu genuen eta korrontearen aurka joan ginen. Hori hala da. Egia da La Hormiga Atomicaren Kuria karrikako toki hartan epe bat genuela, eta gure ilusioek eta baldintza konkretu horrek aurrera bultzatu gintuzten.

Testuinguru gehiago: UPN agintean zegoen bai Nafarroako Jauregian baita Iruñeko Udalean ere, eta udal aretoak erabiltzeko trabak gero eta handiagoak ziren.

Hori erabakigarria izan zen. Gure helburuetako bat izan zen areto handi bat edukitzea, Iruñeko mundu guztiak modu librean erabili ahal izateko. Are gehiago, erosketa operazio hura hasiera batean beste pertsona baten izenean egin genuen, hain zuzen ere, UPNren boterearen mamua erakundeen ertz guztietara iristen zelako. Orain, agian, arraroa suertatzen da, baina marko hark erabat baldintzatu gintuen.

Ongi ulertu badut, UPNren garroak ekiditeko estalpeko operazioa izan zen, espioitza pelikuletan nola.

Ez zen horrenbesterako izan, baina erosketa beste norbaiten izenean egin genuen, ez zezaten jakin guk erosiko genuela. Garai haietan halako neurriak hartzen ziren.

La Hormiga Atomicatik Katakrakera egin zenuten salto. Katakrakeko kantina eta liburu-denda egonkortuta, argitaletxera. Argitaletxea egonkortuta, ikasketa institutura. Zein izanen da hurrengo saltoa?

Egin nahi ditugun saltoak baditugu gogoan, baina etorkizunean ikusiko da zeintzuk diren. Sekulako handinahia dugu. Hala esan behar da. Horrek gure proiektua baldintzatzen du. Batzuetan, modu irrazionalean funtzionatu du, zenbakiak ez baititugu lagun izan, baina gure lan egiteko moduarekin, energiarekin eta izaerarekin askotan posible egin ditugu ezinezkoak ziruditen salto horiek.

Kooperatiba bat zarete, ez dago nagusirik, denok berdin kobratzen duzue. Zergatik?

Esparru politikotik gatoz. Gutako asko bildu gintuen militantzia esparru ezberdinetan lan egiteak. Horregatik, horizontaltasunean eta kontsentsu bidez hartutako erabakietan sinesten dugu, ez bakarrik teorikoki. Horrek oso indartsu bilakatu gaitu. Lortu dugu taldekide bakar bat ere ez geratzea kanpoan. Agian, aldiren batean baten bat gelditu da, baina denok egin dugu bat erabakiekin. Horrek une gogorretan lagundu digu, baita une onetan ere, komunitatea indartu duelako. Kooperatiba enpresabat sortzeko tenorean horizontaltasuna hobekien bermatzen duen egitura edo forma legala da, horregatik hautatu genuen. Gurea ez da kooperatiba bat muntatzeko asmoa duen proiektu bat, baizik eta modu horizontal batean funtzionatu nahi duen pertsona talde bat, modu legal egokiena bilatu duena. Horretaz gain, gu irabazi asmorik gabeko kooperatiba bat gara. Horrek esan nahi du langileok garela kooperatibaren jabe.

Militantzia oinarrizkoa da zuen proiektuan, militantzia oro har gainbehera dabilen honetan. Zein eragin izan du gainbehera horrek Katakraken?
Pila bat eragin digu. Gure inguruari indar handiz eragiten dionez, guri ere eragiten digu. Geure burua hobeki ulertzeko guk kontzeptu bat erabiltzen dugu, esaten dugu enpresa politiko batean ari garela. Horrek zer esan nahi du? Lana eta militantzia uztartzeko bide bat asmatu eta ibili nahi izan dugula. Militantzia klasikoaren paradigma apurtu nahi izan dugu. Horren arabera, toki batean egiten duzu lan eta militantzia zure lan ordutegitik kanpo egiten duzu. Hori alde batera utzi nahi izan dugu, dena uztartzeko. Horrek arazo asko dauzka, argi dago, baina hori indargune bat ere bada, bai gure egunerokotasunean eta baita ate pilo bat zabaltzeko orduan ere. Lehen aipatu dituzun enpresa bide berriak zabaltzeko, baina baita imajinatzen ez genituen liburuak argitaratzeko ere.

“Iruñean nik ez dut inoiz ezagutu halako tentsio politiko txikirik, ezta borrokak galdu ditugunean ere”

Militantziaren gainbeheraren garaiotan, nola dakusazu herri mugimendua?

Orain arte ezagutu gabeko giro bat gailendu da. Iruñean nik ez dut inoiz ezagutu halako tentsio politiko txikirik, ezta unerik gogorrenetan ere, ezta borrokak galdu genituenean ere. Momentu haietan ez nuen sumatu halako tristeziarik eta halako tentsio politiko txikirik. Bizi ditugun gatazka erraldoien inguruan ez da ezer egiten, ez da ezer esaten. Soinketa politikoa erabat galdu dugu: beldurra diogu kalean egoteari, beldurra diogu ezetz esateari, beldurra diogu mugak apurtzeari. Paradigma aldaketa baten bidean gaude. Seguru aski, militantzia ereduan subjektu aldaketa handi bat gertatzen ari da. Ez gara kontziente, horrelako prozesu historikoek urteak behar dituztelako, baina, agian, guk ezagutzen genuen Iruñea ez da izango hurrengo hamarkadetan militanteak emango dituen Iruñea. Militante horiek, agian, beste toki batzuetatik aterako dira.

Politikoki zuen burua definitzeko tenorean esan ohi duzue txertatuta zaudetela “Iruñerriko, Nafarroako, Euskal Herriko, Espainiako Estatuko eta mundu osoko” sare politikoetan, baina modu autonomoan, alderdiekin lerratu gabe. Zer moduz daramazue oreka zail hori? Arazorik?
Zuk zer uste duzu? Badakizu gure hirian, gure auzoetan, gure herrietan, askotan ahots propioa edukitzea konplikatua dela. Ondokoen hitz gogorrak iristen zaizkizu. Batzuetan kritikak izaten dira, beste batzuetan erasoak. Guretzako garrantzitsuena da gure markoa ez dela bakarrik ez gure hiria, ez Euskal Herria. Gure markoa eta gure erreferenteak inguru gertuan badaude, hori ezinbestekoa baita, baina haratago ere bai. Eta maila horietan sortu nahi ditugu sareak, eta kideak, eta burkideak, eta komunitateak ere bai. Europan pentsatzea ezinbestekoa da Iruñean pentsatu ahal izateko.

Proiektu moduan, zein erreferente eduki dituzue hamar urteotan?

Gure genealogia azaltzeko orduan, hiru erreferente aipatu ohi ditugu. Lehenik eta behin, Iruñean liburu-denda politiko bat irekitzea pentsatu genuenean, Auzolan liburu-dendako jendearekin hitz egiten hasi ginen. Gogoan edukiko duzue Auzolan Iruñeko San Gregorio kalean zegoen liburu-denda bat zela, iruindar askoren memorian dagoena. Guk, batez ere, Fernando [Pascual] eta Josu [Mujika] Auzolango kideekin asko hitz egin genuen. Hasieratik halakoetan ez sartzeko aholkatu ziguten. Ez genien kasurik egin. Baina Auzolan guretzako oso erreferente garrantzitsua da eta oso harreman ona daukagu haiekin. Asko ikasi genuen haiekin. Bestalde, Bilboko Likiniano Elkartea guretzako erreferente politiko bat izan zen bere garaian, gero desagertu egin baziren ere. Azkenik, Madrilgo Traficantes de Sueños kolektiboaren eskutik gauza asko ikasi ditugu eta gauza asko pentsatu ditugu.

Zuen izaera autonomo horretara itzulita, askotan entzunen zenuten honako hau: alderdiekin loturarik ez badute, nondik atera dute halako lokal puska erosteko dirua?
Noizbait Katakraken historiari buruzko liburu bat argitaratuko dugu. Historia horren parterik ederrena hori da, hain zuzen: ezker abertzalearen munduko zenbait jendek galdetzen zuten anarkista hauei nork eman zien dirua hau muntatzeko, eta anarkismoaren munduko zenbait jendek esaten zuten ezker abertzaleak eman zigula dirua hau muntatzeko. Gu erabat autonomoak izan gara ekonomikoki, eta hori gure indarguneetako bat izan da, gure erabaki guztien oinarri garrantzitsua. Dirua ilusioaren eta energiaren bidez lortu genuen. Hiru diru iturri nagusi izan ditugu. Lehena, mailegu militanteak. Katakrak muntatzeko erabakia hartu genuenean, lokala topatu genuenean eta marko guztia buruan osatu genuenean, 200 aurkezpen egin genituen jendeari dirua eskatzeko, konplexurik gabe. Bide horretatik, 120 pertsonak utzi ziguten dirua, 700.000 euro. Gero, diru bilketa bat egin genuen, crowdfunding bat, eta hortik 100.000 euro jaso genituen. Azkenik, garai haietan, zorionez, Triodos bankua Iruñera iritsi berria zen, proiektu handi bat behar zuen bere izena garbitzeko -hori hala da- eta hipoteka-mailegu bat eman zigun, oso baldintza onetan. Egun, jakina, ez dugu mailegurik Triodosekin. Orain Coop 57rekin dugu harremana eta maileguren bat. Duela hamaika urte egitura finantzario nahikoa ero hori muntatu genuen aurrera egiteko.

Arestian, zeharka, subjektu politiko berriak aipatu dituzu: migratzaileak, prekarizatuak… Hasieratik haiengan jarri nahi izan duzue arreta, baina haietako gutxi ikus daitezke zuen kantina edo liburu-dendan. Nola gainditu daiteke paradoxa hori?
Azken finean, Katakraken ez dugu gainditzen Iruñerrian oro har dagoen segregazioa. Oso zaila da hemen burbuila sortzea, Iruñea banandu hau gainditzeko. Halere, hau gure lan ildo garrantzitsu bat izan da beti. La Hormiga Atomicaren garaietan estatu osoan sortu zuten Eskubide Sozialen Bulegoen sarearekin bat egin genuen eta gaztelaniazko eskolak eman genituen, paperak lortzeko aholkularitza… Mugimendu hark indar handia izan zuen. Hamarnaka lagun etortzen ziren eskoletara. Zoritxarrez, prozesu hori gutxika-gutxika itxi zen. Katakrakera ez zen iritsi. Egun, baditugu zenbait ate zabalik, entseatzeko gu ez garen horiekin nola sortu topaguneak. Topaguneak bakarrik ez: elkarrekin ibiliko ditugun bideak sortu nahi ditugu. Iruñerriko Arrazakeriaren Aurkako Mundialitoa sortzen lagundu dugu. Futbolaren, saskibaloiaren eta boleibolaren bitartez arrazakeriaren aurkako esparrutxo bat sortzen ari da. Kabia proiektua Katakraken elkartzen ari da. Kuadrilla bilatzeko topagunea da, eta guretzako plazer ikaragarria da gurean egitea. Bestalde, Paris 365 jantoki solidarioarekin duela bi urte kalean bizi ziren pertsonekin futbol talde solidarioa sortu genuen. Katakreko zenbait kidek hor dihardute buru-belarri. Etorkizunera begira kirol eta kultur kluba sortu nahi dute, azpiegitura berri batzuekin harremana eduki dezakeena.

Kazetariok zenbakiekin tema berezia dugu. Hamar urteotan, areto honetan, zenbat ekitaldi egin dituzue?

Batez beste, urtean 200 bat ekitaldi egin ditugu hemen, pandemia urteak barnean sartuta. Hau da, 2.000 ekitaldi, guztira.

Ze baldintza bete behar dira hemen ekitaldi bat egin ahal izateko?

Aretoaren kudeaketa erronka ikaragarria da. Lehen aipatu bezala, hasieran areto honek zentzu politiko ikaragarria zuen, hain zuzen, Iruñean arazo asko zeudelako udal aretoak modu librean erabili ahal izateko. Beraz, hasieran ez zegoen tarifarik, eta jendeari borondatea, elkarlana edo auzolana eskatzen genion. Dirua eman zezaketen, edo aretoa garbitu, edo tabernan lan txanda bat egin. Urteen poderioz, ohartu ginen horrek arazo asko sortzen zizkigula, areto hau mantentzeak sekulako gastuak eragiten zituelako. Pertsona bat behar genuen aretoa kudeatzeko, agenda bat osatzeko, gauzak webgunera igotzeko. Berogailua ere badago, argia, leihoak aldatu behar izan genituen… Eztabaida askotan izan dugu eta batzarrean eta ez dago erabateko adostasunik. Une honetan, liburu aurkezpenak doan egin daitezke; ekitaldi politikoekin beti negozia daiteke; eta gainontzekoei 70 euro eskatzen dizkiegu aretoa erabiltzearen truke.

Gurean ahots propioa edukitzea konplikatua da, horren kontura maiz erasoak jasotzen baitituzu

Zenbakiekin segituz: liburu-dendan zenbat liburu dauzkazue?

Beti esaten dugu 30.000 titulu inguru dauzkagula. Batzuetan gehiago dauzkagu eta beste batzuetan gutxiago. Liburu-denden kudeaketa erronka bat da. Kutxa asko mugitzen dira. Baina 28.000 eta 30.000 izenburu artean mugitzen gara beti.

Erraz esaten da. Horiek guztiak nola hautatzen eta sailkatzen dituzue?

Askotan, tokia falta zaigu. Nola sailkatzen ditugun? Bada, banatzaileen nobedadeei begiratuta, begirada zuhurrarekin, asko eta asko argitaratzen delako eta ezin dugulako dena ekarri. Gure irizpideak nahiko argi daude. Gure ildoak ere bai. Horrek gainetik asko kentzen digu. Askotan, gure arteko eztabaida ere bada hautaketa egiteko modua, beti bezala. Pazientzia, denbora eta ezagutza metaketa handia behar da. Gure abantailetako bat da buru askok parte hartzen dutela gauza askotan. Batzuk adituagoak dira gai honetan, beste batzuk beste horretan. Batzuek narratiba kontrolatzen dute, beste batzuek filosofia. Erlauntza jakinduria horrek pilo bat errazten dizkigu gauzak.

Argitaletxea ere bazarete. Zenbat liburu argitaratu dituzue?

Laurogeita hamabi kalean dira, eta beste bi bidean, labean.

Gaztelaniazko guztiak entseguak dira. Zein da haien gutxieneko izendatzaile komuna?
Gehien-gehienak itzulpenak dira, euskarazkoak bezala. Entsegu kritikoak dira, literatur eraldatzailea. Gure gaiak dira, azkar eta gaizki esanda, historia, feminismoa, hirigintza, poliziaren aurkako ildoa…

Narratiba, euskaraz soilik eta beti itzulita. Zergatik?

Argitaletxea muntatu genuenean, Katakrakeko gauza guztiak muntatu genituenean bezala, guretik abiatu ginen zer eginen genuen erabakitzeko. Gure argitaletxean guri interesatzen zaizkigun gaiak daude, guk argitaratuta ikusi nahi genituen liburuak. Iruditzen zitzaigun gu ez ginela eta ez ginela izanen narratiba soilik landuko zuen argitaletxea. Kanpoko entseguak gurera ekarri nahi genituen, itzulita. Gero, malguak izan gara. Gaztelaniaz sortutako bi lan argitaratu ditugu. Eta sortu eta bi urtera, narratiba euskaraz argitaratzen hasi ginen, urtean bi liburu. Betiere, argi edukita saiakera argitaletxe bat garela. Gure liburu-denda ere bada narratiba baino entsegu gehiago duen liburu-denda bat. Eta argitaletxeak norabide horri eutsi zion.

Berriki, hamargarren urteurrena ospatzeko Hau dena izenburudun binilo bikoitza plazaratu duzue. Zuen kide Hedoi Etxartek esan du lan horren helburu nagusia izan dela pentsatzea hamar urteotan gertatu direnen artean zeintzuk diren garrantzitsuenak, zeintzuk gogoratuko dituzuen. Zer diozu?

Lehenik eta behin, hamar urte pasata, hemen gaudela oraindik. Eta Katakrakek orain inoiz baino zentzu handiagoa daukala. Horren kontziente naiz orain, lehen baino gehiago, proiektuari heldutasun puntu bat ikusten diodalako. Uste dut Katakrakekin Iruñea hobea dela. Hemen lehen gerta ezin zitezkeen hainbat gauza gertatu dira. Adibidez, Silvia Federici etorri zenean, 700 emakume etorri ziren bera ikustera. Oso argi ikusi nuen hori historikoa zela, eta ez zela berriz gertatuko, Iruñean feminismo teorikoari buruzko hitzaldi bat entzuteko 700 emakume elkartzea oso zaila baita. Gure kantinaren ekoizleentzat Katakrak berme bat da, ekonomikoki eta baita haien produktuak ezagutarazteko ere. Gertuko sukaldaritza goxo eta berezi bat egiteko bidea zabaldu dugu. Katakraken oso ongi jaten da. Eta argitaletxea orain ari da egonkortzen, argitaletxeek urteak behar baitituzte horretarako, eta ez bakarrik ekonomikoki, baita haien ahotsa topatzeko ere. Eta gure argitaletxea orain fase horretan dago eta oso pozik gaude.