Nerea Elizalde: “Antzeztea entzutea da, eta beste aktoreekin sintonia berean egon behar duzu” 

Screenshot

Azken sei urteetan Go!azen telesaileko protagonistetako bat izan da Nerea Elizalde aktorea (Bilbo 1998). Gainera, udazkenean Koldo Almandozen Zeru ahoak telesailean ere ikusi ahal izan dugu.

Kaixo, Nerea, zer moduz? Lehenik eta behin, azaldu zein proiektutan zauden murgilduta edota zein proiektu dituzun 2026rako.

Aurten, Go!azen-eko bira ez egitea erabaki dut, azkeneko bost urteetan ibili naiz eta… Eta gurpil horretan sartuta egon naiz eta oso gutxi deskantsatu ahal izan dut. Urte osoko lana izaten da. Aldaketa behar nuen, eta beste zerbait behar nuela argi neukan. Antzerki eskoletan izena eman dut berriro, urte asko igaro eta gero, eta dantza eta abesteko eskolak ere jasotzen ari naiz. 

Nolako esperientzia izan da Zeru ahoak telesailean lan egitea?

Kristoren esperientzia izan da. Asko gustatzen zait nola zuzentzen duen Koldo Almandozek. Gauzak oso argi ditu, eta aktoreekin eta ekipo osoarekin zaintza oso ona izaten du; giro oso ona zegoen grabaketan, nahiz eta oso azkar grabatu zen. Egon diren aktoreak, istorioa… Proiektu oso berezia izan da, oso ezberdina. Zortea izan dudala uste dut, eta eskertuta nirekin lan egin nahi zutelako. Aurrekoan osorik ikusi nuen, eta oso gustura ikusi nuen. Lehenengo denboraldia ere asko gustatu zitzaidan.

Go!azen-en denboraldi berrian ere ikusiko zaitugu. Zer da Go!azen zuretzat?

Sei urte izan dira. Oso esperientzia intentsua da. Udan grabatzen dugu, eta gero urte osoan gaude kontzertuen birarekin. Zure mundua bihurtzen da. Zure lagunak, zure bikotekideak… denak Go!azen-etik irteten dira. Nire zirkulua guztiz aldatu da, eta nire erritmoa ere bai. Sei urtez Donostiara joaten ibili naiz ia etxetik pasatu barik. Bizitza aldatu didan zalantzarik ez dut. Hasieran ilusio handiarekin hartu nuen proiektua; gero gehiago lasaitu nintzen eta esploratzeko leku bat bezala sortu nuen. Asko ikasi dut abesten… Haserre ere egon naiz hain nekatuta egonda… Orain oso lasai nago, oso-oso ondo pasatu dudalako azken uda Nerea Arriolarekin lanean. Barrez lehertu naiz egunero.

Antzerkian aritutakoa zara, gazte konpainian; zer-nolako hutsunea utziko du Pabellon 6-ren itxierak?

Aurrekoan joan nintzen gazte konpainia berrira, Muro de piedra antzezlana ikustera. Dagoeneko ez dago Pabellon 6-ko eraikina, eta sekulako shocka eragin zidan horrek. Azken urte hauetan nahiko aldenduta ibili naiz Pabellon 6-tik, Gipuzkoan ibili naizelako, baina beti izan da nire etxea. Nire hastapenak izan dira, eta nire familia bilakatu diren pertsona asko ezagutu ditut bertan. Oso gertukoa sentitzen nuen espazio bat zen, eta hori bat-batean desagertu egin dela ikusteak asko harritu ninduen. Baina eraikin berrian antzezlana ikustera eseri nintzenean, denak hor jarraitzen duela sentitu nuen. Pabellon, azkenean, jendeak egiten du, ez da eraikina soilik. Esentzia mantentzen da. 

Oholtzaren gainean aktore batek sentitzen duena kameraren aurrean sentitzen du?

Baietz esango nuke, baina modu ezberdinean. Kamera aurrean antzeztea askoz pausatuagoa da. Normalean, aktore baten lana filmaketa batean itxarotea da. Emozio puntu zehatz horretan egotea eta behar dutenean zu erantzuteko gai izatea. Kamera aurrean antzeztea hotzagoa egiten zait. Antzerkian istorioa hasieratik amaierara bizitzen duzu eta emozio guztietatik igarotzen zara. Gauero ezberdina izaten da, gainera. Oso efimeroa da. Antzerkiak duen magia hori ez dut zineman sentitu. 

Agertokira igotzen zareneko tripako tximeletak pasatzen dira edo irteten zaren bakoitzean edukitzen dituzu?

Gauzak aldatzen joaten dira. Emozioak aldatu egiten dira. Urduritasun horiek bueltatu egiten dira batzuetan, edo beldurra, edo konfiantza gehiago dago, eta ondo pasatzeko gogoa. Zure bizitzan zein puntutan zauden ere asko eragiten du. Seguruago sentitzen bazara edo proiektuaren prozesua nolakoa izan den, zer-nolako lankideak dituzun… Gauza askok eragiten dute. Nik, aurten, urduritasuna sentitu izan dut eta nire buruarekiko epaia ere handiagoa egin dut.

Gomendatu egiguzu azkenaldian ikusi duzun pelikula edo telesailen bat.

Gauza berdinak mila aldiz ikusten dituen horietakoa naiz. Telesailak eta pelikulak. Jendeari gomendatu eta haiekin berriro ikusten dut; kar-kar. Obsesio handia sortzen didaten bi proiektu dira: Fleabag telesaila eta La estrella azul pelikula. Iaz, errodaje batean, ikusi nuen pelikula eta asko eragin dit. Obsesionatuta egon naiz, eta zinemara eraman nituen lagunak, gurasoak…

Zein ikus-entzunezko edo antzerki-obra egin nahiko zenuke etorkizun hurbilean? Zein genero edo mota?

Edozein proiektutan murgiltzeko gogotsu nago, baina, aldi berean, gelditzeko gogo pixka batekin. Ez nekatuta nagoelako, baizik eta artistikoki behar dudala uste dudalako. Lan-gurpilean sartuta gauza asko mekanizatu ditudala uste dut, eta jolasa eta bilatzearen magia alde batera utzi dut. Horrekin berriro konektatu nahi dut. Ondo pasatzea eta jende politarekin lan egitea; hori nahi dut. 

Eszenak hasi aurretik ba al duzu maniarik edo erritualik?Ez dut uste… Lankideekin konektatuta egotea gustuko dut. Azkenean, antzeztea entzutea da, eta horretarako sintonia berean egon behar duzu. Gorputza eta ahotsa berotzea, eta antzerkian, batez ere, musika nahiko entzuten dut. Proiektu ezberdinentzat playlist ezberdinak egiten ditut.