Nerea Balda: “Literaturak balio dezake arnasa zaintzeko; nireak hala egiten du”

Zure arnasa zaintzeko nobela esku artean duela elkarrizketatu du TTAP aldizkariak Nerea Balda San Juan (Irurtzun, 1975). Zaintzaren hari mutur desberdinak landu ditu zaintzaileari ahotsa emanez, zaintzak behar dituen pertsonak ere erdigunean jarrita eta nerabezaroaren aldaketei eta mugei adi egonda.
Nerea Balda San Juan, arratsalde on eta ongi etorri zure herriko txoko honetara.
Arratsalde on, zuri ere.
Zer moduz zaude?
Pozik. Pozik, gonbidapenagatik. Seinale izan daitekeelako nire liburua ari dela bere bidea egiten.
Pozik, emaitzarekin ere?
Beti erabat, agian, ez da izaten. Pozik, harrerarekin.
Hasteko, zer moduz zauden galdetu dizut. Jakin nahian benetako erantzuna. Izan ere, axolagabeki galdetzen dugu maiz.
Konbentzio moduan erabiltzen dugun zerbait izaten da galdera hori, bai. Askotan, hitzez gain, badira beste seinale batzuk jakiteko pertsona horrek benetan jakin nahi ote duen zer moduz zauden edo ez. Badira tonua, begirada… Baina, galdetzen digutenean, denei ez diegu esan nahi zer moduz gauden benetan. Bada tarteko bide bat nola zauden esateko eta galdetzeko.
Zure arnasa zaintzeko du izena zure azken nobelak. Zaintzaren hari muturrak landu dituzu. Zure kasuan, zaintzak zenbaterainoko pisua du?
Gaur egun, esanen nuke eroso xamar nagoela alde horretatik. Izan ditut bolada zailagoak: alaba txikia zenean, aita ohean izan genuenean… autonomiarik gabeko pertsonak zaindu behar izan ditudanean, momentu gogorragoak izan dira. Une hauetan, alde horretatik lasai nago. Ez dut menpekotasun egoeran dagoen inor oso gertu. Eroso nago aukera dudalako nire burua zaintzeko, denbora eta burua horretan jartzeko.
Alaba, ama, ahizpa, arreba, bikotekidea, laguna… horiek guztiak ere bazara, eta denak, modu batean edo bestean, zaintzak zeharkatzen ditu.
Gizartean bizi garen aldetik, beti elkarrekintzan ari gara ondokoarekin. Autonomiarik gabeko pertsona horiez gain, badira zaintza orokorrean sar daitezkeen beste kontu batzuk: lankide bati mesedea egitea, aspaldi ikusi gabeko lagunari deia egitea, familiako bati aholku bat ematea… ez dira, agian, denbora asko eskatzen duten gauzak, baina bai egotea. Gertu sentitzea jendea.
“Ikasgai batean zero atera izana ez da arazoa, zeinetan atera izana baizik”
Horrenbeste zeharkatzen gaituen gai batek nola izan dezake hain leku gutxi gizartean? Askotan izan delako gutxietsia…
Egin behar dugun zerbait edo berez datorkigun zerbait bailitzan hartzen dugulako. Noizbait zainduak izan gara, gero zaindu behar dugu… berezkoa eta derrigorrezkoa den zerbait bezala ikusten da. Ez da behar bezala baloratzen edo aintzat hartzen, espero den zerbait delako. Kontrakoa gertatzen denetan, agian, bai: “Begira horri, ez du zaintzen ama”. Aldrebes bai, ematen duelako hala izan behar dela, baina gertatzen denean, ez da kontuan hartzen.
Gizarte kapitalistari ere ez zaio errentagarri egiten…
Beti, doan eta emakumeek egindako lana izan da. Etxean egindakoa. Produktibitateari lotuta, makinek denbora eta enpatia sortzen ez duten bitartean, ba ez dauka pizgarri ekonomikorik, eta, beraz, ez da kontuan hartzen.
Ez da kasualitatea emakumeoi dagokigula zamarik handiena, berezkoa dugulakoan. Ikusezin izatea ere ez da kasualitatea.
Berez, emakumeek egindako lana izan da historikoki, eta, egun, gauzak aldatzen ari dira pixkanaka. Oso moderno garela uste dugunetan ere, badugu gauza asko egiteko. Haurrekin ikusten dudan kontu bat jarriko dut adibidetzat: umeentzako parkeetan, gero eta aita gehiago ikusten dira, baina, gero, eskoletan, nork deitzen du jakinarazteko haurra gaixo dagoela eta ez dela joanen? Guraso bileretara aitak ere hurbiltzen dira, baina oso gutxitan bakarrik, gehienetan, ama ere ondoan dutela. Edo nork lortzen ditu Inauterietarako praka gorriak?… Nik uste dut karga mentalak emakumearen gain egoten segitzen duela. Oraindik ere bide handia geratzen da egiteke.
Zure arnasa zaintzeko nobelan ere emakumezko zaintzaileak dira protagonista. Haiei ere ahotsa eman diezu. Adineko gizonezko bat zaintzen ari dira…
Bai. Hori da nik nire begiekin gehienetan ikusten dudan errealitatea. Azken boladan entzuten den esaldia da ea nork zaintzen duen zaintzailea. Gogorra den lana da. Pertsona bat ongi ez badago, nola zainduko ditu besteak, ezta? Arreta hori emateko bera ere orekatuta sentitu behar da. Zaintzaileei ere ikusgarritasuna ematea inportantea iruditu zait.
Izurrite garaian jarri genuen arreta haiengan, bereziki osasungintza profesionalean lanean ari zirenetan. Ez ote ditugun ahaztu haiek, eta, bereziki, gure etxeetan zaintza lanetan aritzen diren horiek…
Guk nahi ez ditugun lanak izaten dira batzuetan, lan gogorrak direlako: adineko pertsonak zaintzea, eta, askotan, haiekin bizitzea. Lan hori ez da bereziki ongi ordaindua, ez eta ongi zaindua ere. Zentzu horretan, lan handia dugu egiteko.
Nunkui du izena emakume horrek, Demetrio zaintzen duenak.
Ekuadorreko jainkosaren izena du protagonistetako batek, bai: Nunkui. Adierazten du pertsonaiaren jatorria zein den, eta bere egoera. Hori da inguruan nik ere ikusten dudana. Etorkinek egiten dute, maiz, guk egin nahi ez dugun lana.
“Zaintzaileei ahotsa ematea haiei ikusgarritasuna ematea dela iruditzen zait”
Ez ote garen ohitu haien istorioak normalizatzera… Askok haur oso txikiak uzten dituzte jaioterrian, hona etorri eta zaintzan aritzeko.
Liburuko protagonistak ere hausnarketa hori egiten du. Egoera hori ikusten duenean, bere burua pribilegiatu gisa ikusten du. Nik neuk ere, zentzu horretan, nire burua ikusten dut. Bizi garen tokian jaiotzeagatik, baditugu zenbait kontu alde.
Demetrio zaintzen du. 80 urtetik gorako agure bat da. Zeinen ohikoa den pertsona horren izenean hitz egitea, eta berari galdetu gabe erabakiak hartzea.
Umetu egiten dira, infantilizatu. Ez dugu kontuan hartzen pertsona horiek euren bizitzetan egindako guztia: izan daiteke negozio bat aurrera eraman duena, familia handi bateko partaidea, erabaki zailak hartu behar izan dituena… Iristen da momentu bat zeinetan muga fisikoak edo adimenari dagozkionak tarteko ezin dutela, edo ikusten dugu ezin dituztela zenbait gauza egin. Hori zaintzailearentzat ere, zentzu batean, zaila da. Batez ere, muga fisikoak dituztenean, baina burua argi dutenean eta konturatzen direnean, oreka zaila da bi aldeentzat.
Nerabezaroa ere ageri da liburuan. Identitatea bilatzeko garaia. Hor ere, nola bilatu oreka, ezta? Noraino mugatu. Noraino den kapaz gizartera atera eta aurre egiteko…
Nerabezaroa izan daiteke bizitzan garai zailenetakoa, zailena ez bada. Aldaketa handiena dakarren garaia da, eta, gaur egun, beste erronka batzuk planteatu zaizkigu: sare sozialenak. Eragin handia du haiengan, eta, askotan, ez mesederako. Mugak zenbateraino jarri aztertzen aritu behar dugu helduok. Zenbaitetan, ikusten da jatetxe batean haur txiki bat pantailari begira. Ez gara ohartzen zenbaterainoko kaltea ekarri dakiokeen gerora. Momentu batean, erraza da nahi duen guztia egiten uztea, mugarik gabe. Horrek, batez ere nerabezaroan, talka handiak sortzen ditu. Erosoa izan daiteke 11 urterekin telefonoa uztea nahi duena egiteko, baina, kontziente bagara, ohartuko gara ez dela ona heziketa ikuspegi batetik. Zailtasun handiak daude, mugak jartzeko garaian.
“Zure arnasa zaintzeko egonen naiz”, dio protagonistetako batek liburuaren amaieran. Zurea nork zaintzen du?
Pribilegiatua sentitzen naiz, bizi naizen lekuan bizi naizelako eta nire inguruko jendearengatik: familia, lagunak… eta, alde horretatik, maitatua sentitzen naiz eta pribilegiatua.
Gorka Urbizuren kantutik ekarri duzu nobelaren izenburua. Musikak ere balio dezake norberaren zaintzarako?
Esanen nuke musikak eta edozein adierazpen artistikok. Literatura ere agertzen da liburuan. Garai honetan, udan, hainbeste festa izanik herrietan, musika ezinbesteko bilakatzen da. Edozein adierazpen artistikok balio dezake zaintzarako. Nire kasuan, literatura da nire arnasa zaintzen duena. Dantzak. Norberaren zaletasunak zaintzen du norberaren arnasa.
“Nerabezaroa izan daiteke bizitzan garai zailenetakoa, zailena ez bada”
Besteak zaintzeko, norberak ere ongi egon behar du. Autozaintza. Baina nago, gizarte kapitalistan, autozaintza saldu digutela. Gimnasioa, kremak, pilulak…
Berez ez ditugun beharrak pizten zaizkigu; batzuetan, ohartzen gara, eta, besteetan, ez. Sare sozialek ere eragin dute, iragarkiek-eta.
Agian, alderik gogorrenak aipatu ditugu, baina zaintza ere izan daiteke gozagarri eta onuragarri.
Denok izan gara zainduak ume ginenean. Ziur, izanen dugula behar hori. Ase egiten nau horrek. Pertsona bati mesede bat egiten diozunean, besterik gabe, esker on hori ere ona da, betetzen du. Ikasten da beste zerbait ere baloratzen. Protagonistari ere gertatzen zaio, aurretik baloratzen ez dituenak kontuan hartzea.
Irakasle ere bazara. Nerabeekin egiten duzu lan egunerokoan. Haiengandik edan duzu nobelarako?
Urte asko daramatzat nerabeen artean, eta, azkeneko urteetan, etxean ere tokatu zait garai hori bizitzea. Beste modu batean bizitzen ari naiz gertukoa, baina, azkenean, ezagutzen dituzu egoera desberdinak. Baita gurasoekin ere, haiekin izaten dituzun elkarrizketetan. Gero, libururako erabili daitezke. Orokorrean, bizitzan tokatzen denetik, ezta?
Lehengo batean, nerabeekin euskarako irakasle ari den lagun batekin kafea hartzen ari nintzela, Leirerekin, kontatu zidan batzuetan izan duela beharra egun horretan zegokion gaia alboratu eta ikasleei begietara begiratzekoa, galdetzeko ea zer moduz zeuden. Alde emozional horri begiratzekoa. Denok dugulako motxila bat gainean, eta ikasleek ere bai.
Eguneroko horretan, askotan galtzen da hori. Nerabeekin, gainera, irakasle bakoitzak denbora gutxi pasatzen du, eta, askotan, ez gara iristen horretara, jakitera zer daukaten. Uste dut hor ere ari garela pixkanaka arreta jartzen eta adiago egoten.
Alde emozionalera begira…
Bai. Denbora luzea daramat irakaskuntzan, eta, adibide larrienetara begira jarrita, suizidio protokoloak askoz ere lehenago jartzen dira martxan, adibidez. Eta hori ez da gehiago gertatzen delako, baizik eta aurrea hartzen diegulako.
Zaintzaz eta pertsonez ari gara, bereziki. Baina euskal filologoa ere bazara. Eta euskarak ez ote duen behar gero eta zaintzaile gehiago…
Galdera horrekin, gogora datorkit Korrikako hasiera batean irakurritako lelo bat: Gutako bakoitzak hizkuntza asko izan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu. Norberak beretik jarri behar du, ez daukagulako besterik, euskarak ez daukalako besterik. Guk ez badugu egiten, nork eginen du? Fokua pertsonengan jartzen dugu, baina, agian, badira goitik etorri beharko luketen lanak. Nekez arituko gara bestela.
Aktualitateari begira, galdetu nahi dizut zer nolako hausnarketarako bide eman dizun EAEn gertatutakoak: zenbait ikaslek nota kaxkarra atera dute euskarazko probetan, eta nota hori kontuan ez hartzeko eskatu dute. Epaitegietara ere iritsi da afera.
Ertz asko izan ditzake aferak, bai. Nabariena eta euskaldunok ikusten duguna da berez arazoa ez dela izan zeroa, baizik zein ikasgaitan izan den zeroa. Fisikan zero gehiago izan ziren. Hemen ikusten dut, eta Kontseiluak ongi azaldu zuen, oraingoan oldarraldia hezkuntzara iritsi dela, ez dela notaren arazoa, baizik eta zein ikasgaitan. Erasorik larriena izan da hori. Azaleratu da guk hezkuntzan badakigun zerbait: zenbait hizkuntza ereduk ez dutela euskalduntzen, A ereduak, adibidez; eta D ereduak ere, nekez, gaur egun. Hori agerian geratu da. Baina aipatu nahiko nuke, gai horri lotuta, sare sozialetan gertatua: ikasle horiek atera zirenean, zer nolako egurra eman zitzaien, ez bakarrik esaten zutenagatik, baizik eta euskara mailagatik. Bat batean, denok bilakatu gara euskaltzain. Horrek ere ez dio mesederik egiten euskarari. Azkenean, euskara ikasten ari den pertsona batek zein ondorio atera dezake? Gaizki egiten badu, zer nolako egurra jasoko duen. Akatsak egitea bada hizkuntzak ikasteko modu bat. A ereduak ez du euskalduntzen, baina gai izan ziren zerbait esateko. Esan zezaketen gaztelaniaz eginen zutela eta listo. Pertsona horiek ere zaindu behar direla iruditzen zait, gero esan dezaten euskara hobetzen segituko dutela euskaraz hitz egiteko gai izatera irits daitezen. Ur handitan sartu gabe, aipatzeko azpigai asko daude.
Azken nobelaz aritu gara, Zure arnasa zaintzeko izenekoaz. 2025eko Ramiro Pinilla eleberri laburren saria jasota ikusi du argia. Aurretik, besterik ere argitaratu duzu: Atzerrian eta Azpimarrak eleberriak, edo Dardarak poesia liburua. Eta esanen nuke, modu batean edo bestean, denetan ageri dela zaintza gaia. Agian, ez azken honetan bezain ageri, baina bai zeharka.
Seguru aski, nahigabe. Idazten hasten naizenean, zenbait gai landu nahi izaten ditut kontzienteki, eta beste batzuk agertu egiten dira: kezkak-edo izan daitezke. Gauza bat da zuk kontatu nahi duzuna, eta beste bat irakurleek jasotzen dutena.
Idazleek beti izaten duzue zerbait esku artean?
Beti, agian, ez. Egia da azkeneko urteetan aritu naizela idazten eta orain ere martxan dudala, bukatu xamar, beste zerbait oso desberdina, orain artekoarekin zerikusirik ez duena. Erroa argitaletxearekin, aterako dut eleberritxo bat, euskara ikasleentzako: abenturak, mitologia… oso desberdina. Horretan nabil. Ongi bidean, urte bukaerarako prest egonen da.
Aurrera begira, gairen bat-edo baduzu buruan?
Idatzi ondoren eta bukatu berritan, hustuta sentitzen naiz. Orain, denbora bat pasa behar da esateko zerbait izateko. Pertsonaietatik abiatzen naiz ni. Hortik, abiatu. Liburu horretan dauden hariak, hor zintzilik geratu direnak… Izatekotan, horietakoren bat izanen da.
Nerea Balda San Juan, eskerrik asko solasalditxoagatik eta txoko honetan geratzeagatik. Abenduko zure lan berriaren zain izango gara.
Eskerrik asko, zuei.
Uste dut baietz. Batzuetan, ez dut lortzen nahi dudan jende guztiarekin egotea, baina ulertzen dut ezin dela, eta onartzen dut.
Esan duzu gustura zaudela han. Momentuz, ez duzu itzultzeko asmorik, ez?
Gustuko dut Euskal Herria, baina, gaur egun, Qatarrek ematen didana, batez ere, nazioarteko jendearekin harremanetan egotea, ditugun elkarrizketak lanean eta kalean… ez dira eguneroko gauzak. Nik hitz egiten dut Txileko pertsona batekin Txileko egoera politikoaren inguruan, baina beraien begietatik; hau da, ez da egunkarietan irakurtzen dudana. Hitz egiten dut Finlandiako nire lankide batekin berak zelan ulertzen dituen oporrak, zelan doazen saunara… Niri horrek aberastu egiten nau. Orduan, ez dakit zenbat urtez jarraituko dudan Qatarren, baina nire asmoa da beste herrialde batzuk ere esploratzea. Eta egunen baten bueltatu behar banaiz, ondo baita ere!
Baina momentuz, kanpoan.
Ez dago asmorik bueltatzeko.
Ba, eskerrik asko, zure oporretan guri tarte hau egiteagatik, eta zorte on!
Mila esker.