Nerea Azurmendi: “Kazetariak ez du konformatu behar lehen bertsioarekin”
Nerea Azurmendi Zabaletak agur esan dio 40 urteko kazetaritza ibilbideari. Harekin hitz egin dugu ofizioaz, euskarak hedabideetan duen tokiaz eta kazetariek eduki beharko lituzketen ezaugarriez, besteak beste.
Nerea Azurmendi Zabaleta, ongi etorri TTAPera.
Eskerrik asko.
40 urte igaro eta gero, aurretiko erretiroa hartu duzu duela gutxi. Nola bizi zara orain?
Ba, ez pentsa alde handirik dagoenik! Pobreago bizi naiz eta oraindik lantxo batzuk egin behar ditut, baina gustura nago, bizitza partikularra berreskuratzen ari naizelako eta gauzei beste ertz batetik begiratzen diedalako.
Nolakoa zen Nerea txikitan?
Istorio-zalea nintzen; entzun-zalea, batez ere. Gure amonak oso ongi kontatzen zituen kontuak, eta horrek ohitu ninduen entzutera, galdetzera, irakurtzera… Repipi hutsa nintzen. Nire zaletasun handiena zen tokatzen ez zenean galdetzea, erantzunekin gustura ez geratzea eta galdetzen jarraitzea, inguruko guztiak nazkatu arte. Gainezka egiten didate hitzek, bai txikitan eta bai orain.
Kazetari izan nahi zenuela bazenekien orduan?
Ez. Nik badakit hau esatea ez dela ongi geratzen, baina nire kasuan kazetaritzak ez zuen bokaziotik ezer eduki. Lagun batekin erabaki nuen Kazetaritza ikastea Benidormen OHE bat ikusi genuen gauean. Eta OHE diot, bi egunera egunkarian agertu zelako albistea. Kazetaritza ikastera, batez ere, kontu logistikoek bultzatu ninduten. Nik Iruñean ikasi nahi nuen, banuelako non bizi –aurretik Iruñean ikasitakoa nintzelako–, lantxo baten aukera ere banuen, eta, gainera, karrera erraz bat egin nahi nuen. Amak nahi zuen nik Euskal Filologia egitea, baina niri sekulako nagia ematen zidan. Nik Soziologia egin nahi nuen, baina ez nuen biderik aurkitzen horretarako eta pentsatu nuen Kazetaritza egiten banuen Iruñeko kuadrilla mantenduko nuela, lantxo bat edukiko nuela, lo egiteko tokia doan izango nuela, eta, gainera, karrera erraza: Kazetaritza.
Eta erraza izan zen?
Bueno, Teologia bitan ez nuen gainditu eta Ekonomia zortzigarren deialdian atera nuen. Opus-en ikasi nuen, nire bekak unibertsitate horretarako bakarrik balio zuelako. Lana ere Iruñean nuen, Donibaneko gau eskolan, eta, gero, Arturo Campionen. Beraz, bideragarriena han egitea zen. Hori bai, ikasketak Leioan bukatu nituen, ordurako lanean hasita nengoelako. Eta ofizioa lanean hasi nintzenean estimatzen hasi nintzen.
Deia-n hasi zinen lanean, 1982an. Nola gogoratzen duzu garai hura emakume kazetari euskalduna izanda?
Emakume kazetari dezente zeuden garai hartan Deia-n. Iruñean hasi nintzen lanean, baina, bat-batean, Bilbora joateko deitu ninduten, hain zuzen ere, nire madarikazioa izan den horretarako. Alegia, euskarazko kontuak gobernatzeko norbait behar zuten. Aurretik, Martin Ugalde buru izandako talde bat egon zen, eta beste inozente bat behar zuten: ni. Erredakzio heldu baten dinamikan txertatzea izan zen hura, eta oso oroitzapen onak dauzkat. Oso kazetari onak neuzkan inguruan eta asko ikasi nuen. Hura bai izan zela masterra!
Emakume kazetari gisa deserosotasunik edo zailtasunik izan duzu zure ibilbidean?
Lan arruntean ez. Nire izaera ere ez da oso gozoa, hori onartu beharra dago. Erraz haserretzekoa naiz eta eramateko erosoa ez, eta, gainera, ez nuen beldurrik erakusteko ez nintzela batere erosoa. Segituan, eramangaitz fama jarri zidaten, eta ondo funtzionatu du niretzat. Arazoak ardurak hartu ahala etorri ziren. Beste batzuen esanetara nengoen bitartean ez zegoen inolako arazorik; izan ere, nire gaitasunetako bat marroiak irenstea izan da. Baina ardurak eta erabakiak hartzen hasi nintzenean, kontuak konplikatu egin ziren. Baina pare bat momentu desatsegin kenduta –eta besteentzat niretzat bezain desatsegina izan zen–, aitortu behar dut ez dudala aparteko arazorik izan.
Euskarara eta euskal gaietara lotuta egon da zure ibilbidea.
Beti lan egin izan dut gazteleraz eta euskaraz. Euskaraz egin dudan lana beti izan da osagarri bat, betelana. Bestetik, ia erabat gaztelaniaz izan diren hedabideek euskarari egin nahi izan dioten tokia kudeatzen aritu naiz.
Ez du erraza izan behar hori uztartzeak.
Hori ezinezkoa da. Lehendabiziko fase batean etsigarria da, eta, gero, amorragarria. Beti esan dut nire ikuspegitik horrek ez dauka zentzu handirik. Egin diren saiakera guztiak gaizki atera dira. Hedabide batean enborra gaztelera bada, euskarazko adarraren egitekoa zein izango den argi daukagu. Aukera hau ez da bideragarria, euskararentzat toki duin bat nahi baldin badugu. Egin daiteke, egingarria da, baina, betiere, menpekotasun horretatik. Nik etsipenetik ekin izan diot beti eta gai honen inguruan 1983an sentitzen nuen gauza berbera sentitu dut 2023an; hau da, hasi nintzenean eta joan naizenean. Horrek esan nahi du nik ez dudala eboluziorako gaitasun handirik edo esan nahiko du gauzak ezin direla askorik aldatu esparru horretan.
“Euskara hutsezko hedabide batean lan egin nahi izan dut“
Etsituta zaude?
Ez. Euskarak komunikabideetan izan dezakeen, izan duen eta izango duen garapena euskararen eskutik joango da; alegia, euskarazko komunikabideen eskutik eta euskarazko komunikazio esparruan. Aldiz, halako nahasturek ez dakit nora eraman dezaketen euskara. Momentu konkretu batzuetan bete dezakete beraien funtzioa, oso mugatua eta zehatza, baina, bestela, ez dut uste euskararen aurrerabiderako ekarpen handirik etorriko denik hortik. Eta hau ez dut orain esaten, ardura guztietatik libre nagoen honetan. Ordaindu didatenei ere argi esan diet hauxe. Eta eskertu behar diet, hala ere, ordaintzen jarraitu didatela.
Zein ezaugarri behar ditu kazetari on batek?
Kazetari on edo txar batek eduki behar duen lehen ezaugarria zer egin nahi duen argi edukitzea da, eta, gero, moldatzen joan. Idatzi nahi baldin badu, ondo idatzi dezala. Esatari izan nahi baldin badu, ondo hitz egin dezala. Gai batean sakondu nahi badu, sakondu dezala. Alegia, gauzak ahalik eta ondoen egiten saiatzea. Eta gero, ez dadila konformatu lehendabiziko bertsioarekin. Bere buruan sinetsi dezala, nahiz eta esango dioten nahikoa eskarmenturik ez duela, edo ez dela inor. Nire gomendioa da ez irensteko dena eta ikuspegi kritikoa eduki dezala. Ez izan ausartegia; hau da, galbahea eskura izan, baina bateratu ikuspegi kritikoarekin. Eta ez izan presarik. Kazetaritza presazko lana da, baina presaka egiteak ez du zertan inposatzen arduragabekeria. Eta presa, askotan, arduragabekeriarekin nahasten da. Bi horien arteko oreka mantentzea ez da erraza, baina uste dut ofizioaren funtsezko ezaugarria direla. Gero, kazetari bat izango da oso ona, bestea erdipurdikoa eta bestea korrientea. Kazetarien artean, beste gremiotan bezala, denon beharra eta denontzat tokia dago.
Entzule ona izatea garrantzitsua da?
Niretzat entzutea garrantzitsuena da. Entzuten ez badakizu, ezin duzu galdetu. Nik ez dut uste inoiz izan naizenik elkarrizketatzaile ona, eta, seguruenik, izan da ego handia dudalako. Kazetarien bekatu handienetako bat ego hanpatua izatea da, eta, gero, esatea oso apalak garela. Baina gauzak ondo kontatzeko, batez ere, entzuten jakin behar da. Entzun eta kontatu ez dizutena irudikatzen saiatu, beste nonbait bilatu, kontatu didaten honetan zer falta den ikusi, hutsuneak bete… Entzutea prentsa-oharraren kontrako estrategia da.
Asko aldatu da ofizioa hasi zinenetik?
Nik esango nuke ofizioa ez dela aldatu; baldintzak aldatu dira. Presa beti izan dugu, baina gaur egungo hedabide digitalen berehalakotasun hori lehen ez zen existitzen. Lehen, gehienez, egun batetik besterako presioa genuen, eta ikus-entzunezkoetan informatiboaren presioa. Baina Internet iritsi zenean terminoak nahasten hasi ginen. Berehalakotasuna landu daiteke, baina horrek ez du eragotzi behar lanketa sakonagoa. Eta bi mundu horien orekak deskolokatu egin gaituela esango nuke. Ofizioa ere baldintzetan asko aldatu da; izan ere, gure lan baldintzak askoz hobeak ziren eta lanbide egonkorragoa zen. Gure lana zen txota, zaldia eta erregea, eta orain lana multidiziplinarra da eta lurrartzea kostatu egiten zaie. Ofizioari begiratu eta heltzeko modu patxadatsuagoa geneukan guk. Olivetti batekin hasi nintzen ni, pentsa! Hau da, eskuzko lan handia egiten genuen eta prozesuak berak ematen zigun gauzak hobeto pentsatu eta lantzeko astia. Zerbait aurkitzea zailagoa zen eta iturriak zuk landu behar zenituen… Hor nostalgia puntu bat badut, bai.
Zer gomendio emango zenieke Kazetaritza ikasten ari direnei?
Zortzi urtez izan ditut ikasle kazetari-gaiak eta beti esan diet inoiz ez konformatzeko lehendabiziko bertsioarekin. Eta horretarako lanean bi ordu gehiago sartu behar baldin badituzu, ba, segi. Izan ere, intuizioak, askotan, ondo funtzionatzen du. Eta adi prentsa-oharrekin, batzuk oso onak izaten direlako, baina prentsa-ohar bat sinatzen duzunean ez duzu sinatzen zure lana, baizik eta beste baten lana.
Milaka elkarrizketa eta artikulu idatziko zenituen. Bateren bat geratu zaizu gogoan?
Bai. 80ko hamarkadako esperientzia gogor batzuk ditut oso gogoan, kazetariak gauzak gertatzen ziren tokian egoten ginelako. Oso gogoan dut hasi eta hiru hilabetera lau hildako izan zituen atentatu bat egon zela, bertara joan ginen eta hildakoak hiltzen ikusi genituela. Momentu horiek betiko geratzen zaizkizu iltzatuta. Oiz mendiko istripuan basoan sartu ginen eta oraindik amesgaiztoak izaten ditut, zuhaitzetan gorputz zatiak ikusi genituelako. Hori gaur egun hemen egitea pentsaezina da.
Azken urteetako esperientzien artean oso gogoan geratu zaizkit hainbat emakume idazleekin egindako elkarrizketak. Batez ere, beraien eskuzabaltasuna goraipatzekoa da, eta sari bat izan da niretzat. Alaine Agirre, Maixa Zugasti, Castillo Suarez… Eskerrak eman behar dizkiet beraien eskuzabaltasunagatik.
Eta, gero, badago pertsona bat elkarrizketatu ondoren bake sentsazioarekin geratzen naizela: Anjel Lertxundi. Joan Mari Torrealdairekin ere hori bera gertatu izan zait. Elkarrizketa bukatu eta zenbat ikasi dudan pentsatu izan dut, eta bake sentsazioa geratzen zait.
“Benetako adierazpen askatasunean sinesten dut”
Adierazpen askatasunean sinesten duzu?
Jakina, baina sinesten dut benetako adierazpen askatasunean, ez baldintzapeko adierazpen askatasunean; izan ere, gaur egun, momentu askotan adierazpen askatasuna baldintzapean dago. Momentu horretan kontrola dutenen baldintza edo lehentasunetara egokitzen bada, orduan balio du. Baina parametro horietatik mugitzen bazara, segituan jartzen dizute mozala, eta, gainera, legeak babesten ditu. Adierazpen askatasuna bada edo ez da. Eta une honetan gehiago gaude “bada, baina…” , eta “baina” horiek beldurra ematen didate.
Hainbat hedabidetan ere kolaboratzailea izan zara. Zure iritzia emateko beldurrik ez duzu izaten.
Beharko nuke gehiago eduki! Iritzi gehiegi dabil airean eta nik ere horretan badut errua. Askotan, iruzurti hutsa naiz, inguruan gaiari buruz asko dakiten pertsonak izaten ditudalako. Nik ez daukat mahaiaren gainean jartzen den guztiari buruzko iritzirik, eta, askotan, saiatzen naiz testuingurua osatzen, edo beste hari batetik tiraka beste ikuspegi batetik begiratzen. Baina, gehienetan, ahoberoa naizenez, iritzi gehiegi eta fundamentu gabeak ematen ditut. Hala ere, oso gustura egon naiz kolaboratzen aritu naizen leku guztietan. Esperientzia beti izan da oso aberasgarria, eta, gainera, hor izan zaitezke erabat zu.
Damutu zara inoiz esandakoaz?
Asko hitz egiten duenak asko sartzen du hanka, baina ez dut neure burua askorik zigortzen. Damutu ez, baina “isilik egon banintz!”, hori askotan esaten dut.
Bete gabe geratu zaizun ametsik baduzu?
Emango du lausengu hutsa dela esan behar dudana, baina ez da: euskara hutsezko hedabide batean lan egin gabe bukatu dut nire ibilbidea. Oso lotura zuzena izan nuen Euskaldunon egunkaria-ren sorreran eta nire ibilbideko esperientziarik ederrena izan zen. Bertan ezagutu nuen jende zoragarria eta guztiz miresgarria… baina, gero, inoiz ez didate eskaini bertan lan egitea! Azken urte hauetan kazetaritzak aurrera egin duen eremuetako bat izan da euskarazko hedabideena, eta hori bertatik bertara ez ikusteak eta ez ezagutzeak pena pixka bat ematen dit. Baina egindakoarekin konforme nago.