Nerea Arruti: “Aizkorak ematen didan politena egunerokotasuna da”

Nerea Arrutik (Urnieta, 1990) hirugarrengoz irabazi du bakarkako Euskal Herriko Aizkolari Txapelketa. Elgoibarren jokatutako finalean, Nerea Sorondo baino azkarragoa izan zen.

Zer ematen dizu aizkoran ibiltzeak?

Gauza asko. Ez da txapelak irabaztea bakarrik. Entrenamenduetan dugun giroa, sortu dugun familia, herri kiroletan ezagutu dudan jende berezia… Dena den, egunerokotasuna da ematen didan politena.

Hirugarrengoz zara Euskal Herriko txapeldun; Elgoibarren jantzitakoak ezer berezirik izan du aurreko biekiko?

Guztiak izan dira politak. Baina azkena bereziagoa izan da, urteko gertakizunak kontuan hartuta.

Aizkorako lehen txapelketan Nerea Sorondoren bikotekide izan zinen, eta irabazi, gainera; ezustekoa izan zen?

Niretzako bai. Nerearekin egitea ohorea zen, baina erantzukizun handia ere bai. Gaizki egiteak beldurra ematen zidan, izan ere, hasiberria nintzen. Baina Nereak, lehen minututik, lasaitasuna transmititu zidan, eta gozamena izan zen haren bikotekide izatea.

Zelan nahiago duzu lehiatu aizkoran, bikoteka ala bakarrik?

Binakako txapelketak oso politak izaten dira. Baina esango nuke banakakoek beste xarma bat izaten dutela: norbera beste baten kontra. Zu, zeure burua eta zure urduritasuna, aurrean daukazun horren kontra.

Pentatloietan hasi zinen; ez zegoen beste proba errazagorik edo lasaiagorik herri kirolen munduan hasteko?

Ba, ez nuen besterik planteatu. Hori gustatu zitzaidan, eta hori egiten hasi nintzen.  Banekien oso zaila zela eta gauza asko ikasi behar nituela, baina prest nengoen sufritzeko eta ahalegintzeko. Egia esan, bidean lagundu zidaten eta laguntzen jarraitzen dutenei asko zor diet: Luxarbe, Gabriel, Peru, Amalur…

Nor da Amalur Arbelaitz?

Hitzak motz geratzen dira Amalurrekin daukadan harremana azaltzeko. Hark badaki zer den niretzat. Gauzak zerbaitengatik gertatzen dira, eta argi geratu da elkar ezagutu behar genuela.

Judoan lehiatu zara hainbat urtetan; crossfit-a ere egin duzu. Orain, herri kirolak. Bilakaera logikoa dela esango zenuke?

Kointzidentzia izan dela esango nuke. Lehiakorra den pertsona batentzako –eta ni lehiakorra naiz–, diziplina horiek oso aproposak dira. Lehiatzeko grina eskatzen duten kirolak dira.

Zer egiten duzu aisialdian?

Bikotekidearekin egon, lagunekin elkartu, naturaz gozatu, motorrean ibili…

Zein da zure ametsetako bidaia?

Bidaia politak egin izan ditut, baina Zeelanda Berrira joatea gustatuko litzaidake.