Neomak taldearen ‘Inork ez du berdin egiten negar’ abestia

– Sei kide izatetik laukote izatera igaro da taldea; Neomak taldearen betiko esentziak jarraituko du?
Bai! Aurten aldaketa urtea izan da guretzat, eta, horrek zalantzak ekarri dizkigun arren, ilusionatuta gatoz bide berri honekin. Gure esentziak, trikitiak, panderoek eta elektronikak jarraituko dute, nahiz eta berrikuntzaren bat edo beste egongo den.
– Denbora batez ezkutuko edo lokaleko lana egiten ibili zarete; nolako hilabeteak izan dira?
Aldaketek beti eragiten dute horrelako beldur bat, eta guri horrek zalantzak ekarri dizkigu momentu batzuetan. Dena den, horren inguruan hausnartu ostean, konposatzeari ekin genion eta aurrez hasita geneuzkan ideiak lantzen eta mimoz osatzen joan gara. Esan genezake, alde batetik, behar genuen deskantsua hartu genuela, eta ondoren, estudiora eta diskoaren lan guztira bueltatu gara. Oso hilabete oparoak izan dira, asko ikasi dugula uste dut, eta gozatu ere egin dugu; horretan gabiltza orain ere.
– Inork ez du berdin egiten negar argitaratu duzue; zeri abesten diozue?
Kantuak norbere beldurrak kudeatzeko eta besteenak ikusteko moduen inguruan hitz egiten du. Uste dugu garrantzitsua dela horri erreparatzea, ezinbestekoak diren mugak jartzea, emozioei dagokien tokia ematea… nork bereak identifikatu eta ondokoarenak errespetatzeko. Askotan ez diogu behar besteko garrantzirik ematen horri.
– Gozatu duzue prozesuaz?
Bai; esango nuke asko ikasi dugula eta saiatu garela, beharrezkoa zen geldialditxoaren ostean, mimoz eta lasaitasunez prozesua bera gozatzen. Gainera, orain arte lan egin ez dugun profesionalekin lan egiteko aukera ere izan dugu. Diskoa, esaterako, Banyolesen (Katalunia) grabatu genuen, Olivera Estudin, eta polita izan da hara joan eta gure kantuak produktoreekin, Vicekin eta Paurekin, lehenengo aldiz osatzea. Ondoren, nahasketak Haritz Harreguyrekin egin ditugu. Aprobetxatu nahiko genuke, bide batez, izan ditugun bidelagun eta lankideei eskerrak emateko: Vic, Pau, Haritz, Ihintza, Ñako eta Airakako lantaldea, Balaunka, Markel, Guido, Lexark, Eider, Ane, Maitane… eta gure familiari eta lagunei. Energia eta maitasun handia eskaini diogu proiektu honi, eta eurei esker ere hartu ditugu indarrak.
– Disko berri baten aurrerapen-kantua da? Ezer aurreratu dezakezue?
Bai; esan dezakeguna da urte amaierarako irtengo den diskoaren aurrerapen-kantu bat dela Inork ez du berdin egiten negar. Laster joango gara, poliki-poliki, gure lana erakusten, eta gogotsu gaude horretarako. Doinu eta erritmo desberdinak sartu ditugu diskoan; betiere, trikitia, panderoak eta taldearen esentzia alde batera utzi gabe.