Nekane Berriotxoa Segurola: “Zaintzak, bereziki, emakumeak izorratu gaitu”

Nekane Berriotxoa Segurola ONEKA emakume adindu pentsiodunen elkarteko kidea da. Harekin hitz egin dugu zaintzaz, pentsioez eta elkartean egiten duten lanaz, besteak beste.

Zer moduz?

Eskerrik asko.

ONEKA elkarteko kidea zara; azalduko diguzu zer den eta zer egiten duzuen bertan?

ONEKA pentsiodunen mugimendutik sortu zen. Mugimendu honetan ez zen emakumeen gaia lantzen eta horretan sakontzeko talde bat sortzea pentsatu genuen. 2018ko urrian egin genuen aurkezpena, Donostiako Emakumeen Etxean, eta orduz geroztik lanean ari gara.

Zaharra hitzari beldurra diogu?

Orokorrean, bai. Baina helduak esanda pentsatzen dut: “Orain arte ez gara helduak izan?”. Edadeko jendea esamoldea ere erabiltzen da, baina edadea ere beti izan dugu. Beharbada, zaharra hitza da egokiena, baina zentzu gutxiesgarria dauka eta jendeari ez zaio gustatzen. Ana Freixas idazleak erreibindikatu egiten du zahar hitza, eta, horri jarraituz, ONEKAren helburuak emakume zaharrek dituzten arazoak ikusgarri egin eta aldarrikatzea da, gauzak aldatu daitezen.

Gizarte honek zaharrak baztertu egiten ditu?

Bai, dudarik gabe.

Emakume zaharrak gizon zaharrak baino ikusezinagoak dira, ezta?

Bai. Orokorrean, emakume jubilatuen egoera nahikoa txarra da eta gure eskaerak oso baztertuta geratzen dira. Jubilatzen zarenean eta lana uzten duzunean, baztertuta geratzen zara ez bazara zu mugitzen. Eta ordainpeko lana egin ez dutenak ere baztertuta geratzen dira. Eta hori arazo bat da, ekonomiarekin lotuta dagoelako, dudarik gabe. Aurreko batean, kartelak jartzen ari ginela emakume bat hurbildu eta esan zigun bere pentsioarekin semea laguntzen zuela, langabezian geratu zelako. Eta ia ziur nago emakume horren pentsioa ez zela oso handia. Hor arazo handi bat dago.

Zer-nolako ekintzak egiten ditu ONEKAk?

Batez ere, kontzientziazio mailakoak. Adineko emakumeak egoera txarrean gaudela ikusarazi nahi dugu; izan ere, egoera txar hori normaltzat hartzen da gizartean. Hori dela eta, hitzaldiak antolatzen ditugu, eta bilerak ere egiten ditugu beste herrialde batzuetako emakumeekin, estrategia amankomunak adosteko.

Zaintzaren gaiak zer-nolako garrantzia dauka zuentzat?

Zaintzarena arazo handia da guretzat. Zaintzak, bereziki, emakumeak izorratu gaitu, eta, sistema antolatuta dagoen bezala, deseraikitzea oso zaila da. Adibidez, ezkondu baino lehen etxetik kanpo lanean zeuden emakume gehienek lana utzi egin zuten, ezkondu ondoren haurrak izan eta haiek zaintzeko –Francoren garaian–, eta lege guztiak horretara bideratuta zeuden. Lanean jarraitzen zuten gutxi haiek, askotan, oso kontrako giroa izaten zuten.

“Gizarteak zaharrak baztertzen ditu”

Zuk ordainpeko lana egin duzu, ezta?

Bai; hori oso argi neukan. Baina emakumeek, askotan, eszedentziak eta baimenak eskatzen dituzte haurrak zaintzeko, edo gurasoak zaintzeko, edo jardun erdian aritzen dira zaintza-lanak egiteko. Eta noski, horrek guztiak gero eragina du pentsioetan eta ez dugu hainbeste kotizatzen. Ondorioz, erretiroa iritsitakoan pentsio baxua geratzen zaigu. Patriarkatuak ondo antolatuta du sistema hau. Patriarkatua diot, zeren askotan kapitalismoari botatzen diogu errua, baina herrialde sozialistetan, nahiz eta emakumeak lan merkatuan sartuta egon, zaintza-lanak ere beraien esku geratzen ziren. Oso barneratuta daukagu zaintza emakumeoi tokatzen zaigula. Eta zaintza hori ez badugu egiten edota ezezkoa esaten badugu, errudun sentitzen gara. Barru-barruraino sartuta daukagu ardura eta erruduntasun hori, baina Estatuak, Elizak eta sistema osoak bultzatu gaitu horretara.

Biloben zaintzan ikusten dira emakume adindu asko…

Askotan pentsatzen dut zergatik ez ditugun gehiago aldarrikatzen haurtzaindegiak. Garai batean, nola edo hala funtzionatu zuten. Haurtzaindegi sistema publiko indartsua eduki beharko genuke, ordutegi aldetik malgua. Bilobak gustura zaintzen dituztenak ezagutzen ditut, baina badaude beste batzuk lotura hori izan eta ezin dutenak bidaiarik egin, edo edozein momentutan egin nahi dutena egiteko askatasunik ez dutenak. Gauza bat da laguntzeko prest egotea momentu puntualetan, baina urte bat joan eta beste bat etorri lotura hori edukitzea… oso gogorra iruditzen zait. Garrantzitsua da zahartzaroan ere askatasuna edukitzea ikastaro bat egiteko, zinemara joateko, paseo bat emateko… eta askok hori ezin dute egin, familiarekiko zaintza-konpromiso bat hartu dutelako. Gehienak, emakumeak. Hitzaldi batean biloben gaia atera zen eta anbulatorioan lan egiten zuen langile batek esan zuen emakume helduei ez dizkietela eskaintzen medikuarenerako orduak 11:00etatik aurrera, umeak jaso behar izaten dituztelako. 

Zein da emakumeen egoera pentsioei dagokienez?

Txarra. Gehienek alargunaren pentsioa jasotzen dute, ez norberarena, eta, normalean, pentsio baxuak izaten dira. Horrek bizitza asko mugatzen dizu.

Zein da zuen aldarrikapena?

Pentsiodunen mugimenduan 1.080 euroko pentsioaren alde lanean ari gara, baina une honetan eztabaida bat daukagu. Pentsiodunen elkartea 2012an legalizatu zen, eta 2014an jaso ziren sinadurak 1.080 euroko pentsioa eskatzen. Pentsa, duela 10 urte eskatzen genuen kopuru hori! Batzuek pentsatzen dugu kopuru hori eguneratu egin behar dela. Gaur egun, 1.200 edo zerbait gehiago izango litzateke.

“Haurtzaindegi sistema publiko indartsua behar dugu”

Arrakala digitala ere pertsona zaharrentzat arazo bat da.

2000. urtetik aurrera, teknologia azkar garatu da, eta, orokorrean, adineko jendeari asko kostatzen zaigu jarraitzea. Gehienek Whatsapp eta telefonoa erabiltzen dugu, besterik ez, eta askok ez daukate inor horretan laguntzeko. Arazo handiena bankuekin izaten dugu; izan ere, gero eta gauza gehiago eskatzen dute online egiteko edo kutxazainetan. Momentuan nola egin erakusten dizuete, baina gero hori gogoratu egin behar duzu, eta, ez bazara maiz joaten, ahaztu egiten zaizu. Instituzioekin ere edozein gauza egiteko elektronikoki egin behar duzu. Gogoratzen naiz lehendabiziko aldietan gauean izerditan esna egoten nintzela hurrengo egunean tramitea egitea ea lortuko nuen pentsatzen. Arazo handia da. Ni oso atzean geratu naizela ikusten dut.

Zein da bete nahiko zenukeen ametsa?

Adinekoen ekonomia eta zaintzaren baldintzak hobetzea. Zaintza publikoa izatea eta bakoitzak erabakitzea nola eta non nahi duen zaindua izatea.