Nazien beharrik gabe ere moldatu ziren

Ander Izagirre

Infernua ez da suzkoa, infernua lokatzezkoa da. Horixe idatzi zuen 1939an Gurseko  eremuko errefuxiatu batek. Espainiako Gerra Zibilaren ondoren Frantzian sakabanatuta zeuden milaka euskal errepublikano biltzeko eraiki zuten eremu hura, Pirinioetatik gertu, eta lehenengo neguan ikasi zuten infernu lokaztuan zeudela: barrakoi hotzetatik irten eta lupetzan hondoratzen ziren orkatiletaraino. Lokatz horrekin eskultura handiak modelatu zituzten presoek: Errepublikaren alegoriak, soldaduak borrokan, Gernikako hilotzak… Artelan xumeak ziren, euripean azkar desagertu zirenak. Baina badira argazkiak, alanbre-hesien barruan loratu zen arte horren lekuko. “Arteak ez du askatasuna aldarrikatzen”, idatzi zuen Ruiz de Eguino margolariak, “artea askatasuna da”.

Kontzentrazio-esparrua Biarnon eraiki zuten, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin kanpaina politiko indartsua piztu zutelako Pirinioen bestaldeko euskal errefuxiatuak jasotzearen aurka. Ospitalepeko herrixkatik gertu kokatu behar zuten esparrua, baina bertakoak beldur ziren: errefuxiatuek ihes egin zezaketen, inguruetan lapurretan hasi, eta herrian ez zegoen telefonorik jendarmeei deitzeko. Errefuxiatuak Espainia frankistara deportatzea eskatu zuen Rene Delzangles diputatu lapurtarrak, Frantziak ez zuelako “Europako zabortegi” bihurtu behar. Baionako udalak ere kanporatzea eskatu zuen. Jean Ybarnegaray diputatu baxenabartarra, Euskal Pilotaren Nazioarteko Federakuntzaren sortzailea, Petain mariskalaren gobernuan Familia Frantsesaren ministro izatera helduko zena, sutan jarri zen: “Atzerritar saldo horrek sortzen duen mehatxu jasanezinaren aurrean premiazko neurriak” eskatu zituen.

Oloroeko alkateak, Jean Mendiondou ezkertiarrak, errefuxiatuak bere barrutian hartzea proposatu zuen, eta horregatik eraiki zuten eremua han, Gurs herriaren lurretan. Camp des Basques deitu zioten, baina berehala hasi ziren Espainiako eskualde guztietatik ihes egindako errepublikanoak ere bertan sartzen, gero eta baldintza eskasagoetan. Naziek okupatutako Frantziatik kanpo zegoen Gurs, baina Petain kolaborazionistak zintzo bete zituen euren desioak: komunistak, ijitoak eta batez ere juduak itxi zituen bertan, Alemaniatik eta Frantzia iparraldetik trenetan ekarritako 18.185 judu. Horietatik mila inguru lehenengo neguan hil ziren, barrakoi lohietan pilatuta, arratoien hozkadak, hotza, gosea eta gaixotasunak pairatu ondoren. Jendarmeek beste 3.907 judu sartu zituzten Auschwitzeko sarraskira eramango zituzten trenetan. 1945etik aurrera Gurseko esparrua eraitsi zuten, arrastoen gainean basoa landatu eta gaur egun kontutan hartzeko moduko egia estaltzen saiatu ziren: errefuxiatuak giltzapean sartzeko eta populazio osoak suntsitzeko ez zuten nazien beharrik izan.