Nawi: “Sofatik altxatu eta dantzarako indarra ematen dit reggaetonak”

Naroa Franco Barakaldoko artista gazteak ez du oraindik diskorik kaleratu, baina haren singleek milioika ikustaldi dituzte Youtuben.  

Nawi bideoklipen bidez ezagutzen dugu. Baina nolakoa da Naroa?

Langilea naiz, arduratsua, eta helburuak argi ditut. Sortzailea naiz, baina lotsati samarra.

12 de la noche abestia kaleratu berri duzu. 2023 honetarako kanta edo proiektu gehiago dituzu prest?

Urtea musika gehiagorekin eta proiektu berri zoragarriekin bukatuko dudala esan dezaket, baina ezin dut gauza askorik aurreratu; kar-kar.

Dantza ezinbestekoa da zure proiektuan. Urteak daramatzazu dantza ikasten, ezta?

Umetatik egiten dut dantza; oso garrantzitsua da niretzat. Modu profesionalean, Bilboko Fusion akademian hasi nintzenean. Gaur egun, dantza eskolak jasotzen jarraitzen dut, ikasten jarraitzeko. Gainera, nire lagunekin egiten dut, eta nire proiektuaren parte ere badira. Kontzertuetan nire lagunak diren dantzariek ere parte hartzen dute. Artista naizen aldetik, dantzak naizena islatzeko aukera ematen dit.

Zer da zuretzat reggaetona?

Dantzan adierazteko modu bat da niretzat. Txikitatik entzun dut reggaetona. Mende honetako booma izan da musikan, hori argi dago. Egia da genero horretako kanta asko matxismoarekin lotu direla. Nik erritmoei erreparatzen diet, dantzarako musika baita. Abestiak entzuten nituenean, gazteagoa nintzenean, sofatik altxatzeko eta dantzan hasteko indarra ematen zidaten. Nik hori transmititu nahi dut nire musikarekin.

Modelo ere lan egin duzu. Zer iruditzen zaizu mundu hori?

Mundu zaila dela ikusi nuen. Gaur egungo lanerako baliagarria izan zait; adibidez, photocall baten argazkietan ondo azaltzeko, kameraren aurrean egoten jakiteko, elegantzia transmititzeko… Diziplina hori jaso izana asko eskertzen dut. Orain, hainbat etxerekin kolaborazioak egiten ditut, eta baliagarria egiten zait urte haietan jasotako ikasketa guztia.

Estetika asko zaintzen duzu. Nola lantzen duzu? Zure estiloa da?

Zaila da lantzea, eboluzio baten emaitza delako. Prozesu baten parte izan da nire eraldaketa, eta, azkenean, geratzen dena adierazteko modu bat da. Arropa aukeratzeko askatasun osoa sentitzen dut. Nawi pertsonaia garatzen doan zerbait da, eta bideoklip bakoitzean ikus daiteke hori.

Zaila da gaur egun artista izatea influencer-a izan gabe?

Gaur egun, eskutik doaz. Artista bat influencer-a da. Musikaren munduan ezinbestekoa da sare sozialetan presente egotea. Hor dago benetako promozioa. Hori da biderik onena. Zure sare sozialak zenbat eta indartsuagoak izan, orduan eta jende gehiagok entzungo du zure musika.

Euskaraz reggaeton bat egitera ausartuko zinateke?

Auskalo… Abesti oso bat euskaraz egiteko moduan ez dut ikusten neure burua gaur egun, baina zatiak bai. Gainera, dagoeneko eginak ditudan abesti batzuk euskarara itzultzeko, eta bertsioak egiteko gogoz nago.

Zein agertokirekin amesten duzu?

Askorekin! Estadio baten sekulakoa izango litzateke. Bizkaia Arena betetzea itzela izango litzateke, edota Madrilgo Wizink Center edo Bartzelonako Palau Sant Jordi.

Madrilen bizi zara gaur egun, baina Bilbo bihotzean daramazula diozu…

Bilbon sentitzen naiz eroso, nire arnasgunea da. Han daude nire lagunak, nire familia, eta hantxe deskonektatzen dut. Madrilek, ostera, aukerak eskaintzen dizkit. Artistentzat magia Madrilen gertatzen dela esan daiteke. Madrilen ekoizten dut nire musika, eta Madrilen grabatzen ditut bideoklipak. Madril lanerako leku aproposa da, baina Bilbo etxea da niretzat. Biak beharrezkoak ditut.