Nahia Quincoces: “Zaila da mendik zenbateko asetasuna ematen didan azaltzea”
Mendiko eskian zilarra eskuratu du aurten Nahia Quincoces bizkaitarrak. Ogibidez suhiltzailea da, lehia eta lana uztartzea “ia ezinezkoa” zelako mendexarrarentzat. Aiert Arieta-Araunabeñak Azkue Fundazioan elkarrizketatu du mendi eskiatzailea.
Zer moduz gabiltza, Nahia? Udaz gozatzen ala negua eta elur denboraldia berriz iristeko irrikan?
Ez, udaz gozatzen. Beroa baino hobeto eramaten dut hotza, hori bai, baina udan ere asko gozatzen dut.
Orain, gainera, udarako entretenimendu ederra topatu duzu mendi lasterketekin…
Bai; lasterketa batzuk egiten ditut. Abuztuan berriro elurretara joateko asmoa daukat, baina, bitartean, udaz gozatzen, itsasoaz ere gozatzen eta hemengo giro onaz.
Piraguan ere ibili ohi zara…
Bai, lehen gehiago ibiltzen nintzen orain baino, baina uda partean gustuko dut piraguan ibiltzea. Aisialdi modura, e! Ez lehiatzen.
Mendi lasterketak ere horrela hartu zenituen hasieran, aisialdi bezala, negura begira fisikoki ondo prestaturik iristeko, baina orain guztiz serio zabiltza…
Mendiko eskian hilabete batzuk baino ez dauzkagu elurretan lehiatzeko eta entrenatzeko, eta urtea luze geratzen zen bestela. Entrenatzeko aitzakiarekin lasterketa batzuk egitea erabaki nuen, nire taldekide batzuk aurrez aritzen ziren, eta horrek ere engantxatu egin ninduen. Azkenean, uda eta negua lehian.
Eta zer topatu duzu mendi lasterketetan?
Eskiarekin alderatuz, hasteko, erosoagoa dela. Material aldetik eta azpiegitura aldetik entrenatzeko nahikoa da etxetik korrika egitera irtetea; eta horretaz aparte, giroa. Batez ere, Euskal Herriko lasterketetan dagoen giroa.
Aurten bigarren aldiz hartu duzu parte Zegama-Aizkorrin, eta elkarrizketa hasi aurretik esan didazu hango giroak ez daukala parekorik…
Nik ez dut sekula halakorik ikusi, eta kanpoko jendeak ere itzela dela dio. Publiko artean korrika zoazenean eraman egiten zaitu jendeak, non zauden ere ahaztu egiten zaizu. Pasada bat da!
Eta zergatik Zegaman? Zer dauka berezia?
Pasatzen diren mendiengatik. Aizkorritik gora, Andraitzetik… Oso polita da ikuslearentzat ere bai. Gainera, zerbait berezi bilakatu da. Lehen erromerietara joatea zena orain horrelakoetara joatea da. Mendi eta kirol zaleentzat derrigorrezko zita bilakatu da. Aurtengo giroarekin bada, zer esanik ez.
Bero handiegia, akaso…
Guretzat bai. Korrika egiteko kristoren beroa egiten zuen. Baina ikusleentzat, ezin hobea. Askok bertan pasa zuten aurreko gaua eta oso gustura egon ziren. Eskerrak guri ura botatzen ziguten…
Behintzat, mendi lasterketa asko etxe inguruan dira eta eskerrak, lanean egun libre gehiago eskatzeko moduan ez zaudelako…
Ez, kartutxo asko gastatu ditut neguan hara eta hona ibiltzeko. Eskerrak lankideak ondo portatzen diren.
Hasi dira zorrak kobratzen?
Bai, bai. Baina oraindik guardia dezente geratzen zaizkit egiteko.
Izan ere, zenbat denbora behar izaten duzu eski txapelketa batean parte hartzeko? Lehiaketa bera ez da egun bakarrekoa izaten, eta, gainera, haraino joan beharra dago…
Aurten, adibidez, Munduko Kopako sei etapa izan dira, eta, horretaz aparte, Mundialak. Mundialak astebeteko iraupena dauka eta Munduko Kopan bi edo hiru proba izaten dira asteburu berean. Beraz, lehiaketak berak hiru egun irauten du, ostiral, larunbat eta igande; horri gehitu beste egun bat joateko eta beste bat etxera itzultzeko, segun eta non jokatu den. Bost edo sei egun behar izaten ditut, eta hori edozein lanekin ez da posible.
Zu zabiltzan mailan, gainera, komeniko da lehiaketa tokira denboraz joatea egokitzapena egiteko, barrutia hobeto ezagutzeko…
Proba altueran bada, bai, egokitzapena egin behar izaten dut, ez nagoelako oso ohituta. Normalean, saiatzen gara bezperan joan eta gutxi gorabehera ibilbidea zein izango den ikusten. Entrenamendu txiki bat egin, elurra nola dagoen ikusi, batez ere jaitsierak nolakoak diren aztertu… gero, lasterketan itsu-itsuan zoazenean laguntzen du.
Proba gehienak Alpeetan izaten dira, ezta?
Bai. Azken urteetan Andorran jokatu izan da proba bat beti, Baqueiran jokatu izan da beste bat, baina gehienak Alpeetan dira. Pixkanaka zirkuitua hedatu egin nahi dute orain: Txinara azken bi urteetan joan gara, Ameriketako Estatu Batuetara edo Kanadara ere zabaldu nahi dute, baina hango kirolariak kexatu egiten dira, ia txapelketa guztiak Europan jokatzen direlako. Alpeetan dago mendiko eskia zabalduen eta talde onenak ere inguru horretakoak dira: italiarrak, suitzarrak, frantziarra eta austriarrak.
Eta zeuk esan duzu, segun eta ze lan daukazun ezinezkoa da mendiko eskiarekin uztartzea. Zu orain gutxira arte irakasle izan zara…
Bai, Ibarrekolandako institutuan ibili nintzen irakasle, baina txapelketetara joan nahi nuenean ezin nuen. Ikusi nuen suhiltzaileek horretarako aukera gehiago zituztela, pausoa ematera animatu ninduten eta ogibidez aldatzea erabaki nuen.
Lan aldaketa, orduan, praktikotasunagatik izan zen ala bokazioagatik?
Aurretik ere gogoa neukan. Unibertsitate garaian asko erakartzen ninduen, baina beti ikusi izan dut ezinezkoa emakume batentzat. Zentzu horretan, oztopo asko gainditu behar izan ditut, batzuk errealak eta beste batzuk mentalak, suhiltzaile izatera iristeko.
Hitz egin dezagun oztopo horietaz. Zenbat emakume suhiltzaile zarete?
Dozena inguru, hamabi-hamabost hegoaldean, nik dakidala, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban. Nafarroan ere ba omen daude ezagutzen ez ditudan beste bizpahiru, baina, guztira, hogeitik behera gara.
Eta mendiko eskia ere oso maskulinizaturik dago?
Emakume askoz gutxiago gara, bai. Egon dira hiru neska bakarrik egon garen Euskal Herriko txapelketak, eta txikiagoetan podiuma osatu ere ezin izan dena. Askoz gutxiago gara, bai internazionalki eta hemen ere bai. Ez dut esango oso maskulinizaturik dagoela, baina proportzioz oso gutxi gara.
“Suhiltzaile izateko oztopo asko gainditu ditut, batzuk errealak eta beste batzuk mentalak”
Eta zuk nola daramazu bai egunerokoan eta bai lehiatzerakoan batez ere gizonezkoena dena den mundu horretan ibiltzea? Lehen, trabak aipatu dituzu…
Bai, trabak egon dira, baina nik pertsonalki ez dut txarto pasatu. Neska eta mutil kuadrilla batekoa naiz, ikastolan beti ibili izan gara elkarrekin neska eta mutilak, eta umetan nire lagun onenetako batzuk mutilak ziren. Niretzat, ez da pertsonalki oztopo bat izan, baina sozialki eta modu inkontziente batean traba asko daude oraindik gainditzeko. Horregatik, nahiz eta suhiltzaile lanak beti erakarri izan nauen, ezinezko ikusten nuen. Hortik Dream Gap-aren garrantzia. Ez badaukagu erreferente bat berekin identifikatzeko, ezin dugu horrekin amestu. Umetan ez neukan emakume suhiltzaileen erreferenterik, eta kirolean gauza bera, profesionalen ehuneko laurogeita hamapiku gizonezkoak dira… Oztopo horiek dira aipatzen nituenak.
Beste oztopo bat, honekin zerikusirik ez duena, baina oztopoa dena: mendexarra zara. Elurra etxetik hainbat kilometrotara daukazu. Eta, hala ere, munduko txapeldunorde zara…
Aurkariei non bizi naizen esaten diedanean, harrituta geratzen dira. Kostaldekoa izanda mendiko eskia nolatan aukeratu dudan galdetzen didate askotan, baina ni engantxatu egin ninduen kirol honek. Zenbat eta zailagoa, orduan eta gehiago gustatzen zait. Ezinezkoa izateak badauka erakargarritasun hori. Hainbeste betetzen zaituen gauza baterako goizaldean esnatzeak edo kilometro gehiago egiteak konpentsatu egiten du eta gustura egiten da.
Txapelketez aparte, elurretara joan nahi duzun bakoitzean bidaia luzeak egin behar…
Askotan egiten dut guardiatik irten, furgoneta hartu eta Pirinioetara. Eta egun gutxi badauzkat, egunean bertan Valdezcarayra joan, entrenatu eta etxera buelta. Munduko Kopako maila eman ahal izateko bizikletan edo korrika entrenatu daiteke fisikoa, baina eskiatzen baduzu, ateratzen dizuten tartea itzela da. Berez, neska askoren maila teknikoa, jaisterakoan batez ere, nirea baino altuagoa da, eta elurretatik kanpo entrenatuz gero, ba.. are gaitzagoa.
Orduan, nola da posible munduko bigarrena izatea?
Ba, esfortzu handiarekin, ilusio handiarekin eta kilometro asko eginda. Ez dut kalkulatu guztira zenbat izango ziren, baina asko, asko. Leku batetik bestera ibili gara, non esnatzen nintzen ere ez nekiela. Etorri, lan egin, berriz entrenatzera joan, gero karreretara joateko hegazkin bat hartu…
Denboraldiko ze momenturekin geratzen zara?
Munduko Kopako azken banakakoarekin. Denboraldiko azken azken proba zen. Kantsatuta nengoen ordurako, fisikoki baino gehiago mentalki, baina nire gaitasunetarako proba egokia izan zen. Elurra oso astuna zegoen eta jaitsieran ikusi nuen jaisten sekula aurreratzen ez ditudan aurkariak aurreratzen ari nintzela. Emozionatu egin nintzen! Azkenean, bosgarren egin nuen eta Munduko Kopako denboraldia horrela amaitzea sekulako poztasuna izan zen.
Eta poztasunaz aparte, badago beste konpentsaziorik? Bizitoki eta azpiegitura aldetik handicap handia daukazula argi dago, baina hori konpentsatzeko laguntzarik baduzu?
Ez, ez! Hobby bat da eta ez dut kalkulatu ere egiten zenbat diru gastatu dudan, baina ekonomikoki ez du konpentsatzen. Urte baten izan nuen Bat Basque Team-en beka eta orduan bai izan nuen laguntza ekonomikoa, baina justu istripu bat izan nuen, belauneko lotailu gurutzatua hautsi nuen eta ezin izan nuen nahi beste aprobetxatu aukera. Bestela, oso gaitza da.
Selekzioarekin zoazenean soilik daukazu dirulaguntza…
Espainiako selekzioarekin goazenean gastu guztiak dauzkagu ordainduta. Bidaia, alojamendua, inskripzioak… Eta euskal selekzioarekin goazenean ere, ia guztia. Baina, horretaz aparte, entrenatzeko ere mugitu egin beharra dago, beste karrera batzuetara ere joan beharra dago… eta horiek norbere kontura izaten dira. Baditut materiala ematen didaten marka batzuk. Botak nik ordaintzen ditut, baina eskiak, fijazioak eta arropak ematen dizkidate. Behintzat, horrela, gastu gutxiago dira.
Materialaz ari garela, esplikatu zer diren foka larruak eta zertarako diren. Askok mendiko eskia eta iraupenekoa nahastu egingo dituzte, ezta?
Askotan azaldu behar izan dut hori, bai. Nirea ez da iraupenekoa. Nik trabesia edo mendiko eskia egiten dut. Gure eskiei azpian larru batzuk jartzen zaizkie. Garai baten, foka larruak ziren, baina, gaur egun, sintetikoak erabiltzen dira. Larru horiek ileak dauzkate norabide jakin baten eta horri esker aldapan gora goazenean ez dugu atzerantz irrist egiten, baina aurrerantz bai. Maldan gora joateko taloia solte daramagu eta oin puntekin egiten diogu eskiari bultza, eta jaitsierarako larrua kentzen dugu, taloia finkatu, eta estilo alpinoko edozein eskiatzaile bezala jaisten gara.
Eta zure indargunea igoera dela diozu?
Euskal Herri mailan eta Pirinioetan hasi nintzenean, nire indargunea jaitsiera zela uste nuen, baina Alpeetara joaten hasi nintzenean konturatu nintzen mundu guztiak aurreratzen ninduela jaisten, batez ere elurra baldintza zailetan zegoenean. Fisikoa entrenatzea errazagoa da. Teknika hobetzea, berriz, txikitatik hasi ez bazara, zailagoa da.
Eta orduan, ekonomikoki galerak eragiten badizkizu, hainbesteko kilometrokadak egin behar badituzu, gutxi deskantsatu, lanarekin uztartu… zer ematen dizu mendiko eskiak?
Zaila da mendiak zenbateko asetasuna, zenbateko betetasuna ematen didan azaltzea. Han neu sentitzen naiz. Batez ere, media elurtuta dagoenean. Mendiko eskiari esker, erremonteekin heldu ezin den tontor elurtuetara iritsi daiteke, beste inor ez dagoen tontorretara. Satisfazio hori zaila da azaltzen.
Beste inork zapaldu ez duen elurra estreinatzeak sortzen dizu gozamena orduan…
Hori motiboetako bat da. Eta, horretaz aparte, lehiatzea ere asko gustatzen zait. Gainera, kirol honetan oso inguru basati baten lehiatzen gara, gizakiok guretzat moldatu ez dugun inguru batean, eta hori ere asko gustatzen zait.
Eta pasio hau Suitzan egin zenuen Erasmusetik datorkizu?
Bai, han engantxatu nintzen. Txikitatik asko gustatzen zitzaidan eskiatzea eta mendiko eskia ere noiz edo noiz probatuta neukan, baina han karrera ikasten ari ziren euskaldun batzuk ezagutu nituen eta eurekin joaten hasi nintzen. Gero, Euskal Federazioaren ikastaro batzuetara apuntatu nintzen eta engantxatu egin ninduen.
Inguru basatietan ibiltzea eta beste inork zapaldu ez duen elurra zapaltzea gustatzen zaizula diozu. Horrelako lekuetan ibilita, sustorik ez duzu izan inoiz?
Bai, bakarren bat bai. Iaz, adibidez, Patagonian geundela, glaziar baten konfunditu egin ginen bidez, arrakalak zeuden eta susto bat izan genuen. Horrelakoak izan ditugu. Handiagoak nik edo nire ingurukoek ez, baina ikusi ditut elur-jausiak, jendea elur-jausi batek nola harrapatzen zuen… Baina tira, kotxean ere egunero izaten dira istripuak.
Istripuak aipatuta… duela hiru urte belauna apurtu zenuenean zure karrera arriskuan ikusi zenuen?
Momentuan bai. Berriro eskiatzea bera ere urruti ikusten nuen. Etxean belauna mugitu ezinda zaudenean gauza asko pasatzen zaizkizu burutik. Baina, era berean, ez zait inoiz ahaztuko ebakuntza egin eta zazpi hilabete geroago berriro eskiatu nuen eguna. Lehen esan dizudan lasterketarekin batera, nire ibilbideko momenturik onena izan zen hura. A ze poza!
Eta ze adinera arte lehiatu daiteke goi mailan mendiko eskian?
Ba, ez dakit. Aurten Munduko Kopan ni izan naiz nesketan beteranoena. Ez du korrikak adina desgastatzen fisikoki edo artikularki, baina hotzak eta bidaiek bai, desgastatzen dute. Gazteak ere fuerte datoz… Hala ere, ez nau horrek arduratzen. Gustura nagoen bitartean jarraituko dut eta ez nauenean hainbeste betetzen, lehiatzeari utzi eta eskiatzen jarraituko dut.
Munduko txapeldun izateko falta zaizun azken koxka hori igotzeko erronka jarri diozu zeure buruari?
Ez dut ez planteatu, ez erreal ikusten ere. Hori lortzeko Alpeetara joan beharko nintzateke bizitzera, edo ez dakit. Ez da nire egungo bizimoduarekin konpatiblea.
Gozamenak jarriko du muga, orduan?
Bai. Gozatzeari uzten diodanean utziko dut lehia; maila honetan, behintzat. Beste lasterketa herrikoiago batzuk egiten jarraitzeko asmoa badaukat, Altitoy edo Pierra Menta, Grand Course zirkuituko probak, adibidez. Oso proba potenteak dira.
Izan ere, zuri proba luze eta gogorrak komeni zaizkizu, baina joera justu kontrakoa da…
Hori da tendentzia, bai. Espektakuluaren mesedetan proba esplosiboagoen alde egiten ari dira, inguru mugatuagoan grabatu ahal izateko, lasterketa biziagoak, teknikoagoak… Olinpismoaren bidetik ari dira, eta nik, berriz, nahiago ditut karrera luzeagoak, etapaka direnak, taldeka… Gehiago gustatzen zaizkit.
Olinpismoa da mendiko eskiaren etorkizuna, horretara dedikatu ahal izateko?
Neurri baten baietz uste dut. Esentzia, agian, galdu egingo du apur bat estandarizazioaren bide horretan, baina olinpikoak ez diren kiroletako dirulaguntzak askoz txikiagoak dira, eta, hainbeste gastu dauzkan kirola izanda, on egingo dio mendiko eskiari. Agian, bi adar sortuko dira, atletismoan bezala. Popularragoa bat, eta profesionalagoa, estandarragoa, ikusgarriagoa, errazagoa bestea.
Zuk bitartean gozatzen jarraitzeko asmoa daukazu eta badakit abuzturako proiektu berezi bat duzula…
Kirgizistanera goaz sei lagun. Han Lenin tontorra igotzeko asmoa daukagu, eta posible den zatietan mendiko eskiekin igo eta jaistekoa. Denbora badaukagu eta baldintza klimatikoek uzten badigute inguruko tontorrak deskubritzeko intentzioa ere badugu.
Horiek dira zure oporrak, ezta? Zure udako atsedena…
Bai, bai; kar, kar, kar.Niri, plana proposatu egin zidaten, baina ez nuen dudarik egin. Ilusio handia daukat.