Nahia Alkorta: “Erditzean biolentzia obstetrikoaren alderdi guztiak jasan nituen”

Nahia Alkorta Elezgarai gurasotasun aholkularia da, eta Sabeletik Mundura proiektuaren sortzailea. Harekin hitz egin dugu iaz idatzi zuen Mi parto robado liburuaz, indarkeria obstetrikoaz eta amatasunaz, besteak beste.

ELKARRIZKETA

Nahia Alkorta Elezgarai, ongi etorri TTAPera!

Eskerrik asko.

Nola aurkeztu behar zaitut?

Gurasotasunean aholkularia naizela esaten dut, orain lan horretara begira nagoelako, baina gehiago naiz emakumea, ama, euskaltzalea…

Hiru seme-alabaren ama zara; nola aldatu zuen amatasunak zure bizitza?

Lehenago aldatu zen. Niretzat oso zaila izan zen ama izan nahi nuen edo ez erabakitzea. Gaztea nintzen, 25 urterekin jaio zen lehenengo semea, baina aurretik anbibalentzia handiko pare bat urte pasa nituen. Feminismotik ikasitako guztiarekin ez neukan oso argi ama izan nahi nuen edo sistemak derrigortzen ninduen amatasun horretara. Hausnarketa prozesu oso gogor batek eraldaketaren lehenengo hazia jarri zuen. Amatasunari buruzko informazio bila ari nintzela, Googleri gauzak euskaraz galdetzen hasi nintzen eta konturatu nintzen informazio gabezia izugarria zegoela. Gabezia hartatik jaio zen Sabeletik Mundura proiektua eta ondoren bizi izan nuen aldaketa osoa. Amatasunari begira jartzeak berak deseraiki zuen ordura arte nintzen Nahia hura. Ama izan nahi dut edo ez? Izan nahi baldin badut, zergatik izan nahi dut, derrigortuta nagoelako? Presioa daukat? Ez badut ama izan nahi, nola epaituko naute? Prozesu hartatik guztitik sortu nintzen orain naizen honetara.

Zure lehen semeaz erditu zinen eta ez zen erraza izan; esperientzia hori idatzi duzu Mi parto robado liburuan. Indarkeria obstetrikoaz hitz egiten duzu bertan.

Indarkeria gineko-obstetrikoa prozesu erreproduktiboei edo ginekologikoei lotuta dagoen indarkeria da. Indarkeria matxistaren baitan sartzen da eta sistematikoa da; hau da, emakumea izateagatik gertatzen zaigun zerbait da. Ez gaituzte hartzen erabakitzeko ahalmena duten pertsonak bezala; askotan, haur bat bazina bezala tratatzen gaituzte; galdera asko bikotekide gizonezkoari egiten dizkiote norberari beharrean… Indarkeria horrek bere baitan hartzen ditu praktika fisikoak ere. Adibidez, batzuetan, beharrezkoak ez diren interbentzioak egiten dizkizute; eta beste batzuetan, justu kontrakoa: beharrezkoa zen interbentzioa ez dizute egiten. Horretaz gain, jazarpenak, mehatxuak, koakzioak eta engainua ere erabiltzen dira. Lehen erditzean horrelako egoera batean izan nintzen. Haurdunaldi oso ona izan ondoren, ilusioz iritsi nintzen erditzera, eta bertan indarkeria horren alderdi guztiak jasan nituen. Nire haurra ondo zegoen, ni ondo nengoen, baina, hala ere, indukzio bat inposatu zidaten “haurrari zerbait gertatuko zaio hau orain zerbait egiten ez baldin badugu” esan zidatenean. Haien ordutegia nire haurraren osasunaren eta nire gorputzaren aurretik jarri zuten, eta indukzio hark beharrezkoa ez zen zesarea batekin amaitu zuen. Zesarea hura ere inposatu egin zitzaidan eta mehatxupean eta tratu txarrekin egin zen. Horretaz gain, ebakuntza-gelan nengoen bitartean jende asko zegoen han; klase magistral bat izan zela sentitu nuen –erabat kontziente nintzen–, eta haurra niri erakutsi gabe eraman egin zuten. Horrek guztiak trauma osteko estresa sortu zidan. Hau da, gerran edo atentatu batean egon den pertsona batek jasaten duen trauma bera. Zergatik garatzen da horrelako trauma bat horrelako une batean? Ba, momentu horretan oso zaurgarriak garelako. Zure garuna aldatzen ari da une horretan, eta, zure gorputzaren arduraz gain, zure haurraren osasunaren ardura daukazu. Ondorioz, horrelako une batean gertatzen diren gauza txar horiek izugarrizko inpaktua daukate zugan. Beste momentu batean, agian, egoerari aurre egingo zenioke, baina momentu horretan zure bizitza deseraiki egiten da. Prozesu luzea izan da horri izena jartzea. Ebakuntza-gelatik atera nintzenean, nire haurrarengandik lau ordu banatuta egon ondoren, nire gurasoak ikusi nituenean esan nien lehenetariko gauza izan zen: “Nik ez dut ezer sinatu”. Hagina kentzeko baimen pilo bat sinatu behar izaten ditut, baina sabela aldez alde ireki eta haurra ateratzeko nik ez nuen inolako baimenik eman. Horrek eraman ninduen prozesua judizializatzera.

Zer lortu nahi zenuen?

Nik nahi nuen aitortzea egin zidaten hura ez zela egin behar eta ez zirela moduak. Inork ez dit erditze hura itzuliko, baina nik nahi dudana da, batez ere, beste inori ez gertatzea. Izan ere, egoera hori egiturazko zerbait da, sistematikoa. Espainiako Estatuako estimazioen arabera, erditzean emakumeen %40 inguruk jasaten dute indarkeria obstetrikoa. Hau da, ez da zerbait anekdotikoa, ez da zorte txarra. Prozesu judizial hark eraman ninduen Espainiar Estatuko bide guztiak agortu eta Nazio Batuen Erakundera joatera. Nazio Batuen Erakundeak arrazoia eman zidan, baina Espainiak ez du ebazpena bete. Eta gaur egun prozesu judizialean gaude berriz. Ebazpen horrek, alde batetik, esaten du erditzean indarkeria obstetrikoa jasan nuela, eta hori Osasun Sailari dagokion erantzukizuna da; eta, bestetik, esaten du prozesu judizialetan genero diskriminazioa jasan nuela. Indarkeria instituzionala bi aldiz jasan arren, orain hirugarren jazarpena ari naiz pairatzen, Nazio Batuen ebazpena eduki –mundu mailan hiru bakarrik daude; hirurak Espainiakoak– eta ez dutelako bete. Prozesu horretan gaude 12 urte geroago.

Erditzean emakumeen %40k jasaten dute indarkeria obstetrikoa

Noiz judizializatu zenuen gertaera hura?

Erditze ostean. Urtebeteko epea dago hori egiteko. Emakume gehienak konturatu edo gai direnerako, normalean, berandu izaten da.

Nola bizi izan duzu epaitegietako ibilbidea?

Prozesu horretan oso modu inozentean hasi nintzen. Pentsatzen nuen ospitaleari gertatu zitzaidana esaten banion beraiek, beharbada, gaizki jokatu zutela aitortuko zutela. Nire helburua hasieran ospitalearen gutun hura jasotzea zen, ez nuen gehiagorik behar. Baina gutun hura ez zen iritsi, eta, orduan, salaketa jarri behar izan nuen. Epaiketa lotsagarria bizi izan nuen. Honela hasi zen epailea: “Zu zara Nahia? Familian mediku asko ditut”. Eta desestimazioa atera zenean, Espainiako beste epaitegietara jo genuen eta inork ez zuen tramitera onartu, ez zelako “gai garrantzitsu bat”. Horren ondotik, abokatuak esan zidan ezin ginela horrela geratu, eta lau kasu “normal” –nireak bezalakoak, alegia– hartu eta Nazio Batuen Erakundera joan ginen. Tramitera berehala hartu zituzten lau kasuak, eta hiru ebazpen eman dituzte, hirurak emakumeen aldekoak.

Eta horretan geratu da…

Bai, betearazteko prozesuan.

Esperantzarik baduzu?

Ebazpena iritsi zenean, ezin nuen imajinatu ez zela beteko. Nik ospitalearen gutunaren zain jarraitzen nuen. Baina Nazio Batuen Erakundeko ebazpena publiko egin eta bi egunera Jaurlaritzak eta Osakidetzak prentsa-ohar bat atera zuten esanez nire erditzean bikaintasuna egon zela, erditze guztietan bezalaxe. Orduan konturatzen hasi nintzen agian gutuna ez zela iritsiko. Borondatezko epe bat egon da ebazpena betearazteko, eta ez dute bete. Erreklamazio bat egin genuen, eta ez dute erantzun ez Espainiak ez eta Euskal Autonomia Erkidegoak ere. Beraz, epaiketara goaz berriro.

Ebazpenak oihartzuna izan du; jendearen aldetik zer-nolako erantzuna jaso duzu?

Orokorrean, emakumeok indarkeria obstetrikoa ordaindu behar dugun prezio gisa ulertzen dugu. Zenbat aldiz joaten gara ginekologoarengana eta beldurtuta, haserre eta amorratuta ateratzen gara bertatik? Denok dakigu tratu txar horiek hor daudela eta normala dela. Kontua da izena jartzen diozunean izana ere ematen ari zarela. Oso argi nuen nahiz eta oso gogorra izan ebazpena etortzen bazen kontatu egingo nuela. Ez nuen nahi paper hutsean geratzea, banekielako emakume asko zeudela nire egoera berean. Eta izugarria izan zen. Aurpegia eman eta hurrengo bi asteetan 200 emakumeren testigantzak iritsi ziren. Asko, bi egun lehenagokoak! Hau da, hamaika urtean ez da ezer hobetu. Orain, jendeak badaki horrek izen bat duela, eta badaki ez dagoela bakarrik, ez dagoela zoratuta, ez dela haren errua. Oso zaila da barneratzea zaindua izan behar duzun espazio batean tratu txarra jasotzea. Ospitalera joan eta handik txikituta ateratzea oso gogorra da.

NBEk arrazoia eman zidan, baina Espainiak ez du ebazpena bete

Zein etsigarria den.

Bai; batez ere, ukazioa dagoelako. Badaude profesional izugarri onak autokritika egin dutenak eta beraien lan egiteko modua aldatu dutenak. Eta hori oso eskertzekoa da. Baina ginekologia elkarteek ukatu egiten dute indarkeria obstetrikoa terminoa bera! Terminoaz hitz egiten ari bagara, ez gara arazoaz hitz egiten ari. Eta terminoa XIX. mendekoa da. Ukazio horrek birbiktimazio bat dakar. Adibidez, emakume batzuek indarrak bildu eta beren ginekologoari esaten diotenean gaizki tratatu zutela, askotan ginekologoak barre egiten du. Oso argi eduki behar dugu hori dela indarkeria matxistaren beste adierazpide bat, erabat normalizatua dagoena, eta biktimak oso bakarrik eta baliabiderik gabe gaudela.

Elkartzeko erabakirik hartu duzue?

El parto es nuestro elkarteak 20 urte daramatza emakumeak biltzen, baina egia da Euskal Herri mailan oso inpaktu gutxi duela. Eskualdez eskualde emakume sare txikiak sortzen dira, baina oso zaila izaten da, konturatzen zarenerako  amatasunak irentsi zaituelako. Hau da, zaintzari begira egon behar duzun une batean gertatzen delako.

Zergatik erabaki duzu Mi parto robado liburua argitaratzea?

Liburua pausoz pausoko kontakizun gordina da. Beharrezkoa iruditzen zitzaidan testigantza orokorrez gain pertsona hori sentitzen ari den horretan sartuko zaren baliabide bat ematea. Eta uste dut hori lortu dudala. Liburua irakurri duten askok esan didate behin baino gehiagotan geratu egin behar izan dutela. Askotan, esajeratuak garela edo hainbesterako ez zela izan esaten digute. Edo: “Ondo zaudete, ez kexatu! Umearekin etxera etorri zara”. Horri aurre egiteko uste dut interesgarria dela bizipen hori benetan kontatzen duen espazio bat sortzea. Liburuaren bigarren atalean, berriz, biolentzia obstetrikoa kontestualizatzen dut, daukagun sistema zein den azaltzen dut, eta zergatik den garrantzitsua gai horri heltzea.

Nolako harrera izan du?

Gazi-gozoa. Ez da edozein pertsonari oparitzeko moduko liburu bat. Biktima izan direnen askorengana iristen ari da, baina nahiko nuke (oraindik) biktimak ez diren horietara ere heltzea, prebentzio modura. Horretaz gain, biolentzia hori eragiten dutenek ere irakurri dezaten nahiko nuke. Haietako batek irakurri eta sisteman zerbait aldatu behar dela esango balu, emakume asko salbatuko lirateke.

Gazteleraz argitaratu duzu; zergatik?

Nazio Batuen Erakundeko ebazpena betearazteko ardura daukatenek Espainiako Estatuaren arduradunak direlako, eta baita ere Nazio Batuen Erakundeak Espainiako Estatuari eskatzen diolako ebazpena betearaztea.

Aipatu duzu Sabeletik Mundura proiektuaren hasieran euskaraz amatasunari buruzko informazio faltari aurre egiteko jarri zenuela martxan.

Bai. Hasieran, nire kontakizuna biltzen zuen blog bat zen, eta ondoren, webgune bihurtu zen. Ebidentzian oinarritutako informazioa dago bertan, eta helburua da norbaitek Googleri amatasunaren inguruko galderarik egiten badio erantzuna euskaraz jasotzea. Niretzat oso garrantzitsua izan zen amatasunarekin eraikitzen ari nintzen harreman hura euskaratik ere eraikitzea. Momentu oso katartikoa da, eta informazioa zein hizkuntzatik iristen zaizun gauza garrantzitsua da. Hutsune hori betetzen saiatzen naiz webgunearekin, hitzaldiekin eta bestelako baliabideekin. 

Ama subjektu politiko bezala aitortu behar dugu

Lanbide bilakatu duzu gurasotasun aholkularitza.

Automatikoki etorri zen zerbait izan zen. Ikusi nuen webguneak bazuela informazio jarioa, eta ni etengabe formakuntzak egiten nenbilen. Jendea informazioa eskatzen hasi zen, eta apustua egin nuen. Kontziliazioarekin bateragarria izan zitekeen lan bat nahi nuen. Alde txarra autonomoen bizitza da.

Zer topatuko dugu Sabeletik Mundura-n?

Haurra izan edo ez izan horretatik hasi eta haurdunaldiari, erditzeari, erditze-osteari, edoskitzeari, haurra soinean gainean eramateari eta haurraren loari buruzko informazioa dago. Eta gauza berberak eskaintzen ditut zerbitzuetan. Hitzaldiak egiten ditut herriz herri, eta etxez etxeko aholkularitza pertsonalizatuak ere bai. Bertan, ama edo familia horri entzun, espazio aske bat eman eta informazioa eskaintzen diot. Horrek anbibalentzia sortzen dit; izan ere, pentsa zein bakarrik gauden amak, erantzun hori ordainpeko zerbitzuetan bilatu behar dugu! Sistemaren akatsetako bat da hori. Hiperkonexioko garai hauetan bakarrik sentitzen gara eta orduak luze eta mamuak handiak izaten dira.

Aitek parte hartzen dute?

Aldaketa gertatu da, eta geroz eta aita gehiagok egiten dute lehenengo kontaktua. Baina oraindik oso gutxi dira. Ama askoren kexa da bikotekidea aita izan denetik mendi maratoiak egiten hasi dela. Zergatik gertatzen da hori? Asko hitz egiten dugu erantzunkidetasunaz, ardura banatzeaz, baina gero, denok deseraiki behar dugu eta denok sortu behar ditugu espazio berriak, eta ez da erraza. Gurasotasuna sistema honen barruan oso zaila da, ez dago laguntzarik, gurasotasun-baimen nahikorik, amak eta aitak ez dira zaintzen; hortaz, bakoitzak ahal duena egiten du. Eta berdintasun errealetik oso urrun gaude. Baliabideak falta zaizkigu. Falta zaizkigu gurasotasun-baimen errealak, haurren beharrei begira egongo direnak, eta falta zaizkigu amentzako baimenak. Izan ere, apendizitis baten ostean baja ematen digute, baina zesarea baten ostean ez. Zaintzaz ari garenean, amen zaintza eta haur txikien zaintzaz ere hitz egin beharko genuke, bazterrean geratzen direlako. Egia da gehienok aukeratu egin dugula ama izatea –zorionez–, baina guk ere merezi ditugu baliabideak. Adibide bat jartzeko, osasun mentalari dagokionez, oso gaizki gaude ama gehienak.

Sarea edukitzea garrantzitsua da, ezta?

Bai, baina kosta egiten zaigu bizilagunari gatza eskatzea, eta kosta egiten zaigu beste ama bati esatea “gaur ez dut lorik egin eta mesedez utzi zure sofan etzaten”. Ez daukagu konfiantza-sarerik, ez eta sare errealik ere. Hori da daukagun jendartearen ezaugarrietako bat: jende asko ezagutzen dugu, baina behar dugunean, bakarrik gaude.

Feminismoak gurutzatzen du Sabeletik Mundura.

Iruditzen zait gauzak ez baditugu feminismotik egiten, hobe dela ezer ez egitea. Eta horrek azkura egiten du, zeren, adibidez, aita bati galdetzen diozunean ea noiz garbitu duen azkeneko aldiz komuna, batzuk erasotuak sentitzen dira. Baina, agian, zure bikotekidea titia ematen ari da eta zuri tokatzen zaizu komuna garbitzea… Askotan, nahi izaten ditugu soilik gurasotasunaren gauza onak, baina gauza gehiago daude, eta horretaz ere hitz egin behar da. Bestetik, feminismotik datozen ama askok sentitzen dute ama izan ondoren ez daukatela tokirik feminismoan. Hau da, ez dakite izaten feministak ama izanda eta ama izatea erabaki dutelako. Hori oso arazo handia da. Amatasunak podcastean hainbat emakumerekin hitz egin dugu eta guztiak ados daude: ama eta feminista izan daiteke; ez dira baztergarriak. Ama eta feminista asko gaude; bakoitzak gure erara egiten dugu, baina egunero-egunero saiatzen gara mundua aldatzen, hurrengo belaunaldiak desberdinak izan daitezen. Niretzat oso mingarria da entzutea ama batzuk sentitzen direla feminismotik epaituak. Titia ematen baduzu, ematen duzulako, eta biberoia ematen badiozu, biberoia ematen diozulako. Utzi ditzagun amak bakean, mesedez! Nahikoa egiten dute egun horretan kuleroak jantzi badituzte. Ama subjektu politiko bezala aitortu behar dugu, beste subjektu politikoen maila berean. Izan ere, bizitzako etapa konkretu honetan behar berezi batzuk sortzen dira eta garrantzitsua da horietaz ere hitz egitea.

Zein da esku artean duzun erronka?
Bizirik irautea! Aurrera jarraitu, eta bideak eramango nau beharren arabera. Gaur egun, eraldaketa bizitzen ari naiz, etxera aurrenerabezaroa iritsi delako, baina, era berean, 3 urteko umea ere badut. Bestetik, Sabeletik Mundura-ri dagokionez, iruditzen zait duela hamar urte amak orain baino bakarrago zeudela, eta esperantza dut lanean horretan jarraitzeko.