Mutil gazteek ez dute idazten?
Beste era batera adierazita, baina, finean, galdera hori plazaratu zuen Twitterren Katixa Agirrek. Bueltan jasotako iruzkinen artean iritzi-truke polita eduki zuten Mikel Alvarezek, Mikel Sotok, Oier Araolazak eta Xabier Mendigurenek.
Bai, hala da. Azken garaian gaztetzat har litezkeen euskarazko mutil idazleen artean Xan Iriart eta Peru Iparragirre bakarrik ageri dira. Belaunaldi bakoitzak bere mutil gazte banda izan duen herri batean, horra Pott, Lubaki eta enparauak, bada, behintzat, esanguratsua gizakumeen erretirada.
Oier Araolazak iradokitzen zuen dantzaren esparruan bezala –genero azterketa biziki interesgarriak egin ditu Oierrek euskal dantzen munduan– izan litekeela literatura diziplina gisa gutxiesteko lehen urratsa. Hala gertatu omen zen dantzarekin, mutilik gabe balioa galdu ei zuen cool-tasunean.
Uste dut badela arretaz jarraitu beharreko gaia. Izan ere, nabarmena da sariketa irabazle ugari emakumeak direla, baita azkenaldian sona handia edukitako hainbat obraren idazle ere –hor burura datozkit Katixaren beraren Amek ez dute, Miren Amurizaren Basa, Oihane Amantegiren Ibaiertzeko ipuina edota Itziar Ugarteren Gu gabe ere–, eta, hein handi batean, emakumeek, artean gutxiago izanik ere letren arloan, eusten diote euskal literaturaren aro honi.
Dena den, hemen gaiari buruz jarduteko hiru puntu. Aurrena, ezagutzen ditut Debagoienean hainbat mutil gazte azkenaldian gaztelaniaz argitaratu dutenak; batez ere, Amazon bidez. Hasieran pentsatu dut hizkuntza bera izatea aldagai bat, euskaldunon kontuak. Baina ezagutzen ditut nire ezjakintasunean Sola, Morales, Duval edota Medel, eta haien adinkide gizonezkorik ez. Txakurrak oinutsik nonahi.
Beste ertz bat: suerta liteke mutil batzuek pertzibitzea badela atzerapauso bat egiteko garaia. Ez nuke esango oraindik feminismoaren balioak hain hedatuta daudenik, baina norbanako batzuengan izan dezake eragina. Hala balitz, pozgarria litzateke.
Hirugarren faktore bat: erakargarritasuna. Musika, Kings League edo batek daki zer gozagarriago zaie irakurtzea baino mutilei. Horrek baduke mamia eta baita xehe-xehe aztertzeko hainbat hari-mutur ere. Zer transmititzen diete letrek batzuei eta besteei?
Akaso, ezagutzen duzue kasuren bat eskapatu zaidana, zaiguna. Eta mutil gazterik bazenute inguruan esan youtuber egiteko, hala, izorratzeagatik bakarrik, orri zuri baten parean jesar liteke.