Mugikorra eskuan

Sarritan aipatzen da zer-nolako abantaila duten (duzuen) aro digitalean jaiotakoek, lehenago jaio ginenok dugun trebetasun digitalarekin alderatzen bada. Demagun horrela dela kasu guztietan, salbuespenik gabe, hainbestetan errepikatzen den hori egia borobila dela. Eta, halere, ezagutzen ditut ordenagailuarekin eta sakelako telefonoarekin iaioak diren zaharrak, baita ere inolako trebetasunik ez duen gazteren bat; are gehiago, digitalizazioari uko egiten dion gazteren bat.
Jakina da beti, kobazuloetatik hona, bizitza aldatuz joan dela. Gaurkoaren desberdintasuna aldaketen abiadura da. Duela ez hain aspaldi, hamarraldiak behar ziren asmakizun bat jendearen eskuetara helarazteko, eta orain urteak edo hilabeteak aski dira; adimen artifizialaren hedadura lekuko.
Gauza da gaur egun mundu digitalarekiko analfabetoa denak arazoak izango dituela edozertarako, sendagilearekin hitzordua lortzeko edo bankutik dirua ateratzeko. Banketxearena ulertzen dut, azken batean erakunde pribatuak direlako. Baina onartezina iruditzen zait jokaera hori administrazio publikoari dagokionez. Ulertzen dut erakundeentzat errazago eta merkeagoa dela bide digitala, baina inongo legediak ez du aurreikusten trebetasun digitala herritar gisa jokatu ahal izateko.
Konforme, ia edonork du eskura telefono hutsa ez den sakelako tresna, baina batzuentzat horixe da, telefonoa eta besterik ez. Horiek ere herritarrak dira eta herritar ororen eskubideen jabe dira.