Mugan taldea

2017an Donostian sortutako taldea da Mugan. Pablo Zurutuza, Joseba Pastor, Enara Rodriguez, Markos Murua, Eneritz Genua eta Ander Murua dira taldeko kideak, eta bigarren diskoa dakarte besapean.

Zein estilo jorratzen duzue Aurrera ez den alde batera diskoan?
Estilo batean kokatzea oso zaila egiten zaigu. Dena pop-rock deitzen dugun horretan dagoela uste dugu. Baina kantu bakoitza mundu bat da eta ukitu desberdinak aurki daitezkeela uste dugu. Gure helburua kantu bakoitzak behar zuen hori lortzea izan da. Estiloak alde batera utzi eta kantua gidaritzat hartzea.

Zuek ere aurrerapauso bat eman duzue disko horrekin?
Baietz uste dugu. Geure buruari ezarritako muga asko kendu ditugu prozesuan. Disko horrek orain arte ikasitakoaz hitz egiten du; hori baino gehiago, orain arte ulertu ez dugunaz. Hasieran izandako galdera batzuei erantzuna eman diegu, eta polita izan da prozesu horretan kantuak atera ahal izatea. Hori esanda, nahitaezkoa da ikasten zoazen heinean aurrerapausoak ematea. Hala ere, bidean aurrera jarraitzen dugu, eta pauso asko eta asko daude oraindik emateko.

Zein harrera izan du diskoak?
Dirudienez, harrera ona izan du. Inoiz baino babestuagoak sentitzen ari gara, eta ikusi dugu kantu batzuk jada batzuei barrura sartu zaizkiela. Oraingoz, bira berriko kontzertuak lotzen gabiltza. Eta ikaragarrizko gogoa dugu jendearekin momentu horiek zuzenekoetan partekatzeko.

Zer egingo duzue 2024an?

Kontzertuetan zentratuta ibiliko gara. Nahiz eta hurrengo hilabeteetan berri pare bat jakinarazi ahalko ditugun. Bide horretan, ikasten jarraitzea espero dugu. Jende berri gehiago ezagutu, abesti berriak sortu, musika partekatu eta momentu bakoitza gozatzen ahaleginduko gara. Egindako lanarekin oso pozik gaude, eta orain, ahalik eta gehien disfrutatu nahi dugu.